Noiz sortua: 2018-09-28 00:30:00

Gonzalo Arkonada. Realeko entrenatzailea

«Nahikarik segitzeko aukera badago; dena da posible»

Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzailea oso gustura dago taldeak lehen hiru partidetan egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin. «Taldea asko hazten ari da, eta gero eta hobeto lehiatzen»
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 28
Zubietan ematen du eguna Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzaileak (Donostia, 1961). Entrenamendua arratsaldean izan arren, aurkarien bideoak ikusten ari da entrenatzaile taldearekin batera. Etzi eguerdian Sevilla hartuko dute. Orain arteko emaitza bolada onari eutsi nahi diote.

Bederatzi puntutik zazpi lortu dituzue lehen hiru jardunaldietan. Pozik egongo zara, ezta?

Bai, batez ere taldeak daukan dinamikarekin. Denboraldi-aurrea hasi genuenetik, oso serio eta giro onean ari gara lanean, eta hori nabari da. PSGren, Atletico Madrilen eta Fortunaren aurka jokatu genuen hiruko torneoan nor baino nor gehiago lehiatu ginen talde handi horiekin. Orain arteko partidarik kaskarrena Athleticen aurkakoa izan zen. Jokalari garrantzitsuak falta genituen, eta ez genuen ohi bezala jokatu. Hori edozein talderi pasa dakioke. Baina, norgehiagoka hori alde batera utzita, gai izaten ari gara lantzen ari garena zelaian erakusteko, ondo lehiatzeko eta emaitza onak lortzeko.

Aurreko igandean, dena den, azken unean berdindu zenuten Logroño igo berriaren zelaian. Aztertu duzue zer gertatu zen? Halako emaitzak ondo datoz oinak lurrean edukitzeko?

Ez nuke esango oinak lurrean ez ditugunik. Partida guztiak dira zailak. Asko jota, Atletico Madril eta Bartzelona dira norgehiagoka bat erraz irabaz dezaketela pentsa dezaketen talde bakarrak, koska bat gorago daudelako. Logroño talde zaila eta deserosoa da, batez ere etxean jokatzen duenean. Valentziak ere berdindu egin zuen han: 0-0. Jokatzeko era oso barneratua duen taldea da, defentsan indartsua eta bizia. Talde moduan oso ondo jokatzen du. Hortik harago, guk baloia eta jokoaren ekimena eduki genituen, baina sortutako lehen gol aukerak ez genituen baliatu; haiek, aldiz, bai. Gainera, atsedenaldiaren aurretik eta ondoren sartu zizkiguten golak, oso une txarretan. Baina gai izan ginen azken minutuetan partida berdintzeko, eta ez da erraza. Binakoarekin ere aukera izan genuen hirugarrena sartzeko. Horrekin geratzen naiz. Harro nago jokalarien jarrerarekin eta irabazteko erakutsi zuten gogoarekin.

Lehen hiru partidetan egindakotik zerekin geratzen zara?

Ez nuke ezer zehatzik nabarmenduko. Taldea ematen ari den itxurarekin eta izaten ari den hazkundearekin geratzen naiz. Gero eta hobeto lehiatzeko gai gara; hori da inportanteena. Talde gisa ez ezik, jokalari bakoitza ere hazten ari da. Talde gaztea daukagu, teknikoki eta taktikoki hobetzen eta hazten segitzeko bide luzea daukana. Egunero-egunero jokalariek teknikoki eta taktikoki baliabide gehiago izatea nahi dut, horrek lagunduko dielako partidetan sortzen diren egoerei hobeto eta ziurrago erantzuten.

Entrenatzaileek beti hitz egin izan duzue defentsaren eta erasoaren arteko oreka lortzeko beharraz. Zortzi gol sartu dituzue, eta lau jaso. Gogobetetzen zaituzte kopuru horiek?

Bai, batez ere zortzi gol sartu ditugulako. Agian, baten bat gutxiago jaso behar genuen, baina nahiago dut taldea ausarta eta lotsagabea izatea erasoan, nahiz eta horrek behar baino golen bat gehiago jasotzea dakarren batzuetan.

Oinarrizko hamaikako bat izatea gustuko duen horietakoa zara? Hala bada, lortu duzu dagoeneko hamaikako hori?

