Jose Javier Zabaleta. Aspeko pilotaria

«Lehia bakar bat ez dugu hasi eta buka ondo jokatu»

Elezkano II.ak eta Zabaletak txapela irabazi zuten iaz, eta aurten ere bikain hasi ziren, lehen zortzi partidetatik zazpi irabazita. Baina galdu egin dituzte azkeneko biak. Atzelariak dio «konfiantza pixka bat» falta zaiela, baina «ziur» da suspertuko direla.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

Autoan harrapatu du deiak Jose Javier Zabaleta (Etxarren, Nafarroa, 1991). Iruñera bidean dago, Labriten entrenatzeko. «Gogotsu» dagoela dio. «Ahalik eta azkarrena» egin nahi dute «gora» hark eta Danel Elezkanok.

Hiru egun pasatu dira Jokin Altunaren eta Julen Martijaren kontra galdu zenutenetik. Buelta asko eman dizkiozu buruari?

Partida amaitu ondorengo uneetan eta aurreneko gauean buruari eragin nion, baina igande goizean jada indartsu altxatu nintzen, animatuta, datorrenari gogoz heltzeko prest. Ez dugu ezer galdu.

Zer hausnarketa egin zenuten?

Txapelketa guztiaz egiten dugu bera: partida oso bat egin ezinik gabiltzala. Ez dugu lortu hasi eta buka neurketa on bat jokatzea. Jarraitutasuna falta zaigu, eta biak lehia osoan bete-betean egotea.

Aurreko larunbatekoa egun txar bat izan zitekeen, baina aurreko partidan ere eskas aritu zineten: 22-7 galdu zenuten Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren aurka. Ez da salbuespen bat.

Ez. Partida guztietan irten gara noizbait neurketatik: batzuetan, Danel, eta beste batzuetan, ni neu. Partida asko irabazi ditugu, baina biok badakigu hobeto joka dezakegula. Horretan saiatu behar gara.

Hala ere, zuk esan duzu: «Partida asko irabazi ditugu»; hamarretik zazpi, hain zuzen. Gauzak bere neurrian hartu behar dira?

Bai, eta txapelketa hasi aurretik esan baligute lehen hamar partidetatik zazpi irabaziko genituela, agian, sinatuko genuke. Bikote oso indartsuak daude, eta guztiek dute aukera hor goian egoteko. Ia ezinezkoa da beti irabaztea. Falta zaizkigun lau partidei bete-betean ekitea da gure egitekoa orain.

Kezkatuta zaudete?

Bai, azken bi partidak galdu baititugu, eta konfiantza pixka bat falta baitzaigu. Baina kontuan hartu behar da noren aurka galdu ditugun bi neurketa horiek: batean, Irribarriak eta Rezustak txapelketako partidarik onena jokatu zuten; bestean, badakigu Altuna eta Martija, egun ona izanez gero, zer-nolako bikote ona diren. Aste honetan hasiko gara beste enpresako bikoteen aurka jokatzen, eta ea egoerari buelta ematen diogun eta irabazten hasten garen.

Partida oso bat egiteak asko lagunduko zizuen?

Bai, hori falta izan baitzaigu orain arte: hasi eta buka partida on bat egitea; neurketa handi bat jokatzea. Aste honetan egiten badugu, seguru nago konfiantza handia emango digula, eta gora egingo dugula.

Txapelketa oso luzea da, eta bolada onak eta txarrak egon ohi dira. Pentsatu nahi duzue hau dela zuen bolada txarra?

Bai, noski, zalantzarik gabe. Hori pentsatu behar dugu, eta buru-belarri lan egin bolada txar hau eteteko. Pentsatu behar dugu jada jokatu ditugula txapelketako partidarik txarrenak. Bi partida galdu ditugu jarraian, baina ziur naiz hemendik irtengo garela.

Txarrenari onena bilatuta, garaiz zaudete suspertzeko, eta, gainera, liderrak zarete.

Askoz hobeto da garai honetan bolada txar bat izatea, eta ez aurrerago, galdu eta kalera joan zaitezkenean. Alde onari begiratu behar diogu: liderrak gara. Saiatu behar gara aurreneko bi postuetako bat lortzen.

Aurreko binakakoan ez zenituzten bi lehia jarraian galdu. Jakitun zaudete hori ezohikoa dela eta ohikoa gorabeherak izatea dela?

Azken bi ekitaldietan ez ditut bi partida jarraian galdu ligaxkan: duela bi urte, Erikekin [Jaka] eta iaz, Danelekin. Baina oso zaila da hori lortzea; badakit, beste binakako batzuetan halako gorabeherak bizi izan ditudalako.

Zuk nabarmendu duzu: «Bikote oso indartsuak daude».

Hala baita. Bikote oso indartsuak daude, eta horietatik asko ari dira lehian lehen bi postuetako bat lortzeko. Bagenekien txapelketa oso gogorra izango zela, eta asko borrokatu beharko ginela partidak irabazteko, eta orain artekoak uste hori indartu besterik ez du egin.

