Ibai Gomez. Athleticeko jokalaria

«Ez dut gozatuko finalaz guztiok bizitzen ez badugu»

Ibai Gomezek ez dio futbolari garrantzirik emango koronabirusak eragindako osasun krisiak iraun bitartean. Horregatik, premia duenari ahal duen neurrian laguntzen ari da etxetik. Athleticeko erdilariak, hala ere, ez dio entrenatzeari utzi.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ibai Gomezek (Bilbo, 1989) ez daki geldi egoten. Etxean egonda ere ez du zeregin faltarik: zaleekin egon, entrenatu, familiaz gozatu... Baina futbola maite du, eta haren falta sumatzen du. Hala ere, argi du orain osasuna dela lehentasuna.

Ondo moldatzen zara konfinamenduan?

Ez dut kexatzeko arrazoirik. Gure etxean gauza asko egiteko aukera dugu. Beste etxe askotan ez dute guk dugun aukera. Hala ere, egoera guztiontzat da larria.

Zer egiten duzu egunak luzeegiak izan ez daitezen?

Egunak ez zaizkit batere luzeak egiten. Zeregin dezente daukat: goizean, gosaltzen dudan bitartean, bideoak egiten ditut urteak betetzen dituzten lagunak zoriontzeko; ondoren, eguneko lehen lan saioa egiten dut; bazkalostean, etxekoekin egoteko aprobetxatzen dut; ondoren, bigarren entrenamendua egiten dut; eta eguna borobiltzeko, afaria prestatu eta telesail bat ikusten dut emaztearekin. Uste dut lehen baino denbora gutxiago daukadala.

Zer sumatzen duzu faltan?

Futbolean jokatzea. Nire ogibidea izateaz gain, zaletasun nagusia ere bada. Oso gustuko dut taldekideekin entrenatzea eta lehiatzea. Bestalde, familiartekoez eta lagunez ere sarri oroitzen naiz.

Pentsatu al duzu etxetik ateratzean zer egingo duzun?

Argi daukat: gurasoekin elkartuko naiz, eta besarkada erraldoi bat emango diet. Gainerako familiartekoekin eta lagunekin ere gauza bera egiteko asmoa daukat.

Koronabirusaren krisiak zerbait ikasteko balioko al du?

Bai. Uste dut bi arlotan aurrerapauso handia emango dugula. Batetik, daukaguna askoz gehiago baloratzen ikasiko dugu: ikusezinak, kritikak... garrantzi gutxi duten kontuak baztertu eta bizitzaz gozatzen ikasteko aukera paregabea daukagu. Ahaztu egiten zaigu zorte handikoak garela. Bestetik, uste dut aurrerantzean osasunari lehentasuna emango diogula. Osasunik gabe ez dugu beste ezer.

Ez duzu uste krisi hau pasatzean bizitako larrialdi egoera ahaztu eta lehengora itzuliko garenik?

Denetik egongo da. Batzuek larrialdiaren aurretik baino gutxiago zainduko dute bere burua. Bizi egin behar dela pentsatuko dute, eta astakeria handiak egin. Nik, ordea, bestelako ikuspuntua daukat. Uste dut bizitzaz gozatzeko ezinbestekoak direla osasuna eta elikadura zaintzea. Zainduz gero, hobeto biziko zara. Osasunak laguntzen badigu, hobeto biziko gara. Bizitzako urte batzuk gaixorik pasatzea ez da aukera ona.

Osasunari eta elikadurari garrantzi handia ematen diozu. Duela hiru urte atzeman zizuten gaitz batekin lotura zuzena dauka ardura horrek?

Neurri batean, bai. Lehendik ere garrantzi handia ematen nion, baina argi dago hori mugarri izan zela. Orban bat neukan bizkarrean, eta espezialista batengana jo nuen. Orbana kendu eta aztertu zutenean melanoma zela atzeman zuten. Hau da, garatuz gero, ondorio oso kaltegarriak ekarriko zizkidan. Gisa horretako orbanak kanporantz hazi beharrean gorputzaren barrualdera garatzen dira. Badaezpadako neurria izan zen, eta zortea izan nuen. Horrelako gaitzak ez garatzeko, oso garrantzitsua da osasuna, elikadura, ariketa fisikoa eta atsedena zaintzea.

Taldekideen artean harremanari eusten al diozue?

Bai. Whatsapp taldea dugu, eta egunero izaten dugu elkarren berri. Egoera aztertzen dugu, eta nola lagun dezakegun erabaki. Horrez gain, talde guztietan agertzen diren umorezko bideoak-eta ez dira falta.