Oso talde ona eta orekatua daukagu. Uste osoa daukagu jokalari guztiengan. Orain, oinarrizko hamaikako bat dugu, baina, denboraldia aurrera joan ahala, aldaketak eginez joan beharko dugu: txartelengatik, lesioengatik, taktikoki beste zerbait nahi dugulako... Beraz, jokalari guztiak izango dira garrantzitsuak.

Sandra Ramajoren postua betetzea izan da zailena? Nola dago bera?

Argi dago Sandra jokalari garrantzitsua dela. Kapitaina da, eta eskarmentu handia du. Baina Paola [Soldevilla] oso lan txukuna egiten ari da. Primeran egokitu da atzealdeko eskuin hegalera, eta oso pozik gaude haren ekarpenarekin. Sandraren osatze prozesua, berriz, oso ondo doa. Ebakuntza ondo atera zen, eta bai aurretik eta bai ondoren oso lan ona egiten ari da. Jokalari langilea eta saiatua da, eta horrek asko laguntzen dio osatzeko prozesuan. Epeak betetzen ari dira.

Gustura al zaude fitxatu berriak egiten ari diren lanarekin?

Bai. Pena izan zen Kianak [Palacios] eskumuturra apurtu zuela denboraldi-aurrea hasi bezperan. Pixkanaka hasi da jokatzen. Orain, hiru aste egongo da Mexikoko selekzioarekin, eta handik itzultzean duen gaitasuna erakusten hastea espero dugu. Marta [Cardona] ere asko ari zaigu ematen: hegaleko jokoa, baloia... Gainera, oso pertsona alaia da, bai zelaian, bai zelaitik kanpo, eta primeran egokitu da taldera. Carla [Bautista] iritsi da azkena. Taldekideak baino hilabete beranduago hasi zen lanean, eta egokitzen ari da. Beste hirurak gipuzkoarrak dira. Sarak [Olaizola] du eskarmentu gutxien; hobetzen eta hazten ari da. Entrenamenduetan gero eta hobeto ikusten dugu, eta pixkanaka joango da gero eta gehiago jokatzen. Oihana [Aldai] ere ondo aritu da. Taldeari asko lagundu dio jokatu duenean, eta entrenamenduetan oso ondo aritzen da. Maddi [Torre], berriz, oso jokalari lehiakorra da, nortasun handikoa, eta hori taldearen eskura jartzen du.

Aurreko sasoiarekin alderatuta handitu egin da, beraz, talde barruko lehiakortasuna?

Ez zait alderaketak egitea gustatzen, talde bakoitza diferentea da. Gabeziak edo beharrak ikusten genituen postuetan indartu gara, eta denborak esango du lehiakortasuna handitu den.

Hori izan daiteke etorkizunerako apustua: harrobiko jokalarien alde egitea, eta ligan aritzen diren jokalari gipuzkoarrak ekartzea?

Ilusio hori daukagu. Bigarren taldea osatu dugu, etorkizunari begira are eta gipuzkoar gehiago egon daitezen lehen taldean, eta Lehen Mailarako saltoa ez dadin hain handia izan. Xabier [Illarreta] eta Aintzane [Encinas] oso lan ona egiten ari dira, eta jada jokalari horietako batzuk gurekin entrenatu ohi dira. Aurrekoan egon ginen haien lehen partida ikusten, eta aise irabazi zuten. Bestalde, Gipuzkoako jokalari onenak hemen egotea nahiko genuke, Realaren proiektua erakargarria izatea haientzat. Badakigu kasu batzuetan ez dela erraza. Zaila da, adibidez, Irene Paredes, Ainhoa Vicente eta antzeko jokalariak berriz etortzea. Baina Maddi, Oihana eta Sara fitxatuta, urrats bat egin dugu bide horretan.

Nahikari Garcia PSGra joatekotan egon da. Nola bizi izan du taldeak egoera hori?

