Jon Bautista. Realeko jokalaria

«Golak sartu bai, baina jaurtiketa gutxi egin ditugu»

Realean gero eta gehiago jokatzea eta golak sartzea, ez du beste helbururik Jon Bautistak, eta ondo hasi du sasoia alde horretatik: «Aurrelari batentzat oso garrantzitsua da konfiantza izatea».

GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gironaren aurka jokatzerako, Realaren lehen taldeak bi astetik gora egingo ditu partidarik jokatu gabe, baina, selekzioekin dauden zenbait jokalari salbu, Zubietan entrenatzen ari dira txuri-urdinak. Haietako bat da Jon Bautista, eta ez du atsedenerako denbora askorik. Lan saioa amaitu eta berehala klubeko marketin sailarekin hitzordua izan du, eta Amets Bat egitasmoko haurrekin bildu da gero, haien galderei erantzuteko. Hala galdetu dio batek: «Zenbat urterekin hasi zinen Realean?». Zalantza du 12 edo 13 urterekin hasi zen: «Haur kategorian hasi nintzen. Aurrez, Touringeko eskolara joan nintzen, eta bertan aritu nintzen kimuetan eta haurren kategoria txikian. Ohorezko haurretan etorri nintzen Realera». Txuri-urdinez jantzita dabil ordutik. 11 urte pasatu dira jada.

Bi aste badira Athleticen aurkako garaipenaren ostetik. Nola zaudete?

Indartuta, azken derbiarengatik. Gure asmoa datorren astelehenean irabaztea da, bai taldearengatik, eta bai etxean lortzen dugun lehendabiziko garaipena zaleei eskaintzeagatik. Uste dut hori lortzeko aukera daukagula.

Oso garaipen lehiatua eskuratu zenuten Bilbon. Horri buruz zer ondorio atera dituzue taldean?

Ondorio nagusia, lehenik eta behin, etxeko jendearekin irabazi genuela da. Haiekin jokatuta partida onak egin ditzakegula, eta baita taldea ondo dagoela ere.

Aurreko jardunaldiak nola joan ziren ikusita, beharrezkoa zenuten halako garaipen bat taldea berrindartzeko?

Egia esan, bai. Bolada txar batean geunden, ez txar-txarra, baina bai pixka bat makala. Derbian lortu genituen hiru puntuak eskuratuta, oso gustura itzuli ahal izan ginen etxera.

Hura izan zen denboraldi honetan osorik jokatu zenuen lehendabiziko partida. Zer moduz ikusi zenuen zeure burua?

Oso ondo. Azkenaldian denbora gehiago jokatzen ari naiz. Konfiantza oso garrantzitsua da aurrelari batentzat; guztioi gustatzen zaigu hori, eta hori lortzeko ona da.

Ligarik gabeko astean hurrengo aurkariak baino zailtasun gehiago izan dituzue talde osoarekin entrenatzeko. Horrek eragina izan dezake Gironaren aurkako neurketan?

Ez dut uste. Egia da batzuk euskal selekzioarekin egon garela, eta beste batzuk selekzioarekin egon direla, baina orain ia aste oso bat daukagu datorren asteko partida prestatzeko. Astelehenean jokatuko dugu hurrengo partida, eta ordura arte entrenamendu dezente dauzkagu aurretik. Nire ustez, horrek ez du zerikusi handirik Gironarentzat partida egokiagoa izatearekin.

Nolako aurkaria izan daiteke Girona partidaren egunean?

Partida zaila espero dut. Haiek bost atzelarirekin ari dira jokatzen aurten, eta horrela aritzen den talde baten aurka ariko garen lehendabiziko aldia izango da. Ea nolako estrategia eta formazioak ateratzen ditugun haien defentsari eta estrategiari aurre egiteko.

Hori buruan, dagoeneko hasi al zarete estrategia prestatzen?

Ez, egia esan, ez. Ziurrenik prestatuko dugu zerbait haien jokoa gainditzeko, eta datozen lau egunetan ikusiko dugu.

Egun, Eusebio Sacristan dago Gironaren aulkian, zuri Realeko lehen taldean debuta egiteko aukera eman zizun entrenatzailea. Zer oroitzapen ekartzen dizkizu horrek?

Onak. Haren eskutik izan nuen debutatzeko aukera, eta eskertu egin behar diot nigatik egin duen guztia. Egia da aurreko denboraldian gutxi jokatu nuela, baina tira. Lagunek esaten didate beti: «Nahiko gaizki portatu zen zurekin». Baina diodan moduan, berak jarri zuen konfiantza nigan, eta debutatzeko aukera eman zidan.

Aurreko sasoira arte Eusebiorekin aritu izanak abantaila ematen dizue haren taldearen aurka jokatzeko orduan?

Baietz esango nuke. Halere, guk ezagutu genuen Eusebio ez da ari hemen erabiltzen zuen jokatzeko era berberarekin. Orduan, zaila da den-dena ezagutzea, eta ez dut uste aurreko sasoian bezala jokatuko dutenik. Partida ona izango delakoan nago.

Beste astelehen batez jokatuko duzue partida. Ostiraletan eta astelehenetan gehien jokatzen duen taldea zarete.

Bai. Niri neuri halako egutegia ez zait askorik gustatzen. Hala ere, guk horretara ohitu beharra daukagu, eta, ez garenez hor agintzen dutenak, onartu besterik ez dugu.

Lagunek ez al dizute ezertxo ere esaten gai horri buruz?

