Erik Jaka. Baikoko pilotaria

«Azken urte honek gazitik izan du gozotik baino gehiago»

Urtebete pasatu da Jaka buruz buruko txapeldun izan zenetik. «Errusiar mendi bat bezalakoa» izan dela dio. Aitortu duenez, «kosta» egiten ari zaio lehengo erritmoa eta konfiantza hartzea, baina itxaropena du «joan den gisan itzuliko dela». Ez du geldirik harrapatuko: «Guztia ematen ari naiz entrenamenduetan».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Azaroaren 29a da, eta oso lasai dago Lizartza (Gipuzkoa). Eguraldiak ez du batere laguntzen giroa egon dadin: hotz egiten du, eta euria ari du gogotik. Baina eguzkia egonda ere ez luke inolako antzik izango iazko data berean bertan bizi izan zenarekin. Egun horretan, lehen aldiz, herriko bizilagun batek buruz buruko txapela jantzi zuen: Erik Jakak (Lizartza, 1994). Lorpen handi horrek herria aztoratu zuen. Baita Jakaren egunerokoa ere. Askoz lasaiago dabil orain. Ezustean harrapatu du urteurrenak.

Bazenekien gaurko egunez duela urtebete izan zinela buruz buruko txapeldun?

Aitortu behar dut: zur eta lur geratu nintzen elkarrizketa hau egitearen arrazoia buruz buruko txapeldun izan nintzenetik urtebete pasatu izana zela esan zenidanean. Ezin nuen sinetsi urtebete besterik ez zela pasatu. Bikotekideari ere komentatu nion, harrituta. Horrenbeste gauza gertatu zaizkit, iruditzen baitzait bizpahiru urte pasatu direla. Txapelketa pila bat jokatu dira: bost, azken binakako hau kontuan hartuta.

Bizirik dituzu orduko oroitzapenak?

Noski, saihetsezina da gogoratzea. Burura oroitzapen txarrak etortzen diren moduan onak ere etortzen dira, eta ordukoak benetan ederrak dira. Baina ezin dena da ametsetatik bizi. Oso argi dut ordukoa lortu banuen oso ondo lan egin nuelako izan zela. Horregatik, ahalegindu behar naiz oso ondo lan egiten jarraitzen, etorkizunean berriro halako aukeraren bat izateko.

«Oso-oso zaila da txapel bat irabaztea; kostako zait egin dudanaz konturatzea», esan zenuen orduan. Konturatu zara?

Bai. Pilotazalea oso gaizki ohitu zen Irujorekin eta Aimarrekin [Olaizola]. Oso-oso zaila da txapel bat irabaztea, sekulako lehiakortasuna baitago. Lan ona egiteak edo sasoiko egoteak ez du ziurtatzen txapelketa on bat egitea eta txapela janztea. Gauza pila egin behar dira ondo, eta gauza pila batek gertatu behar dute aldi berean. Eta niri hori bizi izanak balio izan dit konturatzeko zein polita den une horiek bizitzea, baina aldi berean zein zaila den horrelako zerbait lortzea.

Nola definituko zenuke azken urtea?

Errusiar mendi bat bezalakoa izan da. Gazitik izan du gehiago gozotik baino. Kirolarioi zerbaitek beldur ematen badigu, lesionatzeak edo gaixotzeak ematen digu. Kosta ahala kosta saihestu nahi ditugu halakoak. Zoritxarrez, nik ilusio handiko unean izan nuen gaixotasuna: perikarditisa. Horrek eragotzi dit zuzen aurrera egitea.

Lehen ondorioak, hala ere, iazko lau eta erdikoa amaituta sufritu zenituen. Zuk esana da «saturatuta» ekin zeniola binakakoari.

Baina ez nik bakarrik, pilotari askok ekin genion saturatuta: txapelketa asko jokatu genituen oso denbora gutxian. Hala ere, sentipen onekin amaitu genuen Martijak eta biok binakakoa, maila ona emanez. Gogoan dut Aimarren eta Rezustaren aurkako neurketa [22-19 irabazi zieten], baita Ezkurdiaren eta Ladisen [Galarza] kontrakoa ere [22-12]. Partida onak jokatu genituen. Gero, kanporaketan, gertu izan genuen Altunari eta Mariezkurrenari irabaztea, baina 22-19 galdu genuen. Nahiz eta ez sailkatu eta horrek pena eman, gustura amaitu genuen azken txanpan egindako lan onarekin. Gai izan ginen gure benetako maila erakusteko.

Binakakotik kanpo geratu eta hiru egun eskasera iritsi zen berria: Asperekin zenuen kontratua eten, eta Baikorekin sinatu zenuen. Ezustekoa izan zen.

