UDAKO SERIEA. Gora Pandemin (I). Reyes Ilintxeta eta Joseba Beramendi, 'Exprai'.

Sanferminetan, sanferminei buruz pentsatu

Aurtengo sanferminak bertan behera gelditu direnez, pandemia garaiko bestak nolakoak liratekeen irudikatuko dute idazleek eta marrazkilariek. Lehen saioa Reyes Ilintxeta Euskalerria irratiko kazetariak eta 'Exprai' marrazkilariak egin dute.

EXPRAI.
Reyes Ilintxeta.
Iruñea
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aurten, sanferminik ez dela izanen aprobetxatuz, ekimen bat proposatu nahi dut: laborategi moduko bat egitea, festa eredua birpentsatzeko. Izena ere buruan daukat; ingelesez, noski, hori ezinbestekoa omen delako, EAEn behintzat, zerbait erakargarria eta itxuraz modernoa egin nahi baduzu: Sanfermin Festival Lab in Kingdom of Navarre, edo halako zerbait.

Egun hauetan, gogaitzeraino aditu dugu krisia aukera bezala ulertu behar dela; beraz, balia dezagun aukera hau ere!

Beti esaten eta aditzen dugu sanferminetan zezenak ez direla ezinbestekoak; prozesio eta elizkizunik gabeko festa laikoa egin litekeela; jai matxista eta kontsumista dela; alkohola eta drogen apologia hutsa dirudiela, eta abar. Bada, aurten, denbora hartu, eta egin dezagun gogoeta. Ez da ekitaldi ofizialik izanen, eta are garrantzitsuagoa, ez da ongi ikusia egonen kalean jai giroko ezer egitea. Parrandarako tentaziorik izanda ere, hobe hamaiketako ez jendetsu, xume eta lasaiak egiten baditugu, elkarte batean, etxean edo parke bateko belarretan. Dantza gogoari eutsi ezinean bagaude, mutxiko pare bat dantza dezagun, metro eta erdiko urruntze soziala mantenduz. Hori ez da zaila. Eta, gure askatasun eta memoria historikoaren aldarrikapenei bide eman nahi badiegu, uztailaren 8an eraman dezagun krabelin gorria Germanen hilarrira, baina banaka, eta ez denak bermutaren orduan.

Egia esan, festa ospetsu hauek ematen dute zer pentsatua. Gezurretatik hasi gintezke, esate baterako. Eta gezurren artean nagusiena, San Fermin bera. Pertsonaia hori ez da inoiz existitu. Santu beltzaranaren kondaira IX. mende inguruan agertu zen, Amiens herrian, eta, hiru mende geroago, Nafarroako hiriburura heldu zen, artzapezpiku batek haren ustezko erlikia bat ekarri zuenean. Orduan hasi ziren errelatoa eraikitzen, handik eta hemendik hartutako osagarriekin. Teknikoki, horri santu apokrifoa esaten zaio, eta ohikoa da hagiografian; Jimeno Juriok eta Roldan Jimenok, besteak beste, argi eta garbi hamaika aldiz azaldu duten bezala. Oinarri historikorik ez duen arren, agerikoa da bere akolitoen artean suhartasun handia pizten duen santua dela.

Iruñeko festetako beste gezur handi bat zera da, inprobisazioaren paradisua dela. Agian bat-batean erabaki ahal izanen duzu jai giroan jarraitu edo lotara joan; musika elektronikoa dantzatu edo Pamplonesa musika bandarena; jotak entzun edo bertsoak; xingarra jan edo hanburgesa bat; kalimotxoa edo 0.0 garagardoa edan... baina horraino. Beste guztia, festa egitarau ofizialean agertzen dena eta beste mila gauza gehiago, ukiezinak dira. Unetxoak, esate baterako (momentikoak). Bere garaian, uztailaren 7ko prozesioan Kontseilu plazan santuari abesten zaion jota kontu inprobisatua izanen zen, baina, gaur egun, une ia sakratua da, eta begirada hiltzaile mordoa senti dezakezu zure gainean une horretan bertan zure telefono mugikorra entzuten bada, eta are gehiago euskaraz erantzuten baduzu, nik behin egin nuen bezala. Eta, hori bezala, Kale Nagusiko ez dakit zenbatgarren zenbakiko balkoiko jotika, edo gau batean egiten den danborren burrunba, edo peñen irteera zezen plazatik, edo txupinazoa bera. Horrekin lotuta, esate baterako, Iruñean jende gutxik daki, edo ez du jakin nahi, Juanito Etxepare burlatarra izan zela suziria jaurtitzen lehenengoa, eta 36ko gerra hasi eta berehala fusilatu zutela, errepublikazalea izategatik.

