Julen Aginagalde. PGE VIVE Kielce taldeko jokalaria

«Argi dut: nik egokitu beharko dut Bidasora, eta ez alderantziz»

Duela hilabete jakinarazi zuen Aginagaldek Kielce utziko duela sasoi amaieran, eta Bidasoa klubera itzuliko dela, etxeko taldean azken aldiz aritu eta hamalau urtera. Orain, ordea, Europako Txapelketan bakarrik du burua. Ostegunean hasiko da. Bera eta Iosu Goñi barañaindarra dira lehian ariko diren bi euskal jokalariak.

«Argi dut: nik egokitu beharko dut Bidasora, eta ez alderantziz».
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Duela hiru aste pasatxo jokatu zuen Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982) urteko azkeneko partida Kielcerekin. Ordutik, hara-hona ibili da: Eskozian izan da oporretan; Irunen egon da etxekoekin Gabonak pasatzen; eta Espainiako selekzioarekin aritu da, ostegunean Austrian, Norvegian eta Suedian hasiko den Europako Txapelketa prestatzen. Horretan besterik ez du burua orain. «Asko dago jokoan, eta guztiaren gainetik, Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzea». Ez zen egon Rio de Janeirokoetan (Brasil), Espainia ez baitzen sailkatu. Aitortu du «barruraino» duela arantza sartua, eta «ateratzeko desiratzen» dagoela.

Hilabete bada Bidasoa klubera itzuliko zarela esan zenuenetik. Bereziak izan dira aste hauek?

Bai, baina egunik bereziena albistea eman nuen eguna izan zen. Aspaldi nuen erabakia Bidasora bueltatzea, eta irrikan nengoen horren berri emateko. Baina dena ondo egin nahi nuen, eta zerbait berezia izan zedin, bai Kielce, bai Bidasoa oso talde garrantzitsuak baitira nire kirol ibilbidean.

«Ametsa bete dut». Hori zenioen bideoan.

Eta hala da. Betidanik esan dut nire asmoa Bidasoan erretiroa hartzea zela, eta argi geratu da ez nuela esaten esateagatik. Ametsa bete dut, eta oso pozik nago horregatik. Banuen gogoa etxera itzultzeko.

«Aitortu behar dut: oraindik ez naiz joan, eta jada itzuli nahi dut». Horixe esan zenion BERRIAri duela hamalau urte, Bidasoarekin azkeneko aldiz jokatu bezperan. Itzuli nahi izateko, asko kostatu zaizu etxera itzultzea.

Egia esan, bai [barrez]. Baina momentu oso berezia zen aipatu duzun hori. Lehen aldiz ariko nintzen etxetik kanpo, eta ni oso etxezuloa naiz. Baina oso gustura aritu naiz Ademarren, Ciudad Realen, Atletico Madrilen eta Kielcen.

Etxezuloa zarela diozu, baina Bidasoan beste lau denboraldiz jokatu ezean, urte gehiago egingo dituzu etxetik at etxean baino.

Bitxia da, baina hala tokatu da.

Zuk esana da Bidasoa klubera itzultzeko baldintza batzuk bete behar zirela. Zeintzuk ziren baldintza horiek?

Bada, nagusia zen Bidasoa eta biok ados egotea. Eta uste dut garai ona dela pauso hori emateko.

Oso bolada onean da Bidasoa. Hori ere bazen baldintza bat?

Ez, baina argi dago horrek ere lagundu duela erabakia hartzeko orduan. Ez da gauza bera bueltatzea kluba ondo egonda edo gaizki egonda.

Kluba osasuntsu egoteaz gain,anaia presidente izateak ere zerikusia izan du, ezta?

Noski. Anaiak eta haren lantaldeak klubaren ardura hartu zutenetik esan zidaten taldean nahi nindutela. Eta eskertzekoa da hasieratik halako interesa azaldu izana.

Anaiarekin negoziatzen aritu zara. Arraroa egin zaizu egoera horretan egotea?

