«Pentsiodunak ez gara alderdi politiko bat»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Greba orokorraren aurka dauden Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek mugimendua «despolitizatzeko» eskatu zuten atzo, eta arduratuta agertu ziren, deialdiak «konponezina izan daitekeen haustura bat sor dezakeelako». Era berean, esan zuten ez dietela muzin egiten kaleko mobilizazioei, eta eskaerak mantentzen dituztela, «baina garai berrietara egokituta». Izan ere, euren ustez, «Espainiako Gobernu berriak itxaropena sortu du pentsiodunen mugimenduan».

Nagusiak, AJPD, Coespe, Agijupens, Aspalgi, Bat-Etorri, Fevaas, Gepe, Helduak, Asi, Nagusilan eta Tologorri pentsiodunen elkarteek agerraldia egin zuten Bilbon, hainbat herritako pentsiodunen bilkuretako kideen babesarekin. Jose Luis Ruizek, Mariam Rojasek eta Antton Karrera Ezker Batuako legebiltzarkide ohiak egin zituzten bozeramaile lanak, eta, garbi utzi nahi izan zuten, greba deialdia pentsiodunen mugimenduaren izenean egiten ari den arren, «hori ez dela pentsiodunen mugimendu osoaren iritzia».

Elkarte horien arabera, «hanka sartze handia da» pentsatzea pentsiodunek greba deialdia egin dezaketela, hori ez delako euren ardura: «Gu ez gara alderdi politiko bat, ezta sindikatu bat ere. Pentsiodunen mugimendu bat gara, eta, barnean pentsamendu politiko ezberdinetako jendea dagoen arren, pentsio duinen aldeko borrokak batzen gaitu», azaldu zuen Karrerak.

Elkarteek nabarmendu zutenez, beldur dira deialdiak mugimenduaren batasuna «hautsi» dezakeelako. «Batasunak egin gaitu indartsu», gogoratu zuen Ruizek, «eta horregatik elkartu behar dugu berriz, eta arrakasta izan zuen bidera itzuli». Era berean, mugimendu askotarikoa direla nabarmendu zuten, eta ez dutela arazorik beste kolektibo batzuen eskaerak eurenak egin, eta haiekin eskutik joateko. «Hainbatetan erakutsi dugun bezala», zehaztu zuen Ruizek.

Donostiako manifestazioa

Bilbon grebaren aurkako pentsiodunak mintzatu baziren; Donostian, alde dauden Gipuzkoako elkarteetako kideak agertu ziren urtarrilaren 30erako antolatu dituzten mobilizazioen berri ematera. Manifestaziorik handienak eguerdian egingo dituzte, lurraldeko hiri eta herritan. Donostiakoa 12:00etan hasiko da, Alderdi Ederretik irtenda. Hiriburukoaz gain, Eibarren ere manifestaziora deitu dute ordu bererako, Unzaga plazatik abiatuta, eta Debagoieneko hainbat herritan ere egingo dituzte.

Apurka ari dira greba eguneko mobilizazioak ezagutzera ematen. Euskal Herriko Gutun Sozialak astelehenean azalduko du zein asmo duen ostegunerako, eta zein tankerako mobilizazioak antolatu dituen hiriburuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.