Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Jokatzen, inoiz ez dut pentsatu ez dudala irabazi binakakoa»

Jokin Altuna laugarren aldiz ari da binakakoaren finalerdietan. Lehen aldiz irabazi du aurreneko partida. «Baina horrek ez du esan nahi finalean gaudenik. Beste bi lehia oso gogor ditugu», ohartarazi du. «Oso gustura» ari da Julen Martijarekin.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
Amezketa
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hutsik dago Amezketako (Gipuzkoa) Fernando Amezketarraren plaza. Autoan iritsi da Jokin Altuna (Amezketa, 1996). Plazan hasi dute argazki saioa hark eta argazkilariak, baina euria hasi, eta Larrunarri pilotalekura joan dira berehala aterpe bila. Elkarrizketa hastear zela jakin du Altunak gaur egingo dituztela bigarren jardunaldiko bi pilota aukeraketak. Atzeratu egin diote berea, eta berehala deitu dio Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoari. Dena ondo antolatua izan nahi du.

Zuk eta Julen Martijak ezin hobeto hasi duzue finalerdietako ligaxka. Lehen partida irabazi duzue: 22-15 Danel Elezkanori eta Jose Javier Zabaletari.

Pozik gaude, partida biribila egin baikenuen. Hurrengoari heltzeko gogoz gaude orain.

Ohitura duzu telebista aurrean bakarrik jartzeko eta partidak aztertzeko. Egin duzu jada?

Ez, baina, agian, egingo dut astean zehar. Halere, badakit nolako partida izan zen.

Nolakoa izan zen?

Haiek oso ondo hasi ziren: Juleni pixka bat kostatu zitzaion, eta Danelek dena bukatu zuen [0-4]. Baina, gero, oso ondo aritu ginen, eta partida biribila egin genuen. Julenek izugarri jokatu zuen, eta ni ere oso ondo aritu nintzen. Partidaren erdialdean lehia gogortu egin zen [13-13], eta Julenek eta biok lan handia egin genuen. Lan horrek balio izan zigun gero irabazteko.

Ondo hastea oso garrantzitsua da, are gehiago halako ligaxka labur batean. Indarra eta konfiantza ematen du?

Baita abantaila ere. Lehen partida irabazita, ez duzu bigarrena jokatzen hil edo bizikoa balitz bezala. Lehen biak irabaziz gero, pauso handia ematen duzu. Gertatu izan da lehen biak irabaztea eta ez sailkatzea, baina oso gutxitan pasatu da. Guk ahal den ondoena prestatuko dugu bigarren partida, baina ez gara irtengo pentsatuz irabaziz gero finaletik gertu gaudela. Pentsamendu berarekin ari gara jokatzen: atzetik goazenean, ez gara partidatik irten behar; eta aurretik goazenean, gauzak ondo egiten segitu behar dugu. Hori da bidea, eta horretan jarraitu behar dugu.

Laugarren aldiz ari zara finalerdietako ligaxkan, eta lehen aldiz irabazi duzu aurreneko partida. Gogo berezia zenuen?

Banuen gogoa, bai! Lehen partida galduz gero, sentipena baituzu kontrakarrean zoazela. Biok genuen gogoa lehen partida irabazteko. Egin dugu, baina horrek ez du esan nahi jada finalean gaudenik. Beste bi partida oso gogor ditugu; lehena, larunbat honetakoa. Lan zailak ditugu, baina guk gure jokoa egin behar dugu. Espero dugu aukera izatea.

Azken hamar partidetatik bederatzi irabazi dituzue. Finalerdietan aritu zaren aurreko hiru aldiekin konparatuta, inoiz baino sasoikoago iritsi zara?

Bai. Bigarren aldian larri ibili ginen Julen eta biok, baina aurrenekoan lehen partida oso ona eta gogorra jokatu genuen, eta gutxigatik galdu genuen [22-17, Aimar Olaizolaren eta Ander Imazen aurka]. Orain, ondo iritsi gara, ilusioz gainezka. Orduan baino hobeak gara biok. Nik beti diot 20 urterekin ondo ibili diren pilotariak osoagoak izan direla 25ekin, beti hobetzen joaten baitzara.

Ondo zaudete, baina hasi, ez zineten ondo hasi: lehen bost partidetatik bi besterik ez zenuten irabazi. Behetik gora egin duzue?

Bai. Aipatu dituzun bost partida horietatik bat ez nuen jokatu, eskuko minez [Peio Etxeberriak ordezkatu zuen laugarren jardunaldian, eta 22-14 galdu zuten Erik Jakaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra]. Itzuli, eta hurrengo partida 22-4 galdu genuen Urruti-ren eta Arangurenen aurka. Kolpe gogorra izan zen, eta gaizki pasatu genuen. Baina une horietan izan behar duzu indartsu. Hamar partidetatik bederatzi irabazten dituzunean uste duzu normala hori dela: ondo egotea eta irabaztea. Baina jakin behar da une zailtxoagoetan eusten, lanean jarraitzen, eta aurrera egiten. Guk arazo batzuk izan genituen, baina lanean segitu genuen, jakinda gure unea iristeko zegoela. Hala izan da. Uste dut oso lan ona egiten ari garela. Azken txanpa falta da. Ea beste salto bat ematen dugun.

