Janbattitt Dirassar. Idazlea, kazetaria eta ohorezko euskaltzaina

«Ez zaio harritzeari utzi behar. Bizitza filosofia bat da»

Janbattitt Dirassar Hazparneko Zelai auzoan egin zen idazle, etxaldearen segida ez zuelarik hartu nahi ukan. Eta euskararen kontzientzia hartu zuen izkiriatzaile bilakatu zelarik. Idatzi gabe xahu litzatekeen bezala, ez dio harritzeari uzten.

PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Ziburu
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Janbattitt Dirassarren (Hazparne, Lapurdi, 1937) oratoria deigarria da: Euskal Irratietan ematen ditu astean behin Ziburu (Lapurdi) eta inguruko berriak, baina ipuinak balira bezala irensten ditu entzuleak, idatzia eta ahozkotasunaren krema eztiari esker. Aldarrikatzen duena praktikatzen du Dirassarek: harritzeari ez uztea, «bele xuriei» lotzea, hots. Jose Mendiagaren kantua berridatzi beharko litzateke Dirassaren idatz zaletasuna islatzeko: «Idatziz eginez geroz munduan sortzea/Idatziz egin behar dut ontsalaz hiltzea».

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren lehen saria jaso du Ziburun bizi den hazpandarrak.

Zelaitarra naiz [Hazparneko auzoa], ez hazpandarra! Saria poliki hartu dut, baina uste dut beste anitzek ere merezi luketela eta ondoko urteetan emanen zaiela.

Nori?

Luzien Etxezaharreta bezalakoek egin eta egiten duten lan gaitzek munta handia dute.

Duela hamar urte BERRIAn erran zenuen idazten ez bazenuen «xahu» zinela.

Hala da. Herria-n eta Sud Ouest-en segitzen dut idazten ahal dudana. Badut behar hori. Ene familiak nahiko zukeen ni laborari etxe baten buru ikusi, baina ez ziren lan horiek enetzat eginak. Ene oroitzapen ederrenetarik bat da, eskolako azken egunean, Eguberriko oporraldia aitzin: errienta etorri zen etxerat opari batekin, eta amari ezagutu nion egina zutela jokoa bien artean. Urteak eta urteak prezatu nuen Petit Larousse frantses hiztegia. Alde bat horrekin nintzen, amak debekatu behar zidan sobera egotetik.

Iriberria zen zure etxondoa.

Bai, han bizi izan naiz 16 urte arte. Orduan, aita galdu genuen supituki, eta anitz nahasi zidan bizia. Amaren ahizpa eta anaiarengana joan ginen bizitzera.

Hegiko Bordatik liburuan kontatu duzu aitak ezinikusia ziela katuekin.

Ez zituen batere maite! Biziki ontsa oroit naiz ene gatuez: Anitak arroltzeak jaten zituen, gero jin zen Patzatzo, hura ere biziatu zen, baina txitekin... Zernahi gauza tzar egiten zuten. Moio... ni biziki gatukina nintzen, ama ere bai.

Zelaitik Hazparnerat jaustea zuretzat bidaia zen, ez dea hala?

Bai! Oren erdi bat bagenuen oinez. Ez ginen biziki ateratzen Zelaitik. Bospasei auto baizik ez zen auzo handi horretan. Igandeetan mezara joaten ginen eta hamabostetik asteartetan egun osoko merkaturat.

Zuek ere?

Artetan, amak oiloak, untxiak eta holakoak saltzen zituen. Bi urde hazten genituen, bata etxean hiltzeko eta bestea merkatu batez plazan saltzeko, urtean behin, Eguberri aitzineko egunetan.

Zelain nola bizi zineten?

Aita izaten ahalko zen ene aitatxi; zerk bultzatu zuen 50 urtetan esposatzerat? 52 urte zituen sortu nintzelarik. Hazpandar horiek orduan biziki handikariak ziren, eta egiten ziren muga batzuk alferretan: aitaren familia hozka bat beherago ezartzen zuten; paganta baitzen, pobrea ez, baina zuhurki bizi, etxea arrandan pagatzen zuen... Aldiz, amaren familia, gorago. Bestenaz ere, biziki elizakoak baitziren amaren aldetik. Amak ukana zuen anaia bat apeza, ez nuen ezagutu, hil baitzuen Espainiako gripeak.

