Erresuma Batuak eta EBk etorkizun lausoa duen akordioa adostu dute

'Brexit'-erako ituna bihar bozkatuko dute Komunen Ganberan, baina Johnsonek ez du ziurtatua babesa: «Erresuma batu, bakar gisara ateratzeko balioko digu»

Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta Juncker Europako Batzordeko presidentea elkarri eskua ematen, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Inor gutxik espero zuen akordioa, eta bi aldeak testuinguru hori sustatzeaz arduratu ziren Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro hautatu zutenetik. Europako Batasunak (EB) ez zuen asmorik akordioa berriz negoziatzeko, eta Johnsonek ez zuen nahi kontrolik Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean. Baina biek amore eman dute, eta, azken bi asteotan atzera eta aurrera ibili ostean, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ke zuria atera zuen atzo eguerdian, Twitter sare sozialaren bidez: «Konpromiso orekatua da». EBko estatu kideen oniritzia ere badu testu eguneratuak, baina, gaur-gaurkoz, zalantza handiak daude Mantxako kanalaren beste aldeari begiratzeko orduan. 2018ko azaroan gauza bera gertatu zen; déjà vu-a etengabea izaten ari da brexit-aren prozesuan.

Johnsonek «oso ontzat» jo duen akordioak etorkizun lausoa du aurretik, eta Erresuma Batuko lehen ministroak ez du preseski denbora askorik etxekoen iritziak aldarazteko; bihar baitira Komunen Ganberan horren inguruan bozkatzekoak. «Erresuma batu, bakar gisara ateratzeko balioko digu, lau nazioak batera: Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda. Gure lehentasunetan arreta jartzeko garaia dator: mugen kontrola, polizia gehiago kaleetan, NHSa [osasun sistema publikoa] eta beste hainbeste», adierazi zuen atzo Johnsonek Bruselan, hauteskunde kanpainako mitin batean balego bezala.

Alderdikideak eta gainontzeko indar politikoak konbentzitzeko egutegi oso estua du Erresuma Batuko lehen ministroak, 48 ordu eskasekoa: Benn Legearen arabera, larunbateko 00:00etarako ez badiote testua onartu, legez behartuta egongo da EBri hirugarren luzapena eskatzera. Eta hark ez du halakorik egin nahi.

Jarrera hori defendatu du hilabeteotan, baina aste honetara arte iritsi da: izan ere, Stephen Barclay brexit-erako ministroak herenegun baieztatu zuen legea errespetatuko dutela. Hortaz, akordioa onartu edo hirugarren luzapena eskatu, horiek lirateke mahai gainean dauden aukerak.

Alderdi Kontserbadorearen sostengua izaten ari den Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) testuaren onarpena zaildu dio Johnsoni, horren aurka erabat agertu baitzen atzo, Erresuma Batua zatitzen duela argudiatuta: ituna onartuz gero, Ipar Irlanda EBren merkatu bakarreko ondasunen araudiarekin lerrokatuko litzateke, eta aduana batasunaren legedia errespetatu beharko luke ondasunak handik EBra sartzeko «arriskuan» baleude. Kontrolak, gainera, Erresuma Batuko erakundeek egingo lituzkete.

Finean, Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean muga bat sortuko litzateke, nahiz eta Johnsonek iaz adierazi zuen «inork» ez lukeela halakorik onartuko.

Irlanda, erdigunean

Irlandako muga izan da, hasieratik, brexit-aren negoziazioen gatazka nagusia. Hori izan zen Theresa Mayk iazko azaroan EBrekin adostu zuen akordioaren punturik zailena, backstop delako protokoloa: testu horren arabera, Erresuma Batua EBren aduana batasunean geratuko zitekeen.

DUPentzat eta kontserbadore euroeszeptikoentzat, onartezina izan zen, eta testuari hirutan esan zioten ezetz Komunen Ganberan. Mayk, hortaz, bitan eskatu behar izan zuen irteera eguna atzeratzeko. Unionistak kontra agertu dira oraingoan ere, eta, prozesuak erakutsi duenez, haien jarrerak eragin handia du tory euroeszeptikoen hautuan.

