Albistea entzun

Mikel Nieve. Txirrindularia

«Ilusio berriak piztu zaizkit Caja Ruralekin fitxatu ondoren»

Caja Ruralen «txirrindulari izaten» ikasi zuen Nievek, afizionatu legez, eta hara itzuliko da bere ibilbide luze eta oparoaren azken txanpan. «Gozatzea» izango du xede, emaitzak zehatzak lortzea baingo gehiago.
TIM DE WAELE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2021eko abenduak 8

Denboraldia bukatu bezain laster jaso zuen Caja Ruralen deia Mikel Nievek (Leitza, Nafarroa, 1984). Buruan zebilkion erretiroa hartzeko ideia, baina Nafarroako taldearen eskaintza onartzea erabaki du azkenean. World Tourraz kanpo lehiatuko da urte askoren ostean, baina ez dio axola; gustura aritu besterik ez du nahi, azken bi denboraldietan izandako eroriko gogorrez ahaztuta. 37 urterekin, erroetara itzuliko da, eta ez du baztertzen hurrengo sasoia bere ibilbideko azkena izatea.

Ia urte amaieraraino egon zara datorren urterako talde batekin sinatu gabe. Nola bizi izan duzu egoera?

Hasieran, zalantza batzuekin, eta buruari bueltak emanez. Baina nahiko lasai egon naiz. Denboraldia bukatu eta gero deskonektatu egin nahi nuen. Egun batzuetan gehiago eragin diot buruari, gehiago hausnartu dut etorkizunaren inguruan; beste batzuetan, lasaiago hartu ditut gauzak. Normalena gauzak lehenago argitzea da, eta sekula egon gabea nintzen halako egoera batean. Mitcheltonek nahiko berandu esan zidan ez zuela nirekin kontatzen. Hala tokatu da, eta ez dago besterik.

Hasieran, World Tourrean jarraitzeko asmoa zenuen. Ez duzu eskaintzarik jaso, ala jaso dituzunak ez zaizkizu egokiak iruditu?

Denetarik pixka bat. Denboraldia nola bukatu nuen ikusita, hasieran World Tourrari begiratzen nion bakarrik. Gero, hausnartu ahala, pentsamoldez aldatuz joan nintzen. Urte aldrebesa izan da, erorikoekin eta abar, eta, orain, txirrindularitzaz gozatu nahi dut, beste modu batean baldin bada ere. Gustura aritu nahi dut, besterik gabe. Eta horretarako, ez dut zertan World Tourreko talde batean aritu. Egia esan, geroz eta gusturago nago hartutako erabakiarekin; konbentzituta nago Caja Ruralen ziklismoaz gozatzeko oso aukera polita dudala.

Azken hamabost urteetan osatu duzun ibilbidearekin, ez al zenuen merezi puntako talde baten eskaintza bat?

Merezi nuen edo ez esatea zaila da. Orain, gazteen aldeko joera dago txirrindularitzan, eta ongi deritzot. Bizilegea da, eta kirola ez dago salbuetsita. Nire ustez, hala behar du: gazteak etorri, beraien lekua hartu, eta beteranook pixkanaka gure ibilbidearen bukaerara gerturatzea. Prozesu natural bat da, eta nik ez diot buelta gehiagorik ematen.

Erretiroa hartzea burutik pasatu al zaizu noiz edo noiz?

Bai. Azkeneko urtea nahiko kaskarra izan da, eta ez dut gozatzerik lortu. Denboraldia amaitzean, pentsatu nuen: «Beharbada nahikoa da». Baina denbora pasatu ahala, jabetu naiz oraindik ere txirrindulari izan nahi dudala. Gustuko dut daukagun bizimodua, bere alde on eta txarrekin. Ez nau batere gogaitzen. Hala den bitartean, aurrera jarraituko dut. Gainera, sentitzen dut ekarpen garrantzitsua egin dezakedala aro berri honetan, eta horrek motibatu egiten nau. Ilusio berriak piztu zaizkit Caja Ruralekin fitxatu ondoren.

