Elene Lizarralde. Kazetaria eta idazlea

«Nire askatasuna defendatzeak eragin zuen nik ETB uztea»

Kameren aurrera eta Euskal Telebistara bueltatu da, 'Vamos a hacer historia' saioarekin. Historiaz mintzo da Lizarralde, eta istorioez. Kontatutakoez, eta kontatzeko daudenez, eta horiek kontatzeko moduez. Baita bere historiaz ere, «askatasunez».
ETB Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2020ko urriak 18

Telebista pantaila batez bestalderakoak gutxitan iltzatu ditu hainbeste oroimen. Eta ordenagailuko pantailaz bestaldera aurpegi berbera norberaren etxean sartzen denean, gutxitan iltzatzen da horrenbeste zirrara. Elene Lizarralde (Donostia, 1961) Madrildik ari da. Konfinamendu betean. Kazetari jardunaz, eta ibilbide oso batez. Idazle jardunaz, aktore jardunaz, eta bizitzak berak irekitako norabideez. Gutxitan gertatzen da elkarrizketa baten lerroburua elkarrizketaren sarrerako solasaldiak ematea. Hau da kasu bakan horietako bat: «Eskerrak ematen dizkizuet. Nigan pentsatzeagatik, eta niri garrantzi hori emateagatik. Lotsatu ere egiten nau. Gustatuko litzaidake elkarrizketa honetan, gustukoa izango ez duzun zerbait entzunda ere, argitaratzea. Berme hori ematea nahi nuke. Urtarrilean 60 urte beteko ditut. Nire bizitza osoan garrantzitsuena nire askatasuna izan da: izaeran, jarreran, adierazpidean... eta horrela izaten jarraitzea nahiko nuke. Askatasun hori defendatzeak eragin zuen nik Euskal Telebista uztea».

Kameren aurrean, aspaldiko partez. Zer sentsazio izan duzu?

Bizikletan ibiltzea bezala da: ez da ahazten. Gustura sentitzen zarenean, erraz egiten duzu. Beste batzuk iaioak dira beste gauza batzuetan: ni kamera aurrean sentitzen naiz ondo; gustura.

Asko ikasi duzu Vamos a hacer historia saioarekin?

Asko; pila bat. Nik epe motzerako memoria daukat, eta asko estudiatu behar izan dut programa horretarako. Berriz ikasi behar izan ditut gauza batzuk, eta lehen aldiz ikasi ditut ezagutzen ez nituen beste batzuk. Programa bakoitzerako bost-zazpi elkarrizketa egin nituen, eta bakoitzak ordubete edo ordu eta erdi irauten zuen. Hizketan ari denaren konfiantza irabazi behar duzu. Sufritu nuen gaiak garratzak zirelako, sentiberak. Baina asko gozatu dut.

Zuri irakurritakoa da: «Ezin da galdetu jakin gabe».

Elkarrizketa formatua asko gustatzen zait. Baina horretarako elkarrizketatua ezagutu behar duzu, gaia ezagutu behar duzu... Errespetu izugarria egon behar du horretan. Zu ezin zaitezke joan pertsona bati elkarrizketa bat egitera pertsona hori nor den jakin gabe. Galdetu behar diozunari buruz ezer jakin gabe. Ez da posible.

Hunkitu zaitu norbaitek?

Jendeak zenbait gairen inguruan hitz egiteko beldurra dauka oraindik. Eta oso gogorra da hori. Nik jende apala baina ausarta ezagutu dut. Testuinguru horretan, gai izan direlako euren iritzia emateko. Horiek hunkitu naute. Banekielako, ondoren, seinalatu egingo zituztela.

Vamos a hacer historia izena du programak. Zuk ere baduzu historia egin izanaren irudipena?

Ni historiaren parte bat izan nintzen. Ohore bat izan zen egun hartan han egotea: ETBren lehen emisioan. Baina ni han egoteko, atzean jende askok egin zuen lan. Azpiegitura sendo bat izateko, egun horretara iristeko... Lehen emisio horretaz hitz egitean, nik mahai gainean jarri nahi dut garai hartako testuingurua.

Eta zein zen?

Historia egiten dugunean —eta nik programa honekin argi ikusi dut hori—, garrantzitsua da jakitea zergatik gertatu zen, eta zer testuingurutan gertatu zen. Gaur gazte batek telebistan ikusten zaitu, eta badirudi hau horrekin jaio zela, baina nola esplikatu gazte horri horretara iristeko zer bizi izan genuen. Aizu! Ni joan nintzela debekatuta zeuden ikastola haietara! Esaten diozunean gaur egun ikastolara doan edonori nire ikastola andereñoaren etxea zela, inspektorea etortzen zenean ezkutatu egiten gintuztela... Eta andereñoek beldurra pasatzen zutela, eta, hala ere, ekiten ziotela. Testuingurua bera, eta hori ondo azaltzea, oso garrantzitsua da.

