Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Otxolua

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gaztelako Alfontso XI.aren osteek hilabetetik gora egunez ekin omen zioten haitzeko gazteluari, eta eutsi hala ere hura eman gabe hangoek. Nola ere eutsi zioten gaztelukoek, ura ezinbestez beharko zuten. Eta bazeukaten, neuri esan! Orain eliza baino ez den haren osteko patinera jausi nintzen eta. Patina, egun, burdinazko tramankulu batez estalita dago, lasai.

Patina han egiteko hartu behar izan bide zituzten lanak ez ditut pentsatu ere egin nahi. Guk haraino harmailetan gora gindoazela jasan genuen sargoria, zera, aspaldiko haien izerdien eta nekeen zantzutzat jo zitekeen. Patinetik atera nindutelarik eta haitzetik jaistean hasita hotz izaten hasi nintzen, ostera. Hidrokuzioa.

Herrira eroan ninduten. Autoz.

Nire lehen kamamila. Haraino lagundu ninduen neskak gomendatua, eta harexeri plazer ematearren onartua. Azken batean plazera izan baitzen haraino joatearen xedea. Kamamilak on egin zidalakoan nago.

Ez zen hura izan haitzerainoko lehen aldia izan. Urte batzuk lehenago neska-mutil koadrila joan ginen, erratzak eta baldeak hartuta, ermita txukuntzera. Ekintza hura aldarria izan zen. «Aizue, begira zelan dagoen gure Doniene kuttuna!»

Beharbada «Gure Doiene hierofonikoa», esan beharko genukeen. Urteak igarota eta urak beren bidean adiskide historialari batek hierofonia hitza erabiliz azaldu baitzidan halako lekuek norberarengan eragiten duten zera, hitzez esaterik ez dagoena; emozioa, hunkidura, bihotz begien ikuskari itsugarria, barne-muinetako dardara bat-batean etorria, zera, ez naiz ahaleginduko hitzez esaterik ez omen dagoena hitzez esaten.

Mircea Eliaderi zor zaio hierofonia hitza, halaxe esan zidan lagunak. Axaletik irakurrita neukan haren El mito del eterno retorno. Nerabezaroan. Gogoko ez nuen teoria zen betiereko itzuleraren mitoarena, ateo berria nintzen aldetik. Geroago jakin nuenez Eliade faxista izan zen. Baneukan susmoa.

Liburuaren alea azken aldairan agertu zait. Itoak ur azalera bezala.

Erlijioak, Mircea Eliaderen arabera, halako hierofonia-guneetan sortuak dira.

Hari erantzunez esango nukeena da paganismoaren lekutzat dudala Alfontso haren osteei eutsi zien haitza eta haren inguru guztia. Hortxe kokatu zuen Jose Angel Rebolledok, Betirako sua filma, euskal tradizioko ahoz ahokoaren kontakizunetik hala edo nola egokitua:

Goizian goizik jeiki nündüzün

espusa nintzan goizian,

bai eta zetaz ere beztitü

ekia jelki zenian;

etxekoandere zabal nündüzün

egüerdi erditan,

bai eta ere alargüntsa gazte

ekia sartü zenian.

Haitza lehor alde zabalari lotzen dion zubia eta hara gorainoko harmailak, alboko beste haitza urez inguratua, horien denen altzotzat jo daitekeen senaia, iluntzeak eta egunsentiak, belarraren goxoa haizeak orraztua, belarraren zein zubipeko haitz leunetako ur ezin gardenagoa eta han gorago ermita erromanikoa. Zein leku hoberik alarguntsarena amesteko.

Hori guzti hori, eta gehiago ere —inguruari bezalaxe olerkiari ere badarion erotismoa, esaterako—, Azken fusila nobelara ekartzen saiatu nintzen. Eta ez dut esango, behinola beste nobelako batekoaz idatzi nuen legez, hango pertsonaia nagusia agertzen zaidanik. Onofre alegia.

Otxolua da agertzen zaidana.

Neu jaio nintzen etxearen aurrekoan jaio zen Bernardo Maria Garro Otxolua. 1891ko abuztuaren 22an. Bilbon hil zen, 1960ko irailaren 14an. Beraz, txikitan ezagutu egin nuen. Ezinbestez. Ez dut haren akordurik, ostera.

Ez dakit sorterrian neuk eta lehengusuak izan ezik beste inork irakurrita daukan Otxoluarenik. Hartaz hitz egiten didan bakarra lehengusua da hain zuzen. Otxolua jaio zen etxea eta gurea baino hamar metro itsasorago jaioa da lehengusua. Onofre etxe haren atzealdeko beste batean jaio zitzaidan.

Los tremendos de Canala idatzi zuen Juan Mari Irigoien ere hantxe bizi zen. Otxoluaren ondokoan. Lehena faxistekin gerran, abertzalea bigarrena, txikitako gure burbuilan baziren garaileak eta baziren garaituak. Artean zoriontsuak ginen gu. Portuko gure burbuila kosmikoan, hierofoniazkoa bete-betean.

Lehengusuak Otxolua ezizenaren esanguraz hitz egiten dit, zer esan nahi ote duen. Otxoluaren lehen edizio bat dauka. ¡Bihar donianera! kontakizunarena. Ziur itzel maite duena. Haren aita, gure osaba Bitoriano, Otxoluaren kontakizunean dagoen egoera behin baino gehiagotan bizi izanda zegoelako. Eta hala lehengusua nola ni neu, testiguak txikitan.

Itsaso handia eta txalupak hor aurrean, barra gainditu ezinik; herria talaiara bilduta, tartean gu geu, umekondoak.

«¡Aurrera¡ —diadar egiten deutse Katalin'ek— ¡Bijar gustijok Doniane´ra¡»

Halako batean barealdia eta, eup!, barra gaindituta.

Biharamunean Donibanera.

«Goxaldeko laurak (…) urteko eguzkirik ederrena urteikeran (…) Erriko ekandu zaharari jarraituez».

Otxoluak hobeto kontatu zuen. Hierofonia zertan aipatu barik. Kontakizuna Sarean dago.

Gero Otxoluaren hizkuntzak gerra galdu zuen eta, erdaraz zerbait idatzita hil zen gizona.

Donibanera noan hurrengoan nirekin etorriko ote den haren itzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.