Aitor Elordi. Aspeko pilotaria

«Apurka egin naiz pilotari; beti saiatu naiz pauso guztiak aurreraka egiten»

Nekez izan zezakeen estreinako hoberik: hura eta Zabaleta nagusitasunez izan ziren lehenak ligaxkan, eta lehenbiziko partida irabazi dute finalerdietan. «Baikor izanda ere, ez nuen pentsatuko dena horren ondo joango zenik», esan du. «Gozatzen» ari da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lasai joan zaio astea Aitor Elordiri (Mallabia, Bizkaia, 1996). Egin beharreko guztia egin du prest iristeko bihar Labriten Unai Lasoren eta Ander Imazen aurkako partidara. «Bete-betean nago, eta gogotsu».

Lehen ligaxkan, aurrenak izan zineten nagusitasunez, eta, finalerdietakoan, jada lehenak zarete aurreneko partida argi eta garbi irabazita. Espero zenuen horren ondo ariko zinetela?

Ez. Baikor izanda ere, ez nuen pentsatuko dena horren ondo joango zenik. Banekien atzelari onenetako batekin jokatuko nuela, baina baita goian egon nahi bagenuen nik gauzak ondo egin beharko nituela ere. Zorionez, hasieratik oso ondo moldatu gara, eta dena oso ondo atera da.

Lehen aldia duzu binakako nagusian, eta bikain ari zara. Ezustean hartu zaitu?

Bai. Binakakoa txapelketa oso luzea da, eta kontua ez da partida batean edo bitan ondo aritzea; ez da erraza goian eustea, astero jokatu behar baitira lehia gogorrak, eta ondo aritu beharra dago irabazteko. Hori dela eta, oso pozik nago egiten ari naizen lanagatik.

Gustura ari zara?

Oso. Aukera handia da niretzat; pilotari denok nahi dugu txapelketa hau jokatu. Nik aukera izan dut, eta asko ari naiz gozatzen.

Zein da gakoa?

Niri mesede egin dit neure buruari epe luzerako helbururik ez jartzeak, eta asteroko lanean buru-belarri aritzeak.

Lehen esan duzu atzelaririk onenetako batekin ari zarela. Errazagoa da dena Zabaleta bezalako atzelari indartsu bat izanda?

Norberaren izaeraren araberakoa da: batzuk presiopean aritzen dira Zabaletarekin jokatuta; beste batzuk, ordea, ez. Ni nahiko ondo ari naiz; hasieratik oso ondo moldatu ginen elkarrekin, eta berdin-berdin jarraitzen dugu. Ea horrela segi dezakegun.

Nola da Zabaletarekin jokatzea?

Plazera da. Kolpe izugarria du, eta, horri esker, aukera asko sorrarazten ditu. Beraz, hark behar duena da haren jokoa biribilduko duen aurrelari bat, aukerak aprobetxatu eta tantoa bukatuko duena. Horixe da nire lana, eta orain arte, ondo eta konfiantzaz ari naiz.

Eta frontoitik kanpo nola ari zarete moldatzen?

Oso ondo ere bai. Harreman handia egin dugu. Halako txapelketa luzean mesede egiten du horrek, kanpokoa kantxan islatzen baita. Hori da horren ondo aritu izanaren beste gakoetako bat.

Gehienbat zer esaten dizu?

Une oro gozatzeko, eta aukerako pilotak beldurrik gabe errematatzeko. Konfiantza handia transmititzen dit, eta hori oso garrantzitsua da edozein pilotarirentzat.

Lehen aldiz binakako nagusia jokatzen dutenek esan ohi dute presiorik gabe aritzen direla. Iritzi bera duzu?

Ez dakit. Lehen aldiz ari naiz jokatzen binakako nagusia, baina azken bi urteetan lau eta erdikoa jokatu dut, eta onenen aurka aritu ahal izan naiz. Nire ustez, horrek mesede egin dit txapelketa honetan presio gutxiagorekin aritzeko.

Zer moduz daramazu presioa?

Oraingoz, nahiko ondo daramat. Presiorik handiena aurreko asteko partidan sumatu dut: denok hasi ginen hutsetik, eta oso garrantzitsua zen irabaztea. Aurkari gogorrak genituen: Peña eta Mariezkurrena. Baina ondo moldatu nintzen presioarekin, eta ondo jokatuta irabazi genuen.

Bada denbora Lehen Mailan ari zarela. Alde handia dago Bigarren Mailarekin konparatuta?

Bai, dezenteko aldea dago. Hasteko, materiala exijenteagoa da, eta horrekin aritzeko hobeto prestatuta egon beharra dago. Eta, gero, aurkariak hobeak dira, osoagoak, eta huts gutxiago egiten dituzte; horregatik daude Lehen Mailan.

Duela ez asko esan zenuen ez zenekiela zer den «Lehen Mailako pilotari bat gehiago» izatea. Orain, badakizu?

Ez dakit. Gauzak asko aldatzen dira oso denbora gutxian. Orain, Lehen Mailako txapelketa bat ari naiz jokatzen, baina ezin da jakin aurrerago non ariko naizen. Oso argi daukat maila honetan jokatzen jarraitu nahi dudala, eta gogor segituko dudala lanean hori hala izateko.

Onenekin jokatu nahi zenuen, eta lortu duzu. Zer sentitzen da?

