Laureano Telleria. Segurako elizako erlojuzain, eta kanpai jole izandakoa, eta prozesioaren antolatzailea

«Tradizioa ere molda daiteke»

Herri baten memoria bizia da Telleria. Urteak daramatza lehenari oraina emateko ahalegin betean, eta horretan segitzen du oraindik. 86 urte bete ditu, eta haren ahotik josi dituzte Segurako tradizioak 'Iragana orain, oraina gero' proiektuan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Segura
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kate bat eta zubi bat herri baten transmisioan: horixe da Laureano Telleria Ordozgoiti (Segura, Gipuzkoa, 1935) herrikideentzat. Memoriaren memoria, eta oroitzaren oroitza. Datu, ohitura eta pasadizo jario etengabe bat, pazientziaz ondua eta artxiboz jantzia. Horretaz ohartuta jaso dute Joseba Telleriak —haren semeak— eta Mikel Gartziandia eta Anaitz Goia herritarrek Laureanoren jarduna Iragana orain, oraina gero ikus-entzunezkoan. Herrikideek ikusi dute jada, eta USB formatuan eskura jarriko dute laster.

Segurako Kale Nagusian jaioa?

38. zenbakian.

Zenbat senide zineten?

Bost ginen, bostak mutilak, eta ni gazteena.

Txikitako lehen oroitzapena?

Miseria. Nahiz eta gu ez ginen konturatzen miseria geneukanik. Ogi zuria 10 urterekin jan nuen lehen aldiz. Egunero-egunero ogi beltza izaten zen gure etxean, eta otordu berbera: potajea eta urdai pusketaren bat. Jaiegunetan, garbantzuak baldin bazeuden, gustura. Janzkera ere, hala moduzkoa. Azkena nintzen, eta gelditzen zen guztia niretzat izaten zen. Ez genuen izaten arropa bat zulorik gabekoa edo konponketaren bat egin gabekoa. Erabateko miseria zen. Gerra ondorenaren garairik gogorrena.

Zertan jolasten zineten?

Ezkutaketetan, aireketan, kaniketan... Orain, dena erosi egiten da; orduan, dena inprobisatu egiten zen. Kanikak buztinarekin egiten genituen; biribil-biribil jarri, eta okindegiko labera eramaten genituen gogortzera. Ez zegoen ezer. Guk egindakoa zen dena, edo naturak emandakoa. Kurkubitak, adibidez, haritzak ematen dituen fruituak, biribil-biribilak, kanika zoragarriak ziren. Pilota guztiak amak egiten zizkigun. Kortxo batekin eta jertse zahar batekin. Baloiak ere trapuzkoak ziren. Gerora ezagutu genituen gomazkoak. Garbitu eta gorde egiten genituen; zaindu. Gure baserrian egongo dira oraintxe hogei bat baloi: bat hustuta, bestea puztuta, bat gomazkoa, bestea larruzkoa...

Miseria bai, baina oroitzapen onak ere bai, beraz?

Bai, bai. Guk geneukan apurrarekin gozatu egiten genuen. Hor txarra izaten da batek asko edukitzea eta besteak gutxi. Baina gu, denok ginen berdinak. Ez genuen izaten oinetako bat urik sartzen ez zenik, baina besteek ere ez.

Irakasleekin ongi?

Frankistak ziren. Euskaraz hitz egitea debekatzen ziguten, eta zigortu. Akordatzen naiz euskaraz egiten zuenari bolatxo bat ematen ziola maisuak. Egunaren amaieran bolatxo harekin segitzen bazenuen, sekulako egurra zeneukan. Zer gertatzen zen? Bolatxo hura zeukan umea zain egoten zela ikaskide batek euskaraz noiz egingo, bolatxoa berari pasatzeko. Hori da frankismoak lortzen zuena: zigortzea eta denok polizia bihurtzea.

Eutsi zenioten euskarari?

Eta, hein handi batean, Elizari esker. Ez zuten dena gaizki egin. Botere handia zuen Elizak garai hartan. Toki guztietan gazteleraz aritzera behartuta geunden, baina doktrina-eta euskaraz ematen zizkiguten.

Meza mutila izan zinen?

Oso gazterik. Apaizari liburuaren orria pasatzeko nahiko lan izaten nuela akordatzen naiz. 8 bat urte izango nituen.

