Albistea entzun

Ainhoa Tirapu. Athleticeko atezaina

«Denboraldi-aurrean erabaki nuen hau zela nire azken sasoia»

Hamabost denboraldi goi mailan eman eta gero, «patxadaz» hartu nahi ditu hemendik aurrerako erabakiak. Aukerak ez zaizkio falta, Kimikan lizentziaduna baita eta entrenatzaile tituluak baititu.p>

ATHLETIC Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2020ko apirilak 30

Futbolaren moduko taldeko kirol batek «sozialagoa eta irekiagoa» izaten erakutsi diola esan izan dio amak Ainhoa Tirapuri (Iruñea, 1984). Hizlari ona da, eta erretiroa hartuko dela iragarri eta gero, lasai eta gustura mintzo da.

Igaro dira bi egun futbola utziko duzula iragarri zenuenetik. Zer sentitzen duzu?

Alde batetik, lasaitasuna, erabakia orain dela denbora dezente hartua nuelako eta jakinaraztea baino ez zelako falta; eta, bestetik, harridura, nire iragarpenak izan duen oihartzunarengatik.

Goi mailako kirolari askok esan izan dute ez dela erabaki erraza. Zure kasuan, prozesu hori nolakoa izan da?

Azken denboraldietan beti izan dut zalantza ea nola hartuko nuen erabaki hori, noiz egingo nuen, gai izango nintzen, garbi izango nuen... Baina azken denboraldi-aurrea asko kostatu zitzaidan. Aurretik izan nituen nire zalantzak, eta, behin hasita, konturatu nintzen ez nuela disfrutatzen futbolaz lehen bezala, eta Euskadiko Kopako finalaren ostean berretsi nuen momentua zela, eta hau izango zela nire azken denboraldia. Partida hartan egindako akatsarengatik errudun sentitu nintzen, jakinda ere futbola talde joko bat dela eta atzean egiten diren akatsak beti antzematen direla gehiago. Behin erabakia hartuta, berriro ere hasi nintzen disfrutatzen, jakinda nire kirol ibilbideko azken txanpa zela.

Denbora honetan izan duzu atzera egiteko burutaziorik?

Ez, behin erabakiak hartuta, ez naizelako atzera egiten duen horietakoa. Gainera, denboraldia oso arraroa izan da. Jokatzeko moduan egon arren, deialditik kanpo geratu nintzen partidaren batean. Lehen aldia zen halako zerbait gertatu zitzaidala, eta hori barneratzea zaila izan zen niretzat, baita aulkian geratzea ere. Baina kapitaina izanda, nahiz eta amorratuta egon, zure jarrerak eredugarria izan behar du. Gero iritsi zen lesioa, eta, osatzen ari nintzela, bete-betean ailegatu zen lan hitzarmenaren negoziazioa. Behin hori pasatu, eta jokatzen ari nintzela, pandemiak lehia eten zuen. Azken hori ez nuen espero. Ziurrenik, sekula bizi izan dudan denboraldi gogorrena izan da, baina asko ikasi dut.

Nola izan zen taldekideei esateko momentua?

Hori izan da gogorrena. Argi nuen haiei esango niela aurrena. Goizetan online egiten dugun entrenamenduaren ostean, beraiekin bakarrik geratu nahi nuela esan nien, eta orduan kontatu nien. Ez zuten espero. Negar asko egin nuen, baita haietako askok ere. Baina hasieratik babestu ninduten, oso konbentzituta ikusi nindutelako. Erikarekin, adibidez, 26 urtez jokatu dut, eta hala esan zidan. Ederra izan zen ikustea zenbat maite ditudan, eta haiek ere zenbat maite nauten ni. Etxekoek hasieratik zekiten, irailetik.

Kosta zaizu denbora honetan sekretua gordetzea?

Momentu batzuetan, bai, batez ere etorkizunaren inguruan galdetzen zidatenean, gezurretan aritzea ez dudalako gustuko. Ahal nuen moduan erantzuten nuen.

Hamabost denboraldi egin dituzu Athleticen. Nola duzu gogoan Lezamara iritsi zinen lehen egun hura?

Kontratua sinatzera etorri nintzen eguna izan zen. Sekula ez nuen halako kirol azpiegiturarik ikusi, eta orduan hasi nintzen konturatzen hura beste mundu bat zela. Oso berezia izan zen, gurasoekin etorri nintzelako, eta haiek beti izan direlako oso Athletic zaleak.

