Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Txispa, gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Autokritika egin du, eta aitortu «hustuta» amaitu zuela urtea, eta kosta egin zaiola egoerari «buelta ematea». Baina «pozik» dago Galarza eta bera suspertu egin direlako eta azken bi lehiak irabazi dituztelako. Gaur erronka zaila dute, Olaizola-Rezustaren aurka.

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ahotsean bertan nabari zaio Joseba Ezkurdiari (Arbizu, Nafarroa, 1991) animatuago dagoela. Azken bi garaipenek mesede galanta egin diete hari eta Ladis Galarzari. Bide horri eutsi nahi diote orain.

Irabazteak dena aldatzen du?

Dudarik gabe. Astea hobeto hasten duzu; gusturago eta lasaiago entrenatzen zara, eta umore hobea duzu. Errazago egiten da dena.

Batzuetan hondoa jo behar da indartsuago gora egiteko. Hala egin duzue zuek?

Bai, eta aitortu behar dut aurreko binakakoa amaitutakoan hustuta geratu nintzela. Lau eta erdikoa jokatu nuen gero, baina ez nituen sentipen onak izan; kosta egin zitzaidan buruari eta gorputzari buelta ematea, eta binakakoa ere gaizki hasi genuen: ez nuen ondo ikusten neure burua, eta, hori ikusita, haserretu egiten nintzen neure buruarekin. Baina, poliki-poliki, gero eta sentipen hobeak ditugu. Oso pozik gaude, gero eta hobeto ari garelako.

Lehen partida 22-3 galtzeak ere ez du batere lagunduko, ezta?

Batere ez. Egia da bikote faboritoetako bat izan genuela aurrean [Elezkano II.a-Zabaleta], baina ez da batere gustagarria hiru tantotan geratzea. Oso sentipen txarrak izan genituen partida osoan: ez ginen gai izan ezer egiteko, ezta aurkariak apur bat behartzeko ere. Gure gainetik pasatu ziren. Gogorra izan zen. Hiru tantotan geratzea ez da txapelketa bati ekiteko modurik onena.

Inoiz sentitu al zenuen halako ezintasunik frontoi batean?

Gogoratzen dut 2017ko Eguberri Egunean Zabaletak eta biok 22-6 galdu genuela Eibarren, Elezkano-Rezustaren kontra. Oso-oso gaizki jokatu nuen egun horretan, baina egoera oso bestelakoa zen: nik orduan ez nuen horrenbesteko konfiantzarik neure buruarengan. Ordutik, ez nuen halako etsipen eta ezintasun sentipenik izan: aurkariari min egiten saiatu eta saiatu, eta ezertxo ere ez lortu. Gogorra izan zen.

Egun txar bat izan zitekeen, baina hurrengo partidan ere ezinean aritu zineten: 22-11 galdu zenuten Altuna III.a-Mariezkurrena II.aren aurka. Autokritika zorrotza egin zenuen egun horretan: «Bikotea egiten ez badugu, zaila izango dugu txapelketan aurrera egitea», esan zenuen.

Ez genuen gurea egin. Defentsan ez nintzen ondo aritu, eta erasoan txisparik gabe aritu nintzen. Argi ikusi nuen ez nengoela ondo; akituta eta hustuta amaitu nuela urtea, eta kostatzen ari zitzaidala txipa aldatzea eta buruari eta gorputzari buelta ematea. Mugarri izan zen partida hori; elkarri agindu genion esnatu egin beharra genuela. Buru-belarri hasi ginen lanean, lasaiago, eta, zorionez, asteek aurrera egin ahala, gero eta sentipen hobeak izan ditugu.

Nolakoa izan zen bigarren partida horren ondorena?

Frontoiko aldagelan bertan hitz egin nuen Ladisekin, baita hiru egun geroago Bergaran [Gipuzkoa] egin genuen entrenamenduan ere. Argi eta garbi hitz egin genion elkarri: zer sentitzen genuen esan genion elkarri. Lagunak gara, eta konfiantza dugu elkarren artean. Egin beharra genuen; onena da. Ordutik, buru-belarri ari gara entrenatzen: zertan hobetu dezakegun eta zer egin nahi dugun bikote moduan. Poliki-poliki ari gara lortzen.

Bikotea egiteko, beharrezkoa da argi eta garbi hitz egitea?

Bai. Frontoira ateratzen garenean denok nahi dugu ahal den lanik onena egin. Kontu batzuk hobetu behar ziren, eta hobetu behar dira. Pentsatzen duguna esan beharra dago, beti errespetuz. Barruan geratzen bada, okerragoa da.

2018-2019ko binakakoan elkarrekin jokatu zenuten Galarzak eta zuk, eta ondo aritu zineten: finalerdiak jokatzear egon zineten. Aurretik elkarrekin jokatu izanak ez luke abantaila izan behar?

Bai, baina txapelketa horretan ere antzekoa pasatu zitzaigun: partida gutxi irabazi genituen ligaxkako lehen itzulian [bi besterik ez], baina bigarrengoan hobeto aritu ginen [zazpi partidetatik bost irabazi zituzten]. Sekretua elkarrekin entrenatzea da. Frontoian, entrenatzen, orduak sartu behar dituen pilotaria da Ladis; partidak jokatu ahala, sentipen hobeagoak izaten ditu. Ez dugu garaipen gutxi lortu nahi lehen itzulian, aurreko binakakoan bezala, eta, horretarako, lana egin behar dugu, entrenatu, elkarrekin ibili; finean, bikotea egin.

Hobekuntza zantzuak sumatu ziren laugarren neurketan: tanto bakar batengatik galdu zenuten Jaka-Martijaren aurka.

Pena izan zen tanto bakar batengatik galdu izana, baina lehiakorrak izan ginen, eta azkeneraino borrokatu ginen. Nahiz eta galdu, zure lana egiten baduzu, eta kontrarioari lana ematen badiozu, beste sentipen batekin joaten zara etxera.

Laugarren ahaleginean lortu zenuten lehenbiziko garaipena: 22-14 irabazi zenieten Zubizarreta III.a-Albisuri. Lasaitua hartuko zenuten, ezta?

Lasaitu handia. Ladisi aste guztian esan nion hil ala biziko partida zela, bai ala bai irabazi behar genuela. Galduz gero, oso egoera txarrean geratzen ginen. Kosta egin zitzaigun partida ixtea, baina hasieratik izan genituen sentipen onak. Konfiantzaz aritu ginen, txisparekin, gauzak ondo eginez. Ladisek ere asko eman zion pilotari, eta ni aurrean ere gustura aritu nintzen, tantoak ondo amaituz. Irabazteak beti egiten du mesede.

Ezberdina izango zen Peña II.ak jokatu izan balu?

Bai. Iraitz [Zubizarreta] oso aurrelari arriskutsua baldin bada ere, gaur-gaurkoz, Jon Ander [Peña] hura baino gehiago da. Gainera, sasoi betean dago, oso garai onean. Baina guk gure lana egin genuen, eta ez zen erraza, gure gain baikenuen presio osoa; nik egin behar nuen min aurrean. Zorionez, ondo atera zen.

Bengoetxea VI.a-Arangureni irabazita erakutsi zenuten goraka zatoztela.

Bai, eta hura ere partida zaila zen, baita garrantzitsua ere. Lehen hiru lehiak galdu eta gero, norgehiagoka guztiek final kutsua dute guretzat. Irabazi beharra genuen, eta irabazi egin genuen, non eta gauzak ongi egin behar diren pilotaleku batean [Mallabian (Bizkaia)]. Gustura amaitu genuen, eta horrek konfiantza eman digu.

Esan duzu zalantza askorekin ekin zeniola txapelketari. Orain hobeto zaude?

Bai, lasaiago nago. Badakit oraindik lana egin beharko dudala hobetzeko, baina gero eta hobeto ari naiz. Oso gustura ari naiz fisikoa lantzen, baita frontoiko lana egiten ere. Txispa, gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut, eta horrek konfiantza eta lasaitasun handia ematen dit. Hurrengo partida jokatzeko irrikan nago.