Ez, baina egoera bitxia dela ezin dut ukatu. Hala ere, ez genuen asko negoziatu beharrik izan. Erraz jarri ginen ados.

Zer eman diezaiokezu taldeari?

Lehenbizi, taldeak duen jokatzeko erara egokitu beharko dut. Beste pieza bat gehiago izango naiz. Ez uste ni iritsi eta taldea goitik behera aldatuko denik. Segitu behar da ondo egiten diren gauzak ondo egiten, eta nik ahal den azkarren egokitu beharko dut. Taldean dagoenarekin konparatuta, beste jokatzeko era bat dut nik, eta uste dut beste zerbait eman diezaiokedala taldeari. Hala ere, argi dut: nik egokitu beharko dut taldera, eta ez alderantziz.

«Julen fitxatuta, kirol arloan, aurrepausoa emango dugu». Anaia hasi zaizu presioa sartzen.

Hala dirudi, baina presioa izatea ez da arazo niretzat. Ohituta nago. Gainera, baikor naiz. Bidasoaren partida asko ikusi ditut, telebistaz eta Artalekun, eta uste dut taldea eta biok azkar eta ondo uztar gaitezkeela. Gero ikusiko da zenbat eman dezakedan. Nik, behintzat, orain arte egin bezala, barruan dudan guztia emango dut. Gogo handiz itzuliko naiz, eta oso motibatuta.

Nabaritu duzu zure fitxaketak zoriontsu egin duela jende asko?

Bai, eta eskertzekoa da. Ahaleginduko naiz nire lanarekin itzultzen konfiantza eta maitasun hori.

Urtebeterako kontratua sinatu duzu. Pixkana-pixkana joan nahi al duzu?

Bai. Ez dut eskubaloia uzteko datarik buruan. Gustura ari naiz jokatzen, eta gozatu egiten dut entrenatzen eta bidaiatzen. Ikusiko da noiz arte jarraituko dudan, baina gaur-gaurkoz gogoari eusten diot. Halere, nahiago dut urtez urte joan. Baina urtebeterako kontratua sinatu izanak ez du esan nahi bakarrik urtebetez jokatuko dudanik Bidasoan.

Hamalau urte geroago itzuliko zara. Oso aldatuta bueltatuko zara?

Bai, bizitzan eta eskubaloian garapen bat egon delako. Pertsona berbera naiz, baina aldi berean ezberdina.

Aurten beteko dira 25 urte Bidasoak Europako Kopa irabazi zuela. Urteurren ederra aukeratu duzu itzultzeko, ezta?

Ederra da, baina baita bitxia ere.12 urte nituen Bidasoa Europako txapeldun izan zenean. Bidasoko zale guztiok inoiz ez dugu ahaztuko garai hura.

Europarako sailkatuta zegoela utzi zenuen Bidasoa, eta taldea berriro Europan dela itzul zaitezke. Halakoak ditu patuak.

Bai. Bidasoa Txapeldunen Ligan ari da orain, bikain aritu ere, kanporaketarako sailkatu baita. Ederra litzateke taldea Europan dela itzultzea, oso seinale ona litzateke. Baina oraindik asko falta da denboraldia amaitzeko, eta aurkari gogorrak ditu: Ademar, Logroño... Hemendik aurrera, hala ere, partida gutxiago jokatuko ditu, ligaxkarik ez baitago, eta horrek mesede egingo dio.

Zazpi urte egin duzu Polonian. Espero zenuen horrenbeste urte egingo zituenik?

Inondik inora ere ez. Iritsi nintzenean zera pentsatu nuen: «Julen, non sartu zara?». Herrialdea, kultura, hizkuntza... dena zen oso ezberdina. Erronka gogorra zen, baina hasieratik gogotsu heldu dion, eta, horri esker, oso azkar egokitu nintzen.

Bertako hizkuntza ikastea erabakigarria izan zen, ezta?

