Miguel Angel Lotina. Cerezo Osakako entrenatzailea

«Nahita nabil Espainiako Ligatik aldenduta; gaizki pasatu nuen»

Zazpi urte dira Miguel Angel Lotinak Espainiako Liga utzi zuela. Zipren eta Qatarren aritu zen gero, eta bi urte daramatza orain Japonian: lehenbizi, Tokio Verdyn; orain, Cerezo Osakan. «Gustura» dabil.
BERRIA

Aitor Manterola -

2019ko martxoak 19
Lasaitasuna izatea eta foku mediatikotik ihes egitea beharrezkotzat jo zuen Miguel Angel Lotinak, eta asmatu egin zuen. Japoniako Cerezo Osaka Lehen Mailako taldean ari da orain, entrenatzaile lanbideaz berriz gozatzen, eta «trankil bizitzen».

Bost partida jokatu ditu Cerezo Osakak Ligan: bat irabazi du, eta beste laurak galdu. Emaitzez harago, nolako itxura hartu diozu taldeari Liga hasiera honetan?

Ez gara ondo hasi, lehen partida irabazi bagenuen ere Koberen aurka: Iniesta, Villa eta Juanma Lilloren taldea. Denboraldi-aurrea ez genuen ona egin, selekzioan ari diren hiru jokalari beste talde batzuek fitxatu zituztelako. Haien ordezkoak atzerritik ekarri ditugu, eta denbora behar dute herrialdera egokitzeko. Gainera, bat min hartuta egon da, eta orain hasi da jokatzen. Gainera, jokatzeko modua ere aldatzen ari gara. Kontraerasora jokatzera ohituta zeuden, 4-4-2 sistemarekin, eta gu hori aldatzen ari gara. Kostatzen ari zaie pixka bat jokalariei. Horregatik guztiagatik ez gara ondo hasi. Hobetzen ari gara, baina apurka-apurka. Baloia edukitzen ari gara, baina aukerak sortzea asko ari zaigu kostatzen. Denbora behar dugu.

Mailari eustea da taldearen helburua?

Bai. Gurea ez da talde aberatsa, eta diru asko dutenak badaude. Liga azken bi urteetan irabazi duen taldeak, Frontalek, sekulako fitxaketak egin ditu, eta baita Txapeldunen Liga irabazi duenak ere, Kashimak. Sei-zazpi talde on daude. Duela hiru urte arte telebistarik ez zen sartu futbolean. Partidak emititzen zituzten, baina klubei dirua eman ez. Orain hasi dira klubak telebistatik kobratzen, eta diru horrekin beste aukera batzuk ikusten hasi dira. Zenbat eta gorago sailkatu, orduan eta diru gehiago irabazten dute, eta halakoek diru gehiago daukate. Babesleen artean ere ezberdintasuna dago. Talderik indartsuenak gero eta indartsuagoak dira, Espainiako ligan bezala. Hemen ez dute hor adina diru kobratzen telebistatik, baina asko da hemengoentzat. Gainera, daukaten baino diru gehiago ezin dute gastatu.

Nolako maila du ligak?

Teknika aldetik, onak dira. Jokalari asko daude Japonian, kirola asko lantzen delako hemen, ume-umetatik hasita. Kalean asko ibiltzen dira: beti ari dira baloiarekin kalean, eta sekulako pazientzia daukate; gu umetan, bakarrik bageunden, horma baten kontra ibiltzen ginen baloia botatzen, baina hauek ez, baloia hartu eta abilezia lantzen ibiltzen dira, baloia etengabe ukituz, lurrik jo ez dezan, adibidez. Ordubete aritu daitezke horrela. Gainera, teniseko pilotekin ere berdin ibiltzen dira, baloia balitz bezala. Ondorioz, kalitate tekniko itzela daukate. Taktikoki, normalak dira. Entrenatzaile gazteak hobeak datoz, eta taktika aldetik lehen baino hobeto daude jokalariak. Gurekin alderatuta, errespetuaren kulturan dago aldea. Hemen ez dira tranpa egin zaleak, hor ez bezala. Ondorioz, ez dira lehiakorrak, eta Ligan ez dago lehia handirik. Japoniar jokalarien artean ez dira haserretzen, eta, eztabaidarik baldin badago, jokalari atzerritarren bat egoten da tartean. Hori falta zaie, eta horregatik irteten dira hemengoak Alemaniara, Ingalaterrara, Espainiara... Ikasi nahi dute zer den beste lehia hori.

