Jon Guridi. Alaveseko jokalaria

«Utzita etor nintekeen, baina nahiago nuen Realarekin etetea»

Alavesen aurreneko denboraldia du Jon Guridik. Erronka «polita» dela uste du erdilari azpeitiarrak, nahiz eta aitortu duen hasieran «atzera eragiten» ziola Espainiako Bigarren Mailan jokatzeak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ibaiako kirol instalazioetatik Gasteizko Zabalgana auzoko eraikinak ikusten dira. Auzo horretan bizi da orain Jon Guridi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1995), Alavesek fitxatu berri dituenetako bat. «Erraza» izan da hirira eta talde berrira egokitzeko prozesua. Realarekin azken bi denboraldietan gutxi jokatu eta gero, bere erabakiz kontratua eten, eta 2026ra arte sinatu du Arabako taldearekin.

Erraz eta ondo egokitu zara talde berrira?

Bai, taldean oso giro ona dago. Oso ondo hartu naute, taldekideek zein klubeko langile eta ordezkariek, eta oso gustura nago.

Aldaketa asko egon dira taldean. Horrek erraztu egin du egokitze prozesua?

Taldean jarraitzen zutenek ondo hartu gaituzte bai ni eta bai kanpotik etorri diren beste guztiak. Alde horretatik, denontzat erraza izan da.

Realarekin zenuen kontratua eten zenuen. Ez zenuen lehen taldean bidea egiten jarraitzeko aukerarik?

Neguan taldea uzteko asmoa izan nuen. Hedabideetan azaldu zen moduan, Valladolidek nahi ninduen, eta nik baiezkoa eman nien. Baina, azken orduan, Realak akordioari ezezkoa eman zion. Halere, banekien denboraldia hasi aurretik taldea utzi nahi banuen ateak irekita izango nituela. Nik banekien, normalean, denboraldi honetan ez nuela Realean jarraituko.

Ezezkoa emateko arrazoiren bat eman zizun klubak?

Ni kontuan hartzen nindutela. Merkatuaren azken egunetan gertatutako zerbait izan zen, Realak ez zuen inor gehiago fitxatu nahi, eta badaezpada ni hor edukitzea nahi zuten.

Gutxi jokatu zenuen, eta min hartuta ere izan zinen aurreko denboraldian. Urte gogorra izan zen?

Lesioa denboraldi hasieran izan nuen, bigarren neurketa astean, eta, azarorako jada jokatzeko prest nengoen arren, ez nuen asko jokatu. Urte gogorra? Bai, alde horretatik, batere jokatzen ez duzunean, egunerokoa apur bat gogorra egiten da, baina nik uste dut ondo barneratu nuela. Ahal nuen neurrian, gustura joaten nintzen entrenatzera. Goibel edo haserre joatea norberarentzat okerragoa da.

Beraz, neguko merkatuaren ostean argi zenuen taldea utziko zenuela? Edo bazenuen esperantza denboraldiaurrean egoerari buelta emateko?

Bai nire aldetik eta bai klubaren aldetik, argi zegoen ez nuela jarraituko. Denboraldi honetarako klubak ez ninduen kontuan hartzen. Ez zidaten zuzenkihala esan, baina nik ikusten nuen.

Erraztasunak eman dizkizute kluba uzteko?

Bai.

Taldean jarraitzen ez duzun arren, Realarekin oraindik ere lotura sentimentala duzu, ezta?

Hainbeste urte bertan egon ostean, ezinezkoa da lotura hori ez izatea. Cadizen aurkako partida etxetik ikusi nuen, eta poza hartu nuen irabazi zutelako. Bertako jendearekin beti izango dut harremana.

Eta Imanol Alguacilekin?

Imanolekin ez dut inoiz telefonoz hitz egin, ezta mezu bidez ere. Ez dakit.

Zuk eskatu zenuen klubarekin zenuen akordioa etetea? 2024ra arteko kontratua sinatu zenuen iaz.

Utzita etor nintekeen, baina nahiago nuen Realarekin nuen kontratua etetea. Hasieran, apur bat atzera eragiten zidan Bigarren Mailara etortzeak, baina Alavesen Lehen Mailara itzultzeko aukera izango dugula uste dut: erronka polita da. Errazena Realean jarraitzea zatekeen. Ondo zaude, Europa jokatzen, baina batere jokatzen ez duzunean, ez zara parte sentitzen. Beste etapa bat hasi nahi nuen.

Esan duzu hasieran atzera eragiten zizula Bigarren Mailan jokatzeak. Bazenuen Lehen Mailako eskaintzarik? Rayo Vallecano aipatu zen.