Eta zein da emanaldi haren intrahistoria?

Garai hartan euskal filologia ari nintzen ikasten. Eta amak abisatu zidan esanez ETB sortzera zihoazela, proba batzuk egin behar zituztela aurkezleak-eta topatzeko. «Zergatik ez zara agertzen?», esan zidan. Nik beldurra izan diet beti azterketei. Eta pentsatu nuen jende asko agertuko zela, ni baino askoz ere prestatuagoa... Azkenean, aurkeztera bultzatu ninduen amak. Han agertu nintzen, eta gainditu egin nuen proba. Orduan, Euskal Telebista osatzen zenerako, aurkezleak, teknikariak... prestatzeko ikastaro batzuk osatu ziren. Madrildik joan ziren hainbat profesional guri irakastera, eta han abiatu zen guztia.

Etxe askotan sartu zinen.

Jendeak gogoan du. Euskaldunontzat inportantea izan zen.

Lanean aritu zen talde harentzat ere bai.

Telebista profesionalizatu egin da geroztik, eta gaur egun, saio batean lana egiten duenak ez du kontakturik beste batean lan egiten duenarekin. Han, hasiera hartan egon ginenok familia bat osatzen genuen. Guztiak helburu berarekin, batak besteari erakusten zion, elkar motibatzen genuen...

Harremana duzue?

Iñaki Eizmendirekin, Xabier Zalduarekin, Maribel Aizarnarekin... Elkartze goxoak izaten ditugu.

Plaza Berri, Hitz eta Pitz... programak egin zenituen. Terminus izenekoa ere bai. Han gertatutakoagatik utzi zenuen ETB?

Zalantzarik gabe. Ezin zen bestela izan.

Eta zer gertatu zen?

Nik zuzentzen eta aurkezten nuen programa hura Joxe Marirekin [Goikoetxea]. Nire formatua zen. Oso polita. Tren geltoki bat zen, eta elkarrizketatzen genituen politikariak, idazleak, kirolariak... Beti aktualitatearekin zerikusia zutenak. Eta egun jakin batean erabaki genuen Jose Mari Gorordo elkarrizketatu behar genuela, eta EHEko ordezkari bat ere bai, Korrikaren harira. Agindua izan zen ez zela posible. Mina ematen du. [Hunkitu egin da].

Utziko dugu?

Ez, ez. Jarrai dezagun. Baina kuriosoa da. Badakizu zergatik? Erabaki horrek nire bizitza aldatu zuelako. Ezezkoa izan zen agindua. Eta ez zen lehen aldia. Gaur ere gertatzen dira halakoak. Medio bakoitzak bere ildo editoriala dauka. Ezezkoa iritsi zenean, ETBko zuzendaritzari nire dimisioaren berri eman nion, eta erabaki zuten egun batetik bestera programa kentzea. Eta zigortuta, erredaktore gisa, Gaur egun albistegira bidali ninduten. Aurretik ere izan nituen Antena 3ren eskaintzak, urtebete neraman ezezkoa ematen. Azkenean, bizitza aldatzeko garaia iritsi zen. Egia da, era berean, orduan gertatu zenak, ateak itxi zizkidala denbora luzez Euskal Telebistan. Orain bueltatu naiz, baina saiatu naiz gehiagotan ere bueltatzen. Horregatik nago eskertuta gaur egungo Euskal Telebistarekin, eman didan aukera honekin, eskertuta berriro etxera bueltatzeko eman didaten aukera honengatik.

ETB2ra bueltatu zara.

Hasiera hartan, ETB2ren sorrerari aurre egin zioten kazetarietako bat ni izan nintzen. Ez nuen sorrera hori ulertzen. Euskal Telebista sortu zelako euskararen garapenerako. Vamos a hacer historia gazteleraz dago grabatuta. Norbaiti arraroa egingo zaio, eta galdetuko du zertan ari naizen ni hor. Baina gauza asko bizi ondoren, eta jende asko ezagutu ondoren, hausnartu dut. Duela gutxi galdetu zidaten Euskal Herrian: «Zer beste gairen inguruan grabatu nahiko zenuke Vamos a hacer historia programaren atal bat?». Eta erantzun nion: «Gustatuko litzaidake ikastolen sorreran bultzatzaile izan zirenekin saio bat grabatzea. Haiek gabe, euskara galduta egongo litzateke». Erantzun zidan: «Bai zera! Ez esan tontakeriarik. Hori etakide habia bat baino ez zen izan. Euskara beti egongo zen bizirik herri txikietan». Horixe da daukaguna. Zergatik Vamos a hacer historia gazteleraz? Horregatik. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko gure historia nolakoa izan den.