Bai. Ingelesarekin molda nintekeen gutxi gorabehera, baina apustua egin nuen poloniera ikasteko.Lehen egunetik hasi nintzen hitzak ikasten, eta eskolak jasotzen. Pixkana-pixkana, hobetuz joan nintzen, eta askatzen. Jendeak asko estimatu zuen ahalegin hori.

Zein balorazio egiten duzu Kielcen egindako denboraz?

Ona. Poloniako liga eta kopa irabazi dugu urtero, hirutan aritu gara Txapeldunen Ligako Lauko Finalean, eta behin irabazi dugu. Gustatuko litzaidake Txapeldunen Liga aldi gehiagotan irabazi izana, baina oso zaila da hori.

2016an irabazitako Txapeldunen Liga izan da unerik onena? Zuk sartu zenuen gol erabakigarria, penalti jaurtiketetan.

Hala gertatu ez balitz ere,nire kirol ibilbideko unerik onena izango litzateke. Inoiz ez zuen irabazi Poloniako talde batek halako titulu handi bat, eta, gainera, era ikusgarrian lortu genuen, partida amaitzeko ordu laurden falta zela bederatzi gol baikinen atzetik. Sekulakoa izan zen.

Nola bukatu nahiko zenuke Kielcen?

Bada, ahal diren titulu guztiak irabazita.

Poloniako Ligan, Wisla Plock duzue aurretik sailkapenean. Hain zuzen ere, talde horren aurka ariko da Bidasoa Txapeldunen Ligako kanporaketan. Nolako taldea da?

Talde indartsua da, batez ere etxean ari denean. Oso jokalari onak ditu, eta denboraldi honetan oso ondo jokatzen ari da. Aurkari gogorra izango da Bidasoarentzat, baina, bere lana eginez gero, badu aukera sailkatzeko. Zerbaitegatik izan da lehena bere multzoan.

Niko Mindegia doneztebearra ari da Plocken. Harremana duzu berarekin?

Elkarren aurka jokatu genuenean hitz egin genuen [27-26 irabazi zuen Wisla Plockek], eta noizean behin, mezuren bat bidatzen diogu elkarri.

Nola ari zara bizitzen Bidasoaren gorakada?

Poz handiz, izugarria da egiten ari direna. Oso zaila da egun dauden tokira iristea, eta iritsi bakarrik ez, bertan mantentzen ari dira. Sekulako meritua du, eta horregatik, Bidasoko zaleok bolada honetaz gozatu behar dugu, badakigulako zenbat kostatzen den halakoak lortzea, eta zein garai zailak pasatu izan dituen klubak. Ametsa da kluba horren goian ikustea.

Ostegunetik aurrera Europako Txapelketan ariko zara Espainiako selekzioarekin. Zein helburu duzue?

Txapelduna Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatuko da, eta, beraz, hori lortu nahi dugu. Gogoz eta konfiantzaz gaude. Oso zaila izango da, baina talde honek erakutsi du edozein talderi irabaz diezaiokeela.

Espainiak irabazi zuen duela bi urte, baina gauzak asko aldatzen dira txapelketa batetik bestera. Zer itxura hartzen diozu ostegunean hasiko den ekitaldiari?

Oso irekia dago dena. Ez dago faboritorik. Olinpiar zikloko txapelketarik gogorrena izango da.

Ez zinen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan aritu, Espainia ez baitzen sailkatu. Arantza hori baduzu?

Bai, eta barruraino sartuta. Belaunaldi honek inoiz ez du ahaztuko Riorako ez sailkatu izana. Oso kolpe handia izan zen. Horregatik, berez txapelketa guztietara gogotsu eta motibatuta joaten bagara, oraingoan are eta gehiago. Arantza ateratzeko desiratzen gaude.

Kielcerekin ondo bukatu, Tokion aritu eta Bidasora itzuli. Sinatuko zenuke hori?

Zehaztu zerrenda horretan Kielcerekin Txapeldunen Liga irabaztea, eta hortxe duzu nire sinadura. Baina goazen pausoz paso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.