Interesak, bai. Uste dut gezurra zela Rayori buruz jarri zen dena[kar-kar-kar]. Talde batzuen interesa egon zen, baina pausoa ez zuen inork ematen. Nik ez nuen abuztuaren amaierara arte zain egon nahi, agian ez zitzaidalako gustukoa nuen zerbait aterako. Alavesen aukera hasiera-hasieratik izan nuen, eta ez nuen pasatzen utzi nahi. Erronka polita da, eta zergatik ez gara, bada, Lehen Mailara igoko.

Lau urterako sinatu duzu. Kontratu luzea nahi zenuen?

Bai, hain luzerako sinatzeak erakusten baitu klubak niregan baduela konfiantza. Gustatu zitzaidan eskaintza hori jaso izana.

Zelaian protagonista eta lider izatera etorri zara Gasteizera?

Lehenik eta behin, talde sendo bat eratu behar dugu, kalitatea egon badagoelako. Oso jokalari onak daude hemen, Lehen Mailan esperientzia dutenak: Salva [Sevilla], eta Luis [Rioja] adibidez, eta Ruben Duartek ere neurketa asko jokatu ditu gorengo mailan.

Fitxaketen udako merkatua ixteko bi aste falta diren honetan,badirudi beste norbait fitxatu beharko duzuela taldea osatzeko. Hankamotz iritsi zarete lehiaketa hasierara?

Esan duzun moduan, oraindik ere bi aste falta dira, eta agian, beste norbait etorriko da, baina ez da ziurra. Nik taldea oso ondo ikusten dut, lerro guztietan maila ona dago, eta liga ondo hasi genuen. Ea bide onetik jarraitzen dugun.

Fernando Pachecorena ezustekoa izan da? Hutsune handia utziko du?

Espero genuen zerbait izan da, ez zebilelako lagunarteko partidak jokatzen. Taldea uzteko zain zegoen. Urte luzez egon da hemen, eta hutsune handia utziko du, atezain oso ona delako. Dena den, orain daudenak ere oso maila altukoak dira, eta oso ondo egingo dute euren lana.

Luis Garcia Plazak zer eskatu dizu?

Nik zortziaren postuan edo aurrerago joka dezaket. Esan zidan, oraingoz, aurrelariaren atzetik jokatuko nuela, mugikortasun handia dudalako. Area zapaltzeko eskatu dit, eta lerro artean jokatzea, korrika asko egiteaz gain. Gustura ari naiz postu horretan. Bi tokietan ondo egin dezaket, baina ondo sentitzen naiz.

Ligako lehen partida ez da partida bat gehiago, ezta? Garrantzi handiagoa du; are gehiago, egitasmo berri batean.

Irabazten hastea oso garrantzitsua da beharrezkoa den konfiantza hori lortzeko. Kanpoan irabazi dugu, aurkari zail baten aurka, eta orain, gure zaleen aurrean irabazi egin behar dugu. Sei punturekin jarriz gero, oso hasiera ona litzateke.

Zer sentipen izan zenituen Leganesen aurkako garaipenean? Nola ikusi zenuen zeure burua?

Sentipen onak izan nituen. Lehenengo zatian gehiago izan ginen. Leganes nahiko kontrolatuta izan genuen, eta ez ziguten ia arriskurik sortu. Bigarren zatian, ordea, sufritu egin genuen. Atzetik jokatuta hastea asko kostatu zitzaigun, baloi asko galdu genituen, eta korrika dezente egin behar izan genuen. Nire lanari zazpiko nota jarriko nioke.

Mirandesen aurka jokatuko duzue gaur. Partida berezia da zuretzat?

Bai, hainbat aldagairengatik. Alavesen elastikoarekin Mendizorrotzan estreinakoz jokatzeaz gain, Realarekin Mendizorrotzan egin nuelako debuta, eta Mirandesen ere oso garai onak bizi izan nituelako. Mirandes gutxi ikusi dut, baina oso aurrean egin zuen presio Gijongo Sportigen aurka, eta ea oso aurreratua jokatzen duen atzeko lerro horri bizkarra hartzen diogun. Partida ona egin dezakegu.

Lehen Mailara igotzea nahitaezko helburua da?

Bai, klubaren helburua itzultzea da. Ondo hasi gara, eta ea horrela jarraitzen dugun. Baina asko falta da. Lau urterako etorri naiz, eta, lehenengoan ez badugu igoera lortzen, aurrerago lortuko dugu. Saiatuko gara sasoi honetan helburua betetzen.

Jokalariak ligan erregistratzeko zailtasun handiak izan dituzte taldeek. Esaterako, Alavesek partida egunean bertan erregistratu zintuen zu.

Ni ez nintzen horren jakitun; irakurri egin nuen. Niri ez zidaten horri buruz ezer esan, eta ez naiz horrekin arduratuta egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.