Ligan badago estilo aldetik antzik taldeen artean?

Ez dago. Zelai erdiko jokalariak onak dira, eta saiatzen dira atzetik baloia jokatuta ateratzen, baina badira baloia luze jotzen dutenak ere. Hemen denetarik dago jokatzeko moduari dagokionez.

Japoniara joanda, zuk zure estiloarekin jarraitzen duzu, ala hango jokalarien moldera egokituta zabiltza?

Aldatu egin dut, baina ez hemengoengatik. Bartzelonaren eskola edo jokatzeko era asko gustatu izan zait beti, baina horretara heltzeko nola entrenatu behar den ez neukan landuta eta ikasita. Horregatik dago nirekin Ivan Palanco, Bartzelonako harrobian entrenatzaile izandakoa. Futbol mota hori landu nahi dut, eta horretan ari gara. Asko gustatzen ari zaie hemen.

Bartzelonaren eskola gustatzen zaizulako bakarrik erabaki zenuen hori lantzea, ala badago beste zerbait atzean?

Nik ere aldatu nahi nuen, eta ez Japoniara etorri naizelako. Futbola aurrera doa, bilakaera etengabean da, eta uste nuen entrenamenduak aldatu egin behar nituela.

Entrenatzaileak eraldatzeko prest egon behar du beti?

Bai, dudarik gabe. Lanbide eta ikasketa guztietan izan behar du horrela. Lizentzia edo titulu bat ateratzeak ez du esan nahi hor bukatzen denik ikasketa. Egunero prestatu beharra dago, gaurkotu gauza berriak irakurriz, horretaz dakitenei galdetuz eta abar. Lo hartzen baduzu, ez dago zereginik. Orain dela bost urte entrenamenduetan egiten ziren gauzak atzeratuta geratu dira, jende berria eta gaztea datorrelako atzetik beste ideia batzuekin, eta ikusi eta ikasi egin behar da zertan ari diren eta zergatik.

Nolakoa da zure bizimodua Japonian?

Lasai nago. Sekulako segurtasuna dago hemen: lapurretarik eta halakorik ez dago. Oso lasai ibil zaitezke hemen kalean. Errespetu handia dago herritarren artean, eta bizitzeko gizarte itzela da, oso erosoa.

Entrenatzaileak presiopean zaudete hor ere, emaitzen mende erabat?

Zaleak taldea animatzera doaz zelaira, eta, galtzen denean, ez dira haserretzen. Poztu ere ez, jakina, baina haserretu ere ez. Ez digute ezer esaten, behintzat. Klubean presioa normala da, baina ez horko modukoa. Irabazi egin behar da, leku guztietan bezala, baina ezin dira alderatu hemengo presioa eta horkoa.

Espainiako Ligatik nahita zabiltza aldenduta?

Bai. Oso nekatuta nengoen Espainiako Ligan. Qatarren gustura egon nintzen gero, baina arazo bat daukate: oso jende gutxi joaten da partidak ikustera. Nazioarteko ligen zaleak dira. Japonian, aldiz, zelaira joaten dira zaleak. Aurreko denboraldian, Lehen Mailan 17.000 ikusle joaten ziren estadioetara batez beste, eta Bigarrenean, 8.000 eta 12.000 artean. Liga politak dira hemengoak.

Ez omen dituzu entzun ere egiten Espainiako Ligako eskaintzak. Hala da?

Entzun bai [barrezka]. Azken hiru urteetan lau taldek deitu izan didate, eta hitz egin nuen haiekin.

Lehen Mailako taldeak ziren?

Bat bai, eta beste hirurak Bigarren Mailakoak. Baina ez zen garaia eskaintza horiek onartzeko, taldeak une txarrean zeudelako, eta lehiaketaren erdian. Liga hasieratik izan bazen, agian gehiago pentsatuko nuen.