Apaiz asko ezagutuko zenituen?

Egon ziren garaiak Seguran bost apaiz zeudenak. Orain, bakarra, eta nahikoa. Garai hartan, bi lagun zeuden Seguran elizara joaten ez zirenak. Ongi seinalatuta zeuden. Gaur egun, aterata daukat kalkulua: segurarren %4 bakarrik joaten dira mezetara. Eta adinaren batezbestekoa, 70 urtetik gorakoa.

Elizaren ondoan jaiotakoa, meza mutila... Seminariora ez zinen joan?

Ez dakit nondik nora, baina ez. Familian joan ziren bi edo hiru, eta Seguran bertan ere bai mordo bat, baina ni ez ninduen inork tentatu.

Zu erlojuak eta kanpaiek tentatu zintuzten?

Mutikotan, igotzen ginen sakristauarekin kanpandorrera eta uzten zigun kanpaiak jotzen. Sortzen zidan halako erakarmen bat. Baita erlojuak ere. Gustatu, hasi, eta 40 urte pasatu nituen hari kuerda ematen.

Zenbat eskailera maila daude kanpandorrera?

126 atetik gora, baina atera iristeko ere igo behar dira eskailerak, eta 156 daude denera.

Zenbat aldiz igo dituzu?

40 urtean, astean bi aldiz. Eta astean gehiagotan ere bai, norbaitek kalean hala eskatu izan didanean.

Sakrifizio ederra.

Bai, baina gustura egindakoa izan da; ez ninduen inork behartu. Ordainketa bakarra egoten zen: Santa Zezilia egunean, bazkari bat. Eta entzun izan nuen albotik: «Baina Laureano ez da koruko abeslaria!».

Kanpaiena hizkuntza bat da?

Erabat. Segurakoak 1730ean daude jarrita. Bi tona pisatzen ditu handienak, tona eta erdi bigarrenak, 320 kilo hirugarrenak, eta 280 azkenak. Jaso behar ziren horiek hara goraino garai hartan!

Haiekin komunikatzen ziren?

Garai hartan ez zegoen Whatsapp mezurik. Hamalau mezu mota ematen ziren kanpaien bidez. Jasota dauzkat denak: agonia kanpaia, hil kanpaia, su kanpaia, harri kanpaia, errespontsu kanpaia, aingeru kanpaia...

Zure gustukoena?

Meza kanpaia. Goizean jotzen zen. Bost meza izaten ziren goizetan. Ordu erdi lehenago jotzen ziren 24 kanpaikada. Ondoren bat jotzen bazen, meza hori parrokokoak emango zuen. Hurrengoan, 24 jo eta ondoren demagun hiru kanpaikada jotzen baziren, On Tomasek, On Pedrok edo On Juanek emango zuten meza. Meza ematen zuena ez beste guztiak konfesatokietan egoten ziren. Modu horretan, bazenekien zure gustuko apaiza noiz izango zenuen konfesatzeko moduan.

Besterik?

Beste bat ederra salerosi kanpaia zen. Terrenoren bat saltzen bazenuen mendian, handik kanpaia entzuten bazen, %20 igotzen zen prezioa. Erosi behar zuenak sakristauari esaten zion egun hartan jotzeko suabe kanpaia. Saldu behar zuenak lagunik gazteena eramaten zuen berarekin tratua egitera, kanpaia entzun zezan. Erosten zuenak, noski, beti zioen ez zela entzuten kanpairik handik, preziorik ez igotzeko. Sekulako saltsa sortzen zen, eta hirugarren bat eramaten zuten erabaki zezan.

Aspaldian horrenbestetan entzun den etxeratze agindua ere kanpaien bidez ematen zen orduan?

Aimariko kanpaiak ziren. Hura jotzen zenean, etxera. Eta, behin jota, etxera joan gabe zegoena emakumezkoa bazen... Fama oso txarra hartzen zuen.

Ze ordutan zen?

Neguan, 20:30ean. Udan, beranduago: 21:30-22:00etan.

Zigorra orduan ere?

Emakume batek kontatu zidan behin aimarikoak jo ostean etxeratu zela, berandu, eta aita zuela zain etxean. Belaunikarazi egin zuen, Jesu Kristo nire jaun izeneko orazioa esatera behartu, gerrikoarekin sekulako jipoia eman, eta ohera bidali zuen. Eskerrak gauzak aldatu diren.