Halako egoerek, batzuetan, taldearen giroa aldrebes dezakete, baina, beste batzuetan, batzeko balio dute. Kasu honetan hori gertatu da. Nahikari, gainera, nortasun handiko jokalaria da. Gauzak oso garbi ditu. Eskertu egin behar diogu geratzeko egin duen ahalegina. Izan ere, ilusio handia egiten zion PSGra joateak, Europako talderik indartsuenetakoa delako, eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izango zuelako. Ulergarria da urrats hori egin nahi izatea. Baina kontuan hartu du Realak hazteko eta hobetzeko egin duen ahalegina, eta nola ari garen denak lanean proiektuak bide horretatik segitzeko.

Dena den, segitzen zuela iragartzeko bideoa agur baten gisan ikusi dute askok, eta uste dute denboraldi amaieran joan egingo dela. Aukeraren bat badago Nahikarik Realean segitzeko?

Aukera badago; dena da posible. Ziur nago klubak ahalegina egingo duela hemen jarrai dezan. Lehen eskaintza egin diote, eta negoziazioak jarraitu egingo du. Denboraldia nola doan ere erabakigarria izango da. Bi aldeen artean harreman eta ulermen handia dago, eta pazientziaz eraman behar da kontua. Ikusiko dugu zer gertatuko den. Baina geratu edo ez, babestu egin behar dugu, eta sasoi honetan egin duen ahalegina eskertu.

Zer egin dezakezu zuk hura konbentzitzeko?

Nik uste dut guk konbentzitu baino gehiago berak egon behar duela segitzeko konbentzituta. Berak topatu behar du horretarako motibazioa. Gu saiatuko gara ahalik eta gehien haz dadin laguntzen, bai pertsona moduan eta bai jokalari moduan. Nahi duguna da ikus dezala proiektu honek etorkizuna eta bideragarritasuna dituela.

Kianaren eta Carlaren etorrerak motibatu egin du?

Oso sasoi onean dago. Argi dago gertatutakoak ez diola asko eragin, nahiz eta noizean behin horretan pentsatu. Grina handiko jokalaria da, gauzak garbi dituena eta hazten segitu nahi duena. Oso garbi du noraino iritsi nahi duen, eta denen artean lagundu behar diogu. Hankak lurrean ditu. Luxua da harekin hitz egitea. Horrek asko laguntzen dio.

Zerk harritu zaitu gehien denboraldi hasiera honetan?

Albaceteren hasiera onak. Aurreko sasoian izan zituen emaitza bolada onak, eta ematen du horrek segida izango duela. Bestalde, nola indartu den ikusita, ez nuen espero Betis behean ikustea. Athleticek ere ez du liga hasiera ona izan, baina egutegi oso gogorra egokitu zaio. Gainontzean, Bartzelonak eta Atletico Madrilek koska bat gorago segitzen dute. Levante ere hor goian egongo da. Granadillak, berriz, aurreko sasoiko bidetik jarraitzen du. Gure aurka galdu egin zuen lehen jardunaldian, baina hurrengo bi partidak aise irabazi ditu. Horrek are balio handiagoa ematen dio gure garaipenari.

Zein itxura hartzen diozu Sevillaren aurkako norgehiagokari?

Logroñoren aurkako partidaren antzera, partida parekatua eta lehiatua izango da. Sevilla talde zaila da. Aurreko sasoian, sailkapenaren goi-erdialdean egon zen, eta erakutsi du zertarako gai den. Baina, gure nortasunari eta jokatzeko moduari eusten badiogu, irabazteko moduko partida da. Ausartak izan behar dugu, eta ohi bezala erasoan lotsagabe jokatu.

Gustuko duzu Espainiako Kopa talde guztiek jokatzea eta denboraldi osoan zehar izatea?

Ez dakigu oraindik aldaketa betiko izango den. Orain hala behar du, sasoi amaieran Munduko Kopa jokatuko baita. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Pankarta bat, Biboko Zapikaleetan. ©Marisol Ramirez / Foku

500 hildakoen langa gainditu du izurriak Euskal Herrian

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Aceros Olarra lantegia, Loiun, atzo. ©Marisol Ramirez / Foku

Tubos Reunidosek berriro zabalduko du

Iker Aranburu

Jaurlaritzak uste du industria osoak eutsi ahal diola jarduera txiki bati. Mondragonek dio «atzeraezinezko konpromisoak» bete ahal izango dituela, eta CAFen 37 boluntario ari dira bagoi batzuk entregatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna