Eusko Label Liga

Aurten bai: berdindua

Gaur hasiko da, Bilbon, Eusko Label ligaren 17. aldia, erlojuaren aurkako estropada batekin. Hamabi talde lehiatuko dira, hemeretzi estropadako egutegi batean. Parekotasun handia iragartzen da goialdean eta behealdean.

Urdaibai, ahalegin betean, iaz, Kontxako Banderako bigarren igandean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bat Formulako autoak balira bezala, semaforo bidez emango zaie irteera traineruei Eusko Label ligan, eta autoen lasterketetan bezala, hasieran behintzat, elkarren gainean ibiliko dira asko. Batzuk banderen lehian, eta besteak bandera beltzak, jaitsierarenak, harrapa ez ditzan. Hamabi taldeek hemeretzi estropadako egutegia dute parez pare.

Urteroko kontua izaten da berdintasunarena garai honetan, eta gero ez da osotasunean bete izan, baina aurtengoak badu hala izateko aukera handia.Gaurkoa, behintzat, Bilboko erlojupekoa, oso alde txikitan erabaki beharko litzateke (18:00, ETB1).

Ez da gaurko estropada bakarra izango, hala ere. ETE liga eta KAE 1eko hirugarren jardunaldiak Donibane Lohizunen baitira (17:00).

INKESTA

Eusko Label ligako arraunlari eta entrenatzaileak gaur hasiko den sasoiaz mintzatu dira.

1. Zer helburu duzue aurten Eusko Label ligan?

2. Nola ikusten duzu liga?

 



«Gure helburu bakarra, orain, liga berriz irabaztea da»

JOSEBA FERNANDEZURDAIBAI

1. «Azken hiru urteetako irabazleak izanda, berriz ere liga irabaztea da gure asmoa, eta oraintxe hori da helburu bakarra. Uda aurrera nola joaten den ikusita, joango gara beste gauza batzuk prestatuz».

2. «Inoiz baino hautagai gehiago ikusten ditut banderak irabazteko, eta ez hori bakarrik: garesti egongo da puntu bakoitza eskuratzea. Urtetik urtera gero eta zailtasun eta lehiakortasun handiagoa dago Eusko Label ligan».
 



«Lehia gogorra izango dela uste dut, goialdean eta behealdean»

MIKEL ORBAÑANOSHONDARRIBIA

1. «Txukun hasi nahiko genuke. Burua galdu gabe, ohorezko txandan ibili nahiko genuke, baina zaila izango da, aurkari on asko baitaude. Hori lortuz gero, garaipenetatik gertu geundeke, eta irabaztea beti izaten da ona».

2. «Lehia gogorra izango da, goialdean eta behealdean, eta ez da betiko esaldi bat. Maila antzekoa dugun talde asko elkartuko gara. Hasieran, hala izango da, eta gero finkatuko dira postuak».
 



«Azken urteetako helburu bera dugu: irabaztea»

JUAN ZUNZUNEGIZIERBENA

1. «Urtero bezala, irabaztea da helburua. Hori jartzen bada muga moduan, irabazteko lehian egoteko aukera izaten da, baina helburu apalagoak jarrita, nekez izango da talde bat irabazlea».

2. «Liga gogorra eta berdindua izango da, eta postu aldaketa asko egon daitezke egun batetik bestera. Gero, agian, ez da horrela izango, eta gerta daiteke bandera guztiak talde gutxi batzuen artean banatzea, baina oraingoz estu dator».
 



«Hasieran, ezusteak egongo dira: onak eta txarrak»

JON SALSAMENDIORIO

1. «Ohorezko txandan egon nahiko genuke, hori lortzeak egonkortasuna ematen baitu. Gainerakoan, beti bezala, lehiaketa hastean ezustekoak egongo dira, batzuk onak, eta beste batzuk txarrak».

2. «Estropada ia guztietan, bandera irabazteko hautagai asko ikusten ditut, bigarren txandatik joanda besteetan baino aukera gehiago egon baitaitezke aurten banderak irabazteko, batez ere igandeetan».
 



«Goiz da esateko banderen lehian izango garela»

IKER ZABALASANTURTZI

1. «Goiz da Santurtzi banderen lehian ibiliko dela esateko. Gure asmoa da iazko bosgarren postua hobetzea, lau aurrenetan ibiltzea. Hitz potoloak dira horiek, baina talde polita daukagu. Behin hor egonda, orduan hasiko gara hizketan beste helburuez».

2. «Banderen lehian ibiltzeko talde asko ikusten dira orain, beti bezala, baina gero denek ez dute aukerarik izango. Talde indartsuak daude, eta aldeak txikiak izango dira hasieran».
 