Egon da mugarriren bat?

Urteberri Egunean Lasori eta Imazi Eibarren 22-21 irabazi genien partida. Gakoa izan zen garaipena lortzea, galdu izan bagenu bi garaipenen aldea lortu baitzuten, eta ia aukerarik gabe geratuko baikinen gutxienez bigarren izateko. Haiek agindu zuten partida ia osoan, baina lan handia eginez irabazi genuen.

Hirugarrenez ari zarete elkarrekin. Lan handia izango zenuten aurretik egina.

Bai, baina ez daude bi txapelketa berdin, eta bikoteak ere ezberdinak dira, baita pilotari bakoitza nondik datorren ere: nik, hasieran, jokoz ondo ikusten nuen neure burua, baina denbora pila bat daramat txapelketaz txapelketa, eta hori igarri egiten da; Julen, berriz, bolada txarxeago batetik zetorren, konfiantza gutxixeagorekin, eta hori sumatu egiten da. Orain bezala, txapelketa hasieran ere ondo ezagutzen genuen elkar, baina emaitzek ez zuten lagundu. Beste faktore batzuk zeuden. Ez genuen minik egiten. Lehen itzulian partida batzuk irabazi genituen [zazpitik lau], baina lan handia egin behar genuen irabazteko, baita lehia asko gogortu ere. Horregatik eta opari gutxi egiten ditugulako irabazten genuen. Orain, berriz, gehiago ari gara agintzen eta min egiten.

Zertan zarete indartsu?

Biok gure indarguneei eutsi diegu. Biok oso pilota gutxi galtzen ditugu, eta defentsan, elkarri asko laguntzen diogu. Opari gutxi egin ditugu; lana erruz egin behar izan dugunean, egin dugu; eta bukatzeko garaian ere ondo aritu gara. Bikote eraginkorra izan gara.

Eta zer duzue hobetzeko?

Taktikoki, askoz hobeto ari gara. Kantxan, tarte gutxiago dago bion artean, gehiago agintzen ari baikara. Orain, aurkariak agintzen ari direnean Julenek aurrerapausoa ematen du, eta sotamanoz jo. Beti ahal da zer hobetu, baina biok egon behar dugu ondo. Orain, ondo gaude, datorrenari heltzeko gogoz.

Nola ikusi duzu Martija?

Oso ondo ari da. Hasieran, kosta egin zitzaion, baina bigarren itzulian oso ondo ari da. Oso gustura ikusten dut, gogotsu, ilusioz, eta sasoi betean. Ni ere halaxe nago, eta berak badaki. Oso gustura ari gara elkarrekin.

«Altunarekin jokatzeak presioa eragiten dizu; guztiok baitakigu zer-nolako aurrelari puska den», esan zion Martijak egunkari honi hasieran. Horrek izango zuen zerikusirik apalago has zedin?

Berak esan baldin badu, baliteke hala izatea, baina nik badakit Julenek oso gustura jokatzen duela nirekin. Nik ere oso gustura jokatzen dut berarekin. Ikasi egiten da presioa eramaten. Zuk kudeatu behar duzu. Presioa ez dator kanpotik, zuk jartzen diozu zeure buruari. Nik ez nuke ondo jokatuko pentsatzen ariko banintz ez dudala binakakoa irabazi. Jokatzen, inoiz ez dut pentsatu hori. Ez dut pentsatu behar horretan. Nire lana egiten ari naiz, eta, ondo eginez gero, iritsiko dira emaitzak.

Ez zaude, beraz, itsututa binakakoa irabaztearekin?

Ez. Lortu dudanari baino gehiago, bizitzeko pribilegioa izan dudanari erreparatzen diot. Bai, noski, ilusioa egiten dit binakakoa irabazteak, baina inuzentea nintzateke pentsatzen ariko banintz binakakoa falta zaidala. Nire adinerako, gauza handi asko bizi eta lortu izan ditut pilotan. Bizitzan ere iruditzen zait gehiegi aritzen garela pentsatzen «hau nahi dut, hau falta zait, hau egingo banu», eta halakoak. Horrela pentsatzearen ondorioz datoz hanka sartzeak eta antsietatea. Gehiago baloratu behar dugu daukaguna. Ni oso gustura nabil, eta saiatuko naiz aurten binakakoaren txapela lortzen, baina ezin bada aurten, izango ditut aukera gehiago. Ezin naiz horrekin itsutu, kalte egiten baitu. Ulertzekoa da kazetariok horretaz galdetzea, baina hori galdetuta urduri jarriko banintz, arazoa ez litzateke zuena, nirea baizik. Baina nik ez daukat inolako arazorik kontu horrekin.

Gustura zaude txapelketan egiten ari zaren lanarekin?