Proposamen gehiago egin zenituen?

Bai, aldi berean, pertsona horri esan nion ukitu beharko genituzkeela Miguel Angel Blancoren hilketa, Lemoiz, Leitzaran, Gregorio Ordoñezen eta Fernando Buesaren hilketak... zeren herri baten historia pertsonena bezalakoa da: gauza batzuez harro sentitzen zara, baina beste gauza batzuk nahiago duzu gertatu izan ez balira. Hori da gure historia, onerako zein txarrerako. Eta gure gazteek ezagutu beharko lukete, errepikatu ez dadin.

Beste atalen bat?

Bai. Badirudi euskal kazetaritza ETBren lehen emisioarekin hasi zela, hori da behintzat batzuetan ulertarazten dena, eta ez da egia. Urte asko lehenago, Francoren garaian ere, gure kultura eta hizkuntza irratian defendatzen zuten kazetariak egon ziren: Iriondo, Amatiño, Txaro Arteaga... haiek ere merezi dute saio bat.

Eta hasi zinen Antena 3 katean, eta umeen munduan. Nolatan?

Oso proiektu polita izan zen. Haurren mundu horretan telebistan aurretik inoiz lan egin gabea nintzen, baina beti izan dut irudimena borborka. Banituen bi seme-alaba ordurako. Duela 30 urteko kontuez ari gara.

Ez zen hasiera erraza izango...

Ez, ez zen batere hasiera erraza izan. Donostian bizi ginen, nire eguneroko bizitza euskaraz zen, Euskal Telebistan lan egiten nuen, umeak ikastolara joaten ziren... eta Madrilera etortzea kulturalki ere berria izan zen. Nire ikuspuntua aldatu behar izan nuen. Nik Antena 3rako zuzendu behar nuen programa estatu osoan ikusten zen. Beste kultura bati aurre egin behar nion, eta beste kultura hori ere errespetuz maneiatu behar nuen. Nire seme Xabierrek esaten duen bezala: «Madrilen gara esos vascos eta Euskal Herrian gara esos vascos renegados». Momentu jakin batzuetan ez dakizu nor zaren eta non zauden. Espezimen arraro bat bihurtzen zara.

Bidea egin zenuen Antena 3n.

Proiektu berri bat jaio zen: Megatrix. Orduan kontseilari ordezkariaJuan Jose Nieto zen. Ordurako, nik zuzentzen nituen umeentzako programek oihartzuna zuten, eta audientzia onak zituzten. Bere bulegora igo nintzen, eta esan nion: «Igual harroputz samarra da hau, baina zergatik dauzkagu halako konplexuak estatubatuarrak agertzen direnean? Disneyrekin beti beldurrez. Zergatik ez dugu sortzen marka bat Disneyri aurre egingo diona? Mundu osoan milioiak dira gazteleraz hitz egiten dutenak. Zergatik ez?». Eta segitu nuen argudiatzen: «Ni euskalduna naiz, eta euskaldunok harro gaude gure sustraiez, eta horrek bultzatzen gaitu mendiak mugitzera. Zergatik ez da hori Madrilen gertatzen?». Eta horrela sortu zen Megatrix.

Antena 3 utzita zeneukan zure bloga sortu zenuenean?

Bai. Antena 3 utzi nuen, eta familian galdetu zidaten: «Zer egin behar duzu orain?». Erantzun nien: «Idatzi». Baina bizitza konplikatu egin zen. Xabier semeak 17 bat urte zituen, eta luku erako zefalea diagnostikatu zioten. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, pertsona batek konortea galdu aurretik pairatu dezakeen minik handiena eragiten duen gaixotasuna da. Oso gogorra da. Hiru hilean behin ospitaleratu egiten genuen, eta ikusi nuenean egun batean bere medikuarekin bere tratamendua adosten, ohartu nintzen zer garrantzitsua zen mediku-paziente-senitarteko komunikazioa. Ni zerk kezkatzen ninduen? Nire semeak adierazten ez zuenak, esaten ez zuenak. Sendagileak jakin behar zuen eta sinistu behar zuen Xabierrek esaten ziona, tratamendua jartzeko.

Horregatik sortu zenuen bloga?

Nik nahi nuena zen hainbat elkarrizketaren bidez kezka horiek mahai gainean jartzea. Oso elkarrizketa delikatuak ziren, baina oso ongi joan zen dena. Han botatzen zutelako askok euren karga, eta familek askotan hobeto ulertzen zutelako senitartekoari gertatzen ari zitzaiona. Ekarrizketa batzuk ospitaletan erabili dituzte.

Aktore lanetan ere aritutakoa zara: La fuga de Segovia, Feroz, Ke Arteko egunak...

