Iñaki Artola. Baikoko pilotaria

«Kosta egin zait onartzea amets handi bat utzi dudala bete gabe»

Buruz buruko finala jokatu edo ez ibili zen Iñaki Artola, eta, azkenean, hiru hilabete eta erdi pasatxo behar izan ditu berriz jokatzeko. «Oraingo ikuspegiarekin, garbi dugu ez genuela ikusi nahi izan zer-nolako lesioa zen», dio. «Gutxienez %90ean» ekin nahi dio lau eta erdikoari.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
Beasain
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Pilota hotsa dago Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar pilotalekuan. Baikoko hamar bat pilotari dabiltza kantxaren bueltan: batzuk, entrenatzen; beste batzuk, atseden hartzen, eta beste batzuk, takoak jartzen. Unai Apeztegia teknikariaren esanetara ari dira, baina hortxe dago Aimar Olaizola ere, adi, gomendioak eta argibideak ematen. Lasai iritsi da Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994), entrenatzeko gogoz. «Pozik» dago, denbora askoan egon baita hori egin ezinik. Aldagelan takoak jartzen zituen bitartean izan da solasaldia.

Igandean jokatu zenuen, hiru hilabete eta erdi pasatxo min hartuta egon eta gero. Nola zaude?

Ez dut inolako minik, eta hori da garrantzitsuena: minik ez izatea ez partidan, ezta hurrengo egunetan ere. Animoz ere ondo nago. Ez nuen batere gustura amaitu partida, baina hurrengo egunean jada ahaztua nuen. Zoriontsu nago, berriro jokatzen ari bainaiz.

Postura batzuetan beldurrez sartu zinela aitortu zenuen neurketaren amaieran.

Min hartzeko beldurra dut oraindik. Badakit beldur hori gainetik kendu behar dudala, eta, sentipenak onak izanik, neure burua pixka bat estutu, eta besoa behartuz joan behar dudala. Bestela, ez dut zer eginik lehian. Baina aldi berean oso banaka eman nahi ditut pausoak, lasai. Nire lesioa eduki duten bost pilotari ezagutzen ditut, eta guztiek hartu dute berriro min. Ezin du izan kasualitatea. Ez nuke nahi hori gertatzerik. Horregatik, banan-banan eman nahi ditut pausoak. Hurrengo neurketan pentsatzen dut beldur gutxixeago izango dudala. Partidaz partida gora egiten hasi behar dut.

Buruak garrantzi handia izango du beldurra kentzeko.

Bai, baita probak egiteak ere, jokatzeak. Lehen partida jokatu dut, eta besoak eutsi egin du. Horrek konfiantza ematen dit. Lehenbailehen kendu behar dut beldurra, eta bete-betean aritu; bestela, ez dut zer eginik lau eta erdian. Jokatu egin nahi nuen aurretik, eta pozik nago, bi lehia jokatuko baititut —binaka ariko da igandean, Logroñon [Espainia]—. Ondo etorriko zait.

Ehunekotan, zer sasoitan zaude?

Igandean %50ean aritu nintzen, baina entrenatzen hobeto ari naiz, %80ean-edo. Bi aste ditut lau eta erdikora gutxienez %90ean iristeko. Zaila izango da %100ean egotea.

Hiru hilabete eta erdi pasatxo egin dituzu jokatu gabe. Asko da, are gehiago kontuan hartuta buruz buruko finala jokatu edo ez ibili zinela. Nolatan luzatu da horrenbeste osatzeko prozesua?

Ulertzen dut kanpotik nahasgarria izan dela. Guk hasieran ez genuen argi zer-nolako lesioa zen; horregatik eskatu genuen finala atzeratzeko. Plasma jarri zidaten Gasteizen, eta berehala egin nuen hobera. Horrek itxaropena eman zigun, baina hamargarren egunean-edo konturatu ginen oso-oso zaila izango zela jokatzea. Oraingo ikuspegiarekin, garbi dugu gehiago izan zela gure nahia, gure esperantza, eta ez genuela ikusi nahi izan zer-nolako lesioa zen.

Buelta asko eman dizkiozu min hartu zenuen jokaldiari?

Bai, baina jokaldiari baino gehiago, aste barruko entrenamenduetan, lehia aurreko beroketan eta elikaduran zertan huts egin nuen, horri eman dizkiot bueltak, horrelako beste ezer ez gertatzeko eta mugarri bat ezartzeko. Baina kirolean ezinezkoa da dena kontrolpean izatea. Lesionatzeko arriskuarekin bizi behar dugu nahitaez.