1901ean jaurti ziren lehenengo aldiz suziriak, Gazteluko plazatik. Gaueko su festa prestatu zuen enpresako arduradunak bota zituen denak, eta hala egiten jarraitu zuten 1930eko hamarkadara arte. Errepublikarekin aldaketa iritsi zen: 1931. urtetik, suziriak ematen dio hasiera festari. Udalari baimena eskatu ondoren lortu zuen Etxeparek hori egitea. Baina 1930ean bere tabako dendan errepublikako bandera margotzeagatik egin zen ezagun gizona. Liga Nazional Laikoko kide izan zen, eta, horregatik, fusilatu egin zuten. Modu berean, sanferminetako gida liburu ofizialetan ez den beste datu interesgarri bat dago, memoria historikoarekin lotuta: Veleta 1936ko gerra aurretik Iruñean zegoen peña bat zen, eta eurek hasi zuten sanferminetan zuriz janzteko ohitura. Horietako hainbat errepublikazaleak izanik, ordea, langileak eta ezkertiarrak, gerran fusilatu zituzten, eta iruindar askori ezkutatu egin zaie nork hasi zuen ohitura hori.

Ezin da ukatu, noski, festako osagarri asko eta asko herriak sortu dituela, baina gehienak erritu fosilduak bezalakoak dira gaur egun. Gainera, badirudi gaur egun jada ez garela ezer berririk sortzeko gai. Billabesaren entzierroa litzateke azken adibidea, eta 35 urtetik goiti badu dagoeneko ohitura berri horrek.

Bistan da egitarau zurrun eta errepikakorren zaleak garela. Horretan, berdin jokatzen dugu zahar zein gazteok, eta barneko iruindar perfektua ateratzen zaigu barru-barrutik, Pamplonesaren dianak entzutean, erraldoiak ikustean edo inork festaren elementu hauetako baten aurka egiten duenean. Agian ez gara erabat kontziente, baina iruindar guztiok, edo gehienok behintzat, badugu barneko festa zaindari txiki moduko hori, eta bakoitzak bere modura erakusten du une gozo eta istilutsuetan. Hori da ikasi duguna.

Edozein modutan, nire ustez, gezur zabalduena eta onartuena zera da, sanferminetan denok lagunak garela, edo izan gaitezkeela. Guztiok jatorrak, dibertigarriak, eskuzabalak izaten gara bederatzi egun horietan. Ezezagunekin txantxetan ibiltzen gara, bazileoan, baina bazileo sanoan, Santuaren izpiritu berak abduzituak bageunde bezala. Baina zer dago hiperlaguntasunaren mito horren azpian? Kasu gehienetan, postureo hutsa da. Atsegina izatera behartuta bezala sentitzen zara. Anfitrioi bikainaren papera bete nahi dugu beti. Bestalde, ez da sobera azkarra izan behar ikusteko bigarren asmo batekin egindako hurbiltze saiakerak direla horietako asko. Sexua praktikatzea izaten da maiz benetako helburua, eta lagunak egiteko gehiegizko gogo horiek, nahi baino gehiagotan, sexu erasoak izatera pasatzen dira, tamalez.

Nolanahi ere, jokamolde festazale eta itxuraz jator horren bidez egiten ari garena zera da, betiko rolak eta egoerak berritzea: neska gazte, polit eta alaiak, beti saldoan joaten direnak; mutil grazioso eta ausartak, ateraldi bitxiak dituztenak beti mihi puntan, eta, gau osoan dantzan eta kantuan ibili ondoren, entzierroan korri egiteko adorea dutenak, edota peñako lagunei hutsik egiten ez dietenak zezenketaren orduan; andre jator eta maitagarriak, denontzako otordu ezin goxoagoak prestatzen dituztenak, eta arropa zuria beti garbi eta lisatuta dutenak familia osoarentzat; gizon alai eta bizkor horiek, zorroa atera, eta errondak eta pintxoak ordaintzen dituztenak, dirua Monopolykoa balitz bezala; amatxi eta aitatxi xaloak, ume zoragarriekin erraldoiak eta buruhandiak ikustera ateratzen direnak... Denak bere tokian. Bakoitza bere rolean.

Hori dena uztailaren 14ra arte. Hurrengo egunean, dena betiko lekura itzuliko da. Akabo mugarik gabeko laguntasuna: zu han eta ni hemen. Festaren berniza kenduta, berriro agertuko dira lehenagoko arrakala sozialak, krisi ekonomikoa, ERTEak, diabetesa eta kolesterola, bikoteen banaketak, anai-arreben arteko istiluak herentziengatik, arerio politikoak, lankideen arteko ezin ikusiak, ludopatia arazoak...

Jaien inguruan, gai asko haru behar dira gogoan. Horregatik, aurtengo derrigorrezko geldialdi hau probestu beharko genuke horretarako. Eta badira, bagara, jada horretan ari garenak. Euskalerria Irratian, esaterako, aurten Sanfermintza saiorik ez. O plazan oholtzarik ez; zuzeneko berriketaldi eta musikarik ez. Aurten, etxe barrutik hizketa eta gogoeta saio mamitsuak egin nahi ditugu, eta, egun hauetan, hori dena prestatzen ari gara buru belarri. Egun bakoitzean gai bat: genero kontuak jaietan, zezenen inguruko festak, tradizioak eta traizioak, kontsumoa, boterea, politika, erlijioa, euskalduntasuna... dena ukitu beharra dago, eta hori egin nahi dugu gure komunitateko adiskideekin. Festan beste modu batez murgiltzeko gogorik baduzu, Euskalerria Irratian aurkituko gaituzu.

Festa on, denoi, baina ez etorri Iruñera, otoi!

Bihar: Gora Pandemin (II). Alberto Ladron eta Leire Urbeltz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.