Mikel Urrutikoetxea. Baikoko pilotaria

«Argi dugu bidea: gurea egin, eta irabazi nahi digunari lanak eman»

Urrutikoetxeak esan du Imazi eta biei «indarra eta konfiantza» eman diela Altuna-Mariezkurrenari 21-13 bat iraulita irabazteak. «Oso estu» ikusten du sailkapena. «Gure esku dago, baina edozer gerta daiteke».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Tentsio eta emozio festa izan zen astelehen gauean Getariako (Gipuzkoa) Sahatsaga pilotalekuan. Horregatik, Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989) aitortu du «kosta» egin zitzaiola lo hartzea. Esnatu, ordea, «gustura» esnatu zen. «Oso garaipen garrantzitsua lortu genuen kanporaketarako sailkatzeko lehian».

Zer pasatzen zitzaizun burutik 21-13 galtzen ari zinetela?

Bada, oso-oso zaila zegoela partida. Benetan zaila da halako aldea iraultzea, are gehiago binaka. Baina guk azken tantoraino borrokatu nahi genuen, eta tantoz tanto joan. Sinetsita geunden horrela pentsatuta bakarrik izango genuela aukeraren bat irabazteko. Eta halaxe izan zen. Tanto batzuk lortu genituen, nik pilota hartu nuen, eta asmatzen hasi nintzen. Gerturatu ahala, geure buruarengan gehiago sinetsiz joan ginen, eta horren zaila zirudiena lortu genuen.

Partida ez ezik, sailkapena ere arriskuan ikusi zenuen?

Bai, noski. Oso puntu garrantzitsua zen, Jaka-Martijak eta Ezkurdia-Ladisek irabazi egin baitzuten. Meritu handia du egin genuenak, halakoak oso gutxitan gertatzen baitira: zortzi tantoren aldea zuten haiek, eta bakarra behar zuten irabazteko. Antzera pasatu zitzaigun guri Peña-Albisuren aurka: 21-16 ginen aurretik, eta galdu egin genuen. Halakoek min handia egiten diete galtzaileei.

Irabazleei, ordea, indar handia ematen diete. Indarberrituta zaudete?

Irabazteak beti ematen du indarra eta konfiantza, eta samurragoa egiten du astea. Guk orain arteko ilusio berberarekin prestatuko dugu hurrengo partida, baina beste animo batekin.

Beste modu batean begiratzen diozue orain sailkapenari?

Tira. Gure esku dago sailkatzea, baina oso estu dago dena. Edozer gerta daiteke azkeneko bi jardunaldietan. Guk partida erabakigarria dugu azkenekoan, Ezkurdia-Galarzaren aurka. Baina beste jardunaldi bat dago tartean, eta ikusteko dago zer emaitza dauden.

Azken jardunaldietan ezustekoak gertatzen ari dira: indartsuenak ziruditenek jada ez dirudite horren indartsu, eta ahulenak ziruditenek jada ez dirudite horren ahul. Dena parekatzen ari da?

Bai, eta sailkapena begiratu besterik ez dago: ez goian, ez behean, ez dago ezer zehaztuta. Bi jardunaldi gogor eta zirraragarri datoz orain. Hori oso ona da. Zenbat eta gehiago iraun emozioak, orduan eta hobeto. Oso txapelketa polita izaten ari da. Pena bakarra da ikuslerik ez dagoela harmailetan. Ea zer gertatzen den azken bi jardunaldietan.

Animatuko zenuke jendea zuen alde apustu egitera kanporaketarako sailkatzeko lehian?

Txarto joango nintzateke ez banu pentsatuko sailka gaitezkeela. Esperantza badut, eta ahalegin guztia egingo dugu barruan egoteko.

Zer iritzi duzue orain arte egin duzuen lanaz?

Lehenik eta behin, oso argi dugu gauza asko ditugula hobetzeko. Oraindik denbora falta zaigu bikotea osatzeko. Partida onak, ez hain onak eta txarrak egin ditugu. Beraz, argi dago non dugun gehien hobetzeko: gorabehera gutxiago izan behar ditugu. Partidetan, berriz, saiatu behar dugu ez joaten pixka bat lehiatik. Badakigu noiz gertatzen zaigun: hamabigarren tantoaren ondorengo etenaldian. Dezentetan gertatu zaigu une horretara markagailuan berdinduta iritsi eta ezer gutxi eginda aurkariak lauzpabost tantoren abantaila lortzea. Adi egon behar dugu partida osoan, eta, batez ere, hiru minutuko geldialdi horretatik bueltan. Oso garrantzitsua da une hori. Nahiz eta gauzak ez atera, ezin gara partidatik atera eta geure buruari joaten utzi. Hori ari zaigu gehien kostatzen orain arte, eta argi dugu hori hobetu beharra dugula. Horretan ari gara.

Non aritu zarete ondoen?

Partida guztiak borrokatzen ari gara, baita bikoterik indartsuenen aurkakoak ere: Aimarri eta Beñati eta Altunari eta Mariezkurrenari 22-21 irabazi diegu, eta Peñaren eta Albisuren kontra tanto bakar batengatik galdu dugu. Gogor ari gara borrokatzen. Argi dugu bidea: gurea egin, eta irabazi nahi digunari lanak eman eta estu hartu. Horretarako ari gara ilusioz eta gogoz lanean.

Zer moduz ikusten ari zara zeure burua?

Ni ere gorabeheratsu ari naiz: partida batzuetan gustura aritu naiz, baina beste batzuetan, gorputzaldi txarragatik, ezin izan dut nire maila eman. Txapelketa luzea da binakakoa, eta gorabeherak egon ohi dira sasoian eta jokoan.

Aurrelari izan nahi zenuen txapelketa honetan, eta aurrelari jarri zaituzte. Gustura ari zara?

Oso. Nire tokia da, betidanik jokatu izan dut aurrean. Lehen jardunaldietan asko kostatu zitzaidan berriz horretara jartzea, guztiz ezberdina baita aurrean edo atzean jokatzea. Baina gero eta gusturago ari naiz.

Eskuko minez amaitu zenuen aurreko binakakoa, eta horregatik, uko egin zenion lau eta erdikoa jokatzeari. Horrek ere kalte egin zizun hasieran?

Horrek ere bai. Eskuak oso gaizki nituela bukatu nuen binakako finala, eta pena handia izan zen horregatik lau eta erdikoa jokatzeari uko egin behar izatea. Hori gutxi ez, eta partidarik jokatu gabe ekin nion binakako honi, nola eta berriro postua aldatuta: atzelari izan beharrean, aurrelari izanda. Ia entrenatu gabe hasi nintzen jokatzen, eta sufritu egin nuen hasieran. Baina, asteek aurrera egin ahala, eta entrenatzen joan ahala, hobetuz joan naiz, eta konfiantza hartuz.

Bigarren aldiz ari zara jokatzen binakakoa Ander Imazekin. Zer moduz ari zarete moldatzen?

Oso ondo. Oso harreman ona dugu. Frontoian, ni saiatzen naiz hari ahal den gehien laguntzen, eta hura beste horrenbeste egiten ahalegintzen da. 2016-2017ko binakakoan jokatu genuen elkarrekin, Anderrek debuta egin eta urtebetera. Mikel Beroizekin ekin nion binakakoari, baina hasi eta gutxira, enpresak Ander jarri zidan bikotekide. Urteak pasatu dira ordutik, eta Ander eskarmentua hartuz joan da profesionaletan. Oso gustura ari gara elkarrekin.

Elezkano II.a-Zabaletaren aurka jokatuko duzue bihar, Urretxun. Lider dira, baina azken hiru partidetatik bi galdu dituzte, eta, horren ondorioz, oraindik ez dute ziurtatu zuzenean finalerdietako ligaxkara pasatzea. Beraz, haientzat ere partida garrantzisua da. Zer itxura hartzen diozu?

Partida gogorra izango da. Zerbaitengatik doaz lider. Jose [Zabaleta] aldea markatzen ari da atzean, asko ematen ari da pilotari bi eskuekin, eta asko ari da ibiltzen kantxan. Eta, nagusitasun horri esker, sortzen dituen aukerak oso ondo ari da aprobetxatzen Danel [Elezkano]. Oso bikote ona da, eta irabazteko oso zaila. Baina gu gurea egitera aterako gara kantxara, hasiera-hasieratik gure lana serio egitera. Ea aukerak ditugun eta aprobetxatzen ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.