Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Imbabura, Ekuador.

Lurretik gertu

BERRIAk antolatutako lehiaketako lan finalistak argitaratuko dira gaurtik ostiralera bitartean. Igandean lan irabazlea irakurri ahal izango da: 'Gure ahalen eta magalen mugan'.

Lurretik gertu.
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ekuadorko iparraldean dago Imbabura sumendia. Ez da inguruko mendirik garaiena, 4.640 metro besterik ez baitauka, eta ondoan dauzka Cotacachi (4.944 m) eta Cayambe (5.750 m) altuagoak; baina besteak baino txikiagoa izanagatik, Imbaburak izena eman dio probintzia osoari, eta bere presentzia nabarmenagoa da begien aurrean; bereziki presente dago magaletan bizi diren herrietan (Otavalon, Atuntaquin, Ibarran...) eta horietako herritarren bizimoduan, eguneroko begirada askoren protagonista baita. Berdin du non zauden, zertan ari zaren, Imbabura beti hor izango duzu, zut, 2.000 metro zuzen gorago. Gainera, hemengo bizilagunek azkar kontatuko dizute Imbabura eta Cotacachi sumendien arteko maitasun-kondaira, eta nola Cayambe elurtu ederra sartu zen tartean, hirugarren. Baina amodioak amodio, nik Imbaburari Anbotoren traza hartzen diot, hain handi eta presente, eta batez ere askotan lainoak estalia izaten duelako tontorra.

Iaz, hemen egon nintzenean, askotan begiratu nion behetik gora, errespetuz, baina ez nuen izan igotzeko egokierarik; aurten, duela bi aste berriz ere hona etorrita, derrigor egin beharrekoen zerrendatik ezabatzen joan naiz egindakoak: Quiton, Ruco Pichincha tontorrera (4.696 m) igo eta Panecillora joan; kitxuazko hitz gehiago ikasi eta erabili... Zerrenda horretan zegoen, noski, Imbaburara igotzea. Mashi (lagun) Elvisek adarra jo dit sarritan urtebete pasan, Julen eta Gartzen igo zirelako iaz eta ni ez, eta nire nahiaren berri jakinda, laneko agendan hasieratik apuntatu zidan irailaren 12rako hitzordua, baita gidari ona izendatu ere: Emilio Guamán adiskide kitxua.

Aldapan gora

Atzo, larunbat arratsaldean, amaitu genituen kitxua biziberritzeko ikastaroko klaseak, eta igandeak parentesia zirudien Julenen eta bion agendan, egonaldiko azken orduetako zurrunbilo zoroan sartu aurretik. 06:00etarako Ibarrako Naranjito auzoan egon behar genuen eta goiz jaiki gara; 05:00etan jaso gaitu furgonetarekin Luisek Otavalon, eta bidaia isilik egin dugu, autobidean aurrera. Ibarrara iritsita, aldapan gora abiatu gara, galtzada-harriz txukun estalitako bideetatik, artean ilunpetan, 2.700 metro ingurura igo arte. Halako batean, bidearen ondoan, Emilioren soslai txikia ikusi dugu, eskua jasota, iritsi garela esateko. Bere etxera eraman gaitu, eta sekulako gosaria eman digute emazteak eta biek, egun osoan beste ezer jan behar ez bagenu bezala; alabak ere azaldu zaizkigu, gurekin etorriko baitira mendira. Baina ez dira izango bakarrak; izan ere, 4x4 ibilgailuko atzeko kajerara igo eta abiatuta, geldialdiak egiten eta jendea jasotzen hasi gara bidean gora, hasieran galtzada-harrizko errepidetik, gero lur eta harri huts bihurtu den kaminotik; ibilgailuak ez du martxa moteldu, ordea, eta errebueltetan gorputz erdia barruan eta beste erdia kanpoan ibili gara batzuetan, fisikaren legeak bultzatuta. Halako batean, amaitu da bidea, 3.600 metro ingurura; jaitsi gara denok ibilgailutik, eta zenbatzen hasi naiz: 12 lagun eta txakur bat. Argazkia atera dugu abiatu aurretik, eta ikustekoa da zer kuadrilla bitxia elkartu garen: umeak, gazteak, helduak eta 68 urteko amona bat (Emilioren amaginarreba); panorama are bitxiagoa da gure janzkerari eta batez ere oinetakoei begiratuz gero: katiuskak, kaleko oinetakoak, botak, zapatilak... Eguna lainotsu eta gris dator, baina itxuraz ateri, eta pendizean gora abiatu gara, elkarren segidan, ilaran. Julenek aholkua eman dit, iaz ikasitakoa: burua ondo estali, iaz hortik joan zitzaizkiolako beroa eta indarra; kasu egin diot.

