Euskal presoen eskubideak defendatzeko mobilizatu dira

Ume motxiladunen egoera salatzeko kalejira bat egin dute Donostian. Ipar Euskal Herrian, Bakegileek antolatu dituzte zenbait ekinaldi

Baionako elkarretaratzea, atzo arratsaldean. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen defentsan aritu ziren atzo ehunka herritar Euskal Herri osoan zehar. Goizean, Martuteneko espetxetik Loiolara (Donostia, Gipuzkoa) egin zuten kalejira dozenaka lagunek, ume motxiladunen egoera salatzeko. Sare Herritarrak deitu zuen kalejira egitera, «urrunketagatik eta osasun egoeragatik gurasoak kartzelan dituzten haurrak umezurtz» gelditu direla salatzeko. Patinetean joan nahi dut aita/ama ikustera lelodun pankarta bat eraman zuten kalejiran zehar, eta umeak patinetez ibili ziren.

«Urte luzez, haur eta nerabe asko bidaia amaigabeak egitera behartuak izan dira beren aitari, amari edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten, ordea, bizi izan dugun pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean», Sarek salatu zuenez.

Gogorarazi zuten 86 ume motxiladun direla oraindik. Pandemiarengatik haien gurasoak eta oro har euskal presoak «inoiz baino isolatuago» daudela ere salatu zuten. Eskubide urraketak «are bortitzagoak» dira orain, eta «etxetik gertuen dagoen espetxean egotea» dagokiela aldarrikatu dute. Hain zuzen, horregatik «motxiladun umeek beren aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela» berretsi zuten.

Ipar Euskal Herrian ere, hainbat protesta egin zituzten egun osoan, Bakegileek deitutako herri ekinaldietan, Argi dugu; orain presoak lelopean. Ipar Euskal Herriko artista zenbaitek bat egin zuten aldarriarekin. Goizean, Hendaian eta Azkainen (Lapurdi) egin zituzten elkarretaratzeak, besteak beste. Arratsaldean, Urruñan (Lapurdi), Irisarrin (Baxenabarre) eta Baionan elkartu ziren. Lapurdiko hiriburuan, 300 pertsona bildu ziren merkatuko plazan, eta kandelak piztu zituzten.

Frederic Haranburu Xistor euskal preso ohiaren egoera ekarri zuten gogora: «Haranbururen baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen izpi batekin bukatzen da: argi hauskorra da, baina etorkizun handikoa egin nahi dugu. Mobilizaturik eta erne egonen gara; blokeo politikoak etapa berri bati emango diolakoan». Martxa baten lehen notak kantua abestu zuten gero parte hartzaileek, zenbait artistak lagundurik. Bilaka taldeko dantzariek dantza bat eman zuten; eta Odei Barroso bertsolariak olerki musikatu bat irakurri zuen.

Datorren urtarrilaren 9an mobilizatzeko deia luzatu zuten. Iparraldean zehar giza kate bat eginen dute, Orain presoak lelopean. Izena emateko eskatu diete parte hartzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.