Albistea entzun

Jon Zabaleta. Marrazkilaria

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko abenduak 4 - Hernani

Zirriborroak dira hasieran haren hitzak. Batera eta bestera egiten ditu trazuak memorian, baina forma hartzen dute amaieran: bizipenez betetako bineta erraldoi baten forma. Jon Zabaletak (Hernani, Gipuzkoa, 1950) ehunka liburu hornitu ditu irudiz, komikietako pertsonaiak sortu, eta egunkarietako zintak ondu. Euskadi Sioux, Zeruko Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Ipurbeltz... Euskal komikiaren alde egindako lanarengatik saritu dute bere jaioterrian, HernaniKomik azokan. Herriko gingko biloba zuhaitz erraldoiaren azpian agertu da euskal marrazkilaritzaren beste erraldoi bat.

Sormenak ez du erretirorik hartzen?

Ez, inoiz ez. Behin sartzen zaizunean har hori, zaila da sendatzea. Sendatuko balitz...utziko nion agian sortzaile izateari, baina konturatzen naiz beti izaten dudala ziztada hori: mina daukat barruan, eta ez dakit nola atera. Marrazteak lagundu dit min hori ateratzen, bideratzen, edo ahalik eta ongiena eramaten.

Ez zaude geldirik, beraz...

[Liburu bat atera du mahai gainera, marrazki ederrez betea]. Hauxe da nire ariketa, nire egunerokoa: marrazten jarraitu beharra daukat. Egunero marrazten dut. Nola sentitu, hala marraztu. Azkenaldi honetan, ordea, bidaia moduko bati ekin diot, eta Facebooken jartzen ditut marrazkiak. Goizero jaikitzen laguntzen didan zerbait da. Lagunekin harremanetan jartzen nau sarean. Liburu honetan 90 daude, baina 120 badira jada. Ez zait kostatzen, beti bururatzen zait zerbait. Gainera, itxaron egiten diot burutazioari, eta etorri egiten zait. Ariketa bat da, terapia bat, oso lagungarria. Beti esaten dut txantxetan: analgesikoa hartzea baino hobe dudala marrazten segitu.

Debako Arte Eskola: Gordailua argitaletxea, eta neska bat eta mutil bat lore batera igotzen.

Nire aurreneko ilustrazioa. Zeintzuk ote ziren neska-mutil haiek? Zaila da esatea. Atzean, sakonean, nuen mundu bateko pertsonaiak ziren. Ametsezko nahi bat zela esango nuke.

Debari buruzko oroitzapen onak dituzu?

Oso onak. Eman ziguten sekulako aukera: euskal mundua liburu batean sartzekoa. Joxean Ormazabal zenak beti esaten zidan zeinen liburu ederra zen hura. Txikitan niri gertatutako gauzak ziren, baina oso sublimatuak. Artoa, lokotxak, amona... Arte eskolan geundenontzat lehenengo liburua zen. Giro bat sortu zen han.

Ezagutu zenuen han Oteiza?

Gustatzen zitzaizkion nire marrazkiak. Bazter batean harrapatzen ninduen beti, ezkutuan. Izan ere, barraskiloen modura, oskolean sartuta egotea gustatu izan zait niri: marraztu eta marraztu.

Norenak ziren zuk ikusi zenituen lehen marrazkiak?

Hernaniko liburutegia Biterin dago orain, baina udaletxean zegoen lehen. Garai bateko gure maisua zen arduraduna —gizon jator bat, bide batez esanda—. Liburu haiek zoragarriak ziren: han zeuden abenturak, amodio kontuak... Eta hara non deskubritu nituen, txoko batean, bazterrean, euskal giroko liburuak eta euskal ilustratzaileak: Txiki, Goiko... Baserriko kontuak kontatzen zituzten, erlijiosoak ere bai... Baina bazuten giro bat guk bizi genuena. Hura zen euskal mundua, gure tribuko istorioak han zeuden.

Zuen erreferenteak, alegia.

Hori da. Erraza egiten zitzaidan mundu hura marraztea. Inork ez zeukan irakatsi beharrik sega bat nola marraztu; ri-rau ateratzen zitzaidan. Buruan neuzkan denak. Jolastu egiten nuen horrekin, gerrikoekin, abarkekin... barru-barruan neuzkalako.

Kartelak, diskoen azalak... deskubritu zenituen ondoren. Zuk esana da horiek ematen zizutela aukera herriak une hartan bizi zuena adierazteko. Horretarako ere balio du marrazkilaritzak?

