Danel Elezkano. Aspeko pilotaria

«Itxaropena dut kolpe gogor honek indartu egingo nauela»

Azken ekitaldian txapeldun izan arren, Aspek binakakotik kanpo utzi du Danel Elezkano. Aitortu du «kolpe latza» jaso duela, eta «kostata» bada ere «aurrera» egiten ari dela. Jendearen babesa eskertu du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Aspaldiko bi asterik gogorrenak» izan dira azken bi hauek Danel Elezkanorentzat (Zaratamo, Bizkaia, 1994). Duela bi aste jakinarazi zion Aspek ez zuela jokatuko Binakako Txapelketa. Hiru urte zeramatzan jarraian binakakoa hasieratik jokatzen, eta urtetik urtera koska bat igotzen, goia jo arte: 2017an, Jose Javier Zabaletarekin, finalerdietako ligaxkan aritu zen; iaz, Beñat Rezustarekin, txapeldunorde izan zen; eta aurten, berriz ere Rezustarekin, txapela jantzi zuen. Horregatik, ez dago ados enpresak hartutako erabakiarekin. «Kostata» ari da kolpeari aurre egiten, baina argi du «aurrera egin» beharra daukala.

Bi aste pasatxo joan dira Aspek jakinarazi zizunetik ez zenuela Binakako Txapelketa jokatuko. Zer moduz zaude?

Apurka-apurka ari naiz barneratzen gertatutako guztia. Kolpe gogorra izan da, eta ez dut gezurrik esango, ez nuen inola ere espero.

Eta nola barneratzen da halako kolpe gogor bat?

Bada, saiatuta, beste erremediorik ez dagoelako. Baina kosta egiten da, noski. Pilotari guztiok nahi dugu txapelketa jokatu, eta gogorra da zeure burua bertan ez ikustea. Baina aurrera egin beharra dago.

Halako egoera zailetan asko eskertzen da babesa, eta zuk babes handia jaso duzu. Jendeak estimu handia dizula konturatzeko balio izan al dizu?

Bai, eta, horregatik, esker oneko hitzak besterik ez dut. Etxekoena, bikotekidearena, lagunena... Beti izan dut haien laguntza eta babesa behar izan dudanean, eta oraingoan ere hala izan da. Oso maitatua sentitu naiz, eta zoriontsua eta zorionekoa naiz horregatik. Adibide bat: herrira joan nintzen binakakoa ez nuela jokatuko jakin eta hurrengo egunean, eta pankarta batekin egin zidaten ongietorria. Momentu onetan, politetan, erraza da norbaiten ondoan egotea, baina zailetan, gogorretan, sentitu dut nik benetan nire ondoan daudela, eta hori eskertzekoa da.

Ez da bizitzan jaso duzun lehen kolpea, eta beti esan duzu haietatik «indartuta» atera zarela. Oraingoan ere hala izango dela uste al duzu?

Itxaropena dut kolpe gogor honek indartu egingo nauela. Nik orain arte bezala jarraituko dut, lana ondo eta gogor eginez. Horrela iritsiko zaizkit aukerak.

Kirol arrazoiak aipatu zituen Aspek zu kanpoan uzteko, eta zuk azpimarratu zenuen ez zizutela arrazoi zehatzik eman. Eman dizute azalpenen bat azken egunetan?

Egin nuen lehen gauza enpresako ordezkariekin hitz egitea izan zen, eta nire iritzia eman nien: ez nengoela ados hartu zuten erabakiarekin. Haiek badakite nire iritzia, baina nik ez dakit zehazki zergatik utzi nauten kanpoan.

Horrek egin dizu min handien?

Bai. Kirolari moduan, uste dut jakin behar dudala zer egin dudan gaizki, hori hobetzeko. Uste dut merezi dudala azalpen bat.

Erabakiak enpresarekin duzun harremanari eragingo dio?

Ez. Jende askok galdetu dit ea arazoren bat izan dudan enpresarekin, baina argi utzi nahi dut ez dudala inolako arazorik izan. Dena diot eskertzeko Asperi, nigan izan zuten konfiantzarengatik. Baina horrek ez du esan nahi enpresak hartzen dituen erabaki guztiekin ados egon behar dudanik. Eta azken honekin ez nago batere ados.

Inoiz ez da geratu txapelduna lehiatik kanpo kirol arrazoiengatik. Argi dago ezohiko erabakia dela.

Ez naiz sartuko esatera ea txapeldunak jokatu behar duen edo ez. Ni ez naiz hori esan edo erabaki behar duena. Ni langile bat naiz, eta, hori naizen aldetik, enpresak hartutako erabakia errespetatu beharra daukat. Errespetatu bai, baina ados egon ez.

Binakakoan txapeldun izateaz gain, beste gauza batzuk egin dituzula adierazi duzu.

Aurten, banakakoan, finalerdiak jokatu nituen; eta iaz, binakakoan, finala. Binakakoaren azken bi ekitaldietan, halaber, makina bat dut [36tik 27], eta hori ez da batere erraza. Uste dut egin nituela binakakoa jokatzeko meritu nahikoak.

