Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Ilusioa piztu zaigu. Aukeraren bat dagoen bitartean borrokatuko gara»

Zuloan zeuden duela gutxi Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa. Azkenak dira oraindik ere, baina bestelakoa da egoera: azken hiru partidetatik bi irabazi dituzte, eta garaipen bakarrera dute seigarren postua. Abisua eman du aurrelariak: «Bizirik gaude».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Etxetik Idiazabalera (Gipuzkoa) bidean dago Joseba Ezkurdia (Arbizu, Nafarroa, 1991). Bertan egingo du asteko lehen entrenamendua, pilotalekuan. «Gogotsu eta animotsu» dagoela dio. «Asteburuan irabaziz gero, askoz hobeki ikusten da dena».

Nekez izan zenezaketen asteburu biribilagorik: nagusitasunez irabazi zenieten Peña II.a-Albisuri (22-8), eta zuen aurkari nagusiek galdu egin zuten. Horren ondorioz, garaipen bakarrera duzue orain seigarren postua, hiru jardunaldi falta direla. Hortxe zaudete, lehia bete-betean.

Hala da, hortxe gaude, lehia betean, ilusioz, esperantzaz eta azkeneraino borrokatzeko gogoz. Badakigu zaila dagoela, baina guk gureari eutsi behar diogu. Ondo ari gara, Bilbon jokatutako partidan ez beste guztietan izan gara lehiakorrak [22-10 galdu zuten Elezkano II.a-Zabaletaren aurka]. Sailkapenaz ahaztu behar gara. Astean zehar ondo entrenatzea, asteburuko partida ondo prestatzea eta frontoian ondo lehiatzea; hori da gure helburua orain.

Azken hiru partidetatik bi irabazi eta gero, oso bestelakoa da egoera? Argi gehiago ikusten da?

Argia ez dakit, baina bai ikusten da aukera badugula kanporaketa jokatzeko. Argi dugu aukeraren bat dugun bitartean borrokatzen segitu beharra dugula. Profesionalak gara, eta halaxe jokatu beharra dugu, profesionaltasunez: ahalik eta lanik onena egiten saiatu behar gara astean zehar. Gero, gerta liteke lan horrek saria ez izatea, aurkariek ere jokatzen baitute, eta asko, gainera. Baina berriz diot: gure eginbeharra da aukeraren bat dagoen bitartean borrokatzea. Okerrago ginenean itxaropenari eusten bagenion, zer esanik ez orain. Ilusioa piztu zaigu. Pena dugu lehen itzulian partida bakarra irabazi izanaz. Gero eta hobeto ari ginen, baina ez genuen lortzen 22ra iristea: 18ra bai, baita 20ra ere, baina ez 22ra. Pena da garaipen bat edo bi gehiago lortu ez izana, baina horrek ez du atzera-bueltarik.

Garaipenen bat gehiago lortzea merezi izan duzue?

Baietz uste dut. Adibidez, bigarren jardunaldian, Altuna-Martijaren aurkakoan. Xabik oso ondo jokatu zuen, eta nik huts egin nuen, eta nire erruz galdu genuen [22-17]. Gogoan ditut ere Jaka-Mariezkurrenaren eta Urrutikoetxea-Arangurenen kontra galdutakoak. Aurrenekoan, 20na egon ginen berdinduta, eta, gero, ihes egin ziguten [22-20 galdu zuten]. Partida hori irabazi izan bagenu, oso bestelakoa litzateke egoera orain. Baina dagoena dago. Hortxe gaude sailkapenean, bizirik. Azkeneraino borrokatuko gara.

Aurreko binakakoan gertatu zitzaizuna duzu helduleku: garai honetan lau garaipen zenituzten Ladis Galarzak eta zuk, eta azkeneko hiru partidak irabazita sailkatu zineten.

Hala da. Argi dago baikor izan behar dugula nahi eta nahi ez. Gurea eginez gero, sailkatzeko aukera izango dugu.

Zer moduz moldatu zarete Tolosa eta zu?

Hasieran, kosta egin zitzaigun lehiatzea, batez ere, ni ez nengoelako sasoi betean. Baina gero eta hobeto ari gara. Gustura gabiltza. Xabi jatorra eta langilea da, baita eramaten erraza ere. Eskertu egiten da hori. Oso pozik nago harekin jokatzeagatik. Ez gaude nahi genukeen tokian, baina aukera dugu oraindik.

Tolosa lehen aldiz ari da titular gisa binakakoan. Hura ahalik eta gehiena babesten saiatzen ari zara?

Ez bereziki. Xabik lehen txapelketa du, baina urte dezente daramatza profesionaletan jokatzen. Mutil oso lasaia da, gainera. Partidak prestatzeko orduan ahalegintzen naiz berak nahi duen moduan prestatzen. Baina ez nago haren gainean. Egoerari normaltasuna ematen ahalegintzen naiz. Hala izan behar du.

Nola ikusi duzu?

Ondo. Normala da hasieran aldaketa sumatu izana eta pixka bat kostatu izana: pilotak ezberdinak dira, baita erritmoa ere, eta zailena erritmo horri eustea da. Baina Xabi txapelketa ona egiten ari da, eta azkeneko partidetan, bereziki, oso ondo ari da.

Eta zu, nola ari zara?

