Aitzol Atutxa. Aizkolaria

«Uste dut etorkizuna ez doala apustuen bidetik»

Uda honetan iaz baino erakustaldi gutxiago egingo ditu Aitzol Atutxak. Entrenamendu zehatzagoekin uztartu nahi ditu. Urrian jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa du jomugan: «Herri kiroletako Frantziako Tourra da».
ARITZ LOIOLA / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko uztailak 2
Ideiak argi ditu Aitzol Atutxak (Dima, Bizkaia, 1988), eta ez du haiek plazaratzeko inolako arazorik. Aizkoradak nola, bizi ematen ditu iritziak ere. Herri kirolen harrobia lantzeko beharra ikusten du, eta txapelketen bidean gehiago sakontzearen aldekoa da: pilota, arrauna eta bertsolaritza jarri ditu adibide.

Lan askoko garaia izaten duzue uda. Nola heldu diozu aurten?

Urtero, filosofia aldatu egiten da: gogoak aldatu egiten dira, eta pertsonok ere aldatu egiten gara. Iaz erakustaldiz betea izan nuen uda, kilometroz betea, eta, astean zehar lanean ibiltzen naizenez, nahiko nekatuta bukatu nuen, gogo gutxirekin. Aurten erakustaldi gutxiago egitea erabaki dut.

Atseden gehixeago hartuko duzu, beraz.

Atseden gehiago baino gehiago, entrenamenduekin uztartuko dut. Badakigu erakustaldiek eta txapelketek erritmoa ematen dutela, baina entrenamendu zehatzagoak egiteko denbora kentzen dute. Hobeto uztartzen saiatuko naiz, psikologikoki hobeto datorkidana egiten.

Urrezko Aizkolarien banakako txapelketa izan duzu azkenengoa. Nahi baino lehen joan zinen kalera?

Ez. Urteak neramatzan finalera iristen, eta behin baino gehiagotan irabazi nuen. Askotan, motibazioak aldatu behar izaten dira, eta, egia esan, ez nuen batere prestatu. Espero nuenean joan nintzen kalera.

Zertan ibili zinen aldi horretan?

Aurten, berritasun moduan, Bostkirol proba izan dugu, eta hori prestatzen ibili ginen buru-belarri. Bikotekide berri batekin aritu nintzen, lagun batekin, Inhar Urruzunorekin. Aurtengo neguko deskonexio puntua hor aurkitu nuen, kirol ezberdinak eginez eta buruari erronka berriak jarriz.

Gisa horretako proba berriak egitearen alde zaude, beraz.

Bai. Badakigu kirol batean mailarik handiena emateko kirol hori praktikatu behar dela. Txirrindulari batek ez du triatloirik egin behar, hori egiten duen momentuan txirrindularitzako errendimendua jaitsi egingo zaiolako. Baina askotan, psikologikoki ondo etor daiteke beste kirol batzuk praktikatzea, norberaren mugak non dauden jakitea.

Amaitu da euskal pentatloian izena emateko epea. Bertan izango zara?

Ez. Ez gogo faltarengatik, baizik eta jarri dituzten datak direla-eta. Onartzen dut jarri beharrekoak direla, baina guretzat Euskal Herriko Txapelketa gain-gainean geratzen da, eta halako gauzak egiteko negua izango litzateke garai hobeagoa. Jende askok eman du izena, eta poztekoa da, herri kirolari eta zale moduan.

Kepa Peñagarikanok eta Joxean Olaskoaga Aizperro-k eman dute izena, besteak beste.

Bai. Izen berriak ere agertu dira: kirolari profesional ohiak, beste modalitateetatik datozenak, herri kiroletan dabiltzanak, gazteagoak direnak... Arrakasta lortzeko bide bat da. Iaz hala izan zen, urteak antolatu gabe egon ostean. Espero dezagun aurten ere hala izatea.

Aipatu duzu ez direla data egokiak zuretzat. Urrian Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala da. Faborito nagusia zara.

Faborito izateak ez du txapelik ematen. Azken bizpahiru txapelak ia faborito izan gabe irabazi ditut; beraz, aurten faborito banaiz, agian ez dut irabaziko. Badakigu txapel horrengatik borrokan egon gaitezkeela, eta uste dut hori jartzen dugula helburu nagusitzat lehen mailaren jiran gabiltzan gehienok. Irabazten bada, ondo, eta irabazten ez baldin bada ere bai.

Iaz estu hartu zintuen Iker Vicentek. Arriskuan ikusten duzu txapela?

Arriskuan ez, ez da-eta nirea. Beste aldetik begiratzen diot: irabazteko aukera da. Edozein tontorretara iristean badakizu iritsi zarela, baina momenturen batean jaitsi egin beharko duzula. Euskal Herriko txapela irabazi nuenean, nik banekien hurrengo urtean agian ez nuela irabaziko. Oraingoz, ibilbide honetaz gozatzen ari naiz; hori da gakoa, eta horretan saiatzen naiz.

Faboritoak aipatzen hasita, Mikel Larrañaga ere goraka dator.

