Cecilia Valdez
ANALISIA

Loriaz koroatuak

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Argentina irten da irabazle. Munduko Koparen historian hirugarrenez, Argentinak altxatu du kopa, bere selekzioaren kapitaina adoretuz, Lionel Messi berbera. Bide batez, Diego Armando Maradona ikusle izan ez den lehen Munduko Kopa izan da. Argentinar hautatzailearen magiari esker —asko du—, Argentinak balentria handia lortu du, eta dena da inauteria, ordu edo egun batzuetarako izan arren. Eta hori guztia abenduan gertatu da, inguru honetan bereziki zaila den hilabete batean, non ekonomiaren balantzea oso txarra bada ere, dementzia itxurak egiteko adostasun bat dagoen.

Munduko Txapelketa hasiz geroztik, argentinarrak —baita partidak lau urtean behin ikusten dituztenak ere— ondo datorkien zoramen kolektibo baten parte dira. Euforia hori ez zaie arrotz urteko gainontzeko hilabeteetan ere, erdiko klaseko argentinarra kalera irteteko prest egon ohi baita, izan protestatzeko edo izan ospatzeko; baina harritu egiten ditu futbolarekiko batere interesik ez dutenak edo hura onargarri ez den negozio gisa ikusten dutenak. Badirudi hori guztia bertan behera geratzen dela hilabete batez, non poz kolektibo moduko bat gailentzen den, munduko futbolaren testuinguruan bakarrik uler daitekeena. Gainontzean, abendua hilabete zaila da Argentinan; gizarte erakundeek orduan egiten dituzte indar erakustaldi handienak kaleetan, eta urteko balantzean inflazioak marka guztiak hautsi ohi ditu, orain bezala. Eta hor agertzen da ordukako zorion hori ahalbidetzen duen adostasuna, egiaz horren beharrezkoa dena. Atsekabea nagusi den hilabete horretan, Munduko Kopak bestelako sentsazio bat dakar, desberdina. Hilabetez, Argentinan guztiak aritu dira hitz egiten estatistikez, selekzioko jokalariez, Lionel Scaloni entrenatzaileaz, taldeaz, sarreren salneurriaz, Qatarrerako bidaia batez... Futbolaz ezer ulertzen ez dutenek edo, antzera, futbola lau urtean behin ikusten dutenek ikasi egiten dituzte milioiak irabazten dituzten jokalarien izenak eta haien taldeenak —munduko aberatsenak izan ohi dira horiek—, baita gaur dauden tokira nola iritsi ziren eta haiei buruz Googlen aurki daitekeen beste edozer ere. Hain zuzen ere, talde honen ezaugarri nabarmenenetako bat, aurrekoetatik desberdintzen duena eta garai honetako ikurtzat hartzen dena da taldeak bere sentimenduez hitz egin ohi duela, eta jokalariek adeitasunez jokatzen dutela jendaurrean (eta sareetan). Adibidez, Dibu Martinez atezainak aitortu zuen elkarrizketa batean berarentzat baloia geratzea izugarrizko presioa zela eta, hori gainditzeko, psikologoa eta terapia oinarrizkoak zirela. Bide batez, munduko bi herrialde psikoanalizatuenen artean jokatu da finala: Argentina eta Frantzia.

Baina, nazioez ari bagara, herrialdeen testuinguru geopolitikoa izan zen mundu mailako sareetan gehien eztabaidatutako gaietako bat. Sareak eta Twitter bereziki, izan dira aurrez aurreko horren adibide garbiena. Gehien zabaldutako teorietako baten arabera, herrialde kolonizatzaileak eta kolonizatuak aurrez aurre jartzen zituen kopak. Hau da, ez zen gauza bera Argentinaren eta Marokoren arteko final bat edota Argentina eta Frantziaren artekoa. Eta, edonola ere, inguru hauetan inor gutxik dakien arren Marokok Mendebaldeko Saharan duen botereaz, ez zen inoiz gauza bera izango hegoaldeko (edo azpigaratutako) bi herrialdek jokatutako final bat, edo herrialde kolonialista bat (Frantzia) eta Argentina aurrez aurre jarriko dituena. Maradonaren irudia ingelesen aurrean justizia egiten (tarte batez) mistika saihetsezina da Argentinako iruditeria kolektiboan, ia peronismoa bezainbeste.

Eta, Maradonaz ari bagara, Munduko Kopa honetako berritasun nagusia izan da Argentinako herriaren eta Bangladeshen arteko anaitasuna. Maitasun hori jaio zen, hain zuzen ere, Jainkoaren eskuak ingelesei sartutako gol batekin (1986), baina argentinarrek ez dute orain arte ezagutu. Bertakoak eta atzerrikoak harritu dituzte Damaka hiriburuko kaleak ospakizunez bete dituzten Bangladeshko herritarren irudiek, eta elkarrekiko interesa ere piztu dute, harik eta Argentinako Gobernuak herrialdeko enbaxada berriz ireki eta negozio berriak abiatzeko asmoa agertzeraino. Jainkoaren eskuak sartutako golak justizia egin zuen, ez bakarrik Malvinengatik, baita Bangladeshengatik ere. Finean, hori ere bada futbola, gustatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.