Nork jotzen ditu kanpaiak orain Seguran?

Automatikoak dira; duela zortzi bat urte jarri zituzten.

Lana fabrikan egiten zenuen?

Beasaingo Indar fabrikan, muntaketan: bonbak eta motorrak muntatzen nituen. Eskola profesionalean ibili ostean iritsi nintzen hara, segurar baten bidez. Ia 40 urtez aritu nintzen han ere.

Giro politikoa gogorra zen?

Oso gogorra. Egurra handik eta egurra hemendik.

Politikak ez zintuen tentatu? Zinegotzi, alkate...

Ez dut sekula kargu politikorik izan.

Noiz piztu zitzaizun datuak biltzeko eta tradizioak gordetzeko grina hori?

Aita zenarengandik jaso nuen. Beti izan naiz kuriositate handikoa. Emazteak demanda egiten dit. Badaukat gela bat osoa paperez eta koadernoz betea.

Zer (ez) dago horietan?

Denetik. Martin Alustiza eta Xabier Imaz herriko pilotari ohien partida guztiak gordeta dauzkat, adibidez. Alustizarenak badira 1.700 inguru. Noiz hasi zen, noiz bukatu, zenbat tanto, sakez zenbat... Imazenak ere ia denak dauzkat. Liburuxketan daude denak apuntatuta.

Euskararekin zerikusia dutenak ere bai?

Hitzen bilduma bat ari naiz egiten. 800 baino gehiago dauzkat, baina 1.000 hitzetara nahi dut iritsi. Seguran erabiltzen ziren hitzak dira, eta galbidean daudenak.

Adibideren bat?

Badaude batzuk oso politak direnak. Adibidez, kera. Lehen garai batean, elizatik irtendakoan eta, tertulia egiten zen portikopeetan. Etxera berandu iristen bazinen, galdetzen zizuten: «Non egon zara orain arte?». Eta erantzun: «Keran egon gara». Horrelako asko daude, eta, apuntatu ezean, galtzera doaz.

Athletici buruzko datuak ere bai, beste hainbat?

[Barrez]. Athletici buruzkoak, asko eta asko. Mordo bat.

Nondik nora?

Gurasoengandik dator. Baina egia da garai hartan Athletic zegoela bakarrik puntaren puntan, besteak bigarren mailetan zebiltzala. Hortik dator.

Nongoak ziren gurasoak?

Segurarrak biak. Baserrikoa ama, eta kalekoa aita. Nobioak zirela, 20 bat urterekin, nire ama Nikolasa baserrira igo omen zen behin kaletik bueltan, eta amona topatu zuen sutondoan. Katakumeak bezala besarkatu omen zuen amona goxo, eta esan: «Ai, amona! Izan gara han, izan gara hemen...». Amonak erantzun omen zion: «Ai Nikolasa, Nikolasa... hik orain otadiak loran ikusten ditun, baina lorea joandakoan arantza gelditzen dun». Hori bai filosofia.

Prozesiorik egingo da datorren urtean Seguran?

Baikor nago. Uste dut egingo dela. Feriak-eta ari dira egiten, festak ere bai, sei hilabete gelditzen dira oraindik...

Pandemia da bata, baina antolatzailerik badago?

Bagaude. Gainera, duela gutxi egin dugu sekulako garbitasuna, eta eman diegu prozesioko arropei pipien kontrako tratamendua. Banaka-banaka, denak tratatu, eta berriro gorde. Horrek esan nahi du badagoela aurrera egiteko asmoa. Gazte batzuk badaude, eta bestelakoak ere bai. Aurrera egingo du horrek.

Izan ere, segitzen du jendeak etortzen?

Askok eta askok. Bi urteko geldialdiaren ostean, kostako da, baina ekingo zaio berriz.

Badagoelako jendea mezetara joaten ez dena baina prozesioan parte hartzen duena?

Ez daukalako erlijioarekin zerikusirik, herriarekin daukalako zerikusia. Eliza bera ere ondare gisa hartzen du herriak, eta, lanak egin zirenean, mezetara joaten ez diren askok jarri zuten dirua.

Emakumeek ere hartzen dute parte prozesioan. Nolakoa izan zen prozesua?