Bada, bai. Astelehen batean partida 21:00etan edo 22:00etan jartzea izugarrizko faena da jendearentzat. Donostialdekoentzat, tira, txarra da, baina ez hainbeste. Baina Oñatiko edo Arrasateko [Gipuzkoa] zaleentzat oso gaizki dagoen zerbait da.

Realak aldatu egin du joko estiloa, eta hori baieztatu egiten dute datuek: Europako ligetan pase gehien mozten dituen taldea zarete.

Bai. Aurtengo jokoa zeharo ezberdina da. Batzuentzat, hobea; beste batzuentzat, okerragoa; baina fruituak ematen ari da. Bestela, sailkapenari begiratu besterik ez dago; goian mantentzen garela ikusteko aukera dago.

Eraginkortasuna ere zuen ezaugarritzat duzue. Sei jaurtiketa baino gutxiago behar dituzue gol bat sartzeko, estatistiken arabera.

Bai. Aurrekoan esan zidaten. Athleticen aurkako partidan hiru jaurtiketa egin genituen atera, eta hiru gol sartu genituen. Hori alde batetik ona da, eta bestetik txarra; golak sartu bai, baina jaurtiketa gutxi egin ditugula esan nahi du. Datuak datu dira, eta hor daude, noski.

Ateari begira lan berezirik egiten ari zarete entrenamenduetan?

Denetarik egiten ari gara. Batzuetan jaurtiketak-eta entrenatzen ditugu, baina beste gauzak bezala.

Zure eraginkortasuna ere handia da. Batezbesteko ona duzu.

Bai. Aurrez esan dudan moduan, aurrelari batentzat oso garrantzitsua da jokatutako denbora eta konfiantza, eta aurten gehiago jokatzeko aukera izaten ari naiz. Eraginkortasuna, edo gola, aurrelari batentzat beharrezkoa den zerbait da, eta aurten gauzak ondo ari zaizkit ateratzen.

Azken bi partidetan, euskal selekzioarekin eta Realarekin jokatutakoetan, zelairatu berritan sartu duzu gola. Ernai ateratzen zaren seinale?

Bai, uste dut partida guztietako helburua dela hasieratik ondo hastea, baina egia da nire aurtengo golak hasierako minutuetan izan direla. Uste dut hasieratik kontzentratuta hasten naizela.

Taldean oso banatuak dituzue golak. Lesioek, postu aldaketek, eragina dute horretan?

Bai. Esan duzun moduan, lesio asko izan ditugu, eta jende ezberdin asko aritu da postu ezberdinetan. Normala da golak ere banatuta egotea.

Willian Jose, Sandro Ramirez, Juanmi Jimenez, Mikel Oiartzabal... Baduzu konpetentzia pixka bat.

Bai. Tira, aurreko denboraldian bezala. Esango nuke orain, agian, konpetentzia handixeago dudala. Baina niretzat hobea da hori, haietaz ikasteko, haiekin lehiatzeko. Aurrekoan esan zidatenez, aurrelarien artean denbora gehien jokatu duena naiz. Pozik nago.

Gero eta gehiago jokatzea da, beraz, zure helburu nagusia?

Bai, gero eta gehiago jokatzea eta golak sartzea. Hori da garrantzitsuena aurrelari batentzat.

Pizgarri moduan ikusten zaituzte askok. Eroso zaude rol horrekin?

Niretzat, hobea da hasieratik aritzea. Bigarren zatian ateratze horrek ardura handia dakar, partida galtzen ari bazara bereziki: «Honek gola sartu beharra dauka», eta halakoak. Zaila izaten da pizgarriaren rol hori jokatzea, eta, niretzat, aurrelari eta gazte moduan, askoz hobea da hasieratik jokatzea.

Gazteak aipatu dituzu. Zure belaunaldiko jokalari dezente zaudete lehen taldean. Horrek lana errazten du?

Bai, noski. Igartzen da. Egunerokoan antzematen da; entrenamenduetan, partidetan... Esan bezala, nire adineko asko daude, txikitatik elkarrekin ibili gara,eta hori nabaritu egiten da gero. Bai zelaian, bai aldagelan, eta baita gainontzeko leku guztietan ere.

2023ko ekainaren 30era arteko kontratua duzu Realarekin. Denbora luzez ikusten duzu zeure. burua txuri-urdinez jantzita?

Bai. Betidanik esan izan dut Reala dela nire taldea, nire etxeko taldea. Nire familia eta lagunak hemen daude, eta ez dago ezer hoberik zure lurraldeko taldean aritzea baino.

Euskal selekzioarekin estreinakoa egin zenuen joan den ostiralean; zein sentipen izan zenituen?

Oso ondo sentitu nintzen.Oso egun polita izan zen. Txikia nintzenetik partidak ikustera joan naiz, eta sekulako giroasortzen da. Nabari da euskaldunontzat egun berezia izaten dela, eta niretzat ere oso egun ona izan zen.

Gol bat sartu zenuen, gainera. Zer esanahi du gol horrek zuretzat?

Egia esan, hasi eta segituan sartu nuen gola, eta ez nuen espero hain azkar sartzerik. Esan dudan moduan, egun ona izan zen, eta guretzat nahiz euskaldun ororentzat, garrantzitsua. Pozik nago.

Euskal selekzioak behar al zuen halako partida bat giro eta ilusio aldetik bere proiektua berrindartzeko?

Bai, nire ustez bai. Mendizorrotzan jokatutako partidan ikusi genuen taldeak eta zaleek zer-nolako maila duten; erakutsi genuen onak garela, bai harmailetan eta bai joko zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.