Ezustekoa izan zen buruz buruko txapelduna nintzelako. Ez naiz enpresaz aldatu den lehena, eta ziur ez naizela izango azkena. Hiruroi [Aspe, Baiko eta Jaka] komeni zitzaigun mugimendua zen.Ilusio handia egiten zidan. Hala, oso gogotsu ekin nion eguneroko berri bati. Aurki hasiko zen buruz burukoa, eta gogo eta ilusio handiz hasi nintzen hura prestatzen.

Gutxi iraun zizun pozak. Baikorekin jokatu zenuen lehen partidan lesionatu zinen. Hura kasualitatea hura!

Bai, baina bizitzan halakoak pasatzen dira, eta bakoitza norberarenarekin bakarrik gogoratzen da. Baina seguru nago antzekoa edo okerragoa gertu zaion jendea badagoela, kirolean eta bizitzan. Zorionez, nireak irtenbide ona izan zuen. Bizitzak eman didan beste esperientzia bat bezala hartu dut, eta ziur naiz horretatik ere zerbait ikasiko dudala.

Nola gogoratzen duzu egun hura?

Oso oroitzapen txarra dut. Partidan oso gaizki sentitu nintzen hasieratik: zorabiatuta, indarrik gabe... Inoiz ez nuen halakorik sentitu. Aldagelara sartu nintzen, baina egoerak okerrera egin zuen. Larritasun handiko uneak izan ziren, ez baikenekien zer gertatzen ari zitzaidan. Beldur ginen ez ote zen bihotzeko bat. Gainera, egun horretan urtebete zen nire osaba bat bihotzekoak emanda hil zela. Iñigo Simon medikuari begira nengoen, eta hura ere kezkatuta zegoen. Lasai itxurak egiten zituen, baina agerikoa zen larrituta zegoela. Eta ni gero eta okerrago nengoen, gero eta zorabituago, gero eta presio handiagoa sentituz bularrean. Larrialdi zerbitzuak etorri ziren, eta egonkortu egin ninduten, eta anbulantzia batean sartu, eta klinikara eraman. Probak egin zizkidaten, eta, horien arabera, ez nuen izan bihotzekorik. Perikarditisa nuen.

Lasaitua hartu zenuen zehazki zer zenuen esan zizutenean?

Oso handia. Bizitzan larritasun handieneko momentuak izan ohi dira zerbait daukazunean eta ez dakizunean zer den. Behin daukazunari izen-abizenak jartzen dizkiotenean, ikuspuntua beste bat da. Izen-abizen horien artean denetarik dago: batzuk, larriak, eta beste batzuk, ez horren larriak. Zorionez, nire gaixotasunak irtenbide ona zuen. Hala, espezialistak esandakoa kontuan hartuta, eta Iñigo Simonen lan onak lagunduta, osatze prozesuari ekin nion. Eta, zorionez, ondo joan zen.

Luze egin zitzaizun?

Bai, oso, eta oso gogorra ere bai. Pilotariok ohituta gaude egunero kirola egitera. Ez diogu egunero gure gorputzari ordu eta erdiko astindua ematen, baina ariketa fisikoa egitea gure egunerokoaren parte oso garrantzitsua da. Eta nik hiru aste egin nituen ia mugitu gabe: ohetik sofara, sofatik ohera, eta, eguraldi ona eginez gero, terrazako hamaka batean etzanda egon. Gogorra da. Ondo egonez gero, gustura hartzen dira halako garaiak, atseden hartzeko, baina hala egotera behartuta zaudenean gogorra egiten da. Behartutako ezer ez da gustukoa izaten.

Horren ondorioz, ezin izan zenuen buruz buruko txapela defendatu. Kolpe handia izan zen. Halakoetan kirolari batzuek nahiago izaten dute telebistan haren kirolarekin zerikusia duen ezer ez ikustea. Buruz burukoa ikusi zenuen telebistaz?

Bai. Ez nuen beste askorik egiteko. Kirol asko ikusi nuen telebistan: pilota, saskibaloia, futbola... Pilotari asko lagunak ditut, eta nahi eta nahi ez segitu egiten dituzu, bultza egiten diezu, eta nik ere halaxe egin nuen.

Halako lesioetan norberak ahalik eta azkarren itzuli nahi izaten du lehiara. Zuk, ordea, ez. Enpresak Mastersa jokatzeko aukeratu zintuen [Xabi Tolosa izan zuen bikotekide], baina nahiago izan zenuen ez jokatu lehen jardunaldia. Zuhur izan nahi zenuen?

