Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Postmodernitatea

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gurean inork Stephen King haren The Shining liburuan oinarrituriko filmaren aldaera egin nahi baleza badauka horretarako aukerako eraikina Bizkaian. Heriorekin bertsotan ekiteko oina ematen digun Derion. Seminarioa izena eman dioten eraikinean, hain suertez

Seminarioa eraikinaren historia 1931n hasten da. Orduko asmoa zoroetxetzat erabiltzea zen eta, hori jakinda ez zait harrigarri egiten haren taxu simetrikoa. Gaixoak zientziaren aurrerabidearekin bat eginez sailkatu eta ordenatu behar ziren. Tamainari begira, ederki irudika genezake produkzio indarren bilakaera zenbat buru-gaixotasun ari zen sorrarazten. Edonola ere lekua halako gaixoez ez zen inoiz bete. Gerraondoan gerrak berak amaitzea galarazi zuen eraikina buruturik, apaiztegitarako atondu zuten, hara. Zenbat apaiz espero zen ateratzea handik, ez dakit. Batzuk bai.

Hustu zen halako batean eraikina, eta, zer egin hartaz? Bizkaiko Eliza Katolikoaren artxiboak bertan atondu, besteak beste. Halaxe, eraikin durduzagarri horrexetan dautza Bizkaian bostehun urteanhildako gehienen heriotzaren nondiknorakoak, kristau sakramentu liburuetan idatziak.

Igogailuan sartuta horien xerka joaten naizen guztietan sentitzen dut ez-leku baten izatearen sentsazioa, kosmikoa kasik. Eta zer esan itzulerakoanoinez eskaileretan behera sentitzen dena. Hori bai, behin ikerlarien gelan jesarrita eskertu egiten dira leihotzarrek dakarten argia, ingurua ikusten uztea, hegazkinen lehorreratze eta airatze maniobrak. Isilean eztul egiten den leku horietakoa da hau.

Garai batean mormoiak mikrofilmatzen ibili ziren liburuotan begiratzen hasita erraza da Stephen beraren izuzko beste baterako lehen haria topatzea. Esaterako, sorterrian, minutu gutxiaren buruan batera ito ziren hamalau haiena. Barran bertan. Pentsa, lehorretik hogeita hamar metro eskasen tartean. 1833ko irailaren batean. Galdu ziren hamalauen izenak Derion daude, Herioren Liburuan.

Horri esker jakin dut, itotakoen izenez gain, erabat zurtz eginda utzi ninduen beste datu hau, zera, bakoitzari bere meza egin zitzaiona. Zertan ez denenak batera?, nioen nire artean. Erantzunak bi dira, behetik jota.

Lehena, eta sinpleena, gurean hileta mezak ordaindu egiten zirela. Iraganean behintzat, ez dakit orain. Beraz, zenbat meza hainbat diru. Bigarren erantzuna aspalditik ezagutu arren ahazturik neukan. Bada, Dama Azularen azken bisitaldiak gogorarazi zidan. Zera, artean ez zegoela eguneroko prentsa idatzirik, zer esan prentsa grafikorik eta, bai, balizko meza handia hots handiko izan zitekeen herrian, jakina, baina hotsik gabekoa handik kanpora. Postmodernismoak Espektakuluaren gizartea izendatu duena ez zen existitzen. Aldiz, 1912ko galarrena izan zenerako bai, existitu egiten zen, bere hastapenetan baino ez bazen ere.

Hartako ehun eta hamaseiei denei baterako meza egin zitzaien, Alfonso XIII errege hartara ager zedin eta agerraldia gero herriak prentsa grafikoan islaturik, ikuskizunak, zeren eta hura ikuskizun hutsa izan baitzen, hots egin zezan erresumako bazterretan. Bai gizon hunkibera gure errege Alfonso! Hara hor bera, Bermeoko Andra Mari elizan, zeinaren barruan eskultura antzekoa paratu zuten katafalkotzat: txalupa xume bat olatuen gainean. Gorpuak, gehienak, itsasoan galduak ziren eta, artean begiak lau eginda zebiltzan haien bila. Mezua argia zen: «Gorpu absenteok estatuarenak dira; zuok denok, bizirik nahiz hilik nireak zaretelako». Itotakoen etxeetakoek ez zuten banan-banako mezarik ordaindu behar izan.

Ikuskizuna agorrilaren 22an izan zen. Beste ikuskizun bat izana zen 13an. Hartan Espainiako Pro-nuntzioa eta zazpi apezpiku izan ziren. Galarrenak Bilbon harrapatu zituen, «lurralde santuetara» egindako halako pelegrinazio batzuen arrakastaren ospakizunetan. Erraz izan zuten Bermeora agertzea. Ciudad Realko apezpiku Remigio Gandasegik, Galdakaokoa, euskaraz «diskurtso ederra egin zuen, bakezko eta kontsolamenduzko hitzez mamitua».

Zer ez nukeen emango, oi! haren diskurtsoa aditzearren. Ziur naiz «arrantzale behargin proletarioak» esan beharreko lekuan «gure arrantzaleak» esan zuena. Zera, inoizko batean klixe paternalista horren zein «gure baserritarrak» paraleloaren arkeologia egin gura nuke.

Dama Azulari eldarnio aldietan esaten diodan legez, nire kontakizuna ez litzateke The Shining haren ildokoa izango. Esaterako, erregek Bermeora etortzea Donostiako yach-estropadarik izatea ezinezkoa zela ziurtzat eman ziotenean erabaki zuela kontatuko nuke. Eta azalduko nukeela, esaten diot, behin estropada zapuzturik bisitaldiak Bizkaiko industria eta finantzetako handiekin biltzeko aukera eman ziola, Marokon martxan zeukan gerraz haiekin jarduteko. Elizan paratu zioten tronuan jesarrita errukimendu itxurak egin zituen hark, bere eta Txatxarramendi bildu zitzaizkion haien interes kapitalisten mendeko zela, eta Marokon galaraziko zituztela galarrenak eraman ez zituen arrantzaleetako batzuen biziak.

Horiek alde batera, erregeren bisitaldiak eta ikuskizun biek arrastoa utzi zuten. «Ha zan ha!», esaten zuen erregez gure amamak beti. Postmodernitatea? Martxan zen espektakuluaren gizartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.