Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bizkaia

EAJk ez die eutsi hiru diputatuei, eta EH Bilduk bigarrena lortu du

EAJk izan du boto gehien, baina 58.000 galdu ditu. PSE-EE izan da gehien hazi den alderdia, eta senatariari eutsi dio. EH Bilduk 30.000 boto gehiago lortu ditu

EAJk ez die eutsi hiru diputatuei, eta EH Bilduk bigarrena lortu du.
Maite Asensio Lozano.
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EAJ nagusi izan da Bizkaian, baina indarra galdu du bere gotorlekuan: Espainiako Kongresuan bi diputatu izango ditu, azken lau urteetan baino bat gutxiago; botoen %27 jaso ditu, 2019ko azaroan baino zortzi puntu gutxiago. EH Bilduk eskuratu du jeltzaleek galdutako eserlekua: goraldian da koalizio abertzalea, eta bi ordezkari lortu ditu, 2019an baino bat gehiago. Hazi egin da PSE-EE ere: oraingoan ere bi diputatu lortu ditu, baina 36.000 boto gehiago eskuratuta. Sumarrek eta PPk, berriz, aulki bana izango dute Madrilen.

Maiatzeko bozetan hartu zuten jeltzaleek lehen kolpea: udal eta foru hauteskundeetan 50.000 boto galdu zituen Bizkaian. Beherada ez da eten Kongresurako bozetan: 163.500 boto jaso ditu, orain lau urte baino 58.000 gutxiago. Kontuan hartzekoa da Aitor Estebanen zerrendak aise irabazi zituela 2019ko bozak: 235.000 boto jaso zituen apirilean, eta ia 222.000 azaroan. Orduan lortutako hiru diputatuei ez die eutsi oraingoan: bi ordezkari izango ditu Kongresuan. Senatuan, ordea, nabarmen atera da garaile: hiru eserlekuak mantenduko ditu.

PSEk, berriz, bi ordezkari izango ditu Kongresuan, azken lau urteotan bezala, baina gainerako datuetan gora egin du. Gehien hazi den alderdia izan da: botoen ia %26 jaso ditu, 2019ko azaroan baino 6,7 puntu gehiago. Herrika begiratuta ere, sozialistak nagusitu dira Bilbon, baita Barakaldon, Santurtzin edota Sestaon ere. Gogora ekartzekoa da Ezkerraldea PSEren gotorleku izan dela orain gutxira arte, baina alkatetzak jeltzaleek eskuratu dituztela azken agintaldietan. Senatuan, gainera, aulkiari eutsi dio Txema Oleagak.

EH Bilduk ere nabarmen egin du gora: sozialisten ondoren, gehien hazi den bigarren indarra izan da: 30.000 boto pasatxo gehiago jaso ditu. Eserleku bakarra erdietsi zuen koalizio subiranistak 2019an, eta oraingoan bigarrena ere lortu du. Botoen %20aren langa gainditu du, orain lau urte baino 5,6 puntu gehiago, eta nagusi izan da Bizkaia ekialdeko herri gehienetan; besteak beste, Durangon.

Sumarrek eta PPk, bana

Sumarren inguruan agertu dituzte inkestek duda gehien: Bizkaian zuen ordezkariari eutsiko al zion. Azkenean, bai, Madrilera joango da Lander Martinez. Hala ere, ezkerreko indar berria urrun geratu da Elkarrekin Podemosek aurreko urteetan lortutako babesetik; 2016an, boto gehien bildutako alderdia izan zen Bizkaian: hiru ordezkari lortu zituen, eta 178.000 boto baino gehiago. 2019ko azaroan okerragoak izan ziren emaitzak: aulki bakarra, eta ia 97.000 boto. Orain ez da 67.000ra heldu.

Azkenik, PPk ere eutsi egin dio bere diputatuari. 2019ko azaroan azken unean lortu zuen, atzerriko botoak kontatzean: hasieran ordezkaririk gabe geratua zen, EAJk laugarren aulkia lortu baitzuen, boto gutxiren aldeagatik. Oraingoan, kontaketaren hasieratik izan du Beatriz Fanjulek Madrilerako txartela, botoetan gora eginda, gainera: ia 70.000 erdietsi ditu, 14.000 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.