Elizan ere sosak manatzen zuen?

Gizonek ez zuten tokirik, emazteek bai. Zer negozioa zen hura! Jainko maitea! Ez zen tronpatu behar: emazte bakoitzak bere kadira zuen jarri eta belaunikatzeko.

Antia ezagutu duzu.

Anti-k ez du deus erran nahi; kontra, baina zeren kontra? Anti zen anti-basque, baina manatuak ziren dudarik gabe ez erratea, baitzuten zerbait lotsa. Eskolan gelditzen zena punitua egoten zen 50-100 aldiz je ne parlerai plus en basque [ez naiz gehiago euskaraz mintzatuko] ongi idaztera; gaizki bazen, berriz haste. Gurasoei ere hitz bat igortzen zieten.

Nola bizi izan zenuen hura, lege bat gehiago bezala?

Bai. Guk ez genuen kalkulatzen.

Etxean zer zioten horretaz?

Etxean gaizki hartzen zuten gisa batez, baina denbora haietan ez zenuen deusik erraten erakaslearen kontra, badakizu, jaun erretorea, andere errientsa, mediku jauna... Argi eta garbi ez zuten soberakinik erraten, bereziki haurren aitzinean.

Noiz jin zaizu kolera?

Idazten hasi nintzenetik; ezin onetsia zen.

Katiximak zintuen euskaraz alfabetatu.

Bai, Piarres Larzabalekin. Alta, eskolan debekatua zen.

Nolakoa zen Larzabal?

Biziki maite nuen. Zelaiko bikarioa zen. Ez zuten denek maite, plazako jaun handi horiek eta. Haurren xerka heldu zen eskolarat, eta epizeria atxikitzen zuen emazteak zioen: «Mutiko tzar horiek sotanatik tiraka ibiltzen dute! Ezin onetsia da!». Eta, entzun zuten kantuz ari bizikletan heldu zelarik Hazparnetik, gaizo apeza, eta ze kantua apez batek emateko: Urtzo zuria! Errazu!

Bekatua zena?

Ez zuten erraten hala zenik, baina gaizki hartzen zuten: apez batek ez du kantuz ari behar hola, non ez den Elizako kantuetan.

Zerbitzari pilotan ari zen.

Apezak pilotan aritzea ontsa zitzaion jendeari, alta, arrantzan aritzea edo kantatzea, ez!

Ezagutu zenuena Zerbitzari?

Bai, noizbait sariztatua izan bainintzen Euskaltzaleen Biltzarrean. Gizon biziki plantakoa zen, biziki jantzia.

Katiximako lan batek zizun saria eman?

Ez, bestalde zen. Itzulpen batzuk ziren, Larzabali esker, 12 bat urtetan.

Horrek eman ote zizuna zure baitan konfiantzarik gero idazketari lotzeko?

Bai. Seme bakarra nintzen, eta arraroa! [kur-kur-kur]. Auzoaldean enetzat erraten zuten: «Zer xantza mutiko honek: seme eta iloba bakarra, laborari etxearen segida hartuko dik». Baina ez nuen batere hartan aritzeko gogorik. Banuen su bat: nahi nuen idazten ari izan eta hola ene bizia irabazi; zeren ordukotz bainuen amets bat galdutzat nuena: aita saindua bilakatzea! Osaba apeztu zelarik, Erroman izan zen, eta aita sainduarekin mintzatu. Gertakari bat zinez espantagarria izan zen izebarentzat. Nehork ez zidan erraten ez nintzela aise izanen aita saindu. Meza ematen nuen egun guziez etxean. Baina auzoko neska aise zaharrago batek erran zidan ez nintzela sekula hala izanen. Ez nuen ulertua bakarra zela munduan, uste nuen hargin edo zapatagina izatea bezala zela! Neska horrek zerbitzu egin zidan ororen buru.

