Iker Irribarria. Aspeko pilotaria

«Ez zait iruditzen postuak aldatu beharrik dugunik»

Hasi orduko, aurrera egiteko ia aukerarik gabe geratu dira Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria Caixabank Mastersean, lehen zazpi partidak galduta. Irribarriak autokritika egin du, baina zehaztu du «zaila» izan bada geldialditik itzultzea «are zailagoa» izan dela postua aldatuta. Halere, «gero eta hobeto» ari dela dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusa dela eta, hiru hilabete luzez partidarik jokatu gabe egon ostean, Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996) «ilusioz eta gogoz» ekin zion Caixabank Mastersari. Baita «ezinegon pixka batekin» ere. Aspek atzelari gisa jarri zuen lehen aldiz txapelketa batean, Mikel Urrutikoetxearen bizkarra zainduz. Eta haren zoritxarrerako, kezka errealitate krudela bilakatu da. Lehen itzuliko zazpi partidak jokatuta, ez dute bakar bat ere irabazi. «Zaila da, baina aurrera egin beharra dago. Ezdago besterik», aitortu du.

Zer moduz zaude animoz?

Lasai nago. Pixkanaka-pixkanaka, sasoian jartzen ari naiz. Baina zaila da. Hain geldialdi luzea izan eta gero, berriz lehiari ekitea zaila baldin bada, are zailagoa postua aldatuta. Sufritzen ari gara.

Zazpi partida jokatu dituzue, eta zazpiak galdu dituzue. Min egiten du sailkapena ikusteak?

Dudarik gabe. Lagundu, behintzat, ez du batere laguntzen. Hobeto ari naizela uste dut, pilota gutxiago galduz, baina sailkapenari erreparatu eta ikusten duzunean ez duzula punturik eskuratu, eta azkenekoa zarela, bada, beti kostatzen da gehiago aurrera egitea. Irabazten hasi eta bolada ona harrapatzen duzunean, gauzak askoz errazago izaten dira.

Zertan ari zarete huts egiten?

Niretzat oso zaila da atzean aritzea, baina baita Urrutirentzat ere aurrean jokatzea. Berak badaki atzean aritzea zer den, eta azken txapelketan, binakakoan, halaxe aritu zen, atzelari gisa. Eta, orain, aurrean ari da, eta berria da harentzat. Ez da asko entrenatu postu horretan aritzeko. Biok dugu egiteko zaila. Baina ahalegintzen gara elkarri laguntzen: berak badaki zein pilota datozkidan gaizki, eta ni saiatzen naiz harentzat txarrak izan daitezkeen pilotak kentzen. Guretzat hori da garrantzitsuena: bion lanari esker, aurrera egitea. Baina kosta egiten da. Kosta egiten da sasoirik onenean ez zaudenean, edo txispa falta zaizunean, baina, batez ere, ikusten duzunean sailkapenean ez dituzula puntuak lortzen.

Egoerari buelta emateko indarrez zaudete, ala etsipena ari da nagusitzen?

Sailkapenari bakarrik erreparatuta, hondoa jota ginateke. Baina gu lasai gaude. Badakigu hau ez dela izango betirako. Gure lanarekin gustura geratzeak izan behar du gure helburua aurrerantzean.

Beldur zinen gaizki hasiz gero ez ote zitzaizuen «luzea» egingouda. Itxura du hala izango dela.

Emaitzengatik izan daiteke luzea. Kostatzen ari da lehen puntua lortzen. Baina lasai nago. Egoera zehatz bat dela, eta hau ere pasatuko dela. Badakit gauza asko ditudala hobetzeko, baina gustura nago: poliki-poliki, gero eta pilota gutxiago ari naiz galtzen, sakeetan tokia hartzen ari naiz... Oker dago uste duenak hau erraza dela.

Ez zaizue burutik pasatu postuak aldatzea? Edo ezin duzue egin?

Araudian ez du inon jartzen ezin ditugunik aldatu. Baina horrela jokatzeko esan badigute, horrela jokatu behar dugu. Gainera, ez zait iruditzen postuak aldatu beharrik dugunik. Norbaitek min hartuz gero, izango dugu aukera, baina, oraingoz, ez. Orain arte bezala segituko dugu.

Aurkezpenean bertan ohartarazi zenuen erronkaren zailtasunaz.

Ikaragarri jokatzen duten atzelariak daudelako. Nik eutsi egin dezaket atzean, eta gero eta pilota gutxiago galdu, baina oso zaila da nik partida osoan eustea eta menderatzea. Horixe falta zaigu. Nik menderatzen baldin badut, Urrutik ondo erremata dezake jokaldia, baina ez badut menderatzen, zailagoa da tantoa egitea, kontrakarrean aritu behar baitugu.

Zuk esana da Urrutikoetxeak zer-nola laguntzen zizun horren araberakoa izango zela zuk atzean zer maila emango zenuen. Arrazoi bat edo bestea dela, nahi baino gutxiago lagundu dizu.

Bai, baina nik badakit berak lagundu nahi didala, eta ahal duen guztia egiten ari dela. Bera ere sufritzen ari da, ez dugulako irabazi, eta ez gaudelako itxura ona ematen ari. Baina haren egoeran jarri behar da: zenbat lagundu behar dit? Berak atzean jokatu du azken txapelketa; gero, denok bezala, geldialdi luzea izan du, eta, gainera, bizitza ere pixka bat aldatu zaio. Hori guztia kontuan hartu behar da.

Atzelari gisa, non duzu gehien hobetzeko?

Erregulartasuna falta zait. Pilotari kolpe bat, bi edo hiru ondo ematen dizkiot, baina bosgarrenerako jada ez diot horren ondo ematen, eta, horren ondorioz, menderatzeari uzten diogu. Tanto luzeetan eustea eta pilota gutxi galtzea, horixe ari zait kostatzen gehien. Kolpe gutxiago duten atzelarien aurka, nola edo hala iraun dezaket, baina Rezusta, Zabaleta edo Albisu egurrean hasten direnean, oso zaila da irautea. Alde handia dago.

Nola hartu zenuen enpresak atzelari izango zinela esateak?

Nire sentipena ez zen oso ona izan. Batetik, geldialdi luze batetik gentozelako. Eta, bestetik, ez zidatelako nik nahi besteko denborarekin esan. Azken orduko erabakia izan zen. Ez dakit haiek ere denbora izan ote zuten erabakia hartzeko, baina niri nahiko berandu esan zidaten. Atzelari gisa entrenamendu bakarra eginda jokatu nuen lehen partida.

Orduantxe esan zizuten Urrutikoetxearekin jokatuko zenuela eta zu izango zinela atzelari? Hala izan bazen, ez zenien planteatupostuak aldatzea?

Momentuan ez nuen ezer planteatu. Egoera ez zegoen halako gauzak planteatzeko. Nik ondo hartu nuen txapelketa jokatzeko aukera izatea, eta enpresako teknikariek animatu egin ninduten; beti esan didate zaila izango dela, baina atzean joka dezakedala, pixkanaka-pixkanaka hartuko diodala neurria. Eta hori ari da gertatzen: poliki-poliki gero eta hobeto ari naiz. Niretzat garrantzitsuena da ikustea aurrean joka dezakedala, eta, denbora pixka bat gehiagorekin, baita atzean ere.

Esan duzu atzelari izango zinela jakinarazi zizutenean ez zela beste gauza batzuk planteatzeko garaia. Beldur zinen ez zizutela tokia egingo txapelketan?

Argi eta garbi. Ez nuen batere argi txapelketan tokia izango nuenik. Zaila da barruan egotea azkeneko txapelketan atzean geratu zarenean, kanpoan, eta ez duzunean zure lana ondo egin. Hasieran, ez genekien zein txapelketa mota izango zen, eta uda osoan jokatuko zen bat izango zela jakin genuenean ez nuen batere argi ikusi tokia izango ote nuen. Zorionez, barruan nago.

Horren denbora luzean pilotan aritu ezinda sufritzen egon ostean, gozatzeko garaia izan beharko luke itzulerak. Baina zuen kasuan, zerbait egiten ari bazarete, hori sufritzen da. Amorrua ematen du horrek?

Guretzat garrantzitsuena da jokatzen ari garela, eta poliki-poliki erritmoa hartzen ari garela. Baina gogorra ari da izaten itzulera. Aurretik ere gaizki pasatu nuen: lehenbizi, binakakotik atera ninduten; gero, etxean sartu gintuzten, eta, berriz ere pilotarako gogoa piztu zitzaidanean, konfinamenduaren garairik gogorrena iritsi zen. Orain, itzuli egin gara, baina gogorra da buelta ere. Baina hau ere pasatuko da. Ez da betirako izango.

Urtebete zaila daramazu. Nahi baino gehiago ari zara sufritzen?

Beti ezin da gozatu. Baina momentu onak ere izan ditut, eta partida oso onak jokatu ditut. Badakit gorabeheratsu aritzen naizela, baina lasai nago, lanean ari gara horri irtenbidea emateko. Zorionez, ez dut lesiorik izan. Hori da garrantzitsuena. Ea azkar egokitzen garen normaltasun berri honetara. Denontzat ere zaila da buelta. Gizarte osoak egokitu behar du garai honetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.