Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Aosta.

Aosta bakardadeko konpainian

Val Veny haranean dago Mont Blanc mendia. Natura izugarriak inguratzen du harana: aintzirak, mendiak, glaziarrak... Lan honekin irabazi du Maider Usabiagak BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketa.

Aosta bakardadeko konpainian.
Maider Usabiaga
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gidariaren aulkian eseri, eta ateari bultzatzean, klank soinu zurrun batekin itxi da alokatutako autoaren atea. Kanpoan geratu dira aireportuko zurrunbiloak, klase eta kolore guztietako jende errekak, lur dirdiratsuzko luxuzko dendak. Urruti jada Turineko lau izarretako hotela, Lingotto kongresu-zentroko trajedun gizonez betetako hitzaldi areto handiak, han defendatu beharreko ponentziaren urduritasunak, nire takoidun zapaten tak-tak-tak-ak eta aurpegiko gerra margoak.

Ostiral arratsaldea da, eta, laneko gerlak amaituta, asteburua nirea da: atearen klank hark puntu eta aparte zioen. Arnasa hartu sakon, eta hegaldatu aurretik arranoek hegoak luzatu eta mokoaz lumak atontzen dituzten eran, nik ispilua egokitu, keinukariak topatu eta aulkia neurritu dut. Eta dena prest dudanean, nabigatzailean «Aosta» idatzi... eta giltza jiratu dut.

Kanpoan argi zuria, zeru grisa, eta euria sokasaltoan autoaren kristaleko parabrisaren erritmoan. Gogotik ari du. Gauez iritsiko naiz lotarako hartu dudan apartamentura. Italiar mama jator batek eman dit giltza atean; harrituta galdetu dit ea bakarrik naizen. Goiz oheratu naiz. Bihar da egun handia.

Goizean goiz ilunpetan hartu dut autoa Courmayeur-era lehenik eta handik La Visaillerantz. Eguna argitzean, mendipeak baino ezin ikusi, ordea; gainontzekoa lainoen domeinupean. Zirrara eta kezka: lainoek uzten didatenaren araberakoa izango da eguna. Bidea barrera batek mozten du. Track-a piztu, motxila bizkarrean eta mapa eskuetan. Txoratzen nago, hemen naiz, iritsi naiz. Eta oinez abiatu naiz, nirekin etorri behar zuen baina azken momentuan etorri ezin izan den horren absentziaren konpainian.

Val Veny udazkenez blai

Bide bazterrean zalapartan doa bezperako euriekin erreka, eta bere parean bidea suge. Bidean gora egiten dut nire pauso hotsek errekari nitaz kontatzen dioten bitartean. Beste gizakirik ez bidean.

Combal lakura iritsi naiz. Udazkenak ia ahitu du, padura nekatu bihurtuz. Udazken festa in crescendo ageri da, ordea: alertzeak biluzi aurretik gar horitan, zuhaixka eta sastrakadiak laranja-gorriz sutan daukate dena. Veny bailararen udazken soinekoa. Heriotzaren usainean beltzez janzten ditugu maiz gizakiok gure beldur eta agurrak. Zirraraz betetzen naiz natura kolore festa horretan lehertzen denean; hostoen azken egitekoa beren agurra kolorez, esker onez eta esperantzaz ospatzea balitz bezala.

Laino artetik, Aiguille des Glaciersek geroz eta lotsa gutxiagorekin kuku egiten du laino artetik, bere burua Combal lakuan islatuta ikusteko. Itzela da espektakulua, eta hunkituta noa pausoz pauso aurrera. Pauso bakoitzean inguruarekin bat eginda, txiki hango handitasunean, handi nire txikitasunean. «Miraria ez da ur gainean ibiltzea. Miraria lur berdearen gainean ibiltzea da, sakonki orain den momentu hau bizitzea eta zinez bizirik zarela sentitzea», xuxurlatu dit Thich Nhat Hanh-ek belarrira.

Aldapari heldu, eta iritsi naiz Rifugio Elisabetta Soldini Montanarora. Rifugio-aren kanpoaldean topatu dut Elisabetta bera, muino batean eseri, eta bailarako mendi izugarri haiek laino tartean ikusgai dutenari begira sorginduta, isiltasunean.