Taldeak hiru liga erreskadan irabaziak zituen. Nola egiten du 20 urteko gazte batek lekua halako multzo batean?

Lotsatuta. Baina oso harrera ona egin zidaten, eta, alde horretatik, pozik. Lehen unetik egin ninduten taldearen parte.

Guztira bi liga irabazi dituzu: 2006-2007 denboraldian eta 2015-2016an. Bakoitzari hitz bat jarri beharko bazenioke, zein izango ziren?

Biak oso desberdinak izan ziren. Lehenengoa esperotakoa izan zela esango nuke. Azken partida galdu egin genuen, eta ez nuen horrenbeste disfrutatu. Bigarrena, berriz, sekula ahaztuko ez dudana izango da. Hamar urte generamatzan ezer irabazi gabe, eta asko sufritzen. Izugarria izan zen. Bi aste aritu ginen ospatzen.

Zer iruditu zitzaizun ospakizunetan gabarra ez atera izana?

Eztabaida eta mugimendu asko egon ziren horren inguruan. Baina guretzat garrantzitsuena zen titulu hori gure zaleekin partekatzea. Horrekin geratzen naiz.

2012-2013 denboraldian, eskura zenutela, azken jardunaldian San Mamesen Bartzelonaren aurka galdu zenuten liga hura izan da zure kirol ibilbideko unerik gogorrena?

Bai, aurreko 29 jardunaldiak lehen postuan egin genituelako. Gogoan dut negar asko egin genuela guztiek, eta elkarrekin pasatu genuen arratsalde osoa animoak ematen. Galdutako bi Kopako finalak ere gogorrak izan ziren.

358 partida ofizialetan zaindu duzu Athleticen atea. Zer behar da klubarentzat hain esanguratsua den postu horretan arrakasta izateko?

Postua gogorra da, eta mentalki oso indartsua izan behar duzu. Horrekin batera, erregulartasun bat lortu behar duzu, gainontzean zalantza eragiten diezulako taldekideei. Eta, nire ustez, hain zuzen, ziurtasuna da atezain batek transmititu behar duen gauzarik garrantzitsuena eta zailena. Gurea bezalako talde bati gol aukera gutxi egiten dizkiote, eta hor asmatu egin behar duzu.

Nola datoz atzetik datozen jokalariak?

Harrobiko lana oso ona izaten ari da, eta azken denboraldietan ikusi da. Ziur nago etorkizunean ere hala izango dela.

Imajinatzen zenuen hasi zinenean 49.000 zaleren aurrean jokatzea Atletico Madrilen aurka egin bezala?

San Mamesen jokatu dudan aldietatik bi oroitzapen oso markatuak ditut. Laburrak dira, baina oso esanguratsuak. Aurreneko aldian jokatu genuenean, ez zait sekula ahaztuko zaleen burrunba entzutea aldatu ginenean, eta bestea izan zen, hain zuzen, Atletico Madrilen aurkako partida hartan, 41. minutuan, ateko sake bat egin behar nuenean. Behin foku guztiak piztuta daudenean, San Mameseko harmaila nahiko ilun ikusten da, baina zaleek sakelako telefonoetako linternak piztu zituzten, eta hori betirako gogoratuko dut.

Posible ikusten duzu etorkizun hurbil batean partida guztiak San Mamesen jokatzea?

Oso zaila iruditzen zait. Ez badituzu sarrera ordaintzen duten 30.000 zale sartzen, inbertsio handia egin beharko lukeela klubak, eta aproposagoa da diru hori jokalarien baldintzak hobetzen segitzeko erabiltzea. Taldea gero eta lehiakorra izateko, Lezamara zale gehiago joateko eta San Mameserako urrats erabakigarria egiteko.

Emakumeen futbolak berdintasunaren bidean egindako urratsak gertutik bizitzea tokatu zaizu. Zer da lortu den gauzarik garrantzitsuena?

Aitak txantxetan esan dit berandu samar tokatu zaidala hori bizitzea, baina nik beti esaten diot gutxienez bizitzeko aukera izan dudala. Emakumeen futbola ikusgarritasuna irabazten ari zen. Moda bat bihurtzeko arriskua zegoen. Baina guk aukera hau baliatu nahi genuen gure lan eskubideak eta txapelketa indartzeko, eta hemendik aurrera ere garapen bat izaten segitzeko. Nahiz eta ikusiko dugun nola eragingo dion pandemia honek gure kirolari, gutxienez lan hitzarmenaren babesa dugu.

Zuzenean parte hartu zenuen lan hitzarmenaren negoziazioan, eta jokalarien bozeramaile ere izan zinen. Hilabete haiek pertsonalki gogorrak izan ziren zuretzat, ezta?

Denek egin genuen borroka hori lortzeko, eta oso harro nago erakutsi genuen batasunaz. Baina bozeramaile izanda, desgaste handia izan zen. Hedabide guztiei erantzuten ahalegintzen nintzen, eta ez nuen lortzen batzuetan. Horrek kezka eragiten zidan, oso exijentea bainaiz neure buruarekin. Gainera, aipatu bezala, lesio batetik osatzen ari nintzen.

Atzetik datozenek dena eginda dagoela pentsatu, eta bide horretan eten bat egon daitekeela uste duzu?

Ez, oso argiak izan garelako esaten hau lehenengo pausoa baino ez dela. Emakumeen futbolean belaunaldi bakoitzak beti egin du lan hurrengoarentzat, eta gerora ere hala izango da.

Zer da lortu behar den hurrengo gauza?

Haurdunaldiaren eta gaixoaldien babesa lortuta, zalantzarik gabe lanaldi osoarena. Gure egunerokoa futbolari profesional batena da, baina gero askoren lanaldietan ez da islatua ikusten, eta horrek eragina du kotizazioetan, pentsioetan... Bestalde, adibidez, irudi eskubideen kontuan ezin ginen sartu, jokalari batzuek bakarka negoziatu dituztelako.

Beti esan izan duzu zure lehentasuna futbola izan dela. Baina, aldi berean, Kimika lizentziaduna zara, arropa marka bat atera duzu eta beste hamaika kontutan engaiatu zara. Nola lortzen da hori?

Helburuak garbi izanda, ondo antolatuta eta denbora libre gutxi izanda. Hori izan da beti nire egunerokoa.

Euskararen eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren defentsan nabarmendu izan zara. Nola ikusten duzu egun euskararen egoera?

Ni Nafarroan jaiotakoa naiz, eta Bilbon bizi naiz. Beraz, beti bereizi izan ditut bi errealitate. Nafarroan beti sentitu izan dugu oraindik ere gure hizkuntza zapaldua dagoela, eta gogor egiten dugu borroka, gure eskubideak zapalduta ikusten ditugulako; Bilbon, berriz, alde horretatik ez dut hainbesteko borroka ikusten. Baina, niretzat, euskara beti oso gauza garrantzitsua izango da. Kontuan izan nire gurasoak ez zirela euskal hiztunak, baina egunero 30 minutu egiten zituztela autoz nik euskaraz ikasi ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jon Pacheco, Aritz Elustondo zoriontzen, hark Realaren bigarren gola sartu ondoren. ©DUMITRU DORU / EFE

Xeriff ere, girgilurik jarri ezinda

Jon Ander De la Hoz

Realak irabazi egin ditu Europa ligan jokatutako partida guztiak; azkena, Moldavian. Eskura du sailkatzea. Silvak eta Aritzek sartu dituzte golak
Moi Gomez, baloiarekin, Rayoren aurkako partidan. Aimar Oroz ageri da hari begira. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aldaera berri bat gehitu du

Iñaki Berastegi

Jagoba Arrasate joko landuaren alde egiten ari da. Moi Gomez eta Aimar funtsezkoak izan dira estilo berria txertatzeko. Osasunak Valentzia hartuko du gaur gauean Sadarren.
 ©BERRIA

Pizgarri eta aukera

Julen Etxeberria

Danel Elezkano eta Iñaki Artola elkarren aurka ariko dira gaur Villabona-Amasan, lau eta erdikoaren final-zortzirenetan. Biek esan dute «nahi baino partida gutxiago» jokatu dituztela udan, baina «esperientziak» lagundu diela egoerara egokitzen.
Aritz Elustondo eta Jon Pacheco, beasaindarraren gola ospatzen. ©DUMITRU DORU / EFE.

Xeriff ere, girgilurik jarri ezinda

Jon Ander De la Hoz

Realak irabazi egin ditu Europa ligan jokatutako partida guztiak, Moldavian gailenduta. Eskura du multzoen fasea gainditzea, Silvak eta Aritzek egindako golei esker.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...