Albistea entzun

Damaris Egurrola. Lyongo jokalaria

«Bi hilabete barru esango dut AEBekin edo Herbehereekin lehiatuko naizen»

Urtebete igaro da Damaris Egurrolak Lyonekin fitxatu zuenetik. «Oso gustura» dago, taldera eta hirira «erabat egokituta». Orkatilan izandako lesioak ez du haren ilusioa zapuztu.
DAMIEN L. G. Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko urtarrilak 30

Telefonoz izan da elkarrizketa Damaris Egurrola Lyongo jokalariarekin (Orlando, AEB, 1999). Gabonak Euskal Herrian pasatu eta gero, Lyonera (Frantzia) bueltatu da, orkatilan egin zioten ebakuntzatik osatzeko prozesuaren azken txanpari heltzeko. Gogor ari da lanean. Horren seinale, elkarrizketa bi ordu atzeratu behar izan du, entrenatzen segitu behar zuelako. Sasoi betean eta erabat osatuta itzuli nahi du.

Zer moduz orkatila?

Orain arte zintan egin dut korrika, baina egun batzuk daramatzat jada zelaian egiten. Prozesu luzea izan da, baina dena ondo doa: epeak betetzen ari naiz, minik gabe nago, eta ondo sentitzen naiz. Irrikaz nago berriro taldekideekin egoteko, baita baloia berriro ukitzeko ere. Espero dut datorren aste amaieran hastea baloiarekin lanean.

Noizko aurreikusten duzu berriz jokatu ahal izatea?

Halako lesioekin ez da behar baino presa handiagoarekin ibili behar. Egunez egun joan nahi dut, behartu gabe, ondo lan egiten eta sentipenak kontuan hartzen. Baina espero dut pare bat aste barru taldearekin entrenatzen hastea, eta martxorako taldearekin egotea. Denboraldia une erabakigarrian sartuko da, eta partida oso garrantzitsuak ditugu. Baina, esan bezala, behartu gabe. Orain arte egindako lan onarekin, ez du zentzurik presaka ibiltzea, nahiz eta fisikoki inoiz baino hobeto ikusten dudan neure burua, batez ere indar aldetik. Izan ere, asko landu ditut indar ariketak osatze prozesuan.

Bi hilabete daramatzazu jokatu gabe. Zure kirol ibilbidean ez duzu halako lesio luzerik izan. Zer izan da gogorrena?

Ebakuntza ondorengo lehen asteak. Igeltsuarekin egon behar izan nuen egun dezente, bakarrik entrenatzen, mugimendu gutxi eginez... Gainera, gogorra egin zitzaidan pentsatzea osatze prozesua hasi besterik ez zela egin, eta aste asko nituela aurretik. Luze egiten da. Baina behin igeltsua kenduta, ariketa gehiago eta gogorragoak egiteko aukera izan nuen. Gainera, egunetik egunera hobetzen nindoala ikusi nuen. Horrek asko lagundu zidan, baita taldekideen babesak ere. Egoera horretatik pasatu diren taldekideek gomendio asko eman dizkidate.

Osatze prozesuko aste batzuk etxean egin zenituen, Gernika-Lumon (Bizkaia). Etxekoekin eta lagunekin egoteak ere emango zizun indarra, ezta?

Bai, handia. Gabonetan aste pare bat egin nuen han. Goiza eta arratsalde erdia osatzeko prozesurako lanean ematen nuen. Baina gero familiarekin eta lagunekin egoteko aukera izan nuen, eta horrek indar handia eman zidan, hona itzuli eta osatze prozesuaren azken txanpari heltzeko. Lan ona egin genuen astea horietan, bai fisikoki, bai mentalki.

Ebakuntza egiteko erabakia hartzea zaila izan al zen?

Gogorra izan zen. Ez nuen espero ebakuntza egin behar zidatela esango zidatenik. Baina konfiantzazko zirujau batekin egin genuen kontsulta, eta lehen bileran esan zidan onena ebakuntza egitea zela. Gaztea nintzela, eta egiten ez banuen arriskua zegoela behar baino lehenago utzi behar izateko futbola. Orkatilari egonkortasuna ematen dion lotailua apurtu nuen. Ebakuntza motza izan zen: 10-15 minutukoa. Egokiena izan zen. Gainera, Gabonetako etena tarteko, ez ditut hainbeste partida galdu.

