Eskozian erreferendum bat egiteko botereak eskatuko ditu Sturgeonek

mikel rodriguez
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak 2019-2020ko urte politikoaren aurkezpena egin zuen atzo Eskoziako Parlamentuan. Onartu nahi dituen hamalau lege egitasmoren zerrenda bat aurkeztu zuen, baina helburu guztien gainetik bat nabarmendu zuen: Erresuma Batuko Gobernuari eskumenak eskatzea independentziari buruzko erreferendum bat egin ahal izateko.

«Utz iezadazue gaur argi mintzatzen: Eskoziako Alderdi Nazionalak lehiaren erdigunean paratuko ditu Eskoziak brexit-aren aurka duen jarrera eta independentzia aukeratzeko dugun eskubidea», erran zuen Sturgeonek. Berretsi zuen erreferenduma legegintzaldi honetan egin nahi duela —2021ean bukatzekoa da—.

Erreferendumera deitzeko eskumena, ordea, Londresek dauka. 2014an, David Cameron Erresuma Batuko orduko lehen ministroak baimena eman zion Alex Salmond Eskoziakoari, eta bien artean negoziatu zituzten arauak. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragan uztailean erran zuen ez zuela «arrazoirik ikusten» independentziari buruz galdetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.