Jagoba Arrasate. Osasunako entrenatzailea

«Hasiberria naiz aulkian, eta igoera mugarria da niretzat»

Osasunak gogotik ospatu du igoera azken bi egunetan, eta Arrasate izan da festaren izarretako bat. Nafarren teknikaria «pozik» dago jasotzen ari den laudorioekin, baina meritua talde osoarena dela deritzo.

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Zoriona, gozamena, eta «buruko min apur bat». Ospakizun handien ohiko osagaiak dira horiek, eta, astelehenaz geroztik, bere larruan bizi izan ditu Jagoba Arrasatek (Berriatua, Bizkaia, 1978). Behar bezala dastatu nahi du Osasuna Espainiako Lehen Mailara igo izana, oraindik etorkizunari askorik erreparatu gabe. Hori bai, bere burua eta taldea prest ikusten ditu elitean taxuzko lana egiteko.

Osasunarekiko zaletasunak eztanda egin du igoerarekin. Nola ari zara bizitzen ospakizunak?

Eromena ari da izaten. Denbora askoan egin dugu lan hau lortzeko, eta orain gorputzari libre utzi behar zaio, topera gozatzeko. Une gogoangarriak ari gara bizitzen. Oilo ipurdia jarri zait zaleek eginiko harrerarekin. Hau ezin daiteke diruz ordaindu.

Huts egindako hainbat aukeraren ondoren jaso duzue saria. Apur bat urduritzen hasiak zineten?

Inguruan izan da nolabaiteko urduritasuna edo presa, baina guk ez dugu nabaritu. Lasai egon gara. Hori bai, egia da lortzen duzunean nolabaiteko eztanda moduko bat sentitzen duzula barruan. Orain ikaragarri ari gara gozatzen. Uste dut ondo merezia dugula.

Denboraldi erabat biribila osatu duzue. Hasierako gorabeherak kenduta, dena nahieran atera zaizue.

Bai, eta oraindik erronka polit bat gelditzen zaigu: Bigarren Mailako txapeldun bihurtzea. Helburu nagusia lorturik dago, noski, baina ilusio handia dugu denboraldia ligako lehen postuan bukatzeko. Jardunaldi ugari daramatzagu bertan, eta uste dut sari hori ere merezi dugula. Beraz, ez pentsa azken hiru jardunaldietan galga sakatuko dugunik.

Askorentzat, zu zara talde honen arrakastaren giltzarria. Ospakizunetan etengabeak izan dira zuri eginiko kantuak. Nola ikusten duzu zuk?

Nik ez nuke izen propioez hitz egingo. Sekulako taldea dugu, jatorra eta lehiakorra. Familia baten gisakoa gara, eta ni ez nintzateke pertsona bakarraren lanarekin geldituko. Hori bai, abestiak asko eskertzen ditut, finean nire lanaren aitortza baitira. Etxean ere abesten didate; ezin dut deskonektatu!

Zure ustez, zein da marka historiko guztiak gainditu dituen taldearen sekretua?

Sadar, inolako zalantzarik gabe. Partida ia guztiak irabazi ditugu bertan, eta horrek asko lagundu digu. Gaizki egon garenetan, berpiztu egin gaitu Sadarrek; eta ondo egon garenetan, berriz, aurkariei are abantaila handiagoa ateratzeko baliatu dugu. Iruñean jokatzea ia amesgaiztoa izan da talde gehienentzat. Ikaragarri gozatu dugu gure zaleen aurrean. Badakigu oso zaila izango delahalako bolada bat errepikatzea.

Zure estiloa ezin hobeto barneratu dute jokalariek, eta talde ausart, sendo eta ikusgarri bat sortu duzue. Entrenatzaile gisa, oso harro egoteko modukoa da, ezta?

Hasieran zalantza batzuk izan nituen, batez ere emaitzak ez zirelako onak izan. Baina jokalariek sinistu egin dute gure proposamenean, eta, azkenean, talde oso fidagarria bilakatu gara. Edozein egoeratara moldatzen jakin dugu. Ezin dezaket gehiago eskatu.

Osasunaren igoera zure ibilbideko lorpenik garrantzitsuena dela esan daiteke?

Bai, hala uste dut. Oraindik hasiberria naiz aulkian, eta hau mugarria da nire ibilbidean. Aurrez gauza politak lortu ditut, baina hau berezia da. Sekulakoa da Osasuna bezalako klub historiko bat Lehen Mailara eramatea.

Bigarren Mailan lau urte behar izan dituzu talde bat elitera igotzeko. Atzera begira, nola ikusten duzu azken sasoietan egin duzun bidea?

Maila oso zaila da hau, eta arrakasta lortzeko, oso ondo ezagutu behar duzu. Ni esperientzia pixkanaka bilduz joan naiz. Hiru urte eman nituen Numantzian, asko ikasi nuen bertan, eta orain sari potoloa lortu dut Osasunan. Talde ikaragarri ona nuen nire esanetara, eta halako jokalariekin, askoz ere errazagoa da arrakasta lortzea.

Iruñera iritsi zinenean norbaitek esan izan balizu hiru jardunaldiren faltan Lehen Mailan izango zinetela, erotzat joko zenukeen?

Helburua ez zen igoera, eta halako sasoi bat izatea pentsaezina zen. Talde irmo bat osatzea zen asmoa, ondo lehiatu eta zaleekin berriz ere bat egiteko. Batasun giroa hasiera-hasieratik egon da, eta hori funtsezkoa izan da guretzat. Harmailek babes ikaragarria eman digute.

Aurrera begira jarrita, prest ikusten duzu Osasuna Lehen Mailan lehiatu eta egonkortzeko?

Proiektu lehiakorra sortu nahi dugu. Ez zaigu aski maila nagusira heltzearekin; hor urte askoan iraun nahiko genuke. Baina buruko min horiek izango ditugu geroago. Orain lortutakoa dastatzeko eta ospatzeko tarte bat hartu behar dugu.

Eta zeure burua ere prest ikusten al duzu berriro elitean jarduteko?

Ilusio handia daukat entrenatzaile gisa. Urtetik urtera hoberagoaz talde teknikoa osatzen dugun kideak, eta gogoz gaude urrats hori egiteko. Badakigu datorren denboraldia oso zaila izango dela, baina denok gure onena emanez gero, lortuko dugu helburua, orain lortu dugun moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.