Bai, eta galdetzen didazue horretaz, baina ahazten zaizue beti gauza bat, nik harrotasunez gogoratzen dudana: Donostiako Zinemaldia euskaraz aurkeztu zuen lehen pertsona ni izan nintzen!

Ihes egin digu horrek...

Bidea egin genuen horretan ere. Baina bai, aktore lanak. Euskal Telebistako ikastaro haiek egin nituenean, euskal filologia utzi egin nuen. Eta egia da La fuga de Segovia egiteko Imanol Uribe zuzendariak aktoreak ikastaro haietan bilatu zituela, euskara menderatzen zuten pertsonak behar zituelako. Hor sortu zen aktore izateko nire gogoa. Gainera, nik, aurpegi gogorra daukat, eta Madrilera etorri nintzen El Metodo ikastera, publizitatea egitera... eta egin nituen Feroz, eta beste. Gustuko izan dut aktore lana. Beti esaten nuen nire zahartzaroan aktore lanari ekingo niola berriz, eta espero dut uneren batean berriz aukera hori sortzea [barrez].

Nondik nora sortu zen erraketistei buruzko nobela? Senarraren gaixoaldian idatzi zenuen.

Nik lau seme-alaba ditut, eta beti esan diet euren intuizioari segitzeko. Elkarrizketa askotan irakurriko zenuen nola esan dudan erraketistena amarengandik sortu zela, behin haiekin kafea hartzera zihoala esan zidalako, eta nik ez nekiela zeintzuk ziren ere. Langabezia tarte horretan, Xabier zaindu eta beste proiektu batzuk martxan jartzen nituen artean, gogora etorrri zitzaidan amarekin izandako elkarrizketa hura, eta esan nion: «Ama, ezagutu nahi ditut erraketistak». Zergatik? Ez galdetu. Zertarako? Orduan ez nekien. Baina banan-banan deitu nien. «Eta zu nor zara? Zer nahi duzu?». Haserre puntu batekin. Haserre zeudelako beraien jardunak ez zuelako izan oihartzunik, oso gutxik zuelako haien berri.

Baina ezagutu zenituen.

Nik 11 ezagutu nituen. Madrildarrak, sevillarrak, salamancarrak, euskal herritarrak... Emakume ausartak, interesgarriak, dibertigarriak... «Elene, eta elkarrizketa hauekin zer egin behar duzu?», galtzen zidaten. Grabatu egiten nituen, kamera zahar batekin. Ez nuelako nahi ezer galtzerik. Eta halako batean Xabierrekin gidoi bat idazten hasi nintzen. Saiatu nintzen haien istorioa medioren batean saltzen, baina inork ez zion ematen garrantzirik haiek egindakoari, eta nik ez nuen ulertzen. Konpromisoa hartu nuenez ezagutaraziko nituela, aditzera eman... gidoi horrekin hasi ginen. Baina blogerako elkarrizketatu nuen pertsona bati kontatu nionean proiektua —ezaguna da eta ez dut izenik eman nahi—, malko artean esan zidan: «Idatzi ezazu nobela lehenengo».

Eta halaxe sortu zen El silencio de Clara Lyndon?

Bai. Zatika egin nuen. Guy Kawasakik bere liburu batean zioen proiektu bat abiatzeko ez dituzula zertan elementu guztiak prest izan behar, guztiak ez dituzulako inoiz edukiko prest, beti faltako zaizulako zerbait. Beraz, proiektua daukazunean, ekin. Aldatuko edo gehituko dizkiozu elementuak gero. Eta nobela ere horrela egin nuen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Errigorako kideak eta Mendigorriko familiak, atzo, kanpaina berriaren aurkezpenean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Otarre bete hats euskararentzat

Ion Orzaiz

Aurtengo kanpaina aurkeztu du Errigorak Mendigorrian, D eredua eskatzen duten familiek lagunduta. Tokian tokiko proiektuak sustatuko dituzte, 'Agerraldia' izeneko egitasmoaren bidez.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko»

Iker Tubia

Oharkabean hasi zen mikrofonoen aurrean solasean eta kazetaritzaren munduan murgiltzen. Beti izan du non idatzi, eta horrek itzultzaile lanerako trebatzeko aukera eman dio. Etxean jasotako euskaltzaletasuna izan du ipar.
Euskarazko telesailek 30 urte (IV): 'Goenkale' osteko aroa

'Go!azen' izan da salbuespena

Urtzi Urkizu

ETBk 'Goenkale' kentzea erabaki zuenean, 'Aitaren etxea' grabatu zuten; gero, 'Eskamak kentzen'. Hiru urte eta erdiko «basamortua» iritsi zen, iaz 'Ihesaldia' estreinatu zuten arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna