Mikel Merino. Realeko jokalaria

«Hitz egin daiteke Europaz, lehia horretan sartuta baikaude»

Realean lehen sasoia du Mikel Merinok, eta «gustura dago» Donostian. «Kluba gertuko izan dut beti», aitortu du. Azkenaldiko bolada onari eustea du helburu, eta argi du oraindik badutela zer hobetua.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eguzkiak bete-betean jotzen du Zubietako Jose Luis Orbegozo zelaian, eta eguraldiaren eta bere taldearen arteko alderaketa egin du Mikel Merino Realeko jokalariak: «Guk bezalaxe, hobera egin du; ea horrela eusten diogun biok», esan du, umoreko. Erreparorik gabe mintzatu da txuri-urdinek izan duten bilakaera onaz, baina «tentuz» aritzeko beharra azpimarratu du, eta «ilusioak bazter utzi» eta «eguneroko lanari» balioa eman dio. Adinak pentsatzera eman lezakeena baino helduagoa dirudi Mikel Merinok.

Ondo ari zarete azkenaldian.

Bai, ondo ari gara, eta gustura gaude. Gauzak ondo doazenean badirudi eskatu ahala ateratzen zaizkigula, eta orain bolada honi eusten saiatu behar dugu, gehiago luzatu dadin.

Zazpi partida daramatzazue galdu gabe.

Bai. Bolada oso-oso ona da, ez soilik irabazteagatik. Partida zailetan ez galtzeak ere adorea ematen du. Nahiz eta jendeak pentsatu berdinketek ez dutela askorako balio, puntutxoak biltzea beti da ona.

2019ko talderik onenetan bigarrena zarete, Bartzelonaren atzetik, 21 puntutik hamabost lortuta. Europaz hitz egin daiteke?

Behin baino gehiagotan esan dudan moduan, hitz egin daiteke Europaz, lehia horretan sartuta baikaude. Halere, inoiz ez da ahaztu behar lehia horretan aritzeko eguneroko lanean zentratu behar dugula, partidaz partida aritzean. Ez dugu arretarik galdu behar, eta txoritxoak ez daitezela biraka hasi, zentratuta egon behar delako. Jakin behar da goian egotea bezain erraza dela berriz behera egitea.

Egunerokoa aipatuta, nola ikusten dituzu zuen hurrengo partidak?

Arerio zailak dira hurrengo guztiak, oso ondo jokatzen ari baitira. Guk orain artean bezala jarraitu behar dugu, oraindik egiten ditugun akatsak zuzendu, eta martxa honekin jarraitu, hurrengo aurkarian pentsatuz.

Gironan ariko zarete astelehenean.

Ondo daude orain, Bernabeun irabazita, eta horrek beti ematen du bultzada. Begira nola gauden gu ordutik. Haiei eraso nola egin aztertzen ari gara, eta uste dut partida polita izango dela, geuk bezala baloia izan nahiko dutelako.

Asko hobetu duzue azken bi hilabeteetan. Zein izan da gakoa?

Uste dut entrenamendu bakoitzean dugun intentsitatea dela, eta baita Imanolek [Alguacil, entrenatzailea] helarazten dizkigun ideiak ere. Oso argiak dira, eta jokalariok haietan sinesten dugu. Onik gehien egiten digun joko estiloa da, eta jokalari bakoitzak ondo daki zer egin behar duen. Gainera, oso batuta gaude, elkarrengatik sakrifikatzeko prest, eta hori igarri egiten da zelaian.

Zer ekarri dizue Imanolek?

Ilusio handia. Indarrez beteta etorri da, hasieratik oso argi zuen zein zen bere nahia. Ez da irabazteaz eta hobetzeaz nekatzen; partida dezente daramatzagu galdu gabe, eta intentsitate berarekin segitzen du. Hori garrantzitsua da taldeak erlaxa ez daitezen, eta iruditzen zait guk ere ez dugula egingo.

Asko aldatu du entrenatzeko era?

Ezberdinak dira. Beste gauza batibegira egindakoak dira, eta biak dira balekoak talde bat prestatzeko. Egia da apur bat aldatu dela; baloi gehiago izatera bideratuagoak daude, hura azkarrago mugitzera... Beraz, estilo ezberdinak dira, eta badirudi honekin hobeto ari garela.

Rulli edo Willian Jose jokalariak bere mailarik onenera itzuli dira Imanolekin.

Azken finean, dinamika aldaketa bat izan da, bai kolektiboki, baita indibidualki ere. Jokalari batzuei mesede handiagoa egiten die estilo batek; besteentzat, aldiz, entrenatzaile aldaketa hutsak egoera aldatzen du sistemarik aldatu gabe; baina, beti diodan moduan, gauzak ez doazenean ondo eta aldaketaren bat egiten denean lehendabiziko partidetan hobera egiten du egoerak. Hala jarraitu nahiko genuke.

Distirarik gabe irabazi dituzue zenbait partida. Joko onabaino gehiago, eraginkortasuna nahiago duzue?