Lehen esan dut: ez nintzen sasoi betean hasi. Denbora asko neraman jokatu gabe binaka, eta lau eta erdikoa amaitutakoan apur bat behera egin nuen. Baina partidek aurrera egin ahala, jokoa hartuz eta gauzak hobeki eginez joan naiz. Ondo ikusi dut neure burua azken aste hauetan, sasoiz eta jokoz. Horri eustea da helburua.

Iaz estu eta larri ibili zineten Galarza eta zu sailkatzeko, eta, aurten ere hala zabiltza. Nekeza da? Eskertuko zenuke gutxiago sufritzea?

Dudarik gabe. Sailkapenean gorago zaudenean asteak lasaiago pasatzen dira, presioa ere txikiagoa da, baina dagoena dago, eta, gainera, halako une estuetan aritzeko entrenatuta gaude, eta entrenatzen gara. Eskertuko nuke txapelketa lasaixeagoa izatea, baina sinatuko genuen hasieran azken bizpahiru partidetara bizirik iristea. Eta lortu dugu: bizirik gaude, eta hori aintzat hartu behar da.

Nola daramazu presioa?

Lana eginez. Ez dira gustuko momentuak, baina urteekin ikasi egiten duzu errutina batzuk hartzen: batetik, ikasten duzu noiz aritu behar duzun buru-belarri, batez ere, entrenamenduetan, asteburura egokien iristeko; eta bestetik, ikasten duzu buruari atseden pixka bat ematen ere, eta lasai egoten; lehia handia dago txapelketan; guztiok irabazi nahi dugu, eta oso-oso zaila da irabaztea.

Enpresak binakakorako aukeratutako laugarren atzelariekin jokatu duzu azken bi ekitaldietan. Nola hartzen dituzu halako erabakiak? Norberak izaten ditu bere desioak?

Ondo hartzen ditut halako erabakiak. Binakakoa hasi aurretik, entzuten zen aukera asko zeudela nik Martijarekin jokatzeko [txapeldun izan ziren 2020an], baina, gero, Xabirekin jarri ninduen enpresak. Ondo hartu nuen, eta oso gustura nabil Xabirekin. Enpresak erabakitzen du zein atzelarirekin jokatu behar dudan, eta nik ez dut inolako kexarik horretaz. Gainera, seinale ona ere bada enpresak Xabirekin jarri izana. Horrek esan nahi du badutela konfiantza hari lagun diezaiokedala.

Inoiz jokatu duzun binakakoetan gehien parekatua da hau?

Gehien parekatuetako bat, ziur. Sekulako berdintasuna dago. Saltsa handia dago goian eta behean. Polita eta erakargarria da halako borroka estua egotea. Mesede handia egiten dio pilotari.

Oso txapelketa luzea da binakakoa, eta ohikoa da gorabehera handiak egotea. Hala izaten ari da hau ere.

Bai, eta normala da, oso txapelketa luzea baita, eta zaila baita asteburuero ondo egotea. Ohikoak dira gorabeherak egotea eta, horren ondorioz, bolada onak eta txarrak harrapatzea. Hori guztia ikusten ari gara. Oso estu dago dena.

Zerbait nabarmenduko zenuke?

Batetik, sekulako berdintasuna dagoela; partida ia guztiak ari dira izaten lehiatuak. Bestetik, Laso eta Imaz egiten ari diren lana azpimarratuko nuke; ikusgarri ari dira biak. Horrez gain, Jose [Zabaleta] ere bikain aritu da zenbait partidatan, baita Irribarria eta Rezusta ere; sekulako joa dute. Halere, bikoteren bat nabarmenduko banu, Laso-Imaz nabarmenduko nuke.

Hain zuzen ere, haien aurka jokatuko duzue larunbat honetan, Iruñean. Zer itxura hartzen diozu neurketari?

Oso gogorra izango da. Sekulako sasoia dute: Laso konfiantza eta joko ikaragarriarekin dabil. Baina partida gogorra bezain polita da. Ea ondo jokatzen dugun, borrokatzen garen eta amaierara irabazteko aukerarekin iristen garen.

Zein izango da gakoa?

Partida serioa egin behar dugu, ahalik eta oparirik gutxiena eginez eta gogor borrokatuz. Hartara, irabazteko aukera izango dugu.

Zuzeneko aurkarien emaitzei begira ere egongo zarete? Irribarria-Rezustak eta Altuna III.a-Martijak berriro lagun diezazuekete.

Guk irabaziz gero, bete-betean jarraituko dugu lehian, bizirik. Aurreko asteburuan enpresakideek lagundu ziguten, eta horri esker, seigarren postutik garaipen bakarrera gaude orain. Falta zaizkigun hiru partidak irabaziz gero, uste dut barruan egongo garela.

Are gehiago, kontuan hartuta azken bi partidak zuzeneko aurkarien kontra jokatuko dituzuela.

Bai, ea zer pasatzen den partida horietan. Lehen itzulian, galdu egin genuen haien aurka, baina hortxe egon ginen: 22-20 galdu genuen Jaka-Mariezkurrenaren kontra, eta 22-18 Urrutikoetxea-Arangurenen aurka. Ea larunbat honetan partida ona egiten dugun, eta azken txanpara bizi-bizi iristen garen, sailkatzeko aukerarekin. Ilusio eta gogo handiz gaude borroka horretan azkeneraino ailegatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.