Bai, oso. Nire kirol ibilbideko binakakorik onenetakoa jokatzen ari naiz. Partida guztietan oso ondo sentitu naiz, bitan ez beste: Urdulizkoan [22-4 galdu zuten] eta bigarren itzuliko Iruñekoan [22-18 galdu zuten Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren kontra]. Oso gustura ari naiz. Ea hala segi dezakedan, larunbatetik hasita.

Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko duzue. Haiek ere irabazi dute lehen partida: 22-20, Unai Laso eta Imazi. Ikusi zenuen neurketa?

Bai. Haien partida guztiak ikusi ditut, Zumaiakoa izan ezik. Txapelketa ia osoan ari dira agintzen, baita Zabaletaren aurka jokatu dutenean ere; horrek asko esan nahi du. Oso fresko daude, eta oso bikote sendoa dira: Iker, jo ez ezik, bukatzen ere ari da; Beñat, berriz, oso pilota gutxi galtzen ari da, eta asko ari zaio laguntzen defentsan Ikerri. Partida oso zaila da. Haiek agindu egingo dute une batzuetan, eta gogor egin beharko diegu, eta ahal den gehien defenditu. Nagusi izan gaitezkeen uneetan, berriz, ahal dugun min handiena egin beharko diegu. Gure lana eginez gero, aukera izango dugu.

Ligaxkan, 22-11 galdu zenuten lehen partidan, eta 22-12 irabazi bigarrengoan.

Erraz irabazi ziguten lehen partida; ez genuen aukerarik izan. Bigarrena, berriz, estu hasi zen, baina tanto sorta bat lortu genuen, eta min egin genien. Hala ere, jo zutenean, lanak eman zizkiguten.

Bi urte bete dira pandemia hasi zenetik. Garai zailak izan dira, baina zuri, kirol arloan, ikusgarri joan zaizu dena. Zortekoa zara?

Oso. Gauza asko pasatu dira, eta horiek kirolari gisa hazteko balio izan didate. Garai zailak izan dira pilotarentzat, baina kirol arloan oso gustura nabil. Gozatzen ari naiz, baina ez bakarrik partidez, baita egunerokoaz ere. Ilusio handiz egiten dut lan aste barruan, eta horrek isla du asteburuan. Badakit hau ez dela beti polita izango, baina barruan dudan guztia ematen ari naiz bolada on hau ahalik eta gehien luzatzeko.

Ia ez duzu izan gorabeherarik. Nola lortzen da hori?

Lan handia egiten ari naiz, baina ziur naiz ez naizela lan handia egiten ari den pilotari bakarra. Zorionez, ez dut izan gorabehera handirik, eta goian nabil aspaldian, baina horrek ere tentsioa eragin dit gorputzean eta buruan, eta ordaindu egiten da gero. Aurten, uste dut bi asteko oporraldia izango dugula pilotari guztiok, eta badut gogoa atseden hartzeko.

Tentsioa aipatu duzu. Horrekin dator presioa. Nola daramazu? Landu egiten duzu alor hori?

Duela bi urte sei hilabetez aritu nintzen trebatzaile batekin, baina bukatu nuen harekin. Gustatzen zait irakurtzea alor horren inguruko liburuak, baita beste kirolarien detaileei erreparatzea ere. Baina hau benetan esaten dizut: nik aurten ez inoiz ere dut jokatu pentsatuz txapelduna naizenik. Ez naiz sentitzen inor baino gehiago txapelduna izateagatik. Txapeldun zaren lehen aldian, agian ezberdina da sentipena, baina, gero, ikasi egiten duzu. Ez dut presiorik txapelduna izateagatik. Zuk jartzen diozu presioa zeure buruari. Zu buru-belarri ari bazara egunerokoan, eta zure lana ondo egiten baduzu, harro joan zaitezke frontoira, eta nahiz eta galdu, zeure buruaz harro egon. Porrota ez da galtzea, barruan duzuna ez ematea baizik. Niri horrek ematen dit min: barruan dudana ez emateak. Garaipen batzuek kalte egin dezakete, eta porrot batzuek lagundu. Beti bazabiltza pentsatzen «irabazten badut zer izango da,partida hau ezin dut galdu», eta halakoak, asko kezkatzen zara, eta antsietatea azaltzen da.

Presioa eramateko, laguntzen du batzuetan pilota bazter batean uzteak?

Oso garrantzitsua da hori. Buru-belarri aritu behar duzu egunerokoan, eta lana ondo egin, baina buruari ere atseden eman behar zaio. Nik pilota partida pila bat ikusten ditut, izugarri gustatzen zaidalako pilota. Baina pilota ez diren gauza asko ere gustatzen zaizkit: lagun batekin kafe bat hartu, gurasoekin eta arrebarekin egon, telebista ikusi, ibili... Buruan pilota bakarrik baldin baduzu, azkenean obsesionatu egiten zara, eta emaitzek laguntzen ez badute... Orduan datoz komeriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.