Urtebete pasatu berri da Everton utzi eta Lyonekin fitxatu zenuenetik. Zer balorazio egiten duzu?

Oso gustura nago hemen, disfrutatzen: taldekideekin, hiriarekin, jokatzeko izaten ari naizen aukerekin... Aurrekoan, taldekideetako batzuei aipatu nien jada urtebete pasatu zela fitxaketatik, eta esan zidaten ematen zuela askoz gehiago neramala hemen. Amets bat bizitzen ari naiz, eta oraindik ere batzuetan ez naiz jabetzen zer mailatako jokalariekin ari naizen jokatzen. Pribilegio bat da, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Egun bakoitza ikasteko eta hobetzeko aukera baten moduan ikusten dut. Lehen eguneko helburu bera daukat: tituluak irabaztea. Fitxatu bezain laster nioen moduan, ez naiz hona etorri denbora pasatzera, garrantzitsu izateko baizik. Uste dut pixkanaka lortzen ari naizela.

Hasieran zenion fisikoan eta erritmoan zegoela alderik handiena, bai partidetan, bai entrenamenduetan. Ohitu zara?

Bai. Nire taldekideak gero eta hobeto ezagutzen ditut, jokatzeko era erabat barneratu dut, hizkuntza menderatzen noa... Baina batez ere fisikoki nabaritu dut aldaketarik handiena; salto handia eman dudala uste dut, batez ere indar aldetik, erritmo aldaketetan... Indartsuago eta bizkorrago sentitzen naiz, eta horrek lagundu dit jokaldietara aurreratzeko, eta jokoa irakurtzeko dudan ahalmenari etekin handiagoa ateratzeko. Liga honetan, nahiz eta jokoa irakurtzekoa gaitasun handia izan, abiadura ez baduzu, alferrik da. Aurkaria erraz nagusitzen zaizu. Oraindik ere badut zer hobetua.

Eta arlo tekniko-taktikoan aldatu zarela uste duzu?

Zelaian ez naiz aldatu. Beti saiatzen naiz taldeari lasaitasuna ematen, eta horren maila altuko jokalariak inguruan izanda, errazagoa da. Bestalde, Sonia Bompastor entrenatzaileak ezarritako jokatzeko erarekin oso eroso sentitzen naiz, garrantzi handia ematen diolako baloi jabetzari. Espazio txikietan konbinazio ugari egiten ditugu, bizkor jokatuz. Gozatzen ari naiz.

Fisikoan ez ezik, zertan antzeman duzu alderik handiena?

Taldeak baloi jabetza dauka partidaren zatirik handienean, eta ez duenean, txipa berehala aldatu behar duzu, defentsan ere exijentzia handia baita, abiaduran zein fisikoan. Txip aldaketa hori kostatu egiten zitzaidan. Baina lortu dut, taldekideek asko lagundu didate, baita zelaian eta zelaitik kanpo dudan lasaitasunak ere.

Patxadak lagundu al dizu ere azken urte eta erdian bizi izan duzuna hobeto barneratzeko?

Bai. Beti saiatzen naiz gauzak behar baino azkarrago ez egiten, erabakiak zentzuz hartzen, ondo pentsatzen, eta gauzak arrazoitzen. Hala izanda, gaizki edo ondo atera, lortzen dudana da ez damutzea hartutako erabakiez.

Eta behin taldera itzulita, zer helburu jarri diozu zeure buruari sasoi amaierari begira?

Horretan ez dut asko pentsatu, arreta osoa osatze prozesuan baitut. Baina orain arte gauzak ondo joan zaizkit, eta, beraz, bide beretik jarraitu nahi dut: disfrutatzen, garrantzitsu sentitzen taldearentzat… eta beste dena iritsiko da.

Hain maila altuko jokalariak izanda, ez da erraza izango berriz ere hamaikakoan sartzea.