Kanpotik errazegi ikusten da dena?

Bai, baina guk ez diogu jaramonik egin behar horri. Iaz txapeldun izan ginen, baina hau beste txapelketa bat da, beste bikote batzuk daude, eta gauzak ez dira beti berdin irteten.

Txapeldunak izanda, presio handiagoa duzue?

Ez, iazko bera dugu. Orduko ilusio berarekin ekin diogu txapelketari, eta horri eutsi behar diogu bukaera arte. Ahalik eta ondoena jokatzen saiatuko gara, baita berriz txapeldun izaten ere. Oso zaila izango da, baina ilusioa badugu, eta azkeneraino borrokatuko gara.

Zer moduz ari zara zu?

Hasi eta amaitu ondo aritutako partida gutxi jokatu ditut; bi baino ez: Arrasatekoa [22-12 irabazi zieten Urrutikoetxea-Arangureni] eta Tolosan Jaka-Aretxabaletari irabazitakoa [22-11]. Bi horietan gustura aritu nintzen, eta nire benetako maila eman nuen. Beste neurketetan, ordea, kostatzen ari zait hasi eta buka ondo aritzea. Entrenatzen ari naiz hori ez gertatzeko. Ea hemendik aurrera ematen dudan nire mailarik onena.

Ondo zaude sasoiz eta eskuz?

Oso ondo nago, sasoiz eta eskuz. Konfiantza pixka bat falta zait, besterik ez, baina partida oso bat eginda, gora egingo dugu.

Sekulako urtea egin zenuen iaz. Binaka, irabaz zitekeen ia guztia irabazi zenuen: Binakako Txapelketa, Mastersa, eta sanferminetako eta sanmateoetako feriak; banaka, berriz, finalerdiak jokatu zenituen. Oso zaila da halako beste urte bat egitea?

Oso erronka zaila da, baina saiatuko naiz lortzen. Beti bezala, gogor egingo dut lan horretarako.

Aurreko binakakoan Jon Ander Albisu eta zu ikusgarri aritu zineten. Jon Ander Peñaren arabera, «lekuz kanpo»dago Albisuri iazko maila exijitzea, kirolariek gorabeherak izan ohi baitituzte. Zuri exiji dakizuke ala ez?

Nik uste dut baietz. Nik neuk hori eskatzen diot neure buruari. Badakit oso zaila dela urte osoan bete-betean aritzea, baina uste dut lor dezakedala.

Gaizki ohitu duzu jendea? Asko espero du zugandik.

Hala da, baina ezinezkoa da beti ondo jokatzea. Aurkari guztiek asko jokatzen dute, eta oso motibatuta aritzen dira nire aurka; irabazi egin nahi didate. Ahalik eta ondoena jokatzea da partida guztietan neure buruari jartzen diodan helburu nagusia.

Ez zara makina bat, nahiz eta batzuetan zu kantxan ikusita hori ematen duen.

Ez, noski! Ni ahalik eta ondoena prestatzen naiz partidetan barruan dudan onena emateko, baina, nahiz eta aurretik lan ona egin, gorabeherak izan daitezke; denok ditugu, inor ez dago libre.

Nola ikusi duzu Danel?

Nire moduan. Azken partidan, oso ondo hasi zen, baina, niri bezala, hari ere kostatzen ari zaio partida osoan ondo aritzea. Danel erasokorrago aritzea falta izan zait partida batzuetan, baina badakit gogor ari dela lanean hori hobetzeko. Ziur naiz konfiantza hartzen duenean gora egingo duela.

Ostiralean Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka jokatuko duzue. Haiek ere galdu egin dute azken partida, eta, horren ondorioz, koska bat egin dute behera, eta hirugarren dira orain. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Gogorra izango da, ziur. Azken partida galdu dute, baina oso txapelketa ona egiten ari dira. Unai oso indartsu dabil profesionaletara itzuli zenetik. Sekulako ahalmena dute, bai pilota atzera botatzeko, baita aurrean errematatzeko ere. Oso bikote indartsua dira.

Hendaian (Lapurdi) jokatuko duzue. Behin bakarrik aritu zara bertan, eta duela zortzi urte izan zen. Gogoan duzu nolako pilotalekua den? Mesede egiten dizue?

Gustatzen zait, zoru azkarra baitu. Frontisa eta ezkerpareta ahulak dira, eta pilota ez da indar askorekin irteten, baina pilotaleku ona da. Espero dut lan ona egitea.

Txapelketa oso estu dago. Berri ona da hori?

Bai, noski. Oso txapelketa polita izaten ari da. Duela bi aste bazirudien gurea zela kasik lehen postua, baina, azken bi partidak galdu eta gero, izugarri estutu da dena. Jaka eta Mariezkurrena ere irabazten hasi dira, eta Ezkurdiak eta Tolosak ere garaipenen bat lortu dute. Oso estu dago dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.