Goraka baino gehiago, goian dago. Iazko finalean ikusi zen zer maila eman zuen: berak irabaz zezakeen, Vicentek edo nik bezalaxe. Aurretik ere ibili zen uneren batean. Orduan, uste dut faborito nagusien artean hiru izen horiek agertzen garen arren, horrek ez duela ezer esan nahi. Hilabeteak daude prestatzeko, atseden hartzeko eta sasoian jartzeko.

Belaunaldi berri bat ere ari da agertzen. Haiei bidea irekitzeko arduradunak zarete?

Guk izan genuen belaunaldi aldaketa baten falta. Oso berandu arte egon ziren betiko aizkolariak, Larretxea, Olasagasti eta horiek guztiak, eta gu ondoren iritsi ginen. Floren Nazabal eta Iñaki Azurmendi egon ziren han, baina, ondoren, gureganako jauzira arte ez zegoen saltorik. Orain, esan daiteke belaunaldi aldaketa hori izan dela; aizkolari gehientsuenok 80ko eta 90eko hamarkadetan jaioak gara, eta orain milennial-ak deiturikoak datoz. Uste dut nahiko ondo ireki diegula bidea, eta haiek ere ireki beharko dutela gure arteko bide hori.

Nolako osasuna du aizkorak Euskal Herrian?

Beste herri kirolen antzekoa. Egia da herri kirolen barruan aizkora eta harri-jasotzea direla nagusi, eta baita probak ere. Esango nuke maila aldetik nahiko osasuntsu dagoela. Lehen hiru erreferentzia aipatu ditut; Vicente, Larrañaga, eta neu. Baina tartean daude Ugaitz Mugertza Gipuzkoako txapelduna, Joseba Otaegi, Iñaki Azurmendi... Kalitate aldetik nahiko osasuntsu gaude; kuantitatiboki beti nahi dugu gehiago, zenbat eta gehiago aritu jarraitzaile gehiago izaten baitira. Erreleboa egoteko, eskolen arlo hori landu beharko litzateke.

Aizkolarien ahotsak ba al du nahikoa pisurik hartzen diren erabakietan?

Oraintxe, ez. Aizkolariek aizkoran egiten dugu. Oso erabaki gutxi hartzen dira, eta egiten diren bideak formatu zaharrekoak dira askotan. Agian, ez dugu jakin eraberritzen, garai berrietara egokitzen, beste kirol batzuek egin duten moduan.

Zer behar da horretarako?

Adibide pila bat daude. Pilota, arrauna, eta bertsolaritza bera. Bertsolaritzak jakin du aldaketa egiten; [txapelketa nagusia] lau urtetik behin egiten, jendea biltzen. Horretarako sortu dira bertso eskolak, arraun klubak eta pilota eskolak herri bakoitzean. Horrek eta teknologia berrien sarrerak indartu egin dituzte. Hiru arlo horietan sartu dira teknologia berriak, eta horrek jendeari baliabide berriak eman dizkio. [Arraunean] denborak hain estu egoteak, adibidez, lotu egiten du, eta ikusgarritasuna ematen dio.

Eskolen bidez bermatu behar da etorkizuna?

Eskolak, klubak, elkarteak... Badaude batzuk, oso txikiak. Ez aizkoran bakarrik; herri kirolak, orokorrean, erraz bil daitezke. Agian, aizkora bera da zailena, egurraren kostuengatik, baina jendea lotzen duena bera da. Herri kirol guztiek ematen dute aukera hori, eta uste dut zerbait antolatu beharko litzatekeela: kluben arteko lehiaketaren bat, edo... Orain indibidualki garen hori elkartu beharko ginatekeela uste dut.

Banaka aritzearen ajeak.

Banaka ez dugu indarrik egiten, ez dugu erabakimenik, norbanakoak garelako, eta, nahiz eta txapelduna izan, federazioen menpe zaude. Federazioek, askotan, badute nahikoa lan txapelketak antolatzen bakarrik. Horregatik, ahalik eta lanik gutxien hartzen dute ahalik eta errazen egiteko, eta ez ahalik eta ondoen.

Zuen belaunaldiak gehiago ezagutarazi dezake aizkora?

Kirol bati balioa emateko, jendeak praktikatu egin behar du. Zergatik baloratzen da hainbeste txirrindularitza? Bizikletan ibiltzea zer den badakitelako, eta profesionalak ikusiz garrantzia ematen zaiolako. Berdin pilotan, arraunean, edo hockeyan. Zerbaiti balioa emateko, probatu egin behar da, eta, horretarako, aukera eman. Ez dadila izan folklore ekitaldi bat, kultura ekitaldi bat. Askotan, herriko jaietan sartzen dira gure kulturaren parte direlako, eta hogei urte daramatzan jende jatorra delako. Ikuskizuna ere bilatu behar da, eta jendeak probatzea. Horregatik da gako gazteek probatze hori. Askotan egoten da, eskola porrota dagoen eran, kirol arloko porrota. Pentsatzen dut Euskal Herriko haurren kasuan neska-mutilen %90k kirolen bat probatu dutela. Nerabezaroan bide asko ixten dira. Hor badago garai egoki bat, herri kirola sar daitekeena, jendea oraindik gogotsu dagoelako eta kirolen bat praktikatu nahi duelako. Askotan ez dakigu zertan garen hoberenak. Nik esan ohi dut cricketean munduko txapeldun izan nintekeela, baina ez badut probatzen, ez dakidala. Herri kiroletan ere hutsune hori dago. Zenbat eta jende gehiagok egin proba, maila hobea edukiko dugu.

