Enplegua. Erregulazioak

Poltsa hustu ez dadin

Aldi baterako enplegu erregulazioak urritik aurrera zabaltzeko negoziazioei ekingo diete bihar. Zenbat denboraz luzatu, nominen kostua eta kotizazioen banaketa izango dira gakoak

UGTko eta CCOOko idazkari nagusiak, Pedro Sanchez gobernuburuarekin eta CEOEko buruarekin batera, uztailean. C. M. / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) funtsezkoak izan dira langabeen poltsak eztanda ez egiteko eta enpleguari eusteko, eta lanean ari dira aurrerantzean ere hala izan dadin. Espainiako Gobernua tresna hori urritik aurrera erabiltzearen alde azaldu da. Baina noiz arte? Sektore guztietan? Zein baldintzatan? Asko dira erantzun beharreko galderak, eta ez dirudi akordio hori helduko denik biharelkarrizketa sozialaren mahaiko kideek egingo duten ezohiko bileran, Palman (Herrialde Katalanak). Aurreko ostegunean Yolanda Diaz Lan ministroa bera arduratu zen espektatibak hozteaz, baina neurria luzatuko dutela ziurtatu zuen. «Irailaren 4an ez da akordiorik izango, baina ABEEak uda ondoren ere egongo dira».

Urte politikoa lanez gainezka hasi du gobernuak Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin osatutako mahaiak. Hala nola telelanari buruzko araudia dute esku artean eta subsidioen erregulazio berria, konfinamendu betean langabezia saria amaitu eta merkatuaren inguruabarrak direla-eta beste lan bat bilatzeko aukerarik izan ez dutenentzat. Lan Ministerioak «berehala» onartu nahi ditu bi horiek. Denbora gehiago beharko dute, aldiz, autonomo faltsuei buruzkoak eta 2013ko lan erreforman egin asmo dituzten aldaketek.

Erregulazioen inguruan, oraingo araudia ekainaren amaieran hitzartu zuten. Gaur egungo egoera ez bezalakoa zen ordukoa: COVID-19aren kasuak gutxitzen ari ziren, eta jarduera ekonomikoa suspertzeko helburuarekin adostu zuten. Horretan lagungarri, izan ere, mugikortasun debekuak eta beste batzuk kentzea, eta sektore batzuetan lan eskariak jaso izana: 180.000 behargin itzuli ziren lanera. Udan zehar gehiago batu dira, eta, abuztuaren amaieran, 34.925 langile zeuden artean ere erregulazioan: egondakoen %15 baino ez.

Orain, ordea, egoera zailtzen hasi da berriro, birusaren agerraldien ondorioz, eta pentsatzekoa da enpresek berriz eskatuko dituztela erregulazioak. Argi geratu da jarduera ez dela egoera normal batera itzuliko denbora batez, eta enplegua nola edo hala babesteko neurriak beharko direla. «Hau ez da data kontu bat: ABEEak urte amaierara arte luzatu behar diren ala Aste Santura arte. Neurria oraingo egoerarekin lotu behar da, baina baita ondoren izan ditzakegunekin ere», azpimarratu du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak.?

Laguntzaren zenbatekoa

Hala, denboraz harago, sindikatuek aldi baterako lan erregulazioan daudenen baldintzak ziurtatu nahi dituzte, bereziki diru laguntzaren kopuruarekin loturikoak: egun langile bakoitzak bere nominaren soldata oinarriaren %70 jasotzen du, muga batzuekin: hilean 1.412 euro gehienez. Baina sei hilabete igaro ondoren, %50 da hori. Langile asko urri hasieran egongo lirateke egoera horretan; zehazki, krisia hasi zenetik erregulazioan daudenak -lan erregulazio partzial bat daudenen kasuan, geroago-. Dena den, eskaera horrek ez du konponbideerrazik. Laguntzen murrizketa ez da ABEEetan bakarrik gertatzen, langabezia saria jasotzen dutenei ere eragiten die. «PPren lan erreformaren ondorioetako bat da hori, eta baliogabetu egin beharko litzateke kasu guztientzat», azaldu du Sordok. Horrek, baina, Rajoyren gobernuaren lan erreforma aldatzea eskatuko luke, eta ez patronalak ezta neurri batean gobernuak ere, ez dute hor sartu nahi, oraingoz.

CEOEren arabera, iraileko negoziazioen xede nagusia izan beharko luke ABEEak egungo baldintzetan luzatzeak. «Automatikoa izan behar luke hori», azpimarratu du Lorenzo Amor presidenteordeak. Eta gai horri «buelta gehiago ez emateko» eskatu du, «dirua badagoelako». ABEEak eta autonomoentzako laguntzak finantzatzeko Bruselak Espainiari mailegatuko dizkion 21.300 milioiak gogoratu ditu.

Luzatzeari buruz, gobernuaren asmoa da krisiak gehien kaltetutako sektoreetara mugatzea, baina jakitun da formula horrek hainbat oztopo dituela: adibidez,zaila da bereiztea sektore horietako zein enpresak benetan behar duen laguntza, eta zeinek ez, denei ez baitie berdin eragiten krisiak, eskualdearen arabera eta beste faktore batzuengatik.?

Nork zenbat jarri

Horregatik gobernuak ez du gaizki ikusten egungo araudiari eustea, baina aldaketa batzuekin. Ekainaz geroztik, enpresa guztiek jo dezakete erregulazioetara, birusaren agerraldiek haien egoera ekonomikoa kaltetuz gero. Baina horien baldintzak ez dira hain erakargarriak enpresarientzat, kostu handiagoak hartu behar baitituzte beren gain.?

Eta hori da oraingo negoziazioetan jokoan dagoen beste puntuetako bat: langile bakoitzarengatik Gizarte Segurantzaren kotizazioan zenbat hartu behar duen bere gain estatuak eta zenbat enpresek. Orain, erregulazioei uko egin ez zioten enpresek badute eskubidea langile batzuk egoera horretara bueltatzeko. Hori bai, estatuak kotizazioaren zati gero eta txikiagoa hartzen du bere gain hilabeteak aurrera egin ahala, helburua langileak erregulazioak ateratzea izan baita: azken hilabetean, irailean, kotizazioaren %65 enpresak hartu behar izan du, 50 langiletik beherakoetan; eta %75 handietan

Oraingo araudiarekin langilerik ABEE batean ez duten enpresek ere badute aukera erregulazioa eskatzeko. Oniritzia jasoz gero, %40 soilik ordaintzen dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenen truke. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75 ordainduko dute. Proportzio horiek guztiak berrikusi nahi ditu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.