Izango dira 30 urte pentsatu genuela: «Bueno, hemen neska zein mutiko jarri behar ditugu prozesioan». Harrera ezin hobea izan zuen. Lehen nazarenoak, aingeruak, penitenteak... denak zirelako mutilak. Oraindik falta zaizkigu neskak santuak eramateko eta soldadu erromatar janzteko.

Alegia, moldatu egin zineten?

Hain zuzen ere. Tradizioa ere molda daiteke. Horixe egin genuen duela 30 urte: moldatu beharra zegoen, moldatu egin genuen, eta oso ondo atera zen. Gu hasi izan bagina esanez «emakumezkorik ez prozesioan», ez dut uste iraungo zuenik. Sekulako lana egiten dute emakumezkoek prozesioan.

Zuena izan zen talogileen aurreneko taldea?

Hala da. Euskararen aldeko jai batean hasi ziren. Taloak egin behar zirela, eta nork ote zekien, nor zegoen prest... Emaztea zegoen tartean, eta beste lau edo bost lagun. Dena euskararen alde izan zen. Handik denbora batera, horretan aritu zen taldeak pentsatu zuen euren kabuz hastea taloak saltzen, eta horrelaxe hasi zen kontu guztia.

Zuk ogi zuria 10 urterekin jan zenuen lehen aldiz, eta orain jendeak taloa nahi?

Ezkontzetan ematen dute orain taloa! Jartzen dira lorategi handi batzuetan, dotore jarrita dena, eta talo txikiagoak egiten dira, finagoak, baina txistorrarekin, hirugiharrarekin, gaztarekin... Ezkontzetan taloa! Pobreen janaria zen lehen: zenbat aldiz jan ote nituen nik esnearekin.

Zein da zure egunerokoa? Zenbat egunkari irakurtzen dituzu egunero?

Hiru edo lau, bai. BERRIA eta Goierriko Hitza egunero —harpidetuta gaude—, Gara eta El Diario Vasco. Asteburuetan El Correo ere irakurtzen dut, eta Noticias de Gipuzkoa ere bai.

Atsedenik ez buruari?

Hori beti martxan. Ona dela diote.

Herria zer moduz ikusten duzu?

Bizirik dago. Ondo dago. Dotore jarri dute.

Eutsiko zaie tradizio guztiei?

Nik uste dut baietz. Jende batek, gazte batzuek, heltzen badiote, eutsiko zaie. Tradizio ederrak daude hemen: Aste Santua, San Nikolas... leku gutxitan egiten direnak, eta horrek sekulako balioa dauka.

Egindako dokumentalak ere balioko du horiei eusteko?

Joseba, Anaitz eta Mikel etorri ziren esanez horiek jasota eduki behar zirela. Ordu bakarrean daude bilduta, baina grabazio ordu asko izan dira, eta horiek hor gordeta edukitzea garrantzitsua da.

Txikiteoa ere badago zure egunerokoan?

Oso aberatsa da txikiteoa. Han aipatzen diren datuak, kontatzen diren pasadizoak... kontuan hartu eta jasotzekoak izaten dira askotan. «Hori ez nian ezagutzen? Zer hitz esan duk?». Halaxe jaso nuen azkenekoa: episioa. Haurren bat etxean zer asma zebilenean, ezkutaketan eta tranpetan bazebilen, «episioan ibiliko haiz, ezta?», esaten omen zitzaion.

Sozializatzeko nahi edo behar hori etenda gelditu da pandemia garaian. Nola moldatu zarete?

Oso gogorra izan da. Denoi eman digu igurtzi bat, eta ukituta utzi gaitu. Beldurrez. Tabernara joan bai, baina bakarrik, eta ahalik eta lasterren etxera. Orain badirudi girotu dela dena, eta animo.

San Isidro eguneko barrikako ardoa zuk aukeratua da?

Urte askoan aritu nintzen horretan ere. Ardoarena beti izan da nire gai gustukoa. Arabako Errioxako herri eta upategi gehienak ezagutzen ditut. Edozein bazkari edo ospakizunetan, onena izanda ere, atera niri Arabako Errioxako urteko ardoa; beste ardo fenomeno horiek baino nahiago dut.

Baten bat bereziki gustukoa duzuna?

Asko dauzkat. Ez naiz hasiko guztien propaganda egiten, baina Samaniegokoak, Villabuenakoak... inguru horretakoak dira. Mahatsak biltzen ere ibilitakoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.