Futbolean emaitzak dira garrantzitsuenak. Halere, nire iritziz, taldeak itxura sendoa ematea, ondo jokatzea eta edonoiz aurkarira egokitzea garrantzitsuagoa da edozein emaitza baino gehiago. Gerta daiteke emaitzak ez lortzea, baina taldearen lanak mantendu beharra du beti.

Realak badu non hobetu?

Bai, noski. Imanolek nahi dituen zenbait gauza lortu behar ditugu oraindik, sistema berrira egokitzen ari gara... Badugu hobetzeko tartea. Nahiko nuke ahalik eta azkarrena lortzea hori, baina sasoi amaierara arte hobetuko dugulakoan nago.

Urtea hasi zenetik partidako 2,14 puntuko batezbestekoa atera duzue. Hala jarraituz gero, Txapeldunen Ligan zeundekete.

Bai. Tira, ez da normala 2019an batez besteko hori izate. Uste dut urrats garantzitsua egin dugula, eta horri eusten saiatu behar dugula. Zaila izango da, baina ezin dugu behera egin. Mantetzea lortzen badugu, auskalo non gauden sasoi amaieran.

Lehendabiziko urtea duzu Realean. Zer moduz ari zara?

Oso ondo. Egia da lehen urtea dela, eta nahiz eta oso gertuko egiten zaidan kluba, beti kostatzen da. Halere, hiri berria da, ohitura berriak ditut eta kluba ere berria da. Oso gustura nago, geroz eta hobeto nago taldekideekin eta zaleekin, eta honek hobera besterik ezin du egin.

Zergatik erabaki zenuen Realaren eskaintza onartzea?

Oso ondo hitz egin zidaten klubaz, etxetik eta familiatik horren gertu egotea ere garrantzitsua izan zen, eta, bereziki, etorkizunera begira egin duten apustuagatik. Oso jokalari gazteak daude, hemendik urte batzuetara klubari poz handiak ekar diezaieketenak. Ezaugarri oso onak ziren aukera egiteko.

Zelaian ere gustura zabiltza?

Bai. Fisikoki ondo nago, eta segurtasuna eskuratzen ari naiz. Azken finean, lehendabiziko denboraldia dut Espainiako Lehen Mailan, eta igarri egiten da. Banekin iritsi orduko ez nuela erraustuko. Aldaketa guztietara egokitu beharra dago.

Zure maila onenean zaude?

Asko falta zait Mikel Merino onena izateko. Oraindik oso gaztea naiz, eta hobetzeko tarte handia dut. Partidek ematen dute hobekuntza, esperientzia ematen dizutelako. Uste dut partidak igaro ahala joko estilora eta ligara gehiago egokituko naizela, eta jokalari hobea izango naizela.

Osasuna, Borussia Dortmund, Newcastle eta Reala. Gaztea izan arren, talde asko dira. Helduago izaten lagundu dizu?

Noski. Herrialde ezberdinetan zaudenean, klub eta liga ezberdinetan, asko ikasten duzu. Helduago egiten laguntzen du, eta pertsona gisa hazi beharra duzu egoera berrietara egokitzeko. Horrek helduago egiten lagundu dit, eta lagundu egin dit aldagela ulertzen eta zelaian aritzen. Zenbat eta esperientzia gehiago izan gaztetan, orduan eta hobegoa da denborak aurrera egin ahala.

Kirolari familia bat da zurea. Horrek ere lagunduko du.

Bai. Aita futbolari eta ama saskibaloiko jokalari izateak lagundu dit. Zer egin ez nenkiela egon naizenetan, etxera joan, eta galdetu beste lanik ez dut izan. Txikitatik gustatu izan zait mundu hau, eta, orain, gutxi-gehiago badakit zer jarrera izan behar dudan une bakoitzean. Gurasoei eskertu behar diet hori.

Aita, Miguel, Lehen Mailan aritu zen. Hitz egiten duzue futbolaz?

Bai, eta aholkuak eskatzen dizkiot. Hitz egiten dugu, partidak ikusten ditugu, eta gauzak aurpegira esaten dizkit beti. Zer hobetua badut, entzun egiten diot. Berakgehiago daki, urte gehiago daramatza. Futbolarientzat garrantzitsua da norkinguratzen duen, eta alde horretatik oso ondo nago ni.

Osasunaren azken igoeran han zinen zu. Nola ikusten duzu talde ohia?

Ileak tente jartzen zaizkit igoera hartaz oroitzean. Bikain ari dira, talde ona dute, ahal dudanetan joaten naiz ikustera. Badakite zer den Bigarren Maila, eta egoera honetan egotea. Ondo dakite ezin direla lasaitu. Partida bakoitza mundu bat da, lehia handia dago. Txispa handiarekin ikusten ditut, dinamika onean. Ea igotzen diren, eta guk datorren sasoian haien aurka jokatzeko aukerarik dugun.

Igoko direlakoan zaude?

Noski. Erabateko konfiantza dut haiengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.