Basque Sportsen enbaxadore gisa, herri kirolak ikastoletara-eta gerturatzen ari zarete. Aurrez esan duzuna lortzea da xedea?

Hori da. Bai gazteek, bai haurrek proba dezatela, hitz egin dezatela gurasoekin horri buruz, eta, batez ere, izan ditzatela aritzeko lekuak. 10-12 urteko haur batek gurasoei esaten badie probatu nahi duela, gurasoen %90ek ideia burutik kendu eta pilotan jokatzera joateko esango liekete. Baina gainontzeko %10ek pentsatzen baldin badute «beste kirolak probatu ditu, eta hau zergatik ez?», nora jo behar du? Beti puntu berera iristen gara, ez baitago irteera marra bat. Helmuga badakigu zein den, baina non dago irteera?

Aizkolari batek esana da: «Nik herri kirolak ez ditut apusturik gabe ulertzen». Zeu ez zara oso zalea.

Herri kirolak, bizitza bezala, aldatuz doaz. Lehen, dena zen apustuen inguruan, baina, egun, beste kirol batzuetan ere oso gutxi daude. Gehienak txapelketen bidez egiten dira. Gainera, apustu etxeen gainean dauden gorabeherekin, ni ez naiz oso zalea izan. Bat egin nuen, eta ezin izan nuen jokatu. Agian, patua izango da, eta barruko harrak ezezkoaren alde joko zuen. Uste dut bide guztiak direla zilegi, baina herri kirolen etorkizuna ez doala apustuen bidetik.

Apustu etxeen aurkako mugimenduak izan dezake eraginik herri kiroletan?

Herri kiroletan ez dute eraginik izango, bik egiten dutelako, biren arteko akordio bat delako. Askotan, gehiago saltzen dugu apustuaren inguruan dagoena apustua bera baino. Bide berriak ez dira apustuen bidetik joango; bestela, etorkizun laburra daukagu. Badakigu nondik gatozen, eta garai batean apustuek 20.000 lagun biltzen zituztela plazan, baina, gaur egun, 2.000tik pasatzea ia ezinezkoa zaigu.

Sare sozialetan ibili zalea zara. Herri kirolen inguruan dibulgatzeko aukera bat da?

Badakigu herri kiroletan dugun jarraitzailearen profila ez dela sare sozialetan ibiltzen den horren gisakoa. Beraz, hori egin behar dugu: berritu. Gure gazte jendea, gurekin ikasi duena, ezagutzen gaituena... Horiei guztiei elikagaia eman behar diegu, lotu daitezen. Sare sozialetan ez badago, oso laburra da edozeren etorkizuna. Ezinbesteko baldintza da. Alde horretatik, Egur Sport enpresak, Basque Sports enpresak, Bizkaiko Herri Kirol Federazioak eta abarrek egiten dute nahiko lan. Gainontzekoek, ia-ia hutsaren hurrengoa. Euskadiko Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko Txapelketa da herri kiroletako [Frantziako] Tourra, eta ez da ez propagandarik egiten, ez sare sozialetan agertzen, kirolarion partetik ez bada, behintzat. Gauzak behar bezala egingo balira, non egongo litzateke aizkoraren muga?

Iritziak ere aise ematen dituzu. Ez da oso ohikoa kirolari batengan.

Saiatzen naiz askotan ematen. Sarri, behar den baino gutxiago, beste ardura batzuk ditudalako. Twitter, Facebook eta Instagramen ibiltzen naiz, baina Twitter zalea naiz bereziki. Ez dut beldurrik iritzia emateko. Erreferentziatzat hartzen dut Mikel San Jose [Athleticeko jokalaria]. Bustitzeko beharrik ez du, baina beti ematen du iritzia, errespetuz.

Euskararen aldeko engaiamendua ere maiz erakutsi duzu.

Ez dakit euskara eta herri kirolak bat diren, baina oso batuta doaz. Biak dira gureak, baina uste dut Euskal Herrian herri kirolik gabe bizi gaitezkeela, baina euskararik gabe ez. Euskara galtzen uzten badugu, Euskal Herria galduko dugu. Argi ikusten da hori mapa demografikoetan eta hauteskunde emaitzetan. Euskara maila handia dagoen tokian, euskal nortasuna askoz indartsuagoa da. Euskararen pultsua irabazteko, hiriak irabazi behar dira, eta berdin gertatzen da herri kirolekin. Errespetu osoz diot: Diman eta Beizaman zale asko daude, baina, Bilbo eta Donostiako plazak bete ezean, ibilbide oso motza izango dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Ander De la Hoz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna