SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II). Kanada.

Arrokatsuetatik Pazifikora, ibaien sare aldrebesean

Mendi Arrokatsuetan egindako zeharkaldiaren kronika, naturan arreta jarrita: faunan, landaredian, eta, nola ez, uretan eta geologian. Gizakien eta haien ekintzen zertzeladekin osatuta.

1. Ura. Uraren indarra, haranean behera, ozeanoa helburu. IÑAKI ANTIGUEDAD.
Iñaki Antiguedad Auzmendi.
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hegazkinak behealdean daukan kamerako irudiei begira eman dut denbora gehiena, sartalderako bidaian zeharreko lur formak arakatuz. Groenlandiako izotz eremuak atzean utzi eta Hudson Badia handia igaro berritan, larredi hezeek hartu dituzte Manitoba eta Saskatchewan probintzietako lurralde zabalak, non uren drainatze eskasak aintziraz betetako ordokiak utzi dituen begi aurrean, basorik apenas duen berde-tonu askotako paisaian. Irudietan den toponimian nahastu egiten dira lehen naziokoen eta gerora joan zirenen hizkuntz izenak.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Ez diren lurraldeetan

Lehenengo aldia dut Kanadan, Quebecen sarri izanda ere. Albertako Calgaryn lurra hartzeko jaitsieran gero eta agerikoagoa da koloreen mosaikoa, laborantzako sailen laukiek egituratua. Aziendarik ez dut ikusi eta arraroa egin zait; tira, gerokoa geroko! Hiri ezaguna da hau, probintziako hiriburua bera baino, neguko Olinpiar Jokoak gogoan. Alde berriko eraikin modernoen artean, lehenengo solairu mailan oinezkoentzat diren pasabide estalien sarea neguko hotzaren abisua da, sasoiaren gorrian inor gutxi baitabil kaletik.

Bow ibaiak aparteko lekuak eskaintzen ditu, hiritarren atsedentoki. Pazifikotik gertu jaiota ere Hudson Badiarantz egiten du, Ipar Atlantikorako bidean. Izan ere, ondo-ondoan diren Mendi Arrokatsuek ur-isurialde desberdinen banalerroak sortu dituzte, Atlantikorakoaz gain Pazifikorakoa eta Artikorakoa ere, mapan ikusita ulergaitza egiten den drainatze sare trabatua eratuz.

Lehenengo gosaria da gaurkoa. Eta gerora errepikatuko den eszenarekin egin dugu topo: mahai-tresna guztietan plastikoa jabe, hartu-botako erabilera bakarrean: zakarrontzi nahasian birziklagarriak ustez, ez berriz birziklatzekoak. Usteak ustel! Hegorako bidea hartu dugu, Glaziarren Parke Nazionalerantz. Larrediak zabal ordokian. Labore-lurretan bazka nagusi, zereal-soroak tarteka. Larrediek basoari eta ordokiak mendiei bidea eman.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Albanian zubiari 'ura' esaten zaio, eta diruari, 'leka'

Arrokatsuetan gara, Harritsuetan baino. Hainbat egunetan bidaide izango dugun paisaia: arrokak hormatzarretan, harriak hartxingadietan, koniferoen baso mugagabeak magaletan, laku-sorta ibarrean eta urak aske non-nahiko ibilguetan. Parke honetan agerian oraindik bost urte dela izandako sute itzelak utzi zantzuak; enbor erreen iluna zuhaixka berrien berdexkarekin mosaiko deigarrian. Bidexkan topo egindako bertoko batek bere poza luzatu digu hain denbora motzean berdatu izanagatik. Halabeharrez, bertokoek estimatzen dute gehien bertokoa; gu, azken finean, behatzaile izanda ere, pasekoak gara.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Pentagona

Paisaia lurraldeaz dugun pertzepzioa izaki eta ni autoan horren gogoetan ari naizela, lagun batek oihu egin du tupustean. Hara, Arrokatsuetako nagusia, hartza! Bai, hartz arre bat, neurrikoa, errepide ondoko potxingo batean, bere lasaian. Eta distantzia motzean hartz beltz bat kumearekin. Ez dirudi euren arteko giroa abegikorra denik, baina bakoitzak bere espazioa du hartua. Bitartean, autoak pilatuz doaz errepide bazterretan, kameren klikak etenik ez, leihoak zabalik baina zoladuran hankarik ez, badaezpadakoan.

Erne, hartzak

Natura-parkeetako basabideak, parkea nazionala edo probintziala izan, ondo seinaleztatuak dira, neurrian, ibiltarien lagun. Eta gehien ageri den abisua zera: «Hartzak inguruan, zuhur jokatu!» Bada motiboa, bai. Hortaz, Alaskan entzun nion bati zer egin behar duzun bidexkan hartz batekin topo eginez gero: lehenengoz, lasai egon, jakina; gero urrats bat egin eskumara, urrats bi atzera eta bat ezkerrera; orduan, buelta eman eta etorri bidetik joan, astiro antzean. Zergatik hori? Galdetu nion hari, eta hauxe erantzuna: «Zure kaka ez zapaltzeko!».

Koloreaz aparte, paisaiaren paisaia da hartza Arrokatsuetan. Hartz ama eta kumea, belardi batean / Iñaki Antiguedad


Arroka zahar-zaharretatik, baina oso gaztea den erliebe malkartsutik ari gara gora eta behera, milioika urtez tektonikak eta higadurak elkarren kontra eragindako bilakaera geologikoa irudikatu gurarik. Karaitzak hemen, granitoak hor, mendi hormak beti handientsu. Izei eta pinu erreen iluna, berrituen berdea, arroken gris argia, elurraren zuria, lakuen urdina, dena korapilatzen zait begien bistako mosaiko bizian, errekek doinua jartzen dutela.

Ordoki tarte batean bisonte ale batzuk ikustatu ditugu, erreserba ematen zuen esparru hesitu zabalean, libre antzera. Larredi zabaletako lehenengo animalia handiak ei zirenak ez ziren nonbait abere izateko jaio, eta kolono heldu berriek nahiago izan zuten behiak eta zaldiak ekartzea etxaldeetan lan egiteko. Ondorioz, abereok bisonteak bidali zituzten larredietatik. Hartzek zorte hobea izan zuten, Arrokatsuak aterpe hartuta.

Ez dakit ez galtzeko ohitura den edo, baina bidaietan mapa izaten dut kokabide. Creek asko ageri da toponimian izenlagun, errekak nonahi diren seinale. Eta Fort ere bai, behinola Kanadako zaldizko polizien bizigune izandakoak; ustez, lehen nazioetakoen eta kolonoen arteko gatazkak saihesteko ziren han, baina gerokoa ikusita ez dirudi lortu zutenik. Eta bai, bertokoen hizkuntzek badute isla mapetan; izenak bai, izana beste kontu bat da, apenas ikusi baitugu naziootako lagunik paisaian.

Urak sortutako paisaia

Mendebaldera egin dugu, Alberta eta Columbia Britaniarra probintzien arteko sartu-irtenean, Arrokatsuek utzi dituzten pasabide estuak baliatuz. Errekak ibai handi dira hemen: Saskatchewan, Athabasca, Columbia, Fraser, banalerroen aginduz bakoitzak bere ozeanoa duela helmuga. Errepidean ur beroen eta meategi izandakoen zantzuak ikusgai. Eta bazterreko seinaleak deigarri: Slow drive, bears eta Know the limit, stay within it. Azken mezu honek motibatu nau gehien; izan ere, oporretako errepideetan baino gehiago, eguneroko bizitzan ezagutu beharra dugulako mugak non ditugun eta horien barruan zelan mugitu. Buruari galdetzera ere heldu naiz: zer demontre egiten dut hemen? Erantzunak ez nau guztiz bete... Tira, Keep right ere ikusi dut, baina bai zera, errepidean baino ez!

Mendi Arrokatsuak / Iñaki Antiguedad


Paisaiaz harago, mendizale batzuek loreak izaten dituzte kameraren helburu. Animaliak beste batzuek. Are, bada ere bere burua duena helburu. Nik neuk erreka-ibaiak, aitor dut. Azken finean, errekek egiten dituzte mendiak, haranak sortzean. Gainera, goialdean ur-lasterrean eta behealdean ur-txirikordatuan, aukera gehiago ematen dute kolore eta prozesuen kontrasterako. Hortaz, ubidean ura zurixka isurtzen denean emari gehiena glaziarrak emana dela pentsatu behar da. Eta baietz asmatu!

Iparrera egin dugu, Banff Parke Nazionalerantz. Neguan mendi-magaletan eski pistak direnek magalari emandako atzaparkada baten itxura hartzen dute udan, higakinen erorbide. Iparrerago den Jasper Parkera ailegatzeko Icefield Parkway errepidea hartu dugu, nahitaez hamaika geldialdi egiteko behartzen duena, inguruko guztia ikastekoa delako. Bertan da mendikateko izotz eremu zabalena, Columbiakoa. Athabasca glaziar handia dugu aurrean, gehienen antzera atzera ari dena, klimaren larriagatik. Zibilizazioa omen denaren eta basa-paisaia izan badenaren mugaldeko herri batzuek mantendu egiten dute garai bateko marka, tranpa-jartzaileak, meatzariak eta burdinbide-langileak espazio hori partekatzen zutenekoa.

Kostarantz abiatu gara, tartean basahuntzak eta altzeak nor bere kabutan. Mendi garaiak atzean utzita, mendi baxuak eskura, erliebea zahartuz doala. Sastrakadien horixka ere gehitu da orain koloreen paletara, aurtengo uda benetan lehorra izaten ari baita. Aurrera goazela, obrak ikusi ditugu hainbat tartetan, zer eta oliobide berria! Izan ere, Albertako iparraldean petrolio-zelai handiak ari dira egun ekoizten, baina probintziak ez dauka kostarik, eta, hortaz, Pazifikoan porturatzeko oliobidea behar, Columbia Britainiarretik pasatuta, eta, zehatzago esanda, lehen nazioen hainbat erreserbatatik. Haatik, diotenez, azken probintzia hau progresistagoa da, ingurumenarekiko sikiera, eta proiektua tirabira dezente ari da sortzen, egin ahala...

Duela urte batzuk erretako baso bat, berdatzen. Mendi Arrokatsuak. Kanada / Iñaki Antiguedad


Mendietan edo ordokian, izan bada faktore bat lurralde hau ezaugarritzen duena: eskala! Hemen dena da handi, dena zabal. Errepidean kristoren pickup autoak ikusten dira karabana handiak atoian; eta, aldi berean, kristoren karabana-autoak auto txikia atoian. Ia esan liteke atoitan neurtzen dela hemen trafikoa. Eta trenak? Pazifikoa eta barnealdea lotzen dituzten merkantzia-trenak itzelezko luzerakoak dira; mutur bietan makinatzarrak eta 200 bagoitik gora dituen trena ikusi dugu sigi-saga gorantz. Izan ere, nahitaez Arrokatsuak zeharkatu behar direnez eta Pazifikora begirako magalek oso malda handia dutenez, kiribil itxurako trenbidea eraiki behar izan zuten, lurpe zein lurgain, desnibela gainditzeko. Irudi ikusgarria, benetan. Ez nau harritzen jendea errepideko miratokian zain egoteak trenaren pasa-orduak markatzen dituen kartelaren ondoan.

Vancouverrera bidean

Vancouver tarteko helmuga dugula, Fraser ibai handia hartu dugu bidaide. Urak haran zabalean bare eta estugunetan laster dituen hau izokin-ibaia da, edo izan da behinik behin. Honi esker izan zuten barnealdeko lehen naziokoek arraina euren dietan! Kostalderako bidean kale hutseko herrixkak ikusi ditugu ezker-eskuin. Etxe apalak, zabalak, ahul itxurakoak, aurrefabrikatuak, kanpoaldeak traste asko eta askotarikoak pilatzen dituela: egurra, motozerra, karabana, txalupa, quada, elur-motorra, ume-jostailuak... batzuetan kaosa bera ordenatuagoa izaten da.

Hiritzar berria da Vancouver, etxe orratzak urrunetik ikusgai, baina nekazaritza jarduera handikoa ibaiko deltan. Sumendia hor, zelatan. Supermerkatuan local products sustatzen dira, baina ez dut jakin zer hartzen duten Kanadan tokiko! Gure azken egunak dira, eta Vancouverreko uhartera egin dugu ferryan jauzi. Victorian hartu dugu lurra, izan zen herria hiri berrian desitxuratua duena. Baso jarduera da uhartean nagusi; turismoaz aparte, jakina. Ustiaketatik libre dira baso primarioak, 800 urte arteko zedroen gordeleku. Garai batean lehen nazioetakoentzat funtsezko lehengaia zena, orain bere kasa ari da eboluzionatzen, oihanpe ilunean usteldutako enborrek ernamuin berritan eusten diotela ziklo konplexuari.

Gauez gatoz Euskal Herrirantz bueltan. Oraingo hegazkinak ez dauka kanpoan kamerarik; hala ere, imajinatzen noa beheko lur formen segida...

Bihar:Albanian zubiari ura esaten zaio, eta diruari, leka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.