Pilota. EPEL-en Buruz buruko Txapelketako finala. Unai Iglesias. Baikoko kudeatzailea

«Aspeko norbait fitxatu? Ez dugu aipatu ere egin»

Sei hilabete daramatza karguan, eta gustura dago, kirol emaitzak onak izan ez diren arren. Olaizola II.aren itzuleran eta gazteen garapenean du fedea jarria bolada aldatzeko. Hala ere, nabarmendu du udako jaialdien salmenta martxa onean doala.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Baikok Bilbo erdian duen bulego berri ponposoan egin du hitzordua Unai Iglesiasek (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1977). Asegarcetik Baikorako trantsizioa bizi izan du, eta ari zaio neurria hartzen karguari. Enpresaria da; nabaritzen zaio hitz egitean: badaki esanikoak isildutakoak adina interpretatuko direla.

Duela sei hilabete hartu zenuen kargua. Zein balantze egiten duzu?

Lau eta erdiko finalerdietan sartu nintzen enpresan, eta pena bakarra dut: emaitzak ez direla izan onenak. Nik uste dut hau boladaka doala. Gazteak ondo ari dira lanean, eta honi buelta emateko itxaropena badugu.

Pilota munduan zenbiltzan, baina ez profesionalean. Espero zenuena aurkitu al duzu?

Nik profesional mundua telebistan ikusita ezagutzen nuen, eta, behin barrutik ezagututa, ez du zerikusirik nik uste nuenarekin. Zenbat jende mugitzen duen, zelako lana dagoen atzetik... Zer lan dagoen ikusten ari naiz, eta oso pozik nago. Ikusleak badabiltza, eta binakako txapelketa polita izan zen.

Zu iritsi eta berehala Asegarce Baiko bilakatu zen. Zerbait aldatu al da?

Ez; guk pilota arloa daramagu. Izen aldaketa bai, baina gurean ez da aldaketa askorik egon.

Urrutikoetxea finalera iristea lasaitua izan al da?

Bai, noski. Guretzat oso puntu positiboa izan da, azkenaldian gure emaitzak ez direlako onenak izan. Esan dizudan bezala, hau boladaka doa; gazteak ondo ari dira lanean, eta espero dugu epe motzean buelta ematea.

Kirol aldetik urte oso gogorra izaten ari da.

Argi dago: gogorra izan da. Ikusi dugu lau eta erdiko zein binakako finalean pilotari guztiak Asperenak izan direla. Berriz diot: Urrutikoetxea banakako finalean ikustea poztasuna izan da.

Urrutikoetxeak ez badu irabazten, bi sasoi oso izango dira txapelik gabe. Bolada luzea da.

Bai, oso luzea da, eta ez da enpresarentzako gauzarik onena. Banakako txapelketatik aurrera gauzak aldatzea espero dugu: Olaizola itzuli egingo da; Mariezkurrena gaztea ere oso garrantzitsua izango da, aurtengo gure albisterik onena. Eta espero dugu bolada beste aldera joatea.

Uste zabaldua da Aspe eta Baikoko pilotari multzoen artean alde handia dagoela. Hala al da?

Gure enpresan ere pilotari bikainak daude, eta badakit hau bolada luzea dela. Olaizola sasoian jartzea espero dut, gaixotasunaren ondoren Urrutikoetxea ez zen betikoa izan, Artolak ere gehiago joka dezakeela uste dut... Aurrelari multzo oso gaztea dugu enpresan, eta espero dugu horiek gora iristea.

Bai, baina pausoa ematea kostatzen ari zaie gazte horiei.

Bilakaera ikusi behar da. Ezkurdiari ere kosta egin zitzaion 26-27 urteak bete arte; Urrutikoetxeak ere gaizki pasatu zuen lehen urteetan... Hurrengo urteetan aukera izango dute.

Urrutikoetxeari erabat indartzea falta zaio?

Ez. Buruz buruko txapelketan bere onenean egon da. Binakakoan, aldiz, ez. Binakakoan pixka bat falta zitzaion oraindik. Gaixotasun horrek gogor astintzen ditu kirolariak, eta egon dira kasuak urte askoan buelta eman ezinik egon direnak. Baina bera sasoi betean iritsi da buruz burukora.

Bolada txarraren konponbidea zein da?

Hemen ez dago formula magikorik: lana da bidea, eta zorte pixka bat. Sasoi honetan lesio gogorrak izan ditugu.

Aspeko pilotaririk ukitzea pentsatu al duzue? Irribarriaren inguruko zurrumurrua hor dabil.

Ez. Badakit zurrumurrua badabilela, baina nik konfiantza osoa dut gure multzoko pilotariengan. Egia esan dizut: konfiantza dugu Lasorengan, Artolarengan,Victorrengan...

Aspekorik ez orduan?

Printzipioz, ez.

Printzipioz?

Egia esan, guk ez dugu aipatu ere egin horrelakorik.

Gazteak aipatu dituzu, baten batek udan jauzia ematea edo estelarretan sartzea espero al duzu?

Esan ditudan hiru horiek. Aurrelariak. Agirre... Alberdi ere bai. Horiek epe laburrean goian egoteko pilotariak dira.

Udako torneoetan ikusiko al ditugu?