Athleticeko emakumezkoen taldean, bideo deiari esker, batera eta aldi berean osatzen dute lan saioa. Zuek nola egiten duzue?

Guk prestatzaile fisikoekin daukagu harremana. Eurek agindutakoa egiten dugu. Goiz eta arratsaldez entrenatzen gara. Egiten dugunaren berri emateaz gain, nola sentitzen garen esaten diegu;guztiaren berri dute. Ondo zaintzen gaituzte. Igandeetan atseden hartzen dugu.

Geratzen diren partidak jokatu egin behar direla uste duzu?

Lehentasuna, osasuna da. Gainerako guztia bigarren mailan dago. Osasunean adituak direnen iritzia aintzat hartu eta horren arabera hartu beharko dira erabakiak.

Futbola kontaktu kirola da. Elkar kutsatzeak erraza dirudi. Kezka eragiten al dizu horrek?

Ez dut itzuleraz askorik pentsatu. Argi dut kontu hau ez dela egun batetik bestera konponduko, eta hasieran kostatu egingo zaigula egoera berrira egokitzea. Arraro samarra izango da kalera itzultzea.

Osasuna da lehentasuna. Futbolari batek hiru egunetik behin sarri jokatzea osasuna al da? Hau da, partida batetik bestera gutxienez 72 orduko tartea izatea neurri egokia dela uste duzu?

Osasuna lehenesten dut, baina taldean bizi dudan egoera aintzat hartuta, hiru egunetik behin jokatuz gero, uste dut gehiago arituko nintzela [kar-kar].

Alemaniako talde batzuk hasi dira entrenatzen. Herrialde bakoitzak egoera ezberdina bizi du, eta neurriak ere ez dira berberak.

Osasun krisi honek irauten duen bitartean batasuna eskatuko nuke. Nik ez dakit zein herrialde ari den asmatzen hartzen ari den neurriekin. Osasun kontuetan ez naiz aditua. Ez daukagu nahikoa informazio. Beraz, zuhurrak izan behar dugu. Futbolean ohikoa da ezjakintasunez hitz egitea. Ez nuke akats hori egin gura.

Koronabirusak mundua hankaz gora jarri ez balu, ate joka legoke Espainiako Kopako finala.

Sare sozialetan Kopako finala aipatu zidaten atzo [herenegun] eta erabat ahaztua nuela konturatu nintzen. Pentsa nola dauden gauzak. Nik egoera hau irauliko dugun unea baino ez daukat buruan. Besterik ez. Herritar askoren bizitza dago jokoan. Beste guztiak ez du asko balio.

Harmailak hutsik dauden final bat jokatzeak ba al dauka zentzurik?

Finalera guztiok iritsi gara, ez bakarrik jokalariak. Beraz, guztiok gozatu behar dugu finalaz. Neurketak ez ditugu jokalariok bakarrik jokatzen. Jarraitzaileen ekarpena ezinbestekoa da. Kopako finala guztiok bizitzen ez badugu, nik ez dut gozatuko.

Athleticek finala irabaziko balu, akaso ezin izango zen inor ibaiertzera gerturatu taldeari harrera egitera. Ez luke ez buru ez hanka izango.

Ez dauka zentzurik.

Eta liga amaitu eta diru galerak ahalik eta txikienak izateko ateak itxita jokatzearen alde zaude?

Nik ez dut azken erabakia hartu behar. Eta, gainera, ez dut nahikoa informazio. Ez dakit ateak itxita jokatzeak edo ez jokatzeak zein ondorio ekarriko lituzkeen. Hortaz, gurago dut zuhurra izan.

Klub batzuk hasi dira neurriak hartzen. Batzuetan, enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena aurkeztu dute, eta beste batzuetan zuzendaritzak eta jokalariek soldata murrizketak adostu dituzte. Athleticek ez du berririk eman. Soldata jaisteko eskatu al dizue zuzendaritzak?

Kluba guztion gainetik dago. Athleticek beharra badauka, jokalariok premia horretara egokituko gara. Athleticek diru premia badauka, jokalariok onartu egin beharko dugu. Jokalari guztiok Athleticen zaleak gara.

Jokalarien eta zuzendaritzaren arteko harremana ona al da?

Oso ona da. Beharren bat daukagunean ez dugu arazorik eurengana jotzeko.

Jokalariok gizartearen jomugan zaudela sentitzen duzue? Zuen erabakiak lupaz aztertzen direla uste duzu?

Ulergarria ere bada. Diru asko dago futbolean. Futbolariak, gainera, ezagunak gara. Beste arlo batzuetan ere diru asko irabazten dute, baina ez dira horren ezagunak.

