Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Irabazlea.

Gure ahalen eta magalen mugan (Erosotasunak ez ei dakar zoriontasunik)

Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Irabazlea. Nafarroan eta Nafarroa Beherean bizikletaz hiru lagunek egindako txangoaren kronikak irabazi du BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketa.

Gure ahalen eta magalen mugan (Erosotasunak ez ei dakar zoriontasunik).
Joseba Barandiaran - Aitor Esteban - Asier Goñi
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Egun biko txango baten kronika da hau. Hiru lagun bertsozale bizikletaren neurrian. Xedea, Baxenafarroa eta Nafarroa Garaiaren arteko mugaren joskura zelanbait desjostea. Baina errepideak ezarri zuen bere legea. Lerrootan ageri lez, oso bestelako mugak izan ziren desjosi behar izan genituenak. Batez ere, gure ahalenak.

Irteera kontrola, Erratzuko frontoiaren kanpoko aldean. Baztan-Goizako herri ederrak gozo hartu gaitu. Abiatu aurreko akabuko prestaketa lanak mantso doaz. Bertsoak tarteka elkartzen gaitu, bizikletak sekula ez orain arte. Larunbatari, 09:00etarako, turista eta bertakoen mugimendu eta jardueren astrapala handia dario. Kanpina iratzartzen ari da, lehen eguzki izpiak barreiatu ahala. Irribarrea ezpainetan, egunak luze joko duen susmoa daramagu motxilan, barrita energetikoen artean. Izotza ez den jela ere ez da urrun.

Abiatu eta gutxira, kopla gutxi: bertan berriketarako ez gaudela gogorarazi zigun Izpegi mendateko lehen maldak. 40 minutu luzez isilarazi gaitu, bi estatuen mugan bertan dagoen azken bentaraino, bihurgunez bihurgune, gainera ailegatu garen arte. Maillotak jada blai, bertako kafeak ezin izan digu gozatu elkarrekin dauden hiru laguni espainiera garbian mintzo entzuteak eragindako garraztasuna; eta mingotsa izan da pareko mahaian beste hiru lapurtar frantses garbian entzutea. Guztiak ere, seirak, ahoskera erabat euskaldunekoak. Gure mugak izan baditugu. Txirrindua zur eta lur gelditu da. Edozelan ere, bina gurpilei erreparatuta, lehen egun luze baten lehen mugarria jarrita dugu, eta abiatu aurreko beldurrek poz bihurtzera ere egin dute.

Baigorrira bizi-bizi jaitsi gara, Izpegin behera, Haritxelar euskaltzainburuaren hilobi ondotik ziztuan pasatuz. Herria elizaldetik errugbi zelairaino atoan gurutzatu dugu, Garazirako noranzkoan, pandemia aurreko Nafarroako Egun haiek gogoan. Etxauzia ere ikusi dugu pasaeran, etxe nagusia, nagusirik bada. Azkarate herriak berriz bere zergatxoa ordainarazi digu, bere toponimoari men eginaz, garate, garaia, piñoien mugak berriro behatzeko garaia. Baina, gainontzekoan, aisa iritsi gara Baxenafarroako hiriburura. Gaztelua zut dago, geldi, geldo, garai bateko mugei so balego lez.

Gainerako guztia, auto, mugimendu eta zarata da. Hemen ere, turisten joan-etorriek eta bertakoen eguneroko zereginek nabarmen utzi digute ez dugula gazteluaren hormei darien bakerik izango, eta, hortaz, bizikletatik jaitsi ere egin barik, Eiheralarrerantz jarraitu dugu. Larre lasaia, zein larretan galdu pentsatzen dabilen edonorentzat, izan artzain zein txirrindulari. Honek bai merezi luke atseden geldiune bat, pareta bakarreko frontoiak eta inguruko etxe gutxiek benetan ederra den irudia osatzen baitute. Alabaina, Ezterenzubin adostuta geneukan hurrengo geltokia, eta hara egin dugu, Beherobiko errekan gora.

Hizkuntzak

Ataka bortitzean kokatzen da, eta, Herriko Etxea eta Karrikaburu aterpeaz gain, etxe gutti ageri da inguruan. Kafez eta urez ondo hornitu gara eliza, gure gainetik, begira-begira dugula. Eta aukera izan dugu berba apur bat ere egiteko. Hasieran, elkarregaz; ondotik, harritu aurpegiz zein hizkuntza darabilgun galdetu digun Sylvie bordelesarekin. Espainiera dirudiela, baina ez duela deus ulertzen. Harritu egin da «euskara» erantzun diogunean. Euskal Herrian arrotz. Eskerrak bordelesa den eta ez Parisekoa edo Apolo lagunak aipatu ohi zigun kanak herrikoa! GR-12 bakar-bakarrik egiten ari den metro laurogei den gaztea ausarta da, bistan denez, baita gure herriaz ezjakin totala ere. Mugaz gaindi, Kataluniara bidean, ikasiko ote du ezer hizkuntza gutxituez eta Pirinioen magaletan bizi garen herriez!

Karrikaburu ostatuko anderearekin ere jardun gara. Polito ohartarazi digu laino dezente pilatzen hasita dagoela, Sylvie bezala itsasotik etorrita, zeharkatu asmo dugun mendilerroaren magalean. Ostera ere bizikletara igo orduko agurtu dugu elkar. Oso jakitun gaude hurrengo 90 minutu inguruan gainditu behar dugun 900 metroko desnibelak, maldaz-malda, bakarkako lanera eramango gaituela. Norbere arnasaren barne solasera, puntuz puntu. Ezterenzubiko zubitik gora, nekearen eztena etorri zaigu bila. D301 errepidea utzi, eta bagoaz Errobiren iturbururantz. Minak min, bagoaz gorantz, gure ahalen mugan.