Pyramides Calcairesen itzulia lainope hertsian egin dut, isiltasun tenplu batean hanka punttetan bezala, gezi horiei jarraituz pauso bakoitzean erne, ikusten ez ditudan mendi presentziak indartsu sentituz. Harik eta ustekabean Xeherezaderen zetazko pañeluak airetan dantzan bezala lainoak altxatzen hasi diren arte. Zartatu da behe lainoa, ireki da teloia, eta ezkutuko agertokia agerian geratu da... eta bihotza gainezka, U formako glaziar bailaratik bueltan rifugio-ko lepora itzuli naiz, mendi itzel haiekin mozkortuta.

Zerbait jan, eta nire moduan Aiguilleei infinitura begira jarraitzen duen Elisabettari agur esan diot musu batekin. Maldan behera goizeko lainorik gabe, lehengo bideak orain asmakizunaren soluzioa dirudi. Mont Blanc-Monte Bianco-Mendi Zuria aurrez aurre, bere letagin zorrotza albo batean, eta lehen planoan Miage glaziarraren morrena erraldoia. Guztia tarteka Combal lakuko ur putzuetan islatuta. Musika itzela argazki makinarekin dultzemeneoan dantzatzeko.

Glaziarraren mintzoa

Bailara amaieran morrenara gerturatu eta Miage-ko lakurantz, harrizko murru bat da glaziarraren isuria behetik ikusita. Aldapa bortitz eta harritsuan arnasari soseguz eutsiz, hankak lurra musukatuz doaz berriro pausoz pauso gorantz. Eta harritzazko murru hari goia hartzean paisaiak barruak zinez hunkitu dizkit: morrena erraldoiaren bidea AHT-aren obra abandonatu alimaleko baten moduan. Harri hotz eta izotz beltz besarkatuta elkarrekin isuri estatikoan, magal erraldoi hartan behera. Ez da bi hankakorik ikusten buelta guztian. Mendi Zuria zaindari goitik. Eta desolazio haren izkina batean Miage lakua putzu ia ahitu bihurtu du udak.

Hain hunkituta, hain txiki eta arrotz sentitu naiz presentzia izugarri horretan, han egoteko baimena eskatzeko beharra sentitu baitut: agur eta ohore, glaziar handia, eta hankak lurrean sendo eta orekan kokatu eta ilargiaren agurra egin dut. Bukatzean, harri baten gainean eseri, eta maiteminduen eran lelotuta ingurura begira geratu naiz, zentzumen guztiei adi. Begiak hara eta hona, saltoka, detaile guztiak jaso nahian, belarriak erne. Haizea isiltasunarekin dantzan dabil dena bere egin nahian. Gudu zelai abandonatu bateko isiltasuna dirudi, eta glaziarraren harritza izoztuak zerraldo erraldoi lurrean. Aldiro orain han gero hemen isiltasuna ebakitzen duten harri jauzi txikiek bestela diote, ordea: guda ez da amaitu, eta hilzorian dagoenaren agonia da harri erorketa tartekatuetan entzuten dena. Izotzaren urtze geldiezin isilak harrixkaren baten oreka sostengatzeari uzten dio, eta haren erorketak inguruko harrien oreka amiltzen du: oreka desorekarantz amiltzen etengabe, desorekak oreka topatzen duen arte, behin eta berriro etengabeko sorgin gurpilean. Baina betiere amiltzen, eraisten, urtzen, erroizten, abandonatzen; tantaka suntsiketarantz. Hilzorian dauden gizakietan bezala: gorputza amiltzen, eraisten, erroizten, abandonatzen. Zure anaiaren heriotzaren ateetan sentitu bezala, eta zuk ospitalean gaixoak despeditzen joatean ikusten duzun bezala. Nire gorputzak ere egun batean egingo duen bezala. Baina horren aurrean,glaziarraren agonia irakasle: ez dramarik, ez garrasirik, ez lamenturik, ez amorrurik... Isiltasun, edertasun, onarpen eta bake hartan isurtzen da glaziarra bere desagerpenera. Ea ez zaidan ahazten.

Bake haren kontraste, nire barruko miserietan amorrua hauspotzen zait, ordea: glaziarren atzeraldia klima aldaketaren mamuak eragindako zauri sakona da, gizakiaren zekentasunak eragina. Atzera-bueltarik izango ez duen drama izugarriaren lekuko, atzerako kontaketa entzungarri egiten da hemen, erortzen diren harri jauzietan. Count down.