Poz handia. Ahalik eta urrunena iristeko egiten dugu lan egunero. Nik urte batzuk egin ditut Bigarren Mailan, eta txukun aritu naiz. Baina gora jauzi egiteko, enpresak aukera eman behar dizu, eta ez da erraza, lehia handia baitago. Baina, orain, aukera izan eta gero, gogor eutsi nahi diot. Uste dut aprobetxatzen ari naizela, eta erakusten ari naizela maila honetan jokatzeko gai naizela. Lanean segituko dut hemen geratzeko.

Aukera eman dizute jauzia eman duzulako. Zuk ere sumatu duzu gora egin duzula?

Bai. Jauzi handia eman nuen azken lau eta erdikoan: izar handiei irabazi nien. Horri esker eman zidaten aukera binakakoa jokatzeko, eta orain arte, ondo ari naiz.

Zertan hobetu duzu gehien?

Garbi nuen defentsako lana zela nire ahulgune nagusia, eta hori hobetzeko egin dut lan handiena. Halakoetan arriskua egon daiteke ahulguneak hobetzen buru-belarri aritzeagatik indarguneak bazter uzteko; nire kasuan, tantoak amaitzeko erraztasuna. Baina indarguneak ere sendotu ditugu.

Askotan diozu buruz «indartsuagoa» zarela. Zergatik diozu hori?

Guztia kate berean doalako: kantxan gozatu egin duzu, eta, gozatu egiten duzunez, emaitza onak lortzen dituzu; eta emaitza onak lortzen dituzunez, konfiantzaz aritzen zara, eta sinetsi egiten duzu onenekin jokatzeko gai zarela.

Ezagutzen zaituzten guztiek diote «oso langilea» zarela.

Betidanik izan naiz oso langilea; asko entrenatu naiz beti. Baina profesionaletan aritzeko aukera eman zidatenetik argi izan nuen bete-betean aprobetxatu nahi nuela, eta nire esku zegoen guztia egingo nuela. Horretan aritu naiz: gogor entrenatu naiz fisiko aldetik, eta lan handia egin dut frontoian Jokinekin [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa]. Lan handia egin dut, eta horri esker eman dut jauzia.

Besteak beste, Jokin Altunaren eta Iker Irribarriaren urte berekoa zara zu: 1996koa. Haien aldean, su txikian egindako pilotaria izan zara zu?

Hala da. Fisikoki, nire adinakoak baino pixka bat geroago garatu naiz. Irribarria eta Altuna goi-goian aritu izan dira hasieratik, izar handiak baitira. Niri, ordea, gehiago kostatu zait gauzak lortzea, eta pausoz pauso joan behar izan dut. Ez naiz damutzen, garrantzitsuena baita beti aurrerapausoak ematea. Hala aritu naiz orain arte, eta hala segitu nahi dut.

Altunak eredutzat jo zintuen: «Egun, presa handia dago pilotariekin. Baina Aitor eredu da erakusteko pilotariei denbora emanez gero eta haiek lana eginez gero gora egin dezaketela», esan zuen.

Batzuetan, pilotari batek debuta egin, eta enpresak berehala jartzen dizkio partida onak, onenen aurka, eta, ikusten badu ez dela ondo aritzen, ez du hura gero kontuan hartzen. Ez litzateke hala jokatu behar. Nire kasuan, ordea, alderantziz izan da: apurka-apurka egin naiz pilotari; beti saiatu naiz ematen nituen pauso guztiak aurreraka egiten. Pilotari batzuk arinago garatzen dira, eta beste batzuk, astiroago. Baina denak hartu behar dira kontuan.

Lehen Mailara iristen gehiago kostatu zaizulako ematen diozu balio handiagoa orain maila horretan aritzeari?

Duda barik. Gauza bat lortzea asko kostatzen zaizunean, balio handiagoa eman diozu lortzen duzunean. Eta niri asko kostatu zait hona iristea, urtetako lana dago honen atzean.

Zaila da iristea, eta eustea?

Are eta zailagoa. Oso argi dut: hemen jarraitu nahi badut, oso gogor lan egiten jarraitu behar dut.

Norekin gogoratzen zara orain?

Garai onenetan eta txarrenetan nire ondoan egon direnekin. Erraza da onean egotea, baina pilotari batek bere ibilbidean garai oso txarrak pasatzen ditu, eta horietan izugarri eskertzen da jendearen babesa eta animoa.

Bihar jokatuko duzue bigarren partida, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka. Berriz irabaziz gero, esku-eskura zenukete finala. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Partida zaila da. Guk bezala, haiek ere irabazi egin zuten lehen partida; beraz, konfiantzaz ariko dira. Gainera, bigarren partida izan ohi da garrantzitsuena. Ligaxkan, bitan irabazi genien, baina horrek ez du axola; pilotari guztiok ez gaude sasoi berean, eta presioa handiagoa da; ikusteko dago nola kudeatzen duen bakoitzak hori.

Finala nola ikusten duzue: gertuago ala hasieran bezala?

Hasieran bezala. Orain, gertu ikusten duzu, baina bigarren partida pasatuta oso urrun ikus dezakezu. Esperientziak zerbait erakutsi baldin badit, erakutsi dit halakoetan ez pentsatzen; hurrengo partidan dut arreta osoa. Bete-betean nago, eta oso gogotsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.