Noiz deitu zintuen aurrenekoz Caja Ruralek, eta nolakoa izan da negoziazioa?

Berehala deitu ninduten, denboraldia bukatu orduko. Beraiek bazekiten zein zen nire egoera, eta harremanetan izan gara hasieratik. Oraindik taldean jarraitzen dute afizionatu garaian ezagutu nituen pertsona batzuek, eta berehala hasi zitzaizkidan galdezka, ea zer asmo nuen etorkizunerako, eta ea itzultzeko aukerarik balegoken. Hizketan aritu gara denbora batez, ados jarri garen arte. Bi aldeak gaude pozik.

Jatorrietara itzultzeko aukera izango duzu, afizionatu gisa bost urtez aritu baitzinen Caja Ruralen. Zirkulua itxiko duzu, alegia.

Berezia egiten zait, eta ilusioz bizi dut aukera hau. Aspaldi ibili nintzen ni talde honetan, eta, geroztik, asko handitu da, afizionatu mailatik profesionaletara jauzi eginda. Lehen esan bezala, ezagun zaharrekin elkartuko naiz, eta ilusioa eragiten dit berriz ere Caja Ruralen maillota janzteak.

Zer oroitzapen duzu afizionatu garaiez?

Oroitzapen urrunak ditut, denbora asko pasatu delako, baina garai politak izan zirela esango nizuke. Inguruko jendea genbiltzan taldean, eta lagun batzuk ere baziren. Gazte mailatik dezenteko jauzia zegoen amateur mailara, eta, nolabait ere, txirrindulari izaten ikasi nuen. Urte garrantzitsuak izan ziren niretzat.

Gainera, bost garaipen lortu zenituen; bakarka bostak ere. Gerora profesionaletan egingo zenuenaren aurrerapena izan zen, ala?

Esprint azkarra ez duzunean, ez zaizu beste erremediorik gelditzen, urrundik saiatzea baino. Hala lortu ditut nire ibilbideko garaipen guztiak, beste modurik ez delako izan. Bakoitzaren bertuteak eta gabeziak zeintzuk diren jakin behar da.

Orain, urte luzez pilatutako irakaspenak gazteei helarazten saiatuko zara. Eta kirol arloan, zer-nolako helburuak izango dituzu?

Ahal dudan mailarik onena ematea, eta horrekin gozatzen saiatzea. Eta horrekin batera, taldeari ahalik eta gehien lagundu nahi diot. Garaipenez-eta nahiago dut ez pentsatu: hamabost urtetan bost besterik ez dut lortu profesional gisa. Ez naiz oso irabazlea, beraz, ez zait komeni halako helburuak jartzea. Gainera, urteak aurrera doaz, eta geroz eta zailagoa da irabaztea. Baina nire mailarik onenean banago, eta aurrean sartuz gero, tokatu liteke. Zergatik ez. Gutxienez, saiatu egingo naiz.

Zer lasterketatan parte hartu nahiko zenuke?

Zer egutegi dugun ikusi beharko dut. Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian egon nahiko nuke, eta, noski, Espainiako Vueltan lehiatzea ere ederra izango litzateke. Urte asko daramatza taldeak Vueltan irabazi gabe, eta nik han lortu nuen nire lehen garaipena [2010ean izan zen, lasterketako 16. etapan]. Handia litzateke berriro irabaztea, baina errealista izan beharra dago, eta badakit oso zaila dela. Uste dut lor dezakegula, baina garbi edukita zortea alde eduki beharko genukeela. Lehen gauza, gonbidapena lortzea da, eta hori errepidean irabazi beharreko saria da.

Urte hauetan Caja Rural asko hazi dela aipatu duzu, eta zutaz ere beste horrenbeste esan daiteke. Perspektibaz begiratuta, nola ikusten duzu orain arte egindakoa?

Ez diot arreta handirik jartzen iraganean egindakoari, baina inoiz pentsatuko nukeen baino gehiago lortu dut, hori garbi daukat. Oroitzapen ikaragarriak ditut, eta oso eskertuta eta zorteko sentitzen naiz. Baina ez naiz atzera asko begiratzen duten horietakoa. Bizi izandakoa oso polita izan da bere momentuan, baina unean-unekoa bizitzen saiatzen naiz.