Olaizola, sasoiko badago; Urruti, Bengoetxea... Artolak aukerak izango dituela uste dut. Besteek pixkanaka lan egin beharko dute.

Debutik espero al da udan?

Pilotari batzuek kontratua bukatuko dute laster, eta entrenatzen ari diren pilotariekin ikusi behar da zer egiten dugun. Lesio batzuk ere baditugu: Peñarena luzerako den ala ez, Arretxeren kontratua amaituko da... Ez dut debutik baztertzen.

Asko hitz egin da klubei ordaindu beharreko formakuntza kanona ordaintzeari buruz.

Guk ez, printzipioz ez. Guk euregaz egiten dugu lana. Guk pilotariekin entrenamenduak antolatzen ditugu hamabostean behin.

Kontratua berritzeak aipatu dituzu lehenago. Ekainean hiru pilotarirekin duzuen akordioa bukatuko da: Bengoetxea VI.a, Arretxe II.a eta Artola.

Etxegoienek eta Zabalak urte baterako luzatu berri dute. Beste hirurekin ez dugu hitz egin oraindik, eta laster bilduko gara eurekin. Kontratu negoziazioak, dena den, nire gainekoek eramaten dituzte.

Oro har zer osasun du pilota profesionalak?

Uste dut ona duela, batez ere ikusle kopuruari dagokionez. Ni sartu nintzenean ez nuen espero hainbeste ikusle egoterik, batez ere binakako txapelketan. Jende asko erakarri duen txapelketa bat izan da. Azken urtean, esaten zuten buruz burukoa beherantz zihoala, baina badu bere xarma, eta lauzpabost pilotarik dute irabazteko aukera. Pare bat kenduta, oro har partida guztiak oso onak atera dira.

Hau da udako jaialdiak saltzeko garaia, zer moduz doa?

Ondo. Uste baino hobeto. Ekainerako jaialdi batzuk atera dira.

Telefonoak jotzen al du?

Bai, batez ere Bizkaitik, Urrutiren inguruan.

Kirol urtea ona ez izatea nabaritzen al da salmentan?

Bai; azkenean, herri gehienetan txapeldunak nahi izaten dituzte. Guretzat puntu ona izan daiteke Urrutikoetxeak finala jokatzea edota txapela janztea. Nik uste baino hobeto goaz, dena den. Ekainean hamar-hamabi jaialdi ditugu. Mugimendua badabil, eta udalek interesa dute.

Zein da egun herrietatik gehien eskatzen duten pilotaria?

Olaizola II.a herri askotan eskatzen dute oraindik, adinean gora doan arren. Pilotari handi izandakoa da, eta oraindik ere hala da. Gure amu handienak Urrutikoetxea eta bera dira.

Finala Bilboko pilotalekuan jokatuko da, eta beteko da. Baina aurten kostatu zaio itxuratzea.

Partida onak eman ditugunean, ondo egon da. Azkenean ez da Labrit bat, baina partida onak jarri ditugunean sarrera txukunak izan ditu.

Bilbon jaialdi asko jokatzen dira Bizkaiko Aldundiarekin sinaturiko kontratuak hala behartuta. Gehiegi al dira?

Hamabost bat urtean, eta ez dira gehiegi. Partida handiak direnean, jendeak erantzuten du. Iruñean 40tik gora ematen ditugu. Labrit oso ondo dago, eta beti jende ezberdina da. Internetez sarrera erosi ahal izatea ideia oso ona izan da. Kostatzen zaigu jendea Internerera bidaltzea, baina aldaketa oso positiboa izan da. Kanpoko jende asko dator; asteburua denborarekin antolatzen duena. Dena den, badakigu adineko jendeari kosta egiten zaiola jauzia ematea.

Sanferminetako feria diseinatu al duzue dagoeneko?

Asmoa betiko antzera ibiltzea da, Labriten. Agian, aldaketa batzuk egongo dira, baina hitz egiten ari gara oraindik.

Uztailaren 7ko jaialdia Nafarroa Arenara eramango al duzue?

Aurkezpenean zerbaiten berri emango dugu. Baina ia seguru Labritera joango gara [Gerora zabaldu da Masterseko finala joango dela Nafarroa Arenara].

Zein asmo duzue Nafarroa Arenarekin? Finalez haratago hara joatea aztertu al duzue?

Oso interesgarria da pilotarentzat. Finaletaz haratago? Zergatik ez. Aurrerantzean eurekin batzartzekoak gara. Ez dakit hurrengo urtean gehiagotan joango garen, baina hain ondo dabil Labrit... ez dugu baztertzen, ez dakit.

Epaile erakunde propioa osatu zenuten. Erabakiaren zer balorazio egiten duzue?

Oso positiboa. Epaileekin oso pozik gaude. Jendeak esaten zuen esperientzia gutxi zutela. Bada, asko aurretik EPELen epaile izandakoak dira. Epaile gazteak ere oso onak dira. Oso gustura.

Ez da atzera pausorik egongo?

Ez. Guk gure taldea sortu dugu, eta ez da atzerapausorik emango.

Eta botilleroen kontuan?

Enpresen artean erabaki zuten, eta ez dut uste aurrerantzean aldaketarik egongo denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.