Espainiako Ligara itzultzeko ateak itxi egin dituzu?

Ez. Orain lasai nago hemen, besterik ez. Nire ibilbideari ez diot kasu handirik egiten, ez emaitza onei eta ez txarrei. Etorkizunean ere ez dut askorik pentsatzen. Orain ondo nago, eta nahikoa dut horrekin. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta futbolean, gehiago.

Oso bolada txarra pasatu zenuen Espainiako Ligan: Reala, Deportivo eta Vila-real Bigarren Mailara jaitsi ziren zu entrenatzaile zinela. Konfiantzan, autoestimuan eta halakoetan asko eragin zizun horrek guztiak?

Gaizki pasatu nuen. Futbola da gauzarik politena, nire ustez. Umetatik daukadan lehen akordua da baloi batekin jolasean, eta gogoan daukat telebistan partidak nola ikusten nituen ere, Meñakako herriko tabernan eta apaizaren etxean. Nire bizitzan hasieratik egon da futbola. Talde batean nagoenean gauzak ondo egitea gustatzen zait, talde horri gauzak ondo joan dakizkion, eta zaleak pozik egon daitezen. Hori gertatzen ez denean, eta askotan gertatzen da, triste egoten naiz. Eta entrenatzaileei begira jartzen dira denak, eta autoestimuak behera egiten du. Gaizki pasatu nuen, baina halakoetatik indartsu ateratzen naiz; badakit ondo irteten. Lehen esan dizut: ez dut asko pentsatzen neuk lortutako emaitzetan, ez onetan, ez txarretan. Ez dut hitz egingo nire gauza onen inguruan, eta negar ere ez dut egingo txarrengatik. Pentsa dezakezu pertsona harroa naizela horregatik, baina ez. Nire pentsamendua eta jarduteko era hori da. Niretzat gordetzen ditut kontu horiek guztiak. Gauzak ondo doazenean talde batean, entrenatzailearen ardura handia izaten da, baina baita gaizki doazenean ere. Zer gertatzen da? Gauzak ondo doazenean, esaten da jokalariengatik doazela ondo, baina gaizki doazenean, erruduna entrenatzailea dela zabaltzen da. Hori horrela da, eta entrenatzaile lanbidearen barruan dagoen zerbait da.

Zure kirol ibilbidean emaitza oso onak ere badira: Numantzia eta Osasuna Lehen Mailara igo zenituen; Espanyolekin, Espainiako Kopa irabazi zenuen;Celtarekin, Txapeldun Liga jokatzeko aukera izan zenuen... Baina txarra bakarrik nabarmentzen da zure jardunaz aritzean. Zergatik da hori?

Horrela da, eta zer egingo dugu, bada. Ez dakit zer esan. Entrenatzaile guztiek bezala, emaitza onak eta txarrak dauzkat. Txarretan, ordea, behin bakarrik jaitsi izan dut talde bat denboraldia hasi eta bukatu bertan egonda. Deportivo izan zen, 2010-11ko denboraldian. Realera eta Vila-realera Liga hasi ondoren joan nintzen. Reala hartu nuenetik atera genituen emaitzak ez ziren txarrak izan, horiek bakarrik kontuan hartuta aise libratuko ginelako. Vila-realen, ni lanean hasi nintzenetik kontatzen hasiz gero, hamabigarren bukatuko genuen. Baina gauza horiek ez dituzte kontatzen, eta zer egingo dut nik.

Erreparatuko diezu zure talde ohiei: nola ari zara ikusten Reala?

Gustatzen zait azken urteetako Reala. Talde polita dauka, eta gustatzen zait nola jokatzen duen.

Osasuna egiten ari denarekin pozik egongo zara, ezta?

Bai, oso ondo ari da. Aurreko denboraldian ere talde ona zeukan, baina ez zuen zorte puntu hori eduki igotzeko kanporaketan sartzeko. Denboraldi honetan, ikaragarri ondo dabil, indartsu. Jokalari onak ditu, eta entrenatzailea ere bai. Itxura ona dauka. Ea zortea duen, eta Lehen Mailara igotzen den. Osasunaren zaleek onena merezi dute.
Aitor Manterola

Informazio osagarria