Theo Hernandez. Realeko jokalaria

«Garitanori esker, pixkanaka Alavesen aritu zen Theo bihurtzen ari naiz»

Azken jardunaldietan hasieratik ari da Theo Hernandez. Aurreko sasoian oso gutxi jokatu zuen Real Madrilen, eta Realean bere jokorik onena berreskuratu nahi du. Lau partidako zigorra beteta, hasi da bere kalitatearen lehen printzak erakusten.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ligari berrekiteko zain daude Realeko jokalariak, eta horretarako gogo berezia du Theo Hernandezek. Pixkanaka taldean bere lekua lortzen ari da frantziarra, eta, sasoi baterako utzita etorri den arren, Donostian «arrastoa» uzteko asmoa duela adierazi du: «Pozik nago taldekideek eta entrenatzaileak eman didaten konfiantzarekin».Zelaian itzuli nahi du jasotako babes guztia.

Ia bi asteko geldialdiaren ostean berrekingo diozue ligari. Nola zaudete?

Ondo. Lan gehiago egiteko baliatu dugu geldialdia, helburuetan zentratzeko, eta asteleheneko partidara ondo iristea da horietako bat.

Berriz ere astelehen batean ariko zarete. Beste taldeek baino gehiago itxaron beharko duzue jokatzeko.

Egia da. Astelehenetan jokatzea gustatzen zaion talderik ez dago, baina LFPk [Espainiako Futbol Ligak] jartzen dituen ordutegiak dira, eta guri partida irabazten saiatzea besterik ez zaigu geratzen.

Ligako azken bi geldialdien ostean ezin izan duzue irabazi. Bartzelonaren aurka galdu egin zenuten, eta Gironarekin, berdindu.

Bai. Aste horretan hori lantzen aritu gara, partidara ondo iritsi eta irabazteko, egia baita geldialdien ostean ez dugula irabazi. Hori aldatzea da helburua.

Anoetan jokatu zenituzten bi partida horiek, eta bertan irabazi ezinik zaudete. Etxean irabazteko presa duzue?

Gu lasai gaude. Izatekotan, zaleak izango dira irrika berezi hori dutenak, Anoetan irabaztea nahi dutelako. Gu hil edo bizi joango gara etxeko lehen partida hori irabaztera.

Celta izango duzue aurkari. Bi puntu atzetik dago sailkapenean, baina sasoiko daude talde horretako aurrelariak.

Celtak talde oso ona du. Haien aurka jokatu dugu [Espainiako] Kopan, eta badakigu zer-nolako taldea duen. Iruditzen zait partida gogorra izango dela, berdindua, eta saiatzea besterik ez zaigu geratzen.

Hilabete eskasean hiru aldiz lehiatuko zarete galiziarrekin; behin ligan, eta bitan Kopan. Ondo aztertu duzue nola aritzen diren?

Bai, baina, tira, beste partida bat izango da. Egia esatera, talde baten aurka hiru aldiz jarraian jokatzea gutxitan gertatzen zaigun zerbait da, baina patxadaz hartu behar dugu hori.

Haientzat berezia izango da ordea, entrenatzaile berriarekin lehendabizikoz ariko baitira. Aldaketa asko espero dituzu Miguel Cardoso aulkian izanda?

Entrenatzailea aldatu dute, bai, baina ez dut uste aldaketa handirik egingo duenik. Astebete da entrenatzailea aldatu dutela, eta denbora horretan ezin da berrikuntza askorik egin. Uste dut Celtak ondo jokatzen zuela lehen ere, eta entrenatzaile berriarekin ere antzera ariko direlakoan nago.

Azken jardunaldietan joko ona eskaini duzu, eta defentsako ezker hegalean lekua lortu duzu.

Oso zoriontsua naiz arlo pertsonalean, eta pozik nago horregatik. Orain lanean segitu beharra daukat, futbolari moduan hobetzen jarraitu nahi dudalako, eta taldeari laguntzeko. Horrek egiten nau zoriontsu.

Huescaren aurkako txartel gorriak sortu zuen iskanbila atzean geratu al da?

Bai. Atzean geratu da, eta, orain, egunerokotasunean zentratuta nago erabat.

Zelaian gusturago sentitzen zara orain?

Gustura ari naiz. Baita taldekideekin ere; oso jende ona da, eta, horri esker, gusturago eta zoriontsuago nago.

Huescaren aurkako partidaren ostean, Asier Garitano entrenatzaileak esan zuen ez zuela gertatutakoa errepikatzerik nahi. Zerbait esan al zizun Levanteren aurkako ospakizunaren ondoren? [Zaleak isilaraziz ospatu zuen gola].

Esan dizudan moduan, Huescaren aurkako kaleratzea iragana da dagoeneko, eta orduan hitz egin genuen gertatu zenaz, eta esan nion ez zela berriz gertatuko. Futbolean gertatzen diren gauzak dira, eta egia da nire jokatzeko era dela. Horrelakoa naiz zelaian, eta ezin dut askoz gehiagorik esan. Levanteren aurkako ospakizunaz, berriz, ez dit ezer esan. Nire gauzak dira, eta ez dut zertan azalpenik eman.

