Jon Ander Peña. Baikoko pilotaria

«Ez dugu txoririk buruan; oso argi dugu kanporaketa dela helburua»

Gaizki hasi ziren Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu: lehen partida irabazi zuten, eta hurrengo bostak galdu. Baina suspertu egin dira, eta azken hiru neurketak irabazi dituzte. Itxaropentsu dago Peña: «Uste dut gora egingo dugula».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Tolosa
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hutsik dago Beotibar pilotalekua, Tolosan (Gipuzkoa). «Askotan jokatu dut hemen, batez ere gaztetan. Profesionaletan, ordea, nahi baino gutxiagotan aritu naiz», aitortu du Jon Ander Peñak (Tolosa, 1997). Arrazoi du: ez aurreko binakakoan, ez oraingoan, ez du jokatu herrian. Gustatzen zaio Beotibar. Nahiago izan du han izan solasaldia, kalean baino.

Irabazteak indarra eta konfiantza eman ohi du, eta zuk eta Jon Ander Albisuk azken hiru partidak irabazi dituzue. Indarberritu egin zarete?

Bai. Bolada ona harrapatu dugu. Behar genuen, gaizki hasi baikinen. Pozik gaude; izan ere, hariari tiraka, lehen seiren artean muturra sartu dugu. Ea halaxe jarraitzen dugun eta helburua lortzen dugun.

Aurreko bi garaipenak atzetik aurrera egin ostean lortu zenituzten. Aldiz, azkenekoan, Jaka-Mariezkurrena II.aren aurkakoan, hasi eta buka nagusitu zineten: 22-11. Halako partida oso bat egiteko beharra zenuten?

Beharra genuen, bai. Ondo egin genuen gure lana, hasi eta buka. Jon Ander ondo aritu zen hasieratik, oso ondo, eta Erikek eta Jonek ez zuten euren egunik onena izan. Gustura amaitu genuen lehia.

Zerk ematen du indar handiagoa: atzetik aurrera eginda irabazteak ala hasi eta buka nagusi izanda irabazteak?

Bigarrenak. Guk garrantzi handia ematen diegu hasieratik amaierara lan ona eginda lortzen diren garaipenei.

Aspaldiko partidarik onena izan zen?

Danelen [Elezkano] eta Joseren [Zabaleta] aurka oso partida ona egin genuen, baina haiek ikusgarri aritu ziren, eta ezin izan genuen irabazi [13-19 joan eta gero, 22-21 galdu zuten]. Bestelakoan, nahiko gorabeheratsu aritu gara. Espero dugu falta diren bost jardunaldietan hobeto aritzea.

Azken hiru partidak irabazi aurretik, aurreko bostak galdu zenituzten. Zer aldatu da?

Gu saiatzen gara gure eskuetan dagoen guztia ahalik eta ondoen egiten, baina badaude gure esku ez dauden zenbait faktore: aurkarien maila eta zortea, besteak beste. Orain, bolada ona harrapatu dugu. Ea euts diezaiokegun.

Kezkatu egin zineten bolada txar horretan zinetenean?

Bai, ondo edo gaizki jokatu, irabazteak axola baitu. Eta gu bolada txar bete-betean ginen, irabazi ezinik. Zorionez, lehenbizi, eten egin genuen bolada txar hori, eta, gero, bolada ona harrapatu dugu. Azken garaipenak indar handia eman digu, berriro lehen sei sailkatuen artean sartu baikara. Hori lortzeak segurtasuna eman digu.

Ezustekoa izan zen lehen neurketa erraz antzean irabazi eta gero [22-15 Jaka-Mariezkurrenari] halako bolada txarrean murgiltzea?

Bai, lehen partida ona egin baikenuen. Baina gero, bi partida txar jokatu genituen; haserre amaitu genuen eman genuen mailarekin. Hobeto aritu ginen Danelen eta Joseren aurka, eta Jokinen [Altuna] eta Julenen kontra [Martija], baina ez batean, ez bestean ez genuen irabazi. Horrek beharra eta presioa handitu zituen. Zorionez, ona bilakatu dugu txarra zen bolada. Oso pozik gaude, baina badakigu oraindik lan asko dugula egiteko.

Bolada txar horretan zer esaten zenioten elkarri?

Elkar animatzen genuen. Baikorrak ginen, galduta ere ikusten baikenuen ondo aritzen ginenean kontrarioei min handia egiten geniela. Bolada on eta eraginkor horiek luzatzea falta zitzaigun. Azkenaldian, lortu dugu, eta, horri esker, gora egin dugu.

Zerk egin zuen huts hasieran?

Biok pixka bat gorabeheratsu aritu ginen; huts asko egiten genituen. Askotan konfiantza falta izan genuen. Biok aritu ginen gure mailatik koska bat beherago.

Nola ikusi duzu zeure burua txapelketan?

Nahiko ondo ikusi dut. Bi partida txar izan ditut, neure buruarekin haserre amaitu nituenak, baina besteetan ondo aritu naiz. Hala ere, badakit asko dudala hobetzeko. Ez nago bete-betean, ezta Jon Ander ere. Baina itxaropentsu naiz. Uste dut gora egingo dugula.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Jon Ander ikusgarri aritu zen iaz, eta, nire ustez, lekuz kanpo dago hari exijitzea berriro orduan bezala aritzea. Maila badauka, ikaragarria, eta irits daiteke berriz ere maila horretara, baina ezin zaio halakorik exijitu. Kirolariok gorabeherak izan ohi ditugu. Hala ere, ziur naiz gora egingo duela eta berriro ikaragarri ariko dela.

