Bizitzaren esploradorea

Patxi Ezkiaga idazle, irakasle eta itzultzailea hil da, 74 urte zituela. Narrazioa eta eleberria landu zituen, baina olerkigintzan nabarmendu zen oroz gainetik

Orain dela sei urte, 2012ko otsailean, eman zion azkeneko elkarrizketa Patxi Ezkiagak BERRIAri. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
mikel lizarralde
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bizitzarako esperientzia bilakatu zuen Patxi Ezkiagak poesia. Poeta bizitzaren esploradorea da, izen deskriptiboa jarri zion bere testuetako bati. Eta esana praktikara eramanez eman zuen bizitza, idazketa prozesua bera bere existentziaren esperientzia bihurtuz. Argi azaldu zuen hautua: «Poesiaren arloa, bere izateko arrazoia eta zioa ez da errealitatea, existentzia baizik. Esperientziari eman nahi diot lehentasuna».Atzo hil zen, 74urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Ospitaleratua zen azken asteetan, eta atzo jakinarazi zuen heriotza bere sendiak. Hala Legorretako Udalak nola Gipuzkoako Foru Aldundiak Ezkiagaren obra eta bizitza osoan egindako lana ekarri zituzten atzo gogora ohar banaren bitartez.

Legorretan (Gipuzkoa) jaio baitzen Ezkiaga, 1943an. Gerora, Oxford eta Cambridgeko Unibertsitateetan egin zituen literatura ikasketak, Basingstoke hiriko Dogmersfielde barnetegian. Euskal Herrira bueltatzean, Historiako lizentziako ikasketak ere egin zituen, Deustuko Unibertsitatean. Geroztik, bi ardatz nagusik norabidetu zuten Ezkiagaren ibilbidea. Didaktikarena bata, literaturarena bestea. Sarri gurutzatu ziren bide biak bakarrean.

Irakaskuntza ofizio egin zuen, La Salleko anaia eginda, eta kongregazioak Donostiako Loiolan duen ikastetxean hamarkadetan irakasle lanetan murgilduz. Hortik harago, glotodidaktika eta hizkuntzaren didaktikari buruzko ikerketak egin zituen, eta euskara ikasteko metodoak aztertu zituen. Hainbat liburutan bildu zituen irakaskuntzarako proposamenak, Txanpa Metodologia izenekoan, besteak beste.

Literaturan sortzaile oparoa izan zen, poesiaren alorrean, batik bat. Hamazazpi titulu argitaratu zituen olerkigintzaren esparruan, eta sei narratiban. Gainera, itzulpengintzan ere nabarmendu zen, eta erdal idazle askoren testuak eta liburuak ekarri zituen euskarara. Sorkuntzan, bi iturri nagusitik edan zuen Ezkiagak. Batetik, euskal poeta klasikoek izan zuten berarengan eragina; Txomin Agirrek, Xabier Lizardik eta Bitoriano Gandiagak, kasurako. Bestetik, poeta anglosaxoien eragina izan zuen. John Milton, William Blake, Wole Soyinka eta Alfred Tennyson izan zituen, besteak beste, erreferente nagusi. Ezkiagak berak aitortu zuen poeta haien guztien eragina, eta Gandiagaren Elorri poema liburua nabarmendu zuen. Mendatako idazleak giza esperientziaren inguruan izkiriatutako olerkien bideari jarraitu zion, geroxeago,Ezkiagak berak. Eragin horren seinale da 2003an Jaunaren supazterrean (Gandiaga oroituz) izenez kaleratutako liburua, uzta propioko olerkiei maisuaren aipuak erantsiz.

Bibliografia oparoan, Ez izan beldur eta Zure haragi bereko tituluak ditu, olerkigintzan eta narratiban, obrarik aipagarrienak. Uso bat gehiago alegien, gutunen, aipuen, poemen eta elkarrizketen bildumak ere kritika onak izan zituen. Literaturako lanek sari asko eman zizkioten, besteak beste, Felipe Arrese Beitia saria (1984), Irun Hiria saria (1985, 1986 eta 1999), Lizardi saria (1986 eta 1987), Kritika saria (1988 eta 1997), Augustin Zubikarai saria (1998 eta 1999) eta Txomin Agirre saria (2001).

Saritan oparoa izanagatik, oihartzun handirik gabe igaro dira, publiko orokorrean, haren liburu gehienak. Jon Kortazar literatura kritikariaren ustez, testuen oinarri erlijiosoa egon daiteke harrera epelaren gibelean. Izan ere, erlijioa bilakatu zuen Ezkiagak bere testuen gai konstanteetako bat. Idazketa esperientzia gisa ulertu eta hausnarketa metafisikotara jo zuen behin eta berriro, «gizakiaren esplorazioan eta bere kontraesanetan saiatuz», Kortazarren hitzetan. Gaietatik harago, idazketa prozesura bertara eraman zuen kezka existentzialista hura. 2012an BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Pirinioetako ermita batean bi astez «bakardadean bizi izandako gurtza-esperientziaz» mintzatu zen. Oteiza. Profetaren 14 hitz poema liburua idazteko baliatu zuen esperientzia hura. Azaldu zuenez, «bakardaderik handienean, horrelako egoera batean barru-barrutik zer sentitzen» zuen aztertzeko baliatu zuen poetak esperientzia hura.

Felipe Juaristik erromantizismoan kokatu zuen Ezkiagaren pentsamenduaren jatorria. Azaldu zuenez, «poeta Jainkoak edo jainkoek bilatzen duten bitartekaria baino ez da, gizakiei gauzen egia jakinarazi diezaien».

Jainkoen eta gizakien arteko bitartekari ez, baina arerioen arteko artekari izateko, bere burua eskaini zuen Ezkiagak orain sei urte, egunkari honi eskainitako elkarrizketan. Euskal gatazkaz ari zen, eta poetaren «zubigintza» funtzioaz. «Idazleoi ere badagokigu, ahal dugun neurrian eta apaltasun osoz, artekaritza lana egitea, gizatasun pixka bat eskainiz». Gizatasun horren bilaketa, esplorazioa, izan zen, hain zuzen ere, Ezkiagaren bizitza markatu zuen bidea. Atzo eten zen bide hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.