Azken partidetan zure erasoko jokoa erakusten ari zara. Garitanok zugan duen konfiantzak zelaian gauza berriak probatzera bultzatzen zaitu?

Bai. Hona heldu nintzenetik, nigan duten konfiantza erabatekoa da, eta horrek lagundu egiten nau gorago iristen, zelaian askeago aritzen. Asierri [Garitano] eskerrak eman nahi dizkiot, hari esker, pixkanaka, Alavesen izan nintzen Theo bihurtzen ari naizelako.

Oraindik baduzu zer hobetua?

Bai. Zenbaitetan esan dudan moduan, aurreko sasoia ez zen erraza izan niretzat. Pixkanaka nire onenera itzultzen ari naiz, eta nire taldekideen eta entrenatzailearen konfiantza garrantzitsua da horretarako.

Alavesen igaro zenuen sasoia izan da zure ibilbideko onena?

Uste dut baietz. Lehen sasoia nuen gorengo mailan, eta sasoi hori egin ostean fitxatu ninduen Real Madrilek. Ez zen urte ona izan, eta Realera etorri nintzen hobetzen jarraitu eta datorren urtean Madrilera ahalik eta ondoena itzultzeko.

Aurreko denboraldiko zailtasunek futbolari gisa hobetu al zintuzten?

Ni Atletico Madriletik igaro ostean heldu nintzen Real Madrilera, eta zaleek edozer gauza esaten zidaten. Ez da erraza 19 urte dituzunean; ez zitzaidan askorik axola Atletico Madrileko zaleek esaten zutena, baina hobetzen lagundu zidan.

Urtebeterako utzita zaude Donostian, eta Realak ezin zaitu gero fitxatu. Realean denbora luzez arituko diren harrobiko jokalariekiko desabantaila da hori?

Egunerokoa da garrantzitsua. Baditut hobeto dabiltzan taldekideak, eta entrenatzaileak jarri beharko ditu; ni jokatzera etorri naiz.

Hemen urte ona egin eta Real Madrilen leku bat lortzea da zure asmoa?

Bai, noski. Jokatzera etorri naiz, nire onenera itzultzeko, eta datorren urtean Real Madrilera itzuli eta han ere jokatzeko aukerak izateko.

Bigarren aldia duzu euskal talde batean. Nola sentitzen zara Euskal Herrian?

Oso gustura. Alavesen egon nintzen urtean ez zegoen egiteko gauza askorik; hemen gehiago dago, hondartza ere badu, eta... Oro har oso zoriontsua naiz hemen.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Ez naiz asko ateratzen etxetik, bikotekidearekin lasai egotea gustatzen zaidalako. Bazkaltzera irteten naiz, eta Kontxako hondartzan paseoan ibiltzen naiz txakurrekin. Oso hondartza ederra da.

Eta zer gustatu zaizu gutxien Euskal Herritik?

Ezer ez. Hemen jendea ikaragarria da, oso adeitsua. Klub handi batera etorri naiz, eta arrakasta lortu nahi dut bertan.

Alde handia dago Realaren eta Alavesen artean?

Alaves ez da oso klub mediatikoa. Reala mediatikoagoa da, garrantzitsuagoa alde horretatik. Ez diot Alavesi baliorik kendu nahi, baina hemen oso gustura nago taldekideekin eta zaleekin.

Euskaraldia hasiko da bihar. Klubak parte hartuko du egitasmo horretan, eta zure taldean errotua dago euskara. Nola ikusten duzu gaia?

Tira... Egia esan, ez dakit gauza askorik. «Eskerrik asko», «agur», eta beste hitz solte batzuk besterik ez dakizkit euskaraz.

Goi gamako autoak eta erlojuak atsegin dituzu.

Haurra nintzela, auto bat ikusi, eta gustatu egiten zitzaidan. Baina ezin nuen erosi, dirurik ez nuelako; orain, ahal dut, eta, gustuko dudan auto bat edo erloju bat ikusten badut, erosi egiten dut.

Hemen ez da oso ohikoa halakoak egitea, gutxiago zure adinean; zure taldekideen artean ere ez da oso ohikoa hori egitea. Zerbait esan dizute horri buruz?

Batzuk harritu egiten dira. Oso bertakoak dira, eta ez dute horrelakorik ikusi. Nire janzkeragatik ere adarra jotzen didate batzuetan, ez dutelako ikusi halakorik. Baina lagun onak dira, eta barre egiten dugu.

Zure anaia Lucas ere futbolaria da, eta munduko txapelduna.

Zoriondu nuen. Oso pertsona ona da, eta beti babestuko dut. Tarteka hitz egiten dugu; gehienbat, familiaz eta haren haurraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.