Unean bertan ohartu zinen lesioa larria zela?

Bai, segituan.

Ia ez zenuen ospatu garaipena.

Egia esan behar badizut, ospatu, azkeneko tantoa besterik ez nuen ospatu, amorrua askatzeko. Oso triste nengoen, banekielako lesio larria nuela. Izugarri sufritu nuen azkeneko tantoetan. Zortea izan nuen: tanto gogor bat jokatu izan bagenu, partida utzi egin beharko nuen. Baina gogoan dut amaitzean aldagelan ezin nuela ezta arropa erantzi ere egin. Berehala esan nion enpresako medikuari [Iñigo Simon] ez nuela finala jokatuko, baina esan zidaten itxaroteko, agian haustura txikia zela. Baina nik banekien, nire esperientziagatik, ezinezkoa izango zela jokatzea.

Nola gogoratzen duzu etxerako bidaia, anaiarekin batera? Mutu joan zineten?

Mutu ez. Anaia eta biok saiatzen gara gauzei garrantzia kentzen. Gainera, egun horretan bi alderdi bizi izan nituen: bata, finalera iritsi izana, eta bestea, min hartu izana. Anaiak lehenari eman zion garrantzia, eta, alde horretatik, asko eskertzen dizkiot eman zizkidan animoak. Oso triste nengoen, eta hurrengo egunak ere oso tristeak izan ziren.

«Beti egiten duzu amets final bat jokatzearekin, eta hori lortu, eta dena da horren ezberdina irudikatzen zenuenaren aldean... Lehen egunetik hasita: pilotalekura joan beharrean, medikuenera zoaz». Zuk esana da.

Eta halaxe da. Finalerdia jokatu aurretik nahi gabe hasten zara pentsatzen irabazita nola izango den dena, eta egun oso politak biziko dituzula. Txikitatik egin duzu amets horrekin, agian gehiegi eta guzti. Hori gutxi balitz bezala, buruz buruko finala zen, nagusiena, bereziena, eta Jokinen aurka [Altuna]. Giro polita sortuko zen Alegin eta Amezketan [Gipuzkoa]. Pena latza izan zen.

«Saiatu gara ahal genuen guztia egiten. Merezi zuen. Ez genuen damurik izan nahi. Neure buruarekin lasai nago, gauzak ondo egin baititugu», aitortu zenuen erabakiaren berri ematean.

Bai, eta eskertzen diot Jokini bere jarrera. Hura ezagututa, ez nuen gutxiagorik espero. Beti egon zenitxaroteko prest, baita laguntzeko ere. Horrenbesteko gogoa nuen finala jokatzeko, hasieran pentsatu bainuen eskatzea araudiak dioena ez betetzeko. Baina gero, erabaki nuen ez nuela zertan borrokatu behar araudiak dioena ez betetzeko. Horregatik eskatu nuen astebeteko atzerapena.

Nola bizi izan zuten etxean?

Ez nuke esango zalaparta handiko pertsona naizenik. Nahiko ondo barneratu nuen. Benetako tristura geroago etorri zitzaidan.

Sekulako babesa izan zenuen. «Sentipena dut final bat galdu dudala, baina beste alderdi batzuetatik galdu dudana edo gehiago jaso dudala», esan zenuen. Horrek lagunduko zuen lehen kolpeari aurre egiten, ezta?

Asko, eta izugarri eskertuta nago. Ingurutik jaso nuen mezua izan zen ez zela drama bat, halakoak gertatu ohi direla, eta ez zela pilotatik erretiratuko ninduen lesio bat. Oinatzi [Bengoetxea] ere pasatu zitzaion lesio batengatik final bat ez jokatzea, baita Abeli ere [Barriola], haren kasuan, enpresaren erabaki batengatik. Ez zen samurra izango haientzat. Idoatek, adibidez, pilota utzi behar izan zuen lesio batengatik. Horren aldean, nirea ez zen horrenbesterako. Inguruan jaso nuen babes handiari esker aurre egin nion. Baina horrek ez du esan nahi pena gaindituta dagoenik.

Oraindik pena duzu barruan?

Arantzatxo hori beti izango dut, baina pena handiena pasatua dut. Dolua egitea kostatu zitzaidan. Hasieran, gertatutakoari garrantzia kendu nahi izanagatik eta ingurukoei pena transmititu nahi ez izanagatik ez nuen hitzetan jarri, ez nuen onartu. Baina gero, beharrezkoa izan da neure buruari aitortzea pena handia izan dela, eta amets handi bat utzi dudala bete gabe. Kostatu zait, baina hori eginda errazagoa izan da dena.

Hirugarren sailkatu gisa, frontoian izan zinen finalaren egunean. Barruak mugitu zitzaizkizun?

Momentu gogor samarren bat egon zen, batez ere bi finalistak kantxara atera zirenean. Baina aldi berean polita izan zen pilotalekura joatea, podiumera igotzea eta bertan txikitatik nirekin pilotan ibilitako bi lagunekin egotea. Une horietaz ere gozatzen jakin nuen. Adibidez, ederra izan zen podiumeko unea: buruz burukoaren podiuma zen, eta postuari erreparatu gabe, hirurak hor ginen, pilotaren puntaren puntan, ametsa beteta.

Osatzen ari zinela, kosta egin zitzaizun pilotalekura joatea.

Bai, eta ez dakit zergatik. Ziurrenik neure buruari ez niolako oraindik aitortu pena handia nuela. Saiatzen nintzen gertatutakoari garrantzia kentzen, baina frontoira gerturatu, eta bazegoen zerbait ez zidana lasai egoten uzten. Horregatik, denbora batean ez nuen asko ikusi pilota. Egun seinalatu batzuetan, bai, joan nintzen pilotalekura: adibidez, Ibai Zabalaren eta Beñat Garmendiaren agurreko partidetan. Bestela, nahiko deskonektatuta ibili naiz.

Uda ia osoa galdu duzu, partida gehien jokatzen diren sasoia. Pilotazaleak ere itzuli dira frontoietara. Pena duzu hori galdu izana?

Uda garai polita da, baina, aukeran, nahiago dut uda galdu txapelketen garaia baino. Okerragoa litzateke hiru txapelketa nagusiak jokatu gabe geratzea.

Osatzeko prozesuan, zein izan da garairik okerrena?

Erdikoa. Hasieran, plasmari esker, oso azkar egiten nuen hobera, eta uste nuen egunez egun horrela izango zela; ikusgarria da zein azkar doan dena. Baina gero, egon zen garai bat non ez nuen ikusten hobekuntzarik; ez aurrera, ez atzera ibili nintzen. Hori izan zen garairik okerrena. Gero, asko lagundu zidan pilotalekuan hasteak, hona etortzeak. Hasieran, esku bakarrarekin hasi nintzen, baina frontoian nengoen, gustuko tokian, eta zerbait lantzen. Beti jar diezazkiokezu zeure buruari helburu txikiak: mugimendu edo postura batzuk hobetu, edo dejada ondo bota. Ederra izan zen pilotalekura itzultzea. Sentitzen nuen egiten ari nintzenari probetxua aterako niola.

Itxaropena zenuen gertatutakoak «indartu» egingo zintuela. Hala izan da?

Nire ustez, kirolean hain modu epikoan bizitzen da dena, garaipenak zein porrotak, ikasketa intentsibo gisa balio baitu bizitzarako. Espero dut bizi izan dudanak ikasteko balioko didala: batetik, egiten dugunarekin gozatzeko. Beti esaten dugu hori, baina, benetan, gustatzen zaizuna kentzen dizutenean konturatzen zara zenbat betetzen zaituen egiten duzun horrek. 27 urte ditut, eta badakit egunen batean pilota utzi beharko dudala. Urte batzuk ibiliko gara honetan, eta horiek aprobetxatu egin behar dira, eta gozatu: entrenamenduak, partidak... Halakoetan ohartzen zara zer artaburuak garen, zer urduri jartzen garen partida batzuetan, eta zer amorratuta galtzen dugunean. Esperientzia hauek laguntzen dizute hori guztia erlatibizatzen.

Geldirik egon zaren garaian Baikok pilotari koadroa indartu du: aurrelarietan, Unai Laso itzuli da, eta aurretik Erik Jaka ailegatu zen. Lehiak gora egin du?

Lehengo pilotariek ziur esango dutela haien garaian maila handiagoa zegoela, baina, nire ustez, gaur egun sekulako maila dago.

Baikoren eta zure arteko kontratua bukatzear dago. Nola dago gaia?

Hitz egiten ari gara. Ni gustura nago, jarraitzeko gogoz, eta enpresatik adierazi didate haiek ere gustura daudela nirekin. Beraz, ez dut uste arazorik egongo denik aurki akordio bat lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.