Garbi esanda: ni delineatzaile ikasten hasi nintzen. Asko marrazten nuen garai hartan, eta ezkutuan gehiena. Giroa ere halakoa zen. Karikaturak egiten nituen, pankartak egiten nituen... eta berehala ohartu nintzen ez nintzela delineatzailea izango. Aukera bat sortu zitzaidan Hernaniko Ergobia auzoko enpresa batean lanean hasteko. Dendetarako paperak egiten zituzten. Alegia, denda horiek saltzen zituzten produktuak biltzeko paperak: izan harategiak, oinetako dendak... Espainia osotik iristen ziren eskariak. Hori sekulako zortea izan zen: nahi adina marraztea. Hor hasi nintzen nazioartekotzen [barrez]. Baina badakizu zer gertatu zen?

Zer?

Handik kalera etortzen nintzela eta sumatzen nuela jada giro bat zegoela: tabernetan, mendizaletasunaren inguruan —Martin anaia hasi zen eta ni haren atzetik—, euskal giro bat, sentimendu bat... Benito Lertxundi entzuten genuen, Mikel Laboa, Paco Ibañez... Ikusten nuen bazegoela hor mundu bat azpian, eta saiatu nintzen marrazkien bidez azalera ateratzen. Eta amets egiten marrazkien bidez.

Eta handik euskal prentsara egindako jauzia nolakoa izan zen?

Giro bat zegoen, gogo bat zegoen. Oso elkartuta geunden. Denok eliza beretik gentozen [barrez]. Ez zegoen aldizkaririk, ez zegoen prentsarik, baina ni jada marrazten hasita nengoen: asko eta asko. Afrikara bidaia bat egin nuen, basamortura. Londresen ere izan nintzen. Frantzian ere bai, eta Liberation ezagutu nuen. Ipar Euskal Herrian Hitz aldizkarian ezkutuko komikiak ere argitaratu nituen, ezizenez. Berriak aldizkarian ere aritu nintzen —ikurrinaren legeztatzeak han harrapatu ninduen lanean; sekulakoa izan zen hura—.

Eta Egin-etik deitu zizuten.

Mariano Ferrerrek. Banuen moto bat orduan, eta Fagollaga aldera joaten nintzen asko. Jatetxe parean, zubitxo batean, uzten nuen eta mendira joaten nintzen. Egun horietako batean, talde bat sumatu nuen jatetxetik ateratzen nire atzean. «Hori ez da Zabaleta?», esan zuen batek. «Hi, Zabaleta! Itxaron mesedez», besteak. Egin sortzen ari zen taldeko kideak ziren, eta Ferrer haien buru —beti estimatu ninduen asko; zorte handia izan nuen berarekin—. «Zuk badakizu egunkari bat egitera goazela, ezta?», esan zidan. «Aurkezpenetan gabiltza, eta egin behar diguzu marrazki bat horretarako: ea nola ikusten duzun zuk egunkari baten sorrera».

Nolako marrazkia zen?

[Atera du mahai gainera] Ezaguna egin da geroztik: hau da. Etxe bat da. Eta gerora konturatu nintzen gu jaio ginen etxea hartu nuela eredu gisa —Karabelen zegoena; gaur egun biribilgunea bat da—. Garai hartan marrazki hura herria zen, herria nahi nuen irudikatu. Nahasketa bat nekazari munduaren eta mundu urbanoaren artean. Prentsa niretzat kalea zen, mundu urbano hori.

Gustatu zitzaien?

Hurrengo egunean bertan aurkeztu nien. «Zeinen ona! Horrekin egutegi bat ere egin liteke!», esan zidaten. Eta bat-batean: «Aizu! Eta zergatik ez diguzu marrazten egunero marrazki bat?». Eta halaxe hasi nintzen, buru-belarri. Karakola eta elefantea ziren nire pertsonaiak. Hernanin jada pentsatzen zuten erotuta nengoela; ordutik aurrera, eskuetatik joanda nengoela [barrez]. Probokaziorako unea zen.

Oso berritzailea zen hura.

Bai. Beti irakurri izan dudalako asko, eta marrazki asko ikusi. Haietan dagoen hizkuntza ulertu, eta erabili. Bineta hirutan zatitu beharrean, osorik marrazki batekin hartzen nuen askotan. Aukera ematen zuen ganberrismorako, eta jolaserako.

Baina...

Amnistia onartu zuten, alderdi politikoak sortu ziren... jendea sakabanatzen hasi zen. Aldizkari batzuetara joan zintezkeen, beste batzuetara ez... Mahai nazionalak hartu zuen nolabait Egin-en gidaritza. Nik ez nuen asko galdetzen, baina Andu Lertxundi jada ez zegoen, Mariano Ferrer-eta joan ziren... Aldaketak egon ziren. Ni ez nintzen batekoa edo bestekoa sentitzen, baina giroa aldatu zela bai, sumatzen nuen.