Eta Galarza nola ikusten duzu?

Ondo. Poliki-poliki ari da erritmoa hartzen, partidaz partida gauzak hobeki egiten, ilusioz, gogoz eta kontzentratuta. Ladisi behin eta berriro esaten diot: guk gure lana egiten badugu, gauza politak lor ditzakegu; ez badugu gurea egiten, pixka bat behera egiten badugu, ez dugu zer eginik.

Gaur erronka latza duzue Azkoitian (Gipuzkoa): Olaizola II.a-Rezustaren aurka jokatuko duzue. Partida bakarra galdu dute. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Oso partida zaila izango da. Badirudi hiru bikote daudela besteen gainetik, eta Aimarrek eta Beñatek osatutakoa da horietako bat. Azkeneko partidan erakutsi zuten bikote gisa zer min egin dezaketen [22-2 irabazi zieten Jaka-Martijari]. Beñat gero eta hobeto ari da; txispa berreskuratzen ari da, eta, horri esker, sekulako erritmoa ari da jartzen partidetan. Eta erritmo bizi horrek eragiten duen nagusitasuna norbaitek ondo aprobetxatzen baldin badaki, hori Aimar da. Oso partida zaila izango da. Ea gauzak ondo egiten ditugun eta lana ematen diegun.

Non egon daiteke gakoa?

Intentsitatez jokatu behar dugu, eta erritmoa jartzen saiatu. Ladisi laguntzen ahaleginduko naiz, eta aurrean jokoa pixka bat nahasten saiatu: erritmoa aldatuz, lautik, lau eta erditik, boleaz, gantxoz... Haiek mugiarazi behar ditugu; jai dugu ez badugu Beñat bostetik mugitzen. Oso aurkari zaila da: gozatzen duenean, oso atzean jartzen du pilota, eta dominatu egiten du; gozatzen ez duenean, berriz, haren pilotakada oso azkar etortzen da, oso oker, eta zaila da erantzutea. Guk gure lana egin behar dugu, eta partidari eutsi. Ea zer ateratzen den.

Eta aurrera begira, zer helburu duzue?

Txapelketa hasi zenean esan nuen gure helburua finalerdiak jokatzea dela. Badakit erronka zaila dela, baina saiatu behar gara gutxienez kanporaketarako sailkatzen [hirugarren postutik seigarrenera dauden lau bikoteek jokatuko dute]. Horretarako, partidaz partida joan behar dugu, eta ahal ditugun garaipen gehien eskuratu. Neurketa guztiak irabazten saiatu behar gara, nahiz eta, aste honetakoa bezala, batzuk benetan zailak diren. Hori lortzeko, exijenteak izan behar dugu geure buruarekin, eta gogor entrenatu, eta gauzak ondo egin, partidetan barruan daukagun guztia emateko. Horixe da asmoa.

Txapelketako zenbait partidatan alde oso handiak egon dira: 22-2, 22-3, 22-8, 22-10, 22-11... Horrek harritu egin zaitu?

Pixka bat bai, baina beti dago arrisku hori. Argi geratu da bikote batek pixka bat behera egiten badu besteak asko egiten duela gora, eta alde handiak egon daitezkeela markagailuan. Guri gertatu zitzaigun aurreneko partidan: hiru tantotan geratu ginen; baita Jakari eta Martijari ere, azkenekoan: bi tantotan geratu ziren.

Bestelakoan, zerbaitek eman dizu atentzioa?

Jon [Mariezkurrena], Beñat [Rezusta], Zabaleta eta Jon Ander [Albisu] egiten ari diren lanak. Ikaragarri ari dira, sekulako jokoarekin, eta gauzak oso ondo eginez; haiek ari dira aldea markatzen. Bestelakoan, txapelketa polita izaten ari da, eta partida onak ari dira jokatzen. Inportantea da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.