Arratsa gainera datorkit, eta nekearen motxila pisua hartzen hasita daukat. Saltoka jaitsi naiz glaziarreko murruan behera, eta Combalen bailara agurtu dut Namaste sentitu batekin. Mila esker bihotzez gaurko egun ahaztezinagatik. Eta erreka ondoko pistan beherantz, nire oin pausoek tam-tam sendotan kontatu diote errekari, bat hezurretaraino maitemintzean gertatzen den bezala, jada ez garela gorakoan ginen berdinak.

Mendi perfektua

Hurrengo eguna bezperako zirrara-mozkorraren biharamunarekin esnatu dut, baina zain dudana ez da, ba, gutxiagorako. Autoa hartu, eta Valtournencheko bidean gora berandu gabe bihotzak salto egin dit: hortxe dago! Ez dago dudarik, hori da! Eta lehen begiradan, espero baino oraindik magikoagoa iruditu zait Cervino handia.

Autoa bide bazterrean utzi, eta iman erraldoi batek bezala arrastaka narama berarengana. Espektakuluak gaindituta, nirekin etorri behar zuenaz gogoratu naiz, eta nola aittona Txomin mendiek eragiten zioten zirrarak bultzatuta kantuan hasten zen. Eta ni ere hura bezala kantari, begiak malkotan.

Dena du perfektua, mendiaren handitasun eta edertasuna, inguruko zirkuaren markoa, Blu lakuaren lehen planoa, udazken galaz jantzitako zuhaitzen girlandak, zeru urdina... Lurrean eseri eta sorginduta begira geratu naiz luzaroan. Begiekin jan nahian, begiekin edan edertasun hura guztia. Eta lehen asetua emandakoan, bihotzaren taupadak pixka bat lasaitzean, ondoan eseri zait Jean-Antoine Carrel, bere hemeretzigarren mendeko mendizale arropa eta bizar luzearekin. Eta bere ahots nekatuarekin kontatu dit mendi haren sorginduraz, eta konkistaren harraz. Nola mendi eder hark bakerik ematen ez zion, eta nola nahi gabe ere bere begiek gailurrerako pasadizo ezkutuak bilatzen zituzten etengabe bere paretetan. Piparen ke artean kontatu dit mendi birjinek eragiten zioten irrika eta bulkadez, eta gose horren aurrean gogoak eta gorputzak entrega dezakeen guztiaz. Den-dena ematerainoko entregaz.

Joan da pauso nekatuan, eta ni, badira hiru ordu hantxe eserita, mendiari so daramadala. Bobba rifugio-rantz egitekoa nuen ibilaldia bertan behera utzi dut. Ez dut handik joan nahi, ezin begirik kendu mendiari. Eta nire atzealdean, niri begira irribarrez, badakit hor zaudela gaur ere, Elisabetta. Atzo oheratu aurretik Googleri galdezka egon nintzen: inguruko lehenengo emakume mendizaleetako bat ote, zure mendi gailurren garaikurrak zeintzuk ziren bila. Baina ez, deusik ez nuen topatu zutaz, zure senarrak eskaini zizun epitafioaz haratago: «Mendi hauek zituen gogokoen». Eta irribarre egin dizut nik ere, zeren ezer gehiagorik gabe horrek agian dena esaten du zutaz...

Blu lakuan ispilu perfektuan islatzen da Cervino, eta bakoitzak bere mendia ikusten du lakuaren islan. Jean-Antoinek eta Elisabettak. Akzioak eta kontenplazioak. Harik eta turistei ogi papur eske ahateetako bat lakuko urak zeharkatzera abiatzen den arte: orduan, lakuaren urak dardaran jarri eta ispiluko mendia itxuragabetu eta desagertzen den arte. Nietzsche-ren harira: agian ez baitira mendiak existitzen, beren interpretazioak soilik baizik.

Bueltan etxera. Nirekin etorri behar zuenari bizitakoak kontatzera. Eta nire maite politari esatera, bizitzan behin bada ere, ona etorri behar duela hemengo lilura hau guzti ezagutzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.