Eta Martin anaia Everestera bidean orduan.

Hori da. Xabier Galdeano zenari esan nion anaia-eta mendira zihoazela, banuela gogoa kanpoan zer zebilen ikusteko, eta joan egin behar nuela. Esan nien marrazkiak egingo nituela han, baina bai zera! Nahiko lan izan nuen neure burua kokatzen. Sekulako atea ireki zitzaidan Nepalen. Badu puntu espiritual hori: beste mundu bat. Senitartekoek debekatuta geneukan arren, oinarrizko kanpalekura igo ginen. Ni iritsi eta bi edo hiru egunera iritsi zen Martin gailurrera. Maiatza zen, monzoia sartzekotan zegoen, jada inork ez zuen igotzen, baina hark bai. Ez nintzen joan esatera: «Animo, Martin!». Ez neukan horretarako beharrik, txikitatik ezagutzen genuen elkar. Nik burua marrazkietan neukan bezala, hark han goian zeukan, harri tartean, eta berdin segitzen du: yeti bat da, bere atzapar oker horiekin.

Aldatuta bueltatu zinen handik?

Ez aurrera ez atzera nengoen, eta handik bueltan beste fase batean sartu nintzen. Ez ni bakarrik, kalean nituen lagunak ere beste fase batean ikusten nituen: erradikalago. Giro oso arriskutsua zegoen, eta nik jada ezin nien jarraitu. Ez nuen niretzako tokirik ikusten. Plaza uzteko garaia iritsi zen, eta mendira joan nintzen.

Lesakako baserri batera?

Bai. Eta orduan erabaki nuen nire jarduna ere nolabait aldatzea. Joxemi Zumalabe nire lagun baten bidez ezagutu nuen, eta egin nituen marrazki batzuk Euskaldunon Egunkaria-n ere. Baina nire barrua tokia hartu gabe zegoen oraindik.

Ipurbeltz-en ere segitzen zenuen oraindik.

Semearen bidez ikusi nuen Ipurbeltz-ekin gertatu zena. Oso zalea zen, eta bada oraindik ere. Ekartzen nizkion Ipurbeltz-ak, eta beste komiki asko, baina jauzi teknologikoa iritsi zen, eta sekulakoa izan zen: ni neu ordenagailuan hasi nintzen lanean, hark bideojokoak deskubritu zituen, Game Boy jokoak... Etsigarria izan zen hura guztia niretzat.

Ipuinen ilustrazioari heldu zenion orduan.

Beti esan izan didate zerbait berezia dudala haurrekin. Banuen anaia bat bi urte txikiagoa, harreman handia izan dut berarekin, amak haren kargu uzten ninduen askotan... eta uste dut handik datorkidala. Haurren mundu hori ikusi dudalako zerbait pedagogikoa bezala, erakutsi nahi bat bezala, goxatu nahi bat bezala, babestu nahi bat bezala. Eroso ibili naiz haurren mundu horretan. Irudimena eta jolasa direlako oinarrizkoak, eta ni horietan ongi mugitu naizelako. Sumatzen nuen hori ikastetxeetara-eta egiten genituen irteera apurretan. Izan ere, idazleek bai, baina guk, ilustratzaileok, irteera gutxiago egiten genituen.

Behin baino gehiagotan esan izan duzu ilustratzaileak gutxietsiak izan zaretela. Orain?

Orain ez. Agerikoa da. Zer gertatu da? Industria hazi egin dela. Aire berriak datoz. Gazteak datoz. Hauek eskolatik datoz. Hauek kontratuarekin datoz. Hauek ez dira gu bezala: «Bueno... egingo dugu...». Kanpoko editorialekin ere lan egiten dute, hizkuntzak dakizkite... Gu ghetto batean geunden, eta ez dakit oraindik handik atera ote garen ere.

Zer iruditzen zaizu haien estiloa? Jarraitzen dituzu?

Ate asko ari dira irekitzen. Ez dakidana da jarraitzailerik izango duten, edo jarraipenik izango duten. Ofizio gogorra da hau. Kontsumo azkarreko merkatu bat da hau. Ez naiz gai zer datorren iragartzeko. Belaunaldi askoren itxaropenak zapuztu egin dira hemen urte askoan. Gaztea zarenean erreflexuak dituzu, baliabideak dituzu, eta ederra zara. Eta ederra zarenean, ateak ireki egiten dira, baterako ez bada, besterako. Baina buelta asko ematen dizkiot nik horri: euskaldun gisa dugun etorkizunari. Euskarak duen etorkizunarekin kezkatuta nago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...