Bidean jaso ditugunetako bat Wilo da. Gaztea, 25 urte ingurukoa, eta txamarra zarpailduan «Bomberos de Imbabura» dauka idatzita. «Ez gaude gaizki, hau suhiltzailea bada», pentsatu dut, baina batez ere gustatu zait eskuan daraman musika-erreproduzitzailea, igoera osoan martxan eramango baitu, Andeetako musika alaiarekin, eta asko lagundu eta animatuko gaitu aldaparik gogorrenetan, gure arnasa-hotsa gehiegi nabarmentzen denean; izan ere, arnaskera arindu eta azkartu egin zaigu batzuoi, pentsatzeko gaitasuna kamustu, hizkera toteldu..., baina ondo goaz. Halako batean, uste dut Julenek ekarri duela hizpidera Huntza taldearen Aldapan gora, oso abesti ezaguna eta maitatua gure lagun kitxuen artean, eta baten batek komentatu du ondo legokeela Radio Ilumaneko lagunei eskatzea, zuzenean jartzeko; Emilio esan eta eginekoa da, eta di-da idatzi die telefonotik irratikoei, Imbaburan gora goazela eta jartzeko, mesedez; gelditu egin gara, Wilok jaitsi egin du musikaren bolumena, eta guk zorroztu egin ditugu belarriak; handik gutxira, animoak eman dizkigute irratitik, «al grupo que está subiendo al Imbabura, con los amigos vascos», baina abestiaren arrastorik ez. Wilok atzera musikaren bolumena igo du.

Hasieran, bidea belar altuko parajeetatik doa, ia atsedenlekurik gabe aldapan gora, baina sarri gelditu gara; gero, zuhaixken gune bat zeharkatu dugu, ezkerraldera, eta halako batean, iritsi gara «La Ye» (i grekoa) deitzen dioten gain edo bidegurutze batera, 4.300 metro ingurura. Hemen geratuko dira gutariko erdiak (zaharrena eta gaztetxoenak), eta beste erdiak gora igotzen ahaleginduko gara. Orain haitza hasten da, basalto beltza, eta tarteka eskuak ere jarri beharko ditugu, orekari eusteko; ez da zaila, baina bai kontuz ibiltzekoa. Bidean, erakutsi digute duela egun gutxi gazte bat non hil zen, barrankan behera amilduta; itxura denez, argazkia ateratzeko arrimatu zen ertzera, eta estropezu egin zuen. Julenek Radio Ilumanekoen papera hartu du, eta tarteka bideoak grabatzen dizkigu mobilarekin, haiek bezala galdetzen digu zer moduz goazen, «zuzenean»; momentuan ez naiz konturatu, baina gero neure burua oso mantso hitz egiten ikusiko dut, barregarri... Lainoez bilduta goaz, zerua egongo da nonbait baina ez hemen, eta haize hotz eta bizia dabil, ikusezin, barruraino sartzen, zirrikitu guztietatik; babesa bilatzen dugu haitzen artean, geldialdi laburretan; hotzak nago, eta akordatu naiz etxeko armairuan egongo direla ondo gordeta gore-tex txamarra, plumiferoa, wind stopper txalekoa... Denak alferrik eta faltan! Momentu batean, elur-pinportak ere hasi zaizkigu.

Konturatzerako, tontorra, 4.570 metro. Harri pila bat dago bilduta lurrean, baina besterik ez, eta goietan gaudela jabetzeko bistarik ere ez daukagu, ez baita ezer ere ikusten. Bostekoa eman, besarkada, selfia... Hau, ordea, ez da tontorrik garaiena, eta beste ordu-erdi daukagu gain nagusira (4.640 m). Galdetu digute ea animatuko garen... Nagiak heldu dit, eta Julen ere ezezkoan dagoenez, Emilio gurekin behera abiatu da; beste hiru lagunek tontor nagusiraino jarraituko dute.

Aldapan behera

Kostata igotakoak askoz errazago jaitsi ditugu, eta, La Yera iritsi garenean, ia erromeria aurkitu dugu, jende pila bat atseden hartzen, gorako bidean. Zerbait jan eta beherago jaitsi gara; han aurkitu ditugu gure taldekoak, gailurrera igo ez direnak, belarretan eserita; ez dira geldirik egon, ordea, gu goian ginen bitartean, belarrak eta landareak biltzen aritu baitira. Horietako batzuek behera jarraitu dute, eta beste batzuk gurekin geratu dira, goikoen zain; eseri egin gara belarretan; gero, etzan; ia loak ere harrapatu nau, hasieran zeru grisari begira, gero begiak itxita; baina Ruperrek dioen bezala, zerutik hain gertu ez da ondo egoten, eta nik lurrean etzanda egon nahi dut.

Zain gaude aspalditik, baina goikoen arrastorik ez da. Gure telefonoek ez dute estaldurarik, eta Emilio gorago igo da, seinalearen bila; azkenean, kostata, hitz egin du gailurrekoekin; eguraldi makurra dagoela, baina badatozela, tontorretik.

Gure lur-parte honetan euria hasi du, hasieran langarra emeki, gero zaparrada, lainoek barrenak hustu nahi balituzte bezala; goi hezeari begira, itsaso bat irudikatu dut, hain dago umela eta grisa. Hotzak nago, eta ez naiz bakarra; behera egitea erabaki dugu, poliki bada ere, gailurrekoek bidean harrapatuko gaituztelakoan. Gorakoan belar artean lugorri zena orain lokatz labainkorra da, eta tentuz jaitsiagatik, denok hartu ditugu ipurdikoak; eskarmentuagatik badakit komeni dela azkena joatea, besteen eroriak ikusi eta norberarenak ezkutatzeko, baina bada atzerago etorriko denik: neska bati zapatilaren zola askatu zaio, eta oinpeko galtzerdia bistan egin du bidearen azken zatia.

Hezetasuna arropetatik hezurretaraino sartu zait, eta ia-ia arima ere busti dit. Gorputz osoaren errepasoa egin dut: galtzontzilloak baino ez ditut lehorrik. Ez nago eroso, berotasuna eta lehorra amesten ditut, baina aldagaiak Luisen furgonetan utzi ditut goizean. Halako batean, iritsi gara 4x4a hartzeko lekura, eta han daude zain amona eta gaztetxoak, aterpe batean. Julenek proposatu dit ez gelditzeko eta behera jarraitzeko, ez hozteko, eta halaxe egin dugu biok, pistatik; aurrerago, auto-zarata entzun dugu, eta ikusi dugu ibilgailua badatorrela gora, sigi-saga; ondotik pasatu zaigu zaratatsu; etorriko zaigu gero, bueltan... Naranjitoko lehen etxeetara iritsitakoan, orduantxe sumatu dugu bizkarraldean gure taxia goitik behera. Barrura sartu gara, Emilioren etxera joateko.

Ia arratsaldeko laurak dira, eta hamar ordu iragan dira Luis txoferrak goizean utzi gaituenetik. Beti bezala, fin eta puntual etorri zaigu bila, bere bi alaba txikiekin, baina Emilioren emazteak bazkaria prest dauka eta itsuskeria handia litzateke ezer probatu gabe alde egitea. Ez naiz gose, eta dutxa beroa eta arropa lehorrak besterik ez dut buruan. Sutondotik gertu jarrita, zopa beroak neure onera ekarri nau. Jende gehiago arrimatu da bazkarira, eta berriz ere kuadrilla handia osatu dugu, biribilean jarrita, hizketan. Luisen alabek kitxuaz hitz egiten dute elkarren artean, eta entzun dituenean, Emilioren amari aurpegia piztu zaio; alaba zaharrenari deitu dio gerturatzeko, eta zerbait esan dio, irribarretsu; «gure hizkuntza ez da / galduko agian», herria eta hizkuntza, Xalbadorrekin akordatu naiz.

Joateko ordua da, eta denak agurtu ditugu, eskerrik asko eta egongo gara, yupaichani, tuparishun. Itzuleran, furgonetan, hitz gutxi, indarrak agortu balitzaizkigu bezala. Halako batean, iritsi gara hostalera, gelara, etxera. Dutxa beroa ohi baino gehiago luzatu dut nahita, larruazaleko zentimetro bakoitza eta guztiak berotu nahian, eta ohe gainean etzan naiz. Ez nau loak hartu, baina sentsazio atsegin batek estali nau, lainoak Imbaburako tontorra bezala, eta lurretik gertu sentitu naiz.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II): Espigüete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.