Kauldi Odriozola. Bidasoa taldeko jokalaria

«Kostatu zitzaidan barneratzea barruan nengoela; sekulakoa da»

Gaurtik hilaren 30era jokatuko dute Europako Eskubaloi Txapelketa, Eslovakian eta Hungarian. Lau euskal jokalari ariko dira Espainiarekin: Sergei Hernandez, Eduardo Gurbindo, Iñaki Peciña eta Kauldi Odriozola. Peciñak eta Odriozolak estreinakoa dute txapelketa handi batean. «Oso pozik nago. Ametsa bete dut», dio Odriozolak.

«Kostatu zitzaidan barneratzea barruan nengoela; sekulakoa da».
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Egun bat pasatxo darama Bratislavan Kauldi Odriozolak (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Han jokatuko ditu Espainiako selekzioak Europako Txapelketako lehen ligaxkako hiru partidak, baita, sailkatuz gero, bigarren ligaxkan jokatu beharreko beste hirurak ere. Argi du nola egin behar duten bidea: «Pausoz pauso joan behar dugu».

Lehen aldiz ariko zara maila nagusiko selekzioen arteko txapelketa batean. Zer dio gorputzak?

Oso pozik nago. Ametsa bete dut.

Espero zenuen azken zerrendan egotea?

Zail ikusten nuen, nire postuan, eskuin hegalean munduko jokalari onenetako bi baitaude: Ferran Sole PSGkoa, eta Aleix Gomez Bartzelonakoa. Baina Jordik [Ribera, Espainiako hautatzailea] esan zidan aukera izan nezakeela defentsan jokalari aurreratu moduan aritzeko, eta lan horretan trebatzeko deituko ninduela. Zorionez, gustatu zaio egin dudan lana, eta aukeratuen artean sartu nau.

Zer pentsatu zenuen Europako Txapelketa jokatuko zenuela esan zizunean?

Kostatu zitzaidan barneratzea; sekulakoa da. Neure buruari jarritako kirol helburuetako bat lortu dut. Zenbait egonalditan egonda nengoen, eta azken zerrendatik kanpo geratu. Oraingoan, ordea, ohi baino jokalari gehiago gaude, eta horrek mesede egin dit.

Gazte mailetan baduzu eskarmentua: munduko eta Europako txapeldun izandakoa zara. Baina hau beste gauza bat da, ezta?

Ez du zerikusirik. Hau oso txapelketa handia da, gogorrena eta zailena. Sekulako gogoa nuen halako bat jokatzeko, eta oso zoriontsua naiz hemen egonda.

Nolakoa da selekzio nagusi bateko kide izatea?

Itzela da horrenbesteko maila eta kalitatea duten taldekideekin aritzea. Niri izugarri gustatzen zait eskubaloia, eta jokatu diren txapelketa garrantzitsu guztiak ikusi ditut telebistaz. Partida horietan aritutako jokalari asko taldekideditut orain. Ispilu ziren niretzat, talderik onenetan ari baitziren: Bartzelonan, PSGn, Veszpremen, Kielcen... Itzela da haiekin entrenatzea eta jokatzea.

Errespetua ematen du?

Bai, nik baino askoz eskarmentu handiagoa baitute. Hasieran, kezka nuen ea nola moldatuko nintzen horrenbesteko kalitatea duten taldekideen artean, are gehiago iritsi berria izanik. Baina oso ondo hartu naute hasieratik; handiak bezain umilak eta gertukoak dira, eta horri esker, oso erraza da egokitzea. Eskertzekoa da.

Espainiako selekzioaren mailarekin harrituta bazaude, itxaron kontrarioena ikustera: Frantziarena, Danimarkarena eta Norvegiarena, besteak beste.

Munduko jokalari onenak daude hemen, izar handienak; adibidez, Nikola Karabatic [Frantziako erdikoa]. Legenda bat da, mito bat. Esperientzia ederra izango da haren moduko izarrekin lehiatzea.

Zer helburu du Espainiak?

Zaila da helburu bat zehaztea txapelketa jokatzen hasi aurretik; oso indartsuak dira aurkari guztiak. Handia litzateke finalerdietarako sailkatzea eta domina bat irabazteko lehian aritzea. Baina lehenik ondo aritu behar dugu lehen ligaxkan, eta gero gerokoak. Pausoz pauso joan behar dugu.

Suediaren, Txekiar Errepublikaren eta Bosniaren aurka jokatuko duzue lehen ligaxkan. Zer itxura hartzen diozu multzoari?

Ustez, Suedia da aurkaririk indartsuena, baina Txekiak eta Bosniak ere jokalari oso onak dituzte. Oso garrantzitsua izango da hiru partidetan lan ona egitea, eta ahal izanez gero hirurak irabaztea, bigarren ligaxkara ahalik eta puntu gehienekin sailkatzeko, eta bidea egiten joateko. Zaila izango da, eta gurea eman beharko dugu.

Espainiak irabazi ditu azkeneko bi Europako txapelketak.

Bai, baina aldaketak egon dira selekzioan, batez ere Tokioko Olinpiar Jokoak amaitutakoan. Jokalari dezentek jarraitzen dute, baina funtsezkoak ziren zenbaitzuek utzi egin dute. Ziklo bat bukatu da, ziklo oso ona, Espainiak inoizko selekzio onenetako bat izan baitu. Aurrekoek oso goian utzi dute langa. Orain, hainbat gazte iritsi gara, eta, erronka zaila izan arren, saiatuko gara; barruan dugun guztia emango dugu.

Jokamoldea aldatu du Riberak?

Ez, taldeak bizkarrezurrari eusten baitio. Jokalariak dira berriak; adibidez, erdikoan, ez daude Entrerrios eta Sarmiento; oso zailduak ziren biak; orain, ordea, Tarrafeta eta Casado daude; askoz gazteagoak dira. Pibotean ere ez dago Julen [Aginagalde]. Denetarik dago: beteranoak eta gazteak. Ea nahasketak fruitua ematen duen.

Zer eskatu dizu Riberak?

Jordik esan zidan Ferran eta Aleix postu berean egonda lehia handia izango nuela, baina defentsan aukera izan nezakeela aurreratu moduan aritzeko. Aprobetxatu egin nahi ditut aukerak.

Koronabirusaren pandemia betean jokatuko da txapelketa. Tentuz ibili beharko duzue, zorigaiztoko ezustekorik ez izateko.

Asko ari gara zaintzen; burbuila batean bizi gara. Ea dena ondo doan.

Txapelketa amaitutakoan itzuliko zara Bidasoa taldera. Azken hilabeteak izango dituzu hor, iragarria baituzu datorren denboraldian Frantziako Ligan ariko zarela, Bretainian, Naoneden. Lasaiago zaude etorkizuna argitu eta gero?

Bai. Ez nuela jarraituko esan aurreko eta osteko egunak oso mugituak izan ziren, baina jada pasatu da denbora, eta lasaiago nago. Bidasoaren aldia itxiko dut aurki, eta beste bat hasi. Nire asmoa aldi honetaz ahalik eta gehien gozatzea da. Oso urte politak eta onak izan dira. Ondo bukatu nahi dut.

Zazpi sasoi egingo dituzu Bidasoan, eta eskutik hazi zarete taldea eta zu.

Hala da, iritsi nintzenean, taldea Ohorezko B Mailan baitzegoen. Zorionekoa naiz, bertatik bertara bizi baitut taldeak izan duen gorakada handia: lehenbizi, Asobal ligara igo ginen; gero, kostata eutsi genion mailari; jarraian, ligan sendotu ginen; eta, azkenik, Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen. Egun, bigarren izateko borrokatzen gara, eta finalen bat ere jokatu dugu. Kluba asko hazi da, eta niri balio izan dit ni neu ere hazteko. Oso urte eta politak izan dira.

Zein da oroitzapenik onena?

Asko ditut: lehena, 2016an, berriz Asobal ligara igo ginenekoa; gero, 2019an, Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenekoa; zenbat gozatu genuen urte hartan Artalekun Txapeldunen Ligako partidak jokatuta; jokatuta, eta irabazita! Egia esan, oso oroitzapen politak eramango ditut Irundik. Une ederrak pasatu ditut hemen.

Zaila izan zen erabakia hartzea?

Bai, noski; urte asko neramatzan Irunen, oso zoriontsua nintzen, baina Naoned beste maila bateko taldea da, beste helburu batzuk ditu, eta hazten jarraitzeko erabakirik onena da hara joatea. Aurrerapausoa emateko unea da.

Halako erabakiak hartu aurretik, ingurukoekin hitz egin ohi da. Zuk ere hitz egin zenuen? Eta zer esan zizuten?

Oso gustura nengoela Bidasoan, baina oso aukera ona zela beste herrialde batera joatea eta beste talde batean jokatzea, talde indartsuago batean. Unea hau zela; horixe esaten zidaten.

Ez zen izango eskaintza bat jaso zenuen lehen aldia.

Ez. Zorionez, azken urteetan, eskaintza dezente izan ditut, baina ez nuen gogorik aldatzeko; oso gustura nengoen, taldea gora eta gora ari zen, eta, haren eskutik, baita ni ere. Baina 25 urte ditut, eta uste dut garaia dela jauzia egiteko.

Naoned, gainera, ez dago horren urruti.

Ez, eta hori ere, noski, kontuan hartu dut erabakia hartzeko orduan. Etxetik bost ordu eta erdira dago Naoned, eta gertu dago bisitak hartzeko edo etxera joateko.

Iker Serrano Bidasoa taldeko jokalari ohiak behin esan zuen saiatu zela zu konbentzitzen atzerrira joan zintezen, baina alferrikakoa izan zela: «Kauldi zoriontsua da Zumaian, bere txalupan arrantza egiten», zioen.

Eta arrazoi zuen. Kostakoa naiz, eta itsasoak izugarri erakartzen nau. Oso gustura nengoen: Bidasoan jokatzen nuen, etxean bizi nintzen, betiko lagunak nituen inguruan, itsasoa gertu... Postura erosoa nuen: ia seguru nengoen ez nintzela inoiz Zumaiatik joango. Baina horrelako aukera bat iristen zaizunean, oso zaila da ezetz esatea. Oraingoan, gainera, banuen gogoa eta ilusioa aldatzeko, erronka berri bati heltzeko. Horregatik erabaki dut Naonedera joatea. Seguru nago hartu dudan erabakia onena dela.

Hasi zara hango hizkuntza ikasten?

Frantsesa ikasten hasi naiz.

Bretoiera ere ikasi beharko duzu.

Oraingoz, nahiko lan dut frantsesarekin [barrez].

Eskatzen hasita, ondo legoke Bidasoaren aldia zerbait handia eginda ixtea: adibidez, final bat jokatzea. Sinatuko zenuke halako zerbait?

Zalantzarik gabe. Lehenbizi, ea Europako Ligan aurrera egiten dugun; gero, hor daude Kopa eta Asobal kopa. Ederra litzateke final bat jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.