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen arabera, hiru aldaketek ahalbidetu dute akordio berria adostea: «Irlandaren baiezkoa, Europako Batzordearen baiezkoa eta aldaketa giltzarri bat: aduana kontrolak izango direla Ipar Irlandan sartu aurretik».

Aldaketa horien artean, batez ere Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarena izan da garrantzitsuena, Mayren backstop-a denboran mugagabea zelako, atzo adosturiko beto eskubideak ahalbidetzen duenaren kontrara.

DUPekoak nabarmen haserretu ditu Ipar Irlandako Parlamentuari emango lioketen beto eskubideak ere. Trantsizioa amaitu eta lau urtean behin, parlamentu horrek EBren araudietan jarraitu ala ez erabakitzeko bozketa egingo luke; zortzi urtean behin, errepublikanoek eta unionistek elkarrekin baiezkoa bozkatuko balute. Ezezkoaren kasuan, bozketa egin eta bi urtera irtengo lirateke araudietatik. «Hori guztia ez da onargarria Erresuma Batuaren barne mugetan. Ipar Irlandako ordezkariek ez dute hitzik izango Ipar Irlandak araudi horietan sartu behar duenaren inguruan», erantzun zuen alderdi unionistak komunikatu baten bidez.

Johnsonek 320 diputaturen babesa beharko du bihar, eta haren alderdiak 288 besterik ez ditu, gehiengo horretatik urrun.Alderdi unionistaren hamar ordezkarien ezezkoak are gehiago zaildu dio zeregina, eta Alderdi Laboristak ere ez du begi onez ikusi Erresuma Batuko lehen ministroak adostu duen akordioa. Jeremy Corbyn laboristen buruzagiarentzat, Mayrena baino «okerragoa» da, baina haren alderdiko diputatu batzuek baiezkoaren alde egin lezakete, prozesuaren lehen partea amaitzeko; haien barrutiak irteeraren aldekoak dira, eta diputatu batzuek asteon testu bat sinatu dute brexit-a «gehiago ez ateratzeko».

Ikusteko dago, halaber, Johnsonek talde parlamentariotik bota zituen hogei bat diputatu kontserbadoreek zer bozkatuko duten, Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP), Galesko Plaid Cymruk, Alderdi Berdeak eta Liberaldemokratek ere testuaren kontra egingo baitute.

Egoera zaila du, baina Erresuma Batuko lehen ministroa baikor agertu zen: «Konfiantza dut parlamentuko nire lankideek akordioaren alde bozkatu nahiko dutela hura aztertu ostean. Itun on bat da Erresuma Batuko guztientzat, bereziki Ipar Irlandarentzat».

Gainontzeko aukerak

Biharko arretaguneetako bat izango da, akordioaren bozketarekin batera, bigarren erreferenduma egiteari buruzko balizko zuzenketa.

Diputatu batzuek aukeratzat aurkeztu dute Johnsonen itunari bigarren galdeketa egiteko agindua itsastea, horrek Komunen Ganberako baiezkoa berma dezakeelakoan. Horrek, noski, laboristen aldeko botoak beharko lituzke, eta Corbynek auzi horren inguruan erakutsi duen anbiguotasunak ez du eman arrakastarako laguntzarik. Atzo ere, ez zuen argitu nahi izan zer egingo luketen testuinguru horretan, hark lehentasuntzat baitu hauteskunde orokorretara aurkeztea.

Bozak egin edo bigarren erreferendumera deitu, bi kasuetan ere hirugarren atzerapena eskatu beharko lioke Johnsonek EBri. Estatu kideek ez zuten aukera hori jorratu atzo abiaturiko Europar Kontseiluan, baina agintariek, modu batera edo bestera, irekita utzi zuten atea. Hori bai, orain artekoak baino luzeago bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.