Beñat Rezusta. Pilotaria

«Pixkanaka, eskuen kezka ahaztuz noa, eta hobeto ari naiz»

«Nahiko konforme» dago Olaizola II.a eta bera egiten ari diren lanarekin: bost garaipen lortu dituzte zortzi jardunalditan. «Zail» ikusten du sailkapenean gora egitea. «Ahal den ondoen» iritsi nahi du amaierara.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ordu eta laurden pasa jo eta ke, eta 815 pilotakada. Horra Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993) joan den larunbatean Oinatz Bengoetxearen eta Aitor Arangurenen aurka jokatutako partidaren datuak. Txapelketako luzeena izan da, baita pilotakada gehien eman direna ere. 22-16 irabazi zuten Olaizola II.a-Rezustak, eta «pozik» dago atzelaria, «lan handiak saria» izan baitzuen, eta «ondo» amaitu baitzuten. «Halako lehia gogorretan eskuetatik ondo amaitzea da garrantzitsuena, eta lortu genuen».

Partida benetan gogorra jokatu zenuten joan den larunbatean. Errazago ematen zaio buelta irabazita, ezta?

Dudarik gabe. Irabazita minak gutxiago izaten dira. Buruak ere lana egiten du. Halako partida luze eta gogor bat jokatu, horrenbeste lan egin eta galtzen duzunean nekeari pena gehitzen diozu, eta zailagoa da buelta ematea. Zorionez, irabazi egin genuen, eta lasaiago gaude datorrenari heltzeko.

Jokoz baino gehiago, ofizioz irabazitako partida izan zen?

Lehen zatian, haiek gehiago izan ziren. Oinatz gu nahasten saiatu zen, eta askotan lortu zuen. Baina partida erdiko atsedenaldira iristean, ikusi genuen gure lana eginez gero pixkanaka tantoak gure aldekoak izaten hasi zirela. Haiek nekatzen hasiak ziren, batez ere Aranguren. Denok nahi izaten dugu partida oso ona egin eta tanto politak lortu, baina batzuetan ezin da halakorik egin, eta lanari esker atera behar dira lehiak.

Indartsu ekin zenioten ligaxkari, lehen hiru partidak irabazita, baina hurrengo lauretatik bakarra irabazia zenuten. Urduritzen hasiak zineten?

Ez. Hasieratik bagenekien iritsiko zirela galtzeko partidak: aurretik dauden bi bikoteen aurka jokatu dugu. Elezkano-Zabaletaren aurkakoan sentipen onak izan genituen; ez, ordea, Altuna-Mariezkurrenaren kontrakoan. Hala ere, hortxe dago gure lana: bost garaipen lortu ditugu.

Irabaztea dago jokoaren gainetik?

Bai, irabazi ezean, arriskua baitago amaieran estu eta larri egoteko. Ez da seinale ona premiarekin jokatu behar izatea. Gure helburua da punturen bat gehiago batzea, bukaeran partida zailak baititugu. Eta, horri begira, garrantzitsua zen Oinatzi eta Arangureni irabaztea, aldea handitzeko.

Bost garaipen dituzue. Zein balorazio egiten duzue?

Nahiko pozik egoteko moduan gara. Partida txarren bat egin dugu, baina puntuak ateratzen ari gara: batzuetan gogotik lan eginez, eta beste batzuetan luzimendu handiagoz. Ea beste punturen bat ateratzen dugun, kanporaketa jokatzea ziurtatzeko eta lasai aritzeko. Orokorrean, berriz, lehen bi postuetan dauden bi bikoteak besteon gainetik ikusi ditut [Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.a]; oso indartsu daude. Nahiz eta egun batzuetan ez duten oso ondo jokatu, irabazi egin dute. Zerbaitegatik da hori.

Zer falta izan zaizue haien mailara iristeko?

Ez da erraza esaten. Bi bikote horiek oso konpletoak dira, atzean zein aurrean. Bi atzelariak oso jotzaileak dira, eta oso zaila da haiei irabaztea; normalean, haiek nagusitzen dira. Aurrean, berriz, haien atzelarien nagusitasun hori ondo aprobetxatzen duten bi pilotari dituzte; ia ez dute hutsik egiten. Oso zaila da bi bikote horiei irabaztea. Gutxik lortu dute. Saiatuko gara hori aldatzen.

Posible ikusten duzue lehen bi postuetan muturra sartzea?

Zail ikusten dut, baina ez gara horrekin itsutu behar. Guk ahalegindu behar dugu astero gure lana ondo egiten, eta ikusiko dugu gero zer lortzeko borroka gaitezkeen. Ez dago jakiterik. Inor ez dago beti joko berberarekin, eta gorabeherak izaten dira. Gure lanarekin pozik egotea da garrantzitsuena.

Ligaxka amaitzeko sei jardunaldiren faltan, lau garaipenera duzue zazpigarren sailkatua. Ondo bidean, gutxienez ziurtatua duzue kanporaketa jokatzea. Hori da lehentasuna orain? Eta gero, indarrak kudeatuko dituzue?

Helburua beste punturen bat ateratzea da. Kanporaketa partida bakarra da, eta aurretik egindako lana dago jokoan. Baina urruti ikusten dut. Aste dezente falta dira, eta gorabeherak egon daitezke. Halakoa da binakakoa. Ezinezkoa da beti berdin egotea. Guk ahal dugun ondoen iritsi nahi dugu amaierara, sasoiz, jokoz eta eskuz.

Nola ari zara ikusten zeure burua?

Nahiko konforme nago egiten ari naizen lanarekin. Dudekin hasi nintzen, eskuagatik. Irabazi egiten genuen, baina nik ez nuen gozatzen. Azkeneko bi partidak jokatu ditut ondoen, Elezkano-Zabaletaren aurkakoa eta Bengoetxea-Arangurenen kontrako bigarren zatia. Pixkanaka,eskuen kezka ahaztuz noa, eta hobeto ari naiz. Amaierara ahal dudan ondoen iristea da helburua.

Sasoi betean aritu zinen udan: Mastersa irabazi zenuen Iñaki Artolarekin. Urrian, berriz, buruz burukoaren atarikoa jokatu zenuen, eta galdu egin zenuen Peio Etxeberriaren aurka. Eta gero, bi hilabete eta erdi pasatxo egon zinen partida ofizialik jokatu gabe. Eten hori nabaritu zenuen?

Partiden erritmoa beti sumatzen da, baina orduan gogor aritu nintzen entrenatzen, binaka, baita buruz buru aritu behar zirenei laguntzen ere. Haiei eta niri on egiten digu. Gogor entrenatuz eta gutxi jokatuz eskua mindu nuen pixka bat, eta gero, kosta egin zitzaidan sentsazioak berreskuratzea. Binakakoa hasi baino astebete lehenago bertan behera utzi nuen partida bat, eskutik nahiko justu bainegoen. Eta ez da erraza izaten eskua minduta izan ostean buelta ematea: lehenbizi, mina kendu; gero, burua nahastu. Baina ordutik hobera egin dit eskuak, eta konfiantza hartuz joan naiz. Ea bake pixka bat ematen didan.

Pilotari guztiek diote era batera edo bestera iazko urte arraroaren ondorioak sufritu dituztela. Zuk binakakoaren aurretik pairatu zenituen?

Bai. Aurrelari askok txapelketa asko jokatu zituzten jarraian, eta batzuek sumatu egin dute gero. Guk, ordea, ez ditugu horrenbeste partida jokatu, baina egoera arraroa izan da denontzat, eta lehenago edo geroago denok sufritu ditugu horren ondorioak: eskuetan edo gorputzeko beste tokiren batean. Halakoak pasatuko dira, eta aurre egin behar zaie.

Hori gutxi ez, eta enpresa aldatu duzu binakakorako. Horretara ere egokitu behar izan duzu?

Lehen egunak ezberdinak izan ziren, arraroak, baina ez da izan sekulako aldaketa. Beste elastiko batekin ari naiz, beste pilotari batzuekin, baina aste barruan, prestaketan eta entrenamenduetan lehengo egunerokoari eusten diot. Normala den bezala, Aimar eta biok elkarrekin ibiltzen gara entrenatzen, baina gimnasioan lehengo lan bera egiten dut. Normaltasunez hartu dut aldaketa.

Zintzo erantzun: nola hartu zenuen enpresak esatea Baikorekin jokatuko zenuela?

Aurretik entzuten zen zerbait gaiaz, baina nik ez nekien ezer. Azaldu zidaten txapelketa orekatze aldera aldaketaren bat egin nahi zutela. Hasieratik argi utzi zidaten txapelketa honetarako bakarrik izango zela, eta gero Aspera itzuliko naizela. Denbora eman zidaten pentsa nezan, eta baiezkoa eman nuen. Azkenean, txapelketa bat da, enpresa batekin edo bestearekin jokatu, pilotari batekin pasatzen dituzu ordu asko. Ez diot buelta askorik eman.

Baikoko aurrelari nagusia jarri dizute: Aimar Olaizola. Gustura ari zarete elkarrekin?

Bai. Hasieratik saiatu da ni eroso eta gustura egon nadin. Jokoari dagokionez, nik bezala, hark ere ez du beti berdin jokatu. Lehen partidetan, oso ondo aritu zen tantoak bukatzen. Azkenekoetan, ordea, agian, konfiantza pixka bat falta izan zaio, baina bere ofizioa eta lana jarri du bikotearen mesedetan. Ea noraino irits gaitezkeen. Bete-betean ahaleginduko gara. Hobera egin dugu.

Aldea dago aurreko binakakoarekin alderatuta. Iker Irribarria eta zu ezinean aritu zineten.

Ez Ikerrek, ez nik ez genuen txapelketa ona egin, eta sufritu egin genuen. Aurten lasaiago nago, eta sailkapenak ere lasaitasuna ematen dit. Baina kanporaketa partida bakarra da, eta galduz gero, aurretik egindakoak ez du balio.

Kolpea litzateke finalerdietako ligaxka ez jokatzea?

Pena litzateke, partida oso politak baitira azken txanpakoak. Baina argi dut kanporaketan edozer gerta daitekeela; adibidez, egun txar bat izatea. Urruti dago. Ez dakigu nola iritsiko garen ez gu, ez besteak. Honek buelta asmo eman ditzake.

Etzi, Peña II.a-Albisuren aurka jokatuko duzue. Berdinduta zaudete sailkapenean, bost garaipenekin, eta lehen itzulian, kostata irabazi zenieten: 22-19. Partida lehiatua izateko itxura du.

Bai. Euren hutsegiteengatik galdu dituzte zenbait partida, baina bikote indartsua da; askotan, haiek markatzen dute erritmoa. Bikote onenen aurka lehiatu dira, baita irabazi ere. Edonori irabazteko gai dira. Zuzen jokatzen dutenean, zaila da haiei aurre egitea. Irabazi egin nahi badugu, une oro kontzentratuta egon beharko dugu, eta huts gutxi egin. Ea azken asteetako sentipenei eusten diegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.