Futbolariok irabazten duzuen dirua medikuek eta ikerlariek merezi dutela entzuten da orain; hau da, eurak direla gizarte honetan ezinbestekoak. Zer pentsatzen duzu horrelako gauzak entzuten dituzunean?

Futbolarion soldatak ez dira gizartearentzat dugun garrantziaren neurri berekoak. Medikuak eta beste hainbat profesional gu baino askoz beharrezkoak dira. Lehen ere bagenekien hori. Kontua da jokalarion soldatak futbolak sortzen duen neurrikoak direla. Eta gainerako arlo guztietan ere horrela da. Zorionekoak gara.

Osakidetzak zein beste erakunde batzuek osasun krisi honetan Athletic osatzen duzuenok erakutsi duzuen elkartasuna nabarmendu gura izan dute. Ari zarete zuen ekarpena egiten.

Athletic klub ezberdina da,eta horrelako egoeretan erakutsi egiten du. Ez daukat beste ezer esateko.

Kirol arloari erreparatuta, pentsatzekoa da ez zaudela pozik orain arte egin duzun denboraldiarekin, ezta?

Argi dago ezetz. Futbolariok jokatzeko egiten dugu lan. Gainera, ondo nago. Nik une latzak pasatu nituenean ulertu nuen ez neukala lekurik taldean. Ez nengoen sasoian, eta burua ere ez neukan behar zen moduan. Kontua da egun ondo nagoela, eta ez jokatzeak min ematen dit. Faltan sumatzen dut astero jokatzea. Athleticera itzuli aurreko bi urte eta erdian ikaragarri gozatu nuen, eta orain ez nago gustura.

Alavesen oso ondo aritu zinen. Gasteizen egindako lanak zabaldu zizkizun etxera itzultzeko ateak. Zer behar duzu taldean pisu handiagoa izateko?

Futbolean aukerak irabazi egin behar dira. Inork ez du ezer oparitzen. Lehiakortasunhandia dago. Alaveseko Ibai astero zelaian egoten zen. Batzuetan ondo aritzen zen, eta beste batzuetan eskasago, baina asko jokatzen zuen. Norberak duen maila erakusteko ezinbestekoa da segida izatea zelaian. Konfiantza ematen du. Ez naiz kapaz izan jarraitutasun hori lortzeko. Lanean jarraituko dut.

Negukomerkatuan, Espanyolera joateko asmoa izan zenuen, baina Gaizka Garitanok atea itxi zizun. Ez zintuen galdu gura. Aurrera begira asmo bera duzu?

Kontua da orain ez dakigula zer gertatuko den. Beraz, zaila da etorkizuneko planak egitea. Athleticen jokatzea gustatuko litzaidake.

Azaroan, 31 urte beteko dituzu. Egun, adin ona da kirol profesionalean aritzeko. Luzaroan jarraitzeko asmoa daukazu?

Ez dut erretiroa buruan. 24 urte nituenean baino indar handiagoa daukat. Asko zaintzen dut neure burua, eta uste dut ondo jokatu dezakedala. Futbolean jarraitzea baino ez daukat buruan.

Zer lortu gura duzu futbolean?

Athleticeko hamaikakoan lekua izatea eta elastiko zuri-gorriarekin txapelketa bat irabaztea. Taldean garrantzitsua izanda gabarra ateratzea da ametsa.

Erretiroa hartzean, aulkira pasatuko al zara?

Bai. Ez dakit futbola utzi bezain laster hasiko naizen entrenatzaile lanetan, baina teknikari izateko asmoa dut. Egun, faltan sumatzen dut entrenatzaile lana.

Zuk zuzendutako talde batean izango al zenuke tokirik?

Baietz esango dizut [kar-kar]). Konfiantza izan behar da norberaren buruan. Bestela, ez dago zereginik.

Besteak beste, Unai Simon, Unai Vencedor etaOihan Sancet iritsi dira taldera. Haiekin eta behetik datozenekin lasai egon daitezke zaleak?

Athleticek jokalari onak ditu, baina gazteekin konfiantza eta pazientzia izan behar da. Laportek edo Muniainek igo bezain laster erakutsi zuten maila oso ona, baina hori oso futbolari gutxik egin dezakete. Gazteak egokitu egin behar dira gorengo mailara.

Zein mezu bidaliko zenieke elkarrizketa irakurtzen ari direnei?

Hasteko, eskerrak emango nizkieke arduraz jokatzeagatik. Bestalde, egoera larri hau ere gaindituko dugula esan gura diet. Aurki egongo gara elkarrekin daukagun guztiarekin gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.