Bilboko ez-jaiak

Matxinada txikietatik loratutakoa

1978. urtean ospatu zen lehen aldiz Bilboko Aste Nagusia. Frankismoaren amaierako urteetan, konpartsek goitik behera berrantolatu zuten Bizkaiko hiriburua. «Matxinada» haren parte izan ziren Txomin Barullo, Bizizaleak eta Pinpilinpauxa.

Bilboko Jai Batzordea. Jai Batzordea udaletxeko bilera gelan, 1978an. Atzean, Francoren estatua, Aste Nagusiko zapiarekin. Zutik, bigarren ilaran, Karmelo Landa, ezkerretik hasita hirugarrena. BILBOKO JAI BATZORDEA.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Bilbo izugarri aldatu zen duela 42 urte: Bilboko lehen Aste Nagusia sortu zen frankismoa bukatu eta garai berrien esperantzen atarian, 1978. urtean. Testuinguru horretan, lehenengo konpartsak sortu ziren hilabete bakar batean: besteak beste, Bizizaleak, Txomin Barullo eta Pinpilinpauxa.

 

«Konpartsak ezinbestekoak izan dira Aste Nagusia sortzeko. Herriak parte hartzeko benetako beharra zegoen», azaldu du Carlos Alonsok, Bizizaleak konpartsa ekologistako kide beteranoak. Karmelo Landa Txomin Barullo konpartsako kideak subertsibo hitzarekin deskribatu du Aste Nagusiaren sorrera: «Eliteen kontra, herritar eredua bultzatuz, subertsioa egin genuen». Hilabete bakar batean, hiri bateko jaiak antolatu zituzten goitik behera: «Bizitza osoan izan dudan esperientziarik indartsuena eta interesgarriena izan zen: hiri bat modu subertsibo eta iraultzailean berrantolatzea», aitortu du Landak.

Atzo balitz bezala gogoratzen dute lehengo jai eredua: «Frankismoaren ondorioz, giroa oso kontrolatua zegoen, baita jai giroa ere. Zezenak eta opera: jaietan ez zegoen beste gauza askorik», kontatu du Landak. Bizizaleak konpartsa ekologistako kide beterano Carlos Alonsok ere aldaketa handia ikusten du iraganeko jaiekin alderatuta: «Ez ziren jai parte hartzaileak; Bilboko kaleak urteko beste egunetan bezala egoten ziren, eta zeuden ekitaldi apurrak pribatuak ziren». Bi kideek diote «dirudunentzako» jaiak zirela, eta, ondorioz, herritar askok alde egiten zuela jaietan.

Abuztu «desolatu» horien aurrean, El Corte Inglesek eta udalak txapelketa anonimo bat antolatu zuten jai parte hartzaileak egiteko. Txomin Barullo konpartsak programa aurkeztu, eta txapelketa irabazi zuen: «Gu ginela ikusi zutenean, ez zeukaten batere gogorik guri programa betetzen uzteko. Baina guk praktikara eramateko diseinatu genuen programa, herritarrek hori eskatzen baitzuten», azaldu du Landak. Hiriko errealitate horrekin ados ez zeudenez, Txomin Barullo konpartsa eta herri mugimendua sanferminetako peñei begira jarri ziren, jai herrikoi eta parte hartzaileak sortzeko helburuarekin. «Elite batek kontrolatzen zuen jai giroa irauli, matxinada egin, eta herritarrak erdigunera ekarri nahi genituen», esan du Landak.

Herritarrak erdigunera

Herritarrak erdigunera ekarri nahi zituzten, bai erabakiguneetan bai fisikoki: «Guretzat, erdigune hori bizitza sozialaz harago zihoan; espazio fisikoan ere erdigunera ekarri nahi genituen, Areatza plazara, hain zuzen. Autoz beteta zegoen gune hori desokupatu, eta zortzi-hamar egunez herritarrek okupatzea nahi genuen», azaldu du Landak.

Bilboko Udal Liburutegian bildu ziren Jai Batzordea sortzeko. Landa 1978ko Jai Batzordeko kide izan zen, beste hainbat eragile, sindikatu eta konpartsakiderekin batera.

Talde asko bildu ziren, baina ondorioztatu zuten baliabideak behar zituztela: «Bagenekien bitartekoak lortzeko udalarekin hitz egin behar genuela; beraz, sartu egin ginen. Okupazio bat izan zen». Konpartsak udaletxean sartu zirenean, han zeudenek alde egin zuten. Hutsune estrategikoa izan zen konpartsentzat: «Jose Luis Berasategi alkateak oporretan alde egin zuen, eta horrek hutsune handi bat utzi zuen udalean: han ez zegoen aginterik. Horretaz baliatu ginen udalean bilerak egiteko», aitortu du Landak.

Gogora ekarri ditu udaletxeko bilera gelako anekdotak: «Pintoreskoa zen herritarrak luxuzko gela batean bilerak egiten ikustea. Oraindik Francoren eskultura bat zegoen; argazki barregarriak egin genituen, Aste Nagusiko zapia lepoan zuela».

Pinpilinpauxa konpartsak sexu askapena aldarrikatzen du, eta lehenengoetako bat da. Julia Toja konpartsakidea sorrera horren lekuko da. Azaldu duenez, talde bakoitzak bere aldarriak zituen arren helburu bera zuten: «Konpartsa guztiek gizartearen aldaketa oso bat aldarrikatzen genuen; bakoitzak bere adierazteko moduan eta borroka esparruan, baina aldaketa sozial handia bilatzen genuen».

Aldaketa sozial horretako borroketako bat feminismoa zen. Konpartsek frankismoaren zantzu guztiak ezabatu nahi zituzten, baita emakumeen presentzia bultzatu ere: «Duela 40 urtetik baino gehiagotik, feminismoa aldarrikatzen dugu. Konpartsetan ere nabaria zen: ordura arte ez bezala, modu parekidean hartzen genuen parte gizonek eta emakumeok».

Hiru konpartsakideek oroitu dutenez, Bilboko herritarrek eskuzabaltasunez hartu zituzten aldaketa guztiak: «Jai eredu berriak sekulako harrera ona izan zuen hirian; nabaria zen jai herrikoien beharra», kontatu du Tojak. Alonsok ere uste du «arrakasta izugarria» izan zela: «Bilbok aldaketa behar zuen, eta herritarrek ezin hobeto erantzun zioten konpartsek proposatzen zutenari». Landak herritarren babesa aipatu du arrakasta hori azaltzeko: «Jendeak gogo handiz hartu zuen. Funtzionario frankistei presioa egin genien neurriak har zitzaten. Azken batean, zilegitasun herrikoia geneukan».

Udalaren babesik gabe

Udalarentzat, ordea, herritarrek zekarten aldaketa «iraultzaileegia» zen, Tojak dioenez. Aste Nagusia sortu eta bi urtera, 1980. urtean, talka handiak izan zituzten konpartsek udalarekin. Urte hartan, lehenengo udal hauteskunde demokratikoak izan ziren, eta EAJk irabazi zuen. Udalak aldebakarrez antolatu zituen jaiak. Landak azaldu duenez, «Bilboren kontrola berreskuratu behar zutela erabaki zuten, konpartsak eta jai batzordea arrisku handia baitziren haien ordenarentzat. Alkatetzatik jaiak antolatzen saiatu ziren, konpartsarik gabe». Saiakera hutsa izan zen, Alonsoren hitzetan: «Konpartsak baztertu zituzten, lehengo eredura bueltatzeko. Porrot hutsa izan zen. 80an ez zen Bilboko jairik egon». Landak uste du herritarrak «lotu» nahi zituztela: «Aste Nagusiak balioak eta ideiak alda zitzakeen, eta, horregatik, goitik behera kontrolatu nahi zuten». Haren iritziz, jai herrikoiak gizarte aldaketarako gakoa dira: «Herri iraultzen erreminta eta palanka».

42 urteren ostean, gauza askok berdin jarraitzen dute, hiruren arabera. Lehenengo urtean sortu ziren konpartsa batzuk desagertu egin dira; beste asko, berriz, elkartu egin dira, edo konpartsa berriak sortu dituzte. Txomin Barullo, Pinpilinpauxa eta Bizizaleak bizirik daude oraindik. Tojak adierazi duenez, «hasierako konpartsakideen esentzia mantendu egiten dela esango nuke». Baina, kide berrien bizipenak desberdinak diren heinean, jaiekiko perspektiba ere aldatu dela iruditzen zaio: «Oraingo konpartsakideek ez dute bizi izan guk bizi izan genuen diktadura; gu oso iraultzaileak ginen. Gizartea aldatu egin da, eta, ondorioz, jarduteko eta jaiez gozatzeko modua ere bai».

Alonsok bere konpartsa jarri du aldaketaren adibide gisa: «Bizizaleak-en, bizitza osasuntsu eta duina aldarrikatzen jarraitzen dugu, baina beste era batera. Lehen, ez genuen alkoholik ez haragirik zerbitzatzen. Orain, bai. Asko aldatu gara». Gizarte aldaketak hizpide, Landak hiri ereduaren «krisialdia» azpimarratu du: «Megapolisen hiri ereduaren krisialdia ere arazo larri bat da, eta koronabirusak azaleratu egin du. Agintean daudenek eta finantzen jabeek kontrolatzen dute hiria». Pandemiak nabarmendu duen arrakala erabili behar dela dio Landak: «Orain ez baditugu herritarrak sortzen, hiri monstruoak sortuko dira. Horregatik, konpartsak eta herri mugimendua funtsezkoak dira aldaketa sozialerako».

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango. COVID-19aren krisialdiaren aurrean, Aste Nahasia izeneko alternatiba proposatu zuten konpartsek. Bilboko Udalak, ordea, ekitaldi oro bertan behera uztea erabaki zuen; konpartsek salatu zutenez, haiekin hitz egin gabe. Landari iruditzen zaio jarrera horrek herri mugimenduen eta udalaren artean dagoen «krisi nabarmena» erakusten duela: «Jarrera autoritarioa nagusitu da: Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateak bildu, eta, konpartsekin kontsultatu gabe, erabaki zuten ez zela jairik egingo. Krisi nabarmena dago udalaren eta herritarren eta konpartsen artean». Tojak baikorrago ikusten du etorkizuna: «Udalarekin ditugun talkak ez dira gauza berria. Behin baino gehiagotan izan ditugu arazoak, eta beti egin dugu aurrera. Baliteke hurrengo urtean ere Aste Nagusirik ez izatea, baina itzuliko gara, beti egin dugun moduan: ilusioz eta indartsu».

Hiru kideek argi dute konpartsak beharrezkoak direla jaiak antolatzeko: «Konpartsarik gabe, ez dago Aste Nagusirik», adierazi du Tojak. «Bilbok konpartsak behar ditu», gehitu du Alonsok. Landak «erreminta» direla azpimarratu du: «Eliteen gainetik, herritarren nahiak aldarrikatzeko matxinada txiki bat dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.