Euskaltel, Sky eta Mitchelton; proiektu ezberdinak, garai ezberdinetan. Baina denetan egin duzu distira, ezta?

Sasoiko egon naizenetan oso aurrean ibiltzeko zortea izan dut, eta asko gozatu dut leku guztietan. Ezingo nuke garai bat aukeratu; talde guztietan ibili naiz oso gustura. Aro bakoitzean esperientzia ezberdinak izan ditut, eta asko aberastu naute txirrindulari nahiz pertsona gisa.

Zer zeregin izan duzu gogokoago orain arte, liderrentzat lan egitea, ala etapa ehizan aritzea?

Zaila da esatea. Oso gustura egin ditut bi gauzak. Liderrak babesten ere gozatzen da. Nire lana izan da, eta ahalik eta ondoena egiten saiatu naiz. Adibidez, Froomerekin bizitakoa oso berezia izan da: Tourra irabaztea, Parisera maillot horiarekin iristea... Oso gustagarria da lider batek zuk egindako lana errematatzea eta aitortzea, Froomerekin gertatu bezala.

Azken denboraldietan behera egin duzue bai Froomek eta bai zuk. Errua erorikoei egozten diezu, ala fisikoki ere beherakada nabaritu duzu?

Nik badakit oso lan ona egin dudala, eta oso ongi sentitzen nintzela. Ordea, iaz Tour hasieran erori eta arrastaka ibili nintzen, eta aurten ere dezenteko kolpeak hartu ditut bi helburu nagusietan, Giroan eta Vueltan. Ez dut maila eman, baina ez da izan lana txarra izan delako edo gaizki nengoelako. Urte hauetan zorte hobea izan dut erorikoekin, baina batzuetan halako bolada txarrak iristen dira. Nire ondorioak atera ditut, eta ea egoerari buelta ematen diodan.

Datorrena zure azken denboraldia izan daiteke ziklismoan?

Ikusiko da. Azkena izan daiteke, baina, aldi berean, ez dut esaten jarraituko ez dudanik. Denboraldi on bat egiten eta bizikletan gozatzen saiatuko naiz, eta gauzak nola doazkidan ikusi beharko dut. Sentsazioen eta emaitzen arabera hartuko dut erabakia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Williams, David Alabarekin lehian, Real Madrilen aurka jokatutako Espainiako Superkopako finalean. ©JULIO MUÑOZ / EFE

Zailenak, baina etxekoen babesaz

Julen Etxeberria

Athleticek Real Madril izango du aurkari Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta Realak, Betis. Biek etxean jokatuko dute kanporaketako partida bakarra, otsailaren 3an
Mendizale bat erreskateko helikopteroari begira, Belaguako aterpetxearen inguruan. ©JESUS DIGES / EFE

Mendia ez dago edonorentzat

Unai Ugartemendia

Urtea hasi zenetik bost mendizale hil dira Pirinioetan. Azken astean gehiago korapilatu da kontua, eguraldiak asko aldatu baitu elurraren egoera. Zuhurtzia eskatu dute.
Gernikako Itziar Ariztimuño eta IDK-ko Yurena Diaz lehian, lehen itzuliko partidan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Atzerapenez ahaztu nahi dute

Ainara Arratibel Gascon

Derbia jokatuko dute bihar eguerdian, Donostiako Gaska kiroldegian, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak. Bi taldeak «gogotsu» dira, behingoz segidan lehiatu ahal izateko.
Alexander Sorloth eta Yeray Alvarez lehian, Anoetan jokatutako derbian. ©Gorka Rubio / Foku

Athletic-Real Madril eta Reala-Betis, Espainiako Kopan

Julen Etxeberria

Zuri-gorriek eta txuri-urdinek etxean jokatuko dute final-laurdenetako partida bakarra, otsailaren 3an

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.