«Presioa» aipatu duzu lehen. Zuk eta Albisuk esana da iaz «zerikusi handia» izan zuela ia presiorik ez izateak horren txapelketa bikaina egiteko. Aurten, ordea, txapeldunordeak zarete, eta horrek presioa dakar nahi eta nahi ez. Aldaketa hori sumatu duzue?

Bai. Presioa kirolaren parte da. Iaz, ia batere presiorik gabe aritu ginen, eta horrela askoz errazago jokatzen da. Aurten, ordea, presio handiagoa dugu, jendeak gehiago espero baitu gutaz. Eta, noski, sumatzen da presioa. Horri aurre egiteko ari gara lanean.

«Ez dugu ezer galtzeko», zenioten iaz. Aurten, baduzue zerbait galtzeko?

Bai. Geure buruari ezarritako asmoetatik beherago ari gara oraingoz; badirudi helburua txapela irabazteak izan behar duela, baina oso-oso zaila da hori. Ez gabiltza ondo, baina argi dugu gaur-gaurkoz kanporaketa jokatzea dela helburua, eta horra iristeko gai garela. Horri helduko diogu, ahalik eta ondoen lan eginez eta jokatuz.

Zer moduz daramazu presioa?

Ez da txarra presio pixka bat izatea. Tentsioz jokatzeak jokoa hobetzera eramaten zaitu; betiere, tentsioa kontrolpean izanez gero. Seinale ona da presioa izatea. Iaz gauzak ondo egin genituen seinale da.

Iker Irribarriak dio pilota «eskuarekin» jotzen dela, baina jokatu, «buruarekin» jokatzen dela.

Erabat ados nago. Alor fisikoak, taktikoak eta teknikoak garrantzi handia dute, baina buruak ondo egon behar du derrigorrez; buruak sufritu egiten duenean, beste denak sufritu egiten du. Buruz ondo baldin bazaude, konfiantzaz aritzen zara, baita jokoz ere.

Presioa eramaten jakiteko lana egiten duzu?

Bai. Nik denbora daramat lanean presioa hobeto eramateko. Garrantzitsua da, presio handia baitago: ikusleak, komunikabideak, sare sozialak... Buruak lan handia egiten du, eta garrantzitsua da hori guztia kontrolpean izatea, eta eramaten jakitea.

Badaude zuk aipatutako arrazoi horiengatik prentsa irakurtzen ez duten kirolariak. Zure kasua da?

Ez dut egunero prentsa irakurtzen, baina, etxean nagoenean, gustatzen zait bistadizo bat ematea. Pilotariok pertsona arruntak gara, jendearekin harreman normala dugu, eta, beraz, nahigabe edo ez, iristen zaizkigu gauzak, are gehiago sakelakoa eskura izanda.

Iristen zaizkizu kritikak? Eta iristen zaizkizunak nola hartzen dituzu?

Errespetuz esandakoak edo idatzitakoak badira, onartu egiten ditut. Izan ere, batzuetan badira modu txarrean egindakoak. Nik beti diot nitaz zerbait txarra esaten duenak zera lortzen duela, ni are eta gehiago motibatzea. Hala behar du, behera egiten baduzu zure kalterako baita.

Ametsetako debuta izan zenuen iaz binakakoan. Orain, ordea, beste aldea ezagutu duzu. Hau ez da erraza.

Horixe ezetz, oso-oso zaila da. Beti esan ohi da pilotaria ez dela baloratu behar %100ean dagoenean, %60ean dagoenean baizik. Gu kopuru horretan egon gara, eta jakin dugu sufritzen, eta poliki-poliki gora egiten. Ea ahalik eta lasterren %100era iristen garen.

Bost jardunaldiren faltan, bi garaipenera duzue bigarren postua. Laso-Imaz daude horretan, eta bihar haien aurka jokatuko duzue. Iaz bezala, zuzenean finalerdietarako sailkatzeko aukerari eusten diozue oraindik ere?

Txoririk ez dugu buruan: badakigu zer egin dugun orain arte eta zer lortu dugun azken hiru asteetan. Oso argi dugu kanporaketa dela helburua. Gero seigarren izan beharrean hirugarren baldin bagara, bada, askoz hobeto.

Laso-Imazen aurka galdu egin zenuten lehen partida, aise: 22-11. Gogo handiagoz ariko zarete?

Guk ez genuen partida ona egin, eta haiek oso ondo jokatu zuten. Baina ahaztua dugu partida hori, baita ondorengoak ere. Hutsetatik ikasteak eta ahalik eta lehia gehien irabazteak bakarrik axola digu.

Zer itxura hartzen diozu oraingoz txapelketari?

Danel eta Jose daude sailkapenaren buruan, eta hori ez da ezustekoa; txapeldunak dira, eta oso bikote orekatua osatzen dute. Baina azken jardunaldian ikusi da egun ona izanez gero edozeinek irabaz diezaiokeela bikote horri. Horrez gain, beste bikoteak oso puntu gutxiren aldean gaude. Oso parekatua dago txapelketa; polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.