Berez zaila da hamaikakoan lekua egitea. Bada, pentsa hiru hilabete jokatu gabe egon eta gero. Baina niretzat bultzada bat da osatze prozesuko lanean.

Aurreko denboraldian ez zenuten ez Frantziako Liga, ez Txapeldunen Liga irabazi. Presio handiagoa antzematen duzue sasoi honetan?

Taldeak zazpi urte zeramatzan dena irabazten, eta oso zaila zen horri eustea. Joko aldetik ez ginen ondo ibili. Baina nik uste dut bai taldearentzat, baita hemen denbora gehiago zeramatenentzat ere ona izan dela halako zerbait gertatzea. Beste motibazio batzuk bilatzen lagundu digu. Irabazteko presioa bainoago, irabazteko gogo handiagoa dagoela esango nuke. Talde honetan beti dago presioa. Baina ondo kudeatuz gero, presioa ona da: hazten eta hobetzen laguntzen dizu.

Nola sentitu ziren dena irabazi zuten jokalariak?

PSGren kontra Txapeldunen Ligatik kanpo geratzea gogorra izan zen. Jokalari gehienak ez zeuden ohituta halako egoera batean egotera. Baina udako oporrak eta gero, denboraldiaurreko lehen entrenamenduan, jada elkarri esan genion berriro ere dena irabazi behar genuela. Eta gauzak ondo doaz. Lan handia egiten ari gara, joko aldetik taldea hobeto ari da, eta giroa ere oso ona da.

Jokoaren zer esparrutan hobetu duzue?

Mentalitatean. Arerioa zaila edo erraza izan, intentsitate eta grina berdinarekin ateratzen gara. Bi helbururekin zelairatzen gara: irabaztea eta disfrutatzea. Jokoari dagokionez, uste dut astean zehar oso lan ona egiten dugula, eta horri esker asteburuan oso garbi dugula partida bakoitzari nola heldu. Konfiantza handiz gaude. Iaz baino biziago jokatzen dugu, eta hegalekoei azkar heltzen zaizkie baloiak. Hortik min handia egiten dugu. Bestalde, baloia oso goian berreskuratzen dugu presioari esker, eta aurkariei ez diegu uzten kontraerasoak egiten.

Frantziako ligan lehen postuan zaudete. Hiru puntura duzue PSG. Nola ikusten duzu?

Gauzak estu daude. Haien aurkako lehen itzuliko lehen partidan kolpea eman genuen mahai gainean [6-1 irabazi zuten, eta Egurrolak 4-0 ekoa sartu zuen]. Aurreko denboraldian gertatutakoa eta gero, bagenuen horretarako gogoa, Bultzada handia izan zen. Laster jokatuko dugu berriro haien kontra, oraingoan Parisen. Irabaziz gero aurrerapauso handia litzateke. Baina liga oso luzea da, eta berdin segitu behar dugu.

Bartzelona hain indartsu egonda, posible ikusten duzu Txapeldunen Liga irabaztea?

Hor ere pausoz pauso joan behar dugu. Final-laurdenetan Juventus egokitu zaigu. Talde nahiko berria da, ez ditu hain jokalari ezagunak, baina kalitate handia dute. Ezustea izaten ari da. Ez da kanporaketa erraza izango.

Bartzelona koadroaren beste aldean dago, eta finalera arte ez zenukete haien kontra jokatuko. Nola irabazi dakioke?

Argi dago oso ondo jokatzen ari dela. Baina posible da haiei irabaztea. Guk udan irabazi genien [2-3]. Denboraldiaurreko partida bat izan zen. Baina askoz hobeak izan ginen. Oso ondo planteatu genuen partida, beldurrik gabe jokatu genuen, lerroak oso gertu izanda, eta intentsitate handiz jokatuz. Haiek ez ziren eroso egon baloiarekin, eta nik uste dut hori izan zela gakoa.

Bi tituluen artean bat irabazi behar izanez gero, zeinek egingo lizuke ilusio handien?

Beharbada, Txapeldunen Liga. Futbolari baten ibilbidean urrats handia da Txapeldunen Liga irabaztea. Iaz jokatu nuen estreinakoz, eta lehen partidatik konturatu nintzen berezia zela.