Pubalgia baten erruz, nahi baino gutxiago jokatu zenuen udan, eta Lau eta Erdiko Txapelketan, lehen neurketan galdu zenuen, Unai Lasoren aurka. Uste duzu horrek eragina izan duela enpresak hartutako erabakian?

Ez dakit. Nik uste dut horrelako erabaki bat hartzeko orduan, urte osoan egindako lana hartu behar dela kontuan. Egia da udan izan nuen lesioak lanak eman zizkidala. Baina dirudien baino lesio larriagoa izan zen. Horren ondorioz, aurreko urteetan baino partida gutxiago jokatu nituen. Lau eta erdikoa, berriz, ondo prestatu nuen, eta oso gustura aritu nintzen entrenatzen. Baina ez nuen neurketa ona egin, Unai ni baino gehiago izan zelako. Gero ikusi da zer egiteko gai den. Frontoira irten naizen bakoitzean saiatu naiz ahal nuen lanik onena egiten.

Zuk esana da «aspaldiko entrenamendurik onena» egin zenuela txapelketatik kanpo geratu bezperan. Sasoiko zinen?

Bai. Kolpea izan zen lau eta erdikotik kanpo geratzea, halako txapelketak mimo handiz prestatzen baititugu. Baina behin horri buelta emanda, eta eskuko lesio txiki bat osatuta, bete-betean hasi nintzen binakakoa prestatzen. Ostiralean, enpresaren erabakiaren berri izan baino hiru egun lehenago, Eibarren entrenatu nintzen, eta aspaldiko sentipen onekin joan nintzen etxera.

Irudipena duzu enpresak zu utzi zaituela kanpoan besteren bat uzteak zalaparta handiagoa sortuko zuelako?

Ez dut uste horri buelta gehiago eman behar zaizkionik. Ni ez naiz inor hori esateko, eta, gainera, ez dut uste halako erabaki bat hartzean zalaparta handiagoa edo txikiagoa egiteak arrazoi bat izan beharko lukeenik. Nik badakit enpresak ez duela inolako arazorik nirekin. Aitzitik, badakit pozik dagoela nire jarrerarekin.

Banakakoaren eta lau eta erdikoarekin alderatuta, oso txapelketa luzea da binakakoa; bost hilabete luze iraungo du. Zer egingo duzu tarte horretan?

Tira, badakit gogorra izango dela, txapelketa luzea baita. Baina uste dut tarte horretan jokatuko ditudala partidak, eta guztietan saiatuko naiz ahal dudan lanik onena egiten. Horrela, enpresak nire beharra baldin badu, ahaleginduko naiz aukera aprobetxatzen eta nire onena ematen.

Aukera bat izateko, enpresakide batek min hartu beharko du, edo bere lana gaizki egin. Ez da egoera samurra zuretzat lankide baten zoritxarraren zain egotea, ezta?

Argi dago ezetz. Lagunak gara denok, eta ez da batere samurra lagun batek min hartu duelako jokatzea. Espero dut halakorik ez gertatzea. Baina beti diogu binakakoa oso txapelketa luzea dela, partida asko jokatzen direla, eta gertatu ohi direla halakoak.

Txapelketari kasu egiteko asmoa al duzu? Ohartua zara gogorra egingo zaizula hor egon zintezkeela pentsatzea?

Txikitatik pilota partida asko ikusi ditut, baita telebistaz ere. Izugarri gustatzen zait kirol hau, eta asko gozatzen dut pilotari zein ikusle moduan. Pilotaria naiz, baina baita pilotazalea ere. Badakit hasieran gogorra egingo zaidala txapelketa zale gisa ikustea, eta saihetsezina izango dela neure buruari sarritan gogoraraztea txapelketan aritzeko merituak egin nituela. Baina pentsatu nahi dut egunek aurrera egin ahala eramangarriago egingo zaidala.

Beraz, kolpe latza jaso arren, ez dituzu galdu pilotan aritzeko gogoa eta grina.

Ez, inola ere ez. Lana gogor egiteagatik ailegatu naiz hona. Guztiaren gainetik, pilotari langilea naiz, horixe da nire dohainik handiena. Eta hori ez da aldatuko. Berdin jarraituko dut. Pilotan jokatzea gustatzen zait niri, eta gustura joaten naiz entrenatzera.

Master bat egiten ari zara. Horrek mesede egingo dizu hurrengo hilabeteetan lehiaren falta apur bat arintzeko, ezta?

Enpresa ikasketak egin nituen, eta binakakotik kanpo geratu baino lehen eman nuen izena master bat egiteko, pilotan aritzearekin bateragarria delako. Ikasle ona izan naiz betidanik, eta gustatzen zait ikasten ari naizena. Gainera, etorkizunari begira komenigarria da halakoak egitea. Ziur naiz ikasi dudanarekin zerikusia duen zerbaitetan egingo dudala lan. Azken egunetan mesede egin dit ikasi behar izateak, buruan pilotan ez den beste zerbait edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.