Nafarroara

Arestiko lainoek busti eta babestu ere egin gaituzte gure balentria txikian zehar. Organbidea. Organ igotzeko bide errazagoa. Goian garela, poza eta harrotasuna ospatze aldera, bueltaka ibili gara argazkiak bota eta bota, zizka-mizkak ahoan, Aezkoa eta Garaziko bailarak bereizten dituen cromlecha begitan dantzan. Mugan mugagabe.

Ez da, baina, hau egunean gainditu behar dugun punturik garairena. Beste 150 bat metro gehiago igo behar izan ditugu, daborduko Nafarroa Garaiko lurretan barna, Azpegiko lepora heltzeko. Bertan, uda beteko eguzki beroak hartu eta lagundu gaitu beheranzko bide luzean: lehendabizi Arma Olara. «Non da Mikel?» gogoratu dugu Zabalzaren monolitoan. Oiloipurdia erantzi ezinda, ostean eta hurrenez hurren, Orbaitzeta, Orbara eta Ariberainokoa egin dugu. Gauzak zer diren, oraindik hamabost bat kilometro egiteke dauzkagu, eta, Garraldako errepide gorabeheratsuan barrena, Aurizperrirainokoa ez zaigu batere erraza egin. Nabarmen akituak gaude goizeko mendate bien zamaz. Oraintxe bai gaudela muga-mugan.

Nola edo hala, Aurizperriko gure ostatura iristea erdietsi dugu. Haizea. Pozik bezain nekatuta, hogei litroko motxila banarekin ia 80 kilometro eta 2.000 metroko desnibela urratu izanak poza dakar zikloturistara iristen ez den hirukotearentzat. 40az gorakoentzat, bada zerbait. Afariaz bapo gozatu ondoren, ez dugu ahalegin berezirik egin loak har gaitzan. Seko izan gara egunsentira arte, ziklo-krosarekin ametsetan.

Bigarren egunean, gosari ederrak nasaitu dizkigu bezperako hanketako minak. Zelan edo halan, onartu dugu aurrera baizik ezin dugula egin, gure min eta guzti. Kotxeen gordeleku dugun Erratzu helburu.

Auritz eta Orreaga erraz zeharkatu ditugu erromes andanak darabilen kontrako noranzkoan. Ibañetan gora, ostera, bezperan utzitako neke puntu bertsura itzuli izanaren sentsazioa izan dugu. Lepotik bertatik, Lindux mendia ere harrapatu dugu. Eta handik, 19. Korrikaren abiapunturanzko jaitsierari ekin diogu, laino umelen tartetik, sasian bagenbiltza bezala. Mende erdian bere populazio erdia galdu duen Aldudeetako bailarara iristeko malda ere antzekoa da: gainbehera bortitza. Bankak ez du beti irabazten; ez behintzat populazioa!

Hiru bertsolagunok Urepelen kafea hartzera jesarri gara. Gure omenaldi xumea egin diogu noski Fernando Aire Xalbador maisu handiari: bertso kaxkarrak, ezen ez azkarrak. Alduderantz abiatu aitzin, gure mugak C' Vall ostatuan sumatu ditugu berriz: hitz erdi bat euskaraz egin ezin, Urepeleko artzainaren herrian bertan. Non gaude?

Urepeleko Errobin behera, zubia zeharkatu eta berehala mapek ondo neurtzen ez duten malda latzarekin egin dugu topo. Alduden, ahal duten duinen erantzun dute gure hankek; ez oso duin. Argibeleko lepora igo guran ari garela, hogei minutuz bizikleta bultzatuz ibili gara, aldatzean gora, pagadi eder batean sartu arte. Beartzungo gazte biren euskara baztandar garbiak pentsarazi digu ari garela hurbiltzen, gure mugetatik, helmugara.

Azken muga dantza hemen da: Zelaietako lepoan pista berreskuratuta, beste muga laugarrenez zeharkatu, eta iratzez beteriko muin eta magal pare baten ondoren iratzarri gara. Elizondora zein Erratzura jaisteko aukera ematen duen atakatxoan egin dugu helmuga aurreko azken geldiunea. Orain bai, helburua betetzear dugula jakitun, Habaneran saiatzeko beta hartu dugu. Magalean beherantz eginda, Iñarbil auzoko lehen etxeek eta Gorostapoloko ikuspegiak harrera egiten digute Erratzuko lurretara. Handik eta gutxira, berriz ere frontoiko parkingean gara. Xorroxin gainezka dago, eta harantz joatea, ia debekatuta.

Merezi moduko otorduak eman dio akabera gure txangoari. 120 kilometro (baino ez). Astebete dirudien egun bi baino ez dira izan, eta, sentsazio soil horrek, denbora neurtzeko ahaleginen absurdoaz gogoetatzeko mintzagaia eman digu postreetan. Bapo bazkaldu dugu Erratzuko kanpinean. Agurrak neurri txikiko kopletara mugatu ditugu. Bana eta kitto. Gure hainbat mugen barrena ibili ostean, gogotsu lotu gara, hirurok, halako beste baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.