Gorka Arrese.
LAU BEGI

Liburua buruan

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Asmakizuna.

«Alfabetoa da gizakiaren asmakizun handiena», idatzi zuen Galileo Galilei matematikari, fisikari, ingeniariak 1632an. «Paper baten gainean hogei karaktere xume konbinaturik, edozein pentsamendu komunika diezaioket edonori, nahiz eta bion artean espazio eta denbora tarte oso handia egon. Mintza naiteke oraindik jaio ez direnekin ere, mila urte barru jaioko direnekin».

Ehunka hieroglifikoetatik eta piktogrametatik bi dozena hizkitara pasatzea aurrerapen txundigarria da. Soinuak irudikatzeko sintesi gaitasun berezia eduki behar da: abstrakzio gaitasuna alde batetik, sormen gaitasuna bestetik.

Sinplifikatu eta erraztu egiten dugu sinbolo txiki hauen bitartez, erruz biderkatzen segitzeko haien konbinatoriaz. Sekulako grabaketa moldea eta komunikazio tresna da alfabetoaren (eta zenbakien) jolasa.

Iraultza.

Suaren konkistarekin historiaren garai bat hasi zen. Elektrizitatearekin beste bat. Antzeko zerbait esaten dugu inprimategiaz jardutean; idazketarekin edo alfabetoarekin aro bat abiatu zen, liburuak osatzeari ekin zioten, eta halako batean aldaketa itzela ekarri zuen inprimategia asmatzeak: iraultza kulturala.

Antzina jende gutxik zekien irakurtzen eta idazten; eta haiena zen boterea, kontrolatzen baitzituzten idazkiak: legeak, ikerketen notazioak, beste kultura batzuetako jakintzak, eta abar. Liburua inprimatzeko mekanika asmatu zenean 15. mendean, biderkatu egin zen informazioaren hedapena; hizkuntzak estandarizatu ziren, burgesiaren eskolatzea zabaldu, zenbaki hinduarabiarrak nagusitu. Zientzia enpirikoak laster garatu ziren liburuari esker, ikertzaile ugariren eskura geratu baitziren obserbazio kopuru handiak. Industriaren garaia abiatu zuten 18. mendean, 19.ean etorri zen elektrizitatea, eta ondoren besteguztia.

Nahiz eta eskolatze eta alfabetatze masiboa kontu berri samarra den, nabarmena da 20. mendean kultura batetik beste kultura batera igaro ginela. Batzuen ustea da, elektronika digitalak eta informatikak historiaren beste aro bat abiatu dutela. Satelite artifizialez saretuta daukate mundua.

Altxorra.

Liburuari esker metatu eta hedatu izan ditugu jakintzak azken mendeetan. Liburuen laguntzaz ikasten dugu oraindik. Liburuaren inprimatzetik eratorri dira aurrerapen nagusiak. Grabatu eta gorde egin ziren esperientziak, jakitateak, espresioak; trukea egin zen itzulpenen bidez, elkarrizketan jarri ziren liburuak eurak; dialektika horretatik garatu dira ideia berriak, aurkikuntzak, komunikazio globala.

Hezkuntza, linguistika, filosofia, arkitektura, hidrologia, botanika, agrikultura, osasuna, ekonomia, politika, legea, historia, antropologia, psikologia, matematikaren zientziak, astronomia, teknologia, musika, literatura..., gure sentipenak, oroitzapenak, ohiturak, ikerketak, ezagutzak, gogoetak era askotako liburuez bildu eta zabaldu ditugu, edonork balia ditzan.

Zer ez da ikasten eskoletan eta unibertsitateetan liburuen bitartez! Automobila eta aeronautika estudiatzen dira, elektrika eta energiak, fisika eta kimika, medikuntza eta hirigintza, mekanika eta arteak, biologia eta soziologia, denetik ikasten da liburuekin. Ez dut ulertzen nolatan oraindik ez den liburua bera xehetasunez estudiatzen eskola eta fakultate guztietan, harrigarria da.

Organismoa.

Zer irakatsi, sinplea da. Aurrena, labur: alfabetoaren eta zenbakien historia, liburuaren eta inprimategiaren historia, editatzearen eta argitaratzearen arteko diferentzia. Ondoren, astiro: objektuaren forma eta egitura (arkitektura), idazlea, argitaletxea, tresneria, inprimatze makinak, zabalkundea, promozioa, denda, eta honen guztiaren ekonomia gaur egun. Jarraian: idazlearen eskubide sozialak, intelektualak, artistikoak. Gero: liburua hezkuntzan, zientzietan, historian, musikan eta literaturan. Azkenik: liburutegia, entziklopedia, internet.

Xeheago landu nahi izanez gero, adibidez: testuaren gorputza (morfologia eta funtzioak), kaligrafia eta tipografia (letraren anatomia eta fisiologia), konposizioa eta diseinua (hizki eta lerro kopuruak, tarteak, marjinak), paper eta tinta motak (kolorea, CMYK), liburuaren gorputza, azalak eta hegalak. Adibidez: edizio moldeak, inprimaketa erak, plegatzea eta koadernatzea, ale kopurua eta berrargitalpena, liburuaren kostuak, biltegia, garraio eta banaketa sistemak, dendak (herrian eta interneten), salmentaren kobrantza eta partiketa. Adibidez: argia eta RGB, edizio digitala, programak eta formatu estandarrak (html, pdf, epub), web argitalpenak, tresna eta traste numerikoak. Baita ere: kontratuak, propaganda eta promozio ekintzak, azokak, itzulpena eta nazioarteratzea, legezko arauak (zergak, ISBN, lege gordailua), dirulaguntzak, babesleak, mezenasgoa.

Baina kontu guztien gainetik, idazlea da parte printzipala. Liburuaren fabrikazioak, finantziazioak, merkaturatzeak nahastu egiten gaitu sarritan, ahanzteraino libururik ez dagoela idazlearen ofizioa gabe eta honen testu talentuz atondua gabe.

* * *

Zenbat bider esan ote dit Koldo Izagirrek: noiz egingo dugu liburuaren hiztegia?; eta beraz, bide batez, gure liburugintzaren historia sinoptiko bat, 20. mendetik gaur arte.

Praktikaren deskripzioa, prozesuen sailkapena, materialen erabilera, objektuaren biologia aletuko ditugun egunean, zerbait aldatuko da gure kontzientzian eta kulturan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.