«Iazko talde erdia falta zaigu, eta hutsuneak ditugu taldean»

BENI SILVA CABO

1. «Iazko talde erdia falta zaigu, eta hutsuneak ditugu. Pare bat fitxaketa on egin dugu, eta gazteak ere igo ditugu. Mailari eustea da asmoa, eta ea larritasunik gabe lortzen dugun. Entrenamendu onak eta ez hain onak egin ditugu, eta hutsuneak dauzkagu taldean. Urtetik urtera arraunlariak galtzea galera handia da guretzat».

2. «Uste dut besteetan baino talde gehiago ibiliko direla banderen lehian: sei talde ikusten ditut hor».
 



«Zaila izango da aurrerapausoa ematea, maila oso ona delako»

IGOR MAKAZAGADONOSTIARRA

1. «Iaz zazpigarren izan ginen, eta, gora begira jarrita, hor ibili ziren aurreneko bostek hobetu egingo dute. Garesti egongo da hor sartzea; zailtasuna oso-oso handia da. Talde txikiagoa dugu iazkoaren aldean, eta hobea, baina zaila izango da aurrerapauso hori ematea, aurkarien maila oso ona delako».

2. «Oso lehiakor ikusten dut. Estua izango dela uste dut. Talde askok egingo dute hobera, eta handitu egingo da lehiakortasuna».
 



«Bigarren txandan sartu, eta lehiakorrak izan nahi dugu»

IÑAKI ERRASTIONDARROA

1. «Bigarren txandan sartu nahi dugu, eta hortik gerra eman, lehiakorrak izan. Maila ona egongo da txanda horretan, eta neurria eman nahi dugu. Mailari eustearekin ezin dugu ase, baina jakinda eta oso garbi edukita, lo hartzen badugu, edozer gerta daitekeela».

2. «Liga polita izango da ikusteko, eta talde asko ematen du ibiliko direla banderen lehian. Ez du ematen bat nagusituko denik erraztasunez».
 



«Udazkenean baino hobeto ikusten ditut gauzak orain»

MIKEL AROSTEGISAN PEDRO

1. «Mailari eustea da gure asmoa, eta iazko udazkenean baino hobeto ikusten ditut gauzak. Izan ere, arraunlari askok utzi zuten taldea, eta ez genekien liga honetan aritzeko moduko talde lehiakorra osatzeko gai izango ginen. Zazpi gazte datoz B taldetik, eta kanpotik etorritako beste batzuekin, lehiakorragoak gara orain».

2. «Goian, sei talde ikusten ditut indartsu; behealdean, bost talderen arteko borroka egon daiteke».
 



«Ez jaistea da gure asmoa, eta lasaitasunez lortzea hori»

CARLOS RODRIGUEZKAIKU

1. «Gure helburua mailari eustea da, eta, ahal bada, lasaitasunez lortzea, zortzigarren eginda. Iaz ez ginen ondo ibili, eta aurten gazteak eginagoak daude; gainera, azarotik ari gara elkarrekin entrenatzen. Iazko sei titular falta zaizkigu, baina beste sei ekarri ditugu, eta, ustez, talde hobea daukagu».

2. «Berdintasuna egongo da goian eta behean. Sei talde ageri dira orain banderak irabazteko lehian, baina lau izango dira gero».
 



«Mailari eustea ezin da izan guretzat helburu bakarra»

OSERTZ ALDAIISUNTZA

1. «Mailari eustea da asmoa, baina ezin da helburu bakarra izan. Ligari neurria ere hartu nahi diogu, lehiakor izan onenen artean, eta, talde bezala eta bakarka ere, heldutasuna lortuz joan nahi dugu».

2. «Oso lehia zabala eta irekia ikusten dut goialdean, sei edo zazpi talde egon daitezkeelako banderen lehian. Gero, liga aurrera joan ahala, bakoitza bere lekuan geratuko da. Beheko lehia ere estu ikusten dut: polita izango da».
 



«Gure helburu bakarra mailari eustea izango da»

MIGUEL ANGEL RUIZASTILLERO

1. «Gure helburu nagusia, eta bakarra esango nuke, mailari eustea da, talde igo berria garelako. Ea lortzen dugun estropada guztietan bizpahiru talde atzean uztea».

2. «Oso berdindua ikusten dut aurtengo Liga. Goialdeko borroka, batez ere, parekotasun handikoa izango dela iruditzen zait. Ohorezko txandako lau taldeez gain, bigarrenekoren batzuek ere izan dezakete banderak irabazteko aukera, inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.