Albistea entzun

Erik Balenziaga. Fenix Tolosa eskubaloi taldeko jokalaria

«Pozgarria da ikustea txikiok edonon izan gaitezkeela garrantzitsu»

Bidasoak Fenix Tolosa hartuko du azaroaren 16an, Europako Ligako multzoen fasean. Frantziako taldean ari da Erik Balenziaga zarauztarra. Lehia «berezia» izango dela dio, baita «garrantzitsua» ere: «Hirugarren posturako lehian arituko gara biak».
DRD2 FENIX HANDBALL Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2021eko urriak 30

Badira kasualitatez kirol bat egiten hasi diren kirolariak. Ez da horietako bat Erik Balenziaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1993). Familia oso eskubaloizalea izanik, nahi eta nahiz ez heldu behar zion baloi txikiari. «Aitona bat, gurasoak, arreba, osabak, lehengusuak... familia ia osoa ibili da edo dabil eskubaloian. Besterik ez da arnasten». Hark ere saskibaloia zuen gustuko, eta oso ondo moldatzen zen. Baina 18 urterekin, aukeratu behar izan zuen, eta ez zuen zalantza egin. Herriko taldean trebatu ondoren, Teucrorekin egin zuen estreinakoa Asobal ligan, 22 urte zituela. Urtebete egin zuen Galiziako taldean, bi Anaitasunan, eta hiru Logroñon. Udan, bere kirol ibilbidean «beste pauso bat emateko asmoz», Fenix Tolosa Frantziako taldearen eskaintza onartu zuen. «Oso gustura» dabil han. «Baina» bakarra du: taldea «larri» dabilela. «Itxaropena» du gora egingo dutela.

Bi aste barru Irunen jokatuko duzu. Partida berezia da?

Bai. Etxekoak eta gertukoak harmailan izango dira, eta hori berezia da beti, eta pozgarria.

Sarrerak eskatu dizkizute?

Bai, mordoa, eta esan diet nik ezer gutxi dudala egiteko halako kontuetan. Baina ziur naiz haietako batzuk harmailan izango direla.

Nor animatuko dute?

Ni, ziur. Nire aldekoak dira.

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Nire ustez, Berlin eta Plock multzoko beste lau taldeak baino koska bat gorago daude; beraz, Bidasoa eta gu hirugarren posturako lehian arituko gara [lehen lau sailkatuek jokatuko dituzte final-zortzirenak]. Denboraldiaurrean bitan jokatu genuen elkarren aurka, eta bakoitzak partida bat irabazi zuen. Estuak izan ziren biak, eta halaxe izango da ere asteartekoa: oso borrokatua.

Biek jokatu dituzue bi partida: Bidasoak bat irabazi du; zuek, ordea, bat ere ez. Hala ere, aldea dago: Berlinen eta Plocken kontra jokatu duzue, eta etxetik kanpo. Kontuan hartzekoa da hori?

Bai. Alemanian bi golengatik galdu genuen, baina hamar minutu eskasen faltan, bi gol ginen aurretik. Polonian, berriz, lau golengatik galdu genuen, baina hiru golen aldeaz joan ginen aurretik lehen zatian. Aurreko sasoian Lauko Finala jokatu zuten bi taldeen pistan nor baino nor gehiago aritu gara, eta horrek meritu handia du.

Zer nabarmenduko zenuke Bidasoaz?

Asko gustatzen zait oso garbi duela zer egin nahi duen erasoan: gurutzaketak egin, buruz burukoak bilatu, piboteekin jokatu... Defentsa sendoa du ere, eta atezain oso onak. Hari irabazteko, 60 minutuz jokatu behar duzu. Haren armak indargabetu ezean, oso zaila da hari nagusitzea.

Bidasoako zeinek ez jokatzea nahiko zenuke?

Rodrigo Salinasek. Izugarri gustatzen zait.

Etxean jokatuko du. Horrek mesede egingo dio?

Bai, baina guk eskertu egiten dugu harmailan zaleak egotea. Nahiago dugu 2.000 zale gure aurka izatea inor ez egotea baino. Tristea izan da zalerik gabe jokatzea.

Harremana duzu Bidasoako jokalariren batekin? Hala bada, bidali diozue elkarri mezuren bat partidaren aitzakian?

Zorionez, askorekin daukat harremana. Jon [Azkue] eta Kauldi [Odriozola] aspaldiko lagunak ditut; Anderrekin [Ugarte] bi urtez jokatu nuen Anaitasunan; Victorrekin [Rodriguez], urtebetez Teucron; eta Mikelekin [Zabala] eta Caverorekin, hainbat alditan selekzioan. Eta bai, zozketa egin zutenean segituan jaso nuen Jonen mezu bat esanez laster elkar ikusiko genuela. Ziur naiz partida iritsi arte beste mezuren bat bidaliko diogula elkarri. Badut gogoa guztiekin egoteko eta hitz egiteko.

Zergatik ari zara Tolosan?

Nire kirol ibilbidean beste pauso bat eman nahi nuen. Asobal ligan, gutxi gorabehera, egin nuen egin beharrekoa, eta beste liga batean jokatu nahi nuen, beste bizipen batzuk izan. Zorionez, Frantziara etortzeko aukera izan dut. Munduko bigarren ligarik onena da hau. Beste jokamolde bat dago hemen, eta saiatzen ari naiz horretara moldatzen. Ez da erraza, jokoa zuzenagoa baita. Baina ari naiz.

Hasiera izan ohi da zailena. Hala izan da zure kasuan ere?

Bai. Handia da aldaketa: beste herrialde bat da, beste kultura eta hizkuntza bat, eta lan egiteko beste modu bat. Adibidez, arlo fisikoa zorrotzago lantzen da. Baina ari naiz egokitzen. Hizkuntzekin ere aurrera noa; ingelesarekin moldatzen naiz, eta pixkanaka-pixkanaka ari naiz frantsesarekin; badakit zer dioen entrenatzaileak.

Nolako taldea da Tolosa?

Ez da Frantziako ohiko talde bat. Eskubaloi ezberdina proposatzen dugu. Adibidez, ez dugu beti jokatzen 6-0 defentsarekin, atzean, zain; asko mugitzen gara. Erasoan, berriz, baliabide asko ditugu. Jokalari on dezente ditugu.

Fisikoak garrantzi itzela omen du Frantziako Ligan. Hala da?

Erabat. Lehen egunetik oso argi geratu zitzaidan lan fisikoari sekulako garrantzia ematen diotela. Kontaktuak zuzenagoak dira, gogorragoak. Jendea hobeto prestatuta dago, eta handiagoa da. Korrika ere askoz gehiago egiten da. Adibidez, Asobal ligan talde bakoitzeko hiruzpalau jokalari garai dituzu; besteak, txikiagoak, finagoak eta biziagoak dira. Hemen, berriz, talde bakoitzeko dozena bat jokalari garai eta indartsu daude. Haiek ikusi, eta pentsatzen duzu: hauek gimnasioan pisuak jan egiten dituzte. Alde handia dago. Banuen horren berri, eta udan ordu dezente sartu nituen gimnasioan. Baina hona iristean ohartu nintzen oraindik-eta gehiago prestatu behar naizela.

1,69 metro zara. Horrek zaildu egiten du zure lana fisikoa funtsezkoa den liga batean?

Ez dut nire jokatzeko era aldatu. Aurkariak garaiagoak direnean saiatzen naiz buruz buru aritzen eta haiei izkin egiten. Baina komeriak datoz eusten nautenean: orduan ez dut zer eginik, garaiagoak eta indartsuagoak baitira. Edozein zirrikitu bilatu behar dut jokaldia egiteko.

Jada ohituta zaude horretara: jokalaririk txikiena zinen Asobal ligan, eta halaxe zara Frantziakoan ere. Bizi-bizia izan behar duzu derrigorrez.

Ni beti izan naiz bizia, baina erabakiak azkar hartzeko gaitasuna Logroñon hasi nintzen garatzen. Hemen, eskertu egiten da azken unean erabakiak hartzeko bizitasuna izatea. Saiatzen naiz baloia azkar mugitzen, arerioak mugiarazten, eta espero ez dituzten gauzak egiten. Aurkariak handiagoak eta pisutsuagoak izateak mesede egiten dit halakoak egiteko.

Zurea adibide argia da fisikoak ez duela zertan muga izan behar kirol bat egiteko orduan. Esaterako, eskubaloian, txikia izanda ere, nabarmendu daitekeela, eta kirol ibilbide polita egin. Gainera, erdiko postuan, taldearen lema eramaten.

Orain dela hamar bat urte, gehienak ia bi metroko garaiera zuten, baina azkenaldian badaude txikiagoak, ez ni bezain txikiak, baina bai beste profil batekoak: adibidez, Paris Saint-Germaineko Luc Steins [1,73 metro]. Entrenatzaileei gero eta gehiago gustatzen zaie erdiko garai eta txiki bana izatea; bata, jaurtitzaile ona; bestea, berriz, zuloak topatzen abila. Pozgarria da ikustea txikiok baliagarriak eta garrantzitsuak izan gaitezkeela edonon.

Kontrakarrean aritu izan zara beti: saskibaloian ere aritu zinen gaztetan. Lagundu dizu gerora?

Bai, batez ere baloia eskuan eramateko orduan; adibidez, kontraerasoan poteak ematean. Gainera, saskibaloian bi pauso eman daitezke gehienez potea eman gabe, eta eskubaloian, bat gehiago. Aldea dago, eta garai batean asko lagundu zidan horrek, gauza ezberdinak egiteko eta ikasteko.

Hainbat euskal erdiko ari zarete goi mailan nabarmentzen: Azkue, Bidasoan; Ander Izquierdo eta Ander Torriko, Anaitasunan; eta Niko Mindegia, Plocken.

Bitxia da horrenbeste erdiko euskaldun egotea. Niko izar bat da; Jonek urte asko daramatza oso maila altuan; eta Ander [Torriko] ea azkar osatzen den [zazpi hilabete daramatza lesionatuta]. Berri bikaina da horrenbeste erdiko euskaldun goi mailan aritzea.

Zu, zarauztarra; Azkue, oriotarra; eta Torriko, zumaiarra. Denak 25 kilometro eskasetan. Zer du kostalde horrek?

Ez dakit. Kasualitatea izango da. Baina sekulakoa da!

Harrobia ondo zaintzen duten klubak daude bertan.

Zarautz, Pulpo [Zumaia] eta Bidasoa beti izan dira puntako klubak harrobiko lanean. Mutil zein nesken talde pila dituzte, eta meritu handia du horietatik batzuk gorenera iritsi izanak. Pozgarria da ikustea egiten ari diren lan onak fruitua ematen duela.

Herriko taldea ere bikain ari da: mailari eustea zuen helburu, eta laugarren da Espainiako Ohorezko B Mailako haren multzoan.

Bai, eta oso pozik nago. Baina aitortu behar dut ezustean harrapatu nauela. Bazirudien etxeko gazteekin erronka zaila izango zutela, baina oso-oso ondo ari dira. Bihotza jartzen dute beti, eta horren kontra zaila da irabaztea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez dut aldaketa asko egin; oker legoke egindako lan guztia galtzea»

Iñaki Berastegi

«Familia handi batekin» egin du topo Federico Gallok Ordizian. Taldeak oinarri sendoak baditu ere, arlo fisikoari berebiziko garrantzia eman dio sasoiaurrean. Bartzelonaren aurka jokatuko dute ligako lehen partida bihar, Altamiran (12:00).
Alavesek joan zen astean Atletico Madrilen aurka jokaturiko partidaren une bat. ©VICTOR LERENA / EFE

Alavesek sasoiko lehen hiru puntuak lortu nahi ditu ligan

Berria

Arabarrek Vila-real hartuko dute, eta Mikel Crespok etxean indartsu izatearen beharra azpimarratu du
Maria Serna jokalaria eta Irene Senac entrenatzailea Txuri-Urdin izotz jauregian, aste honetan, taldearen aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Harrobiarekin, aurrera doa

Zuriñe Iglesias Sarasola

Bihar jokatuko du sasoiko lehen partida Txuri-Urdinek. Irene Senac da taldeko entrenatzaile berria, eta multzoa asko aldatu da, hamar jokalarik utzi baitute taldea.

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Ainara Arratibel Gascon

Partida aparta jokatu, eta 4-0 hartu du mendean Athleticek Almeria. Denboraldi honetan ohikoa duen bizitasunez jokatu du erasoan talde zuri-gorriak, eta oso eraginkor aritu da aurkariaren ate aurrean. Festa izan da nagusi San Mamesen. Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Nico Williamsek eta Mikel Vesgak sartu dituzte golak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.