Perikarditisa sendatuta zegoen, baina nire jokoa ez zen nahikoa Mastersean aritzeko. Eta nahiago izan nuen lehen jardunaldia ez jokatzea eta bi aste gehiago entrenatzea. Uste dut asmatu nuela hori eginda. Gerora ikusi da ez dela batere erraza jokoa hartzea. Presak ez dira inoiz lagun onak izaten. Alde horretatik, oso eskertuta nago enpresari, horrelako lesio bat izan ondoren udako torneorik garrantzitsuena jokatzeko aukera eman zidalako. Nik konfiantza hori itzuli nahi izan nion. Nahi nuen azken gauza zen frontoira atera eta enpresari eta lankideei nirea ez den maila ematea.

Emaitzak alde batera utzita, sentsazioak berreskuratzeko balio izan zizun Mastersak?

Niretzat oso garrantzitsua izan zen Mastersean aritzea: astero jokatu ahal izan nuen maila handiko partida bat. Mesede handia egin zidan sentsazioak berreskuratzeko eta lau eta erdikoari begira jartzeko.

Baina iritsi zen lau eta erdikoa, eta hiru partida jokatu, eta hirurak galdu zenituen.

Azkar geratu ginen Mastersetik kanpo, eta denbora izan nuen lau eta erdikoa ondo prestatzeko. Fisikoki oso lan ona egin nuen, eta pilotalekuan ere entrenamendu oso onak egin nituen. Baina, lehen esan dudan bezala, denaren beharra izan beharra dago, eta nik zerbaiten falta izan nuen. Aurkariak ni baino hobeak izan ziren; nik baino lan hobea egin zuten. Aurreneko partidan, Urrutiren aurka, susperraldi handi bat izanda irabaztear egon nintzen, baina hasieran pilatutako desabantailak eragotzi egin zidan garaipena lortzea [21-5 joan zen atzetik, eta 22-18 galdu zuen]. Bigarren partidan, berriz, Lasok egin behar zuena egin zuen, eta nik txapelketako lehiarik okerrena jokatu nuen [22-8 galdu zuen]. Bi emaitza horiekin sailkatzeko aukerarik gabe geratu nintzen. Hala, azken partidan, Ezkurdiaren aurka, dena galduta nuela eman nuen nire onena. Detaile txikiengatik egin zidan ihes garaipenak: 22-20. Gauzak ondo doazenean, gauzak okertxoago eginda ere hobeto ateratzen zaizkizu, eta, nire kasuan, kontrakoa gertatu zitzaidan: ondo egin nituen gauzak, ondo prestatu nintzen, eta, alde horretatik, oso-oso lasai dut neure burua. Baina gauzak ez dira nahi bezala atera. Hori alda dadin lanean ari naiz.

Egongo da norbait pentsatuko duena txapeldun izan eta Baikorekin kontratua sinatu eta gero lasaitu egin zarela.

Bakoitzak bere iritzia eta ikuspuntua du, eta ni ezin naiz horretan sartu, ez eragin, ezta nahi ere. Nik badakit zein den nire lana, eta lan hori ahalik eta ondoen egiten saiatzen naizela. Oso-oso lasai dut burua, bai Aspen egin nuen lanarengatik, baita Baikon daramadan denboran egiten ari naizenagatik ere. Guztia ematen dut entrenamenduetan, eta ahal dudan ondoen zaintzen saiatzen naiz. Ez dut neure burua zuritu beharrik.

Sasoiko zaude?

Bai. Hobeto egon naitekeela? Bai, dudarik gabe. Eta hobeto egon nahi dut. Hobeto egongo naizela? Iruditzen zait baietz. Kosta egiten ari zait garai bateko konfiantza eta erritmoa hartzea, baina hori etortzen den moduan joaten da. Ez nabil gaizki pilotan, baina badakit hobeto aritu naitekeela. Zer egin behar dudan? Egiten ari naizena: entrenamenduetan ahalik eta lanik onena egin. Halako batean etorriko da.

Binakakoan ari zara, Jon Mariezkurrenarekin, eta galdu egin dituzue jokatu dituzuen lehen bi partidak. Garaipen batek mesede handia egingo lizueke, ezta?

Zalantzarik gabe. Lehen aldiz ari gara jokatzen elkarrekin. Entrenamenduetan ere ia ez ginen aritu. Automatismo batzuk hartzen ari gara, eta hori garrantzitsua da. Baina txapelketa oso-oso gogorra da, eta bikote oso-oso indartsuak daude. Hala ere, sinetsita nago gero eta lan hobea egingo dugula, eta hori egindakoan hasiko garela garaipenak pilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.