Edozein jokalariren ibilbidean urrats garrantzitsua da selekzio arteko txapelketa bat jokatzea. Erabaki duzu AEBekin edo Herbehereekin lehiatuko zaren?

Bai, eta aukeratu dudan selekzioko hautatzailea eta federazioa jakinaren gainean daude. Baina bi hilabete barru jakinaraziko dut. Orain, arreta osoa orkatila sendatzean daukat. Argi dago halako txapelketa bat jokatu nahi dudala; kirolari zein pertsona moduan aurrerapauso bat litzateke.

Azpiko kategorietan Espainiarekin jokatu zenuen, baina Jorge Vilda hautatzailearekin ika-mika bat izan zenuen. Hark emandako tratua salatu zenuen.

Hala da, oso mingarria izan zen. Nik errespetatzen dut berak jokalari multzo baten alde egitea, hori da haren lana. Baina ez da bidezkoa nire inguruan gezurrak esatea, eta eman zidan tratua ematea.

Besteak beste, aipatu duzu 20 urtez azpiko Munduko Txapelketako finaleko atsedenaldian aldagelara jaitsi eta zure jokoa ez zitzaiola gustatzen esan zizula. Negarrez irten zinen gero zelaira.

Hala da. Eta gezurretan ibili da, sekula ez duelako zuzenean nirekin hitz egin: beti bizkarretik edo beste jokalari batzuen bitartez. Denbora luzez isilik egon nintzen, baina nahikoa zela erabaki nuen. Errespetua baino ez dut eskatzen, eta gezurrik ez esatea.

Nola ari zara ikusten zure talde ohia, Athletic?

Gero eta zailagoa da Espainiako Ligako partidak ikustea. Sasoi honetan pare bat baino ezin izan dut ikusi, azkena Realaren aurkako derbia. Taldekide ohiekin asko hitz egiten dut, eta uste dut nahiko ondo ari direla; sailkapenean ikusten da. Gustura daude.

Irene Paredes Frantzian egon zen, eta denboraldi honetan Espainiako Ligan ari da berriz. Gustatuko litzaizuke hori egitea?

Iaz aldaketa asko izan nituen. 2024 arte dut kontratua hemen, eta egon naitekeen lekurik onena da. 22 urterekin, gogo handiz nago Lyonekin ditudan erronkei heltzeko. Jokalari handiak ditut inguruan. Haien lorpen zerrenda ikusi, eta horrekin amesten dut.

Aste gutxian Espainiako Ligako bi jokalarik iragarri dute ama izango direla. Sinatu zen lan hitzarmenean amatasunari emandako babesa zer garrantzitsua izan den erakusten du horrek, ezta?

Zalantzarik gabe. Bidegabea zen amatasunaren eta zure kirol ibilbidearen artean aukeratu behar izatea. Guk ere taldean badugu jokalari bat duela bi hilabete ama izan zena: Sara Bjork Gunnarsdottir. Orain nirekin ari da entrenatzen, eta laster itzuliko da taldera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiarrako patroia eta arraunlariak igandean etxean irabazitako banderarekin. ©ANDONO CANELLADA / FOKU

Zinemaldia, uztailean

Aitor Manterola Garate

Donostiarrak etxeko estropada irabazi zuen herenegun, eta Euskolabel ligako lehen postua lortu aurrenekoz. «Ezustea» izan zela dio Arkaitz Diaz patroiak
Korrikalariak, Ehunmiliak lasterketa abiatu berritan, duela hiru urte, Beasainen. ©AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA

Esperientzia dute lagun

Unai Ugartemendia

Bi urteko etenaren ostean, asteburuan jokatuko da Ehunmilien 11. aldia; Beasainen hasi eta bukatuko da. 1.500 korrikalari inguru ariko dira Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan. Ilusioa da nagusi.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Erreferente izatea lortu dugu»

U. Ugartemendia

Mikel Valdiviesok aitortu du «luze» egin zaiela bi urteko etenaldia, eta «ezegonkortasun handia» bizi izan dutela. Zailtasunak gaindituta, eguna iristeko «irrikan» dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...