Etxeko segida hartu nahi ez, apezei eman zenien zure arranguren berri.

Bai, Eiherabide Hazparneko bikarioari. Hor hasi nintzen berriemaile gisa Herria-n, 18 urtetan.

Francori zor diozu zure bizia...

Bai! 85 urtetan bizi naiz Franco jeneralari esker! Urte bat eta zerbaixka nuen beheitiko berdea ukan nuelarik. Mathieu medikuaren erremedioei esker, hobetu bai, baina ez nintzen sendatzen. Egun batez, erran zigun ondoko astean itzuliko zela haurretan berezitua zen bertze mediku batekin. Amak orduan erran zion ez genuela hura ordaintzeko sosik. Mathieuk erantzun zion ez zuela sosik hartuko. Jin ziren beraz biak, eta sendatu ninduen. Iheslari gisala jina zen bigarren hori, alderdi jeltzalekoa, Mathieu medikuaren etxean aterpetua. Gisa horretan, hark ninduen salbatu. Piarres Xarritonek nahi ukan zuen jakin nor izan zen, baina ez zuen kausitu, bizpahiru mediku izanak baitziren Mathieuren etxean, eta denak medikuak eta jeltzaleak!

Gorria, beraz, Mathieu medikua.

Orduko jendeentzat, bai. Azalegiko kasko hartan jendeek gauza batzuk ez zituzten konprenitzen ahal. Hala nola bazen iheslari parrasta bat garai batean, ez ziren luzaz egoten, baina bazuten haien biltoki bat: Gorringotea. Aldi bat baino gehiagotan, jendeeri sinetsarazten zioten komunistak zirela, elizaren etsai gorriak. Jendea harritu zen, zeren eta behin biltzen baitziren Gorringotean, eta zer egiten zuten? Apez komunistarekin meza ematen! Jesus! Zer zen hori? Jendeak galduak ziren.

Etxean hori gaizki ikusia zena?

Ez, ez baitzuten aipatzen.

Mathieuk ukan zuena arazorik?

Berak ez, baina Akizeko anaia apezpikuak bai. Aita sainduari eman zion txosten bat euskaldunen eta errepublikaren alde. Ez zioten barkatu. Xarritonek zioen ez balitz agertu euskaldunen alde, urrunago joanen zela, artzapezpiku edo, baina arrunt eskuinekoak ziren elizaburuak.

Noiz ezagutu zenuen Piarres Xarriton?

Kolegioan; erlijio kurtsoak ematen zizkigun bi taldetan: euskaldunoi eta besteei. Lagundu ninduen, Jean Hiriart Urruti ene bigarren kusiak bezala, Herria-n idazten, pilotaren saila hartuz.

Zein zen zure sinadura?

Arraya: alderdiz aldatzea manatzen duen hutsa edo abantaila baita pilotan, nondik begiratzen den.

Basque Eclair-en ere ari zinen.

Soldadutza bukatu eta hasi nintzen, 18 urterekin, soldatapean. Euskal Herriko berriak ematen nituen egunkari horretan.

Herria-n ere segituz?

Bai, beti.

Zein bilakaera ukan duzu euskaraz eta frantsesez?

Biziki atxikia nintzen euskarari, Xarriton, Larzabal eta horiekin ez zen aise egiten ahal bestela! Nihaur ere ez nintzen ohartzen, baina ene saila ez zen erraza, Sud Ouest-ek denak irensten baitzituen, giroa ere arrunt bere alde zen. Denen buru, ez ditut gaizki hartu urte horiek, baina gero kalkulatu dut nihaur nintzela, beharrik Mari Jeanne Minaberri idazkaria hor zela ene akuilatzeko. Eta Louis Dassancek pusaturik nintzen hasi pilotaz gain beste sailetan ere Herria-n.

Zein zen Basque Eclair-en ildo editoriala?

Giristino soziala zen. Lafittek zioen ez zela: «Ez Basque, ez Eclair».

Eta zer ezberdintasun zuen Sud Ouest-ekin?

Ororen buru, deus guti. Ene gisako balentria ttipia egiten nuen artetan. 1960an hasi nintzelarik, Makean gaitzeko ikusgarria muntatu zuten: Makeako Ganix. Gehiena euskaraz. Deliberatu nuen denak utzirik hara joanen nintzela eta orri oso bat eginen nuela. Sud Ouest-ek aldiz, artikulu ttipi bat. Horrek ez du erran nahi Sud Ouest utzi zutenik!

Nola egin zenuen jauzi Sud Ouest-erat?

Biziki adiskidea nintzen Paule Bayle Sud Ouest-eko berriketariarekin. Ontsalaz ez genuen elkar ikusi behar, ez baikinen etxe berekoak. 1969a zen, erran zidan Sud Ouest-ek aldaketa handiak nahi zituela egin, besteak erosiz, eta zerendako ez nuen nahi nik sartu. Baina nola utziko nuen Basque Eclair? Izena eman nuen.

Noiz hasi zinen euskaraz idazten?

Urte batzuk beranduago, ontsa jarrita, Xarritonek bultzaturik. Bost urtez egon nintzen Baionan eta gero izendatu ninduten Donibane Lohizunen [Lapurdi].

Zein izan da idatzi behar izan duzu berririk latzena?

Andre Iturralde Donibane Lohizuneko auzapeza zendu zenekoa. Ezaguna nuen aspalditik... 1980ko hamarkada ez zen aisita izan: iruditzen zitzaidan denak kontra genituela: ETA, IK, GAL eta holako sasi taldeak. Beti denak kontra genituen: batzuendako ez geituen aski aipatzen, Parisen eta denetan kontuan har zitzaten. Beste batzuek, berriz, zioten ez aipatzeko: «Ez aipa! Denak isilik egonez, beraiek geldituko dira!». Zaila izan zen.

Eta berririk hoberena?

Bertsolarien txapelketa nagusiak. Biziki maite nuen, zela Donostian, dela BECen.

Euskaraz idazten zenituen?

Laburpen bat bai, baina testua frantsesez.

2004an egin zintuzten ohorezko euskaltzaina.

Inportantea izan da: ene gisako urguilua baitut! [Kur-kur-kur]

Etxeko ahozko euskaratik idatzizkora egin duzun bidean zer bilakaera ukan duzu?

Euskalkiak ere hein batean atxiki behar badira ere, batua behar-beharrezkoa da elkar ontsa konprenitzeko. Ene arrangura da alderdikari bilakatzen garela: arrunt batuaren alde, edo arrunt euskalkien alde. Bi aldetarik badela batzuetan halako soberakin bat. Aitatxik zioen gisan: «Soberakina, beti soberakin!».

Sarako idazleen biltzarraren saria ere ukan zenuen 1996an.

Orduan gazte nintzen! [kur-kur]

Nola zabaldu zitzaizun Euskal Herria Zelaitik?

Emeki-emeki abertzale egin naiz, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Jean Hiriart Urruti, Jean Haritxelar eta Luis Dassanceren bidez.

Telesforo Monzon ezagutu duzua?

Bai, ontsa ere bai. Franko handikaria zen. Abertzalea zen, baina denok baditugu gure itzalak.

Eta Jose Migel Barandiaran?

Bai, guti aski. Jakintsu handi handia zen eta biziki xehea zen.

Harritzearen ahalmena atxikitzearen militantea zara. Bele xuriak liburuan idatzi duzu: «Sekula harritzen ez dena galdua da». Bele xuriak deitzen diezu harritzen duten horiei.

Lucien Jerphagnon filosofoa biziki maite dut, apez izana da, baina utzi zuen. Ez zaio harritzeari utzi behar. Bizi filosofia bat da.

Uztailaren 14a pasatu berri da.

Maite dut egun hori: ospatzen dut 1894